HELDUEN BOTEREAZ
Neskato eredugarriaz: Neskato bat panpina birekin ari da olgetan
eta errieta egiten die geldi egon daitezen.
Berak ere panpina dirudi, hain da polita eta
hain da ona, eta ez duelako inor molestatzen.
J.H. Figueiraren Adelante liburutik
Eduardo Galeanok jasoa,
“La cultura del terror-3” izenburupean
Boterea eta jabetza estuki loturik daude. Jabetzak, berez, pertsonak gauza bihurtzen ditu, hau da, subjektua objektu egiten du. Objektu guztiekin gertatu legez, hauei ere funtzio bat ematen zaie edo, bestela esanda, instrumentalizatu egiten dira.
Erabakimena lapurtzea erarik eraginkorrena da pertsonak objektu bihurtzeko eta boterea nork daukan sentiarazteko. Interes kontrajarriak direnean jokoan, boterea daukanaren interesa nagusitzeko modua da erabakiak parte bakar batek hartzea; baina, beste zenbaitetan, bestearen gainetik erabakitzen da, bere iritziaren kontra eta bere interesen kontra, egin ahal dela erakuste hutsagatik, boterea nork daukan argi uzteagatik, alegia.
Autoritate arbitrarioa izaten da hau, arrazoietan oinarritzen ez dena eta, hortaz, apetaz baino ezin daitekeena azaldu. Bidegabekeria agerikoa da honelakoetan eta, objektu bihurtuta ere, oraindino subjektua subjektu denez, erantzuna eman lezake. Autoritate arbitrarioak askotan bilatzen du erantzun hori, bere burua legitimatu ahal izateko. Erantzuna, berez, gaztigua merezi duen jokabidetzat hartua izaten da eta hala egoten da inplizituki —zein esplizituki— hitzartua. Erantzunak, beraz, autoritatea erabiltzeko “arrazoi” bat ematen du: hasierako ordena apeta hutsa zen, ordena arbitrarioa; hala ere, arbitrarietateari erantzuna eman ostean, ordena gaztigura desbideratzen da.
Umeek pertsona izaera ukaturik izaten dute, gurasoak euren “jabeak” diren heinean eta erabakitzeko eskubidea lapurturik daukaten neurrian.
Familia eta eskola dira umeen zapalkuntza tresna nagusienak. Baina zapalkuntza ezkutua izateaz gain, sozialki onartua eta, areago, goraipatua ere bada, egiten den guztia umeen “onerako” egiten omen delako. Zapalkuntza pairatzen dutenik ere ezin esan, “maitasunaren izenean” egiten baita. “Kexarazten hau, maite hau” edo “ongi nahi hauenak, negar eragingo dik/n”. Emakumeok ere badakigu zer den gurekin “maitasunaren izenean” aritzea.
Tratu txarrak jorratzen direnean, tratu txar fisikoetan zentratzen dira adituak normalean. Baina tratu txar psikologikoek ere zauri sakonak uzten dituzte, nahiz eta ikusezinak izan. Umeen kasuan ere, abusu fisiko edo sexualen gainean izaten dira ikerketa gehienak, psikologikoak —mutur-muturrekoak ez badira— zailak baitira atzematen.
Destaina, susmo txar, mespretxu eta umiliazio giroan bizitzeak sorrarazten duen estresa eta beldurra azaleratzea lortzen ari gara emakumeok, nork bere bakardadean jasatetik arazo sozial bihurtzeko ahaleginetan gabiltza. Baina zelan eta noiz lortu behar dute umeek?
Behin helduak garenean, pairatutako bortxa modu anitzak birproduzitu ohi ditugu. Katea ez eteteko gako garrantzitsu bat “barkamena” delakoan nago. Barkamena eta ulermena eskatzen zaizkigu nagusiak garenean. Gurasoekiko maitasuna sentitzea exijitzen zaigu, gaitzespen sozialaren arriskupean. Baina barkamena esaten denean, oro har, ez al da ahaztura esan nahi? Behin ahazturik, nork bermatuko du errepikatuko ez dela?