AMETSA
Herri ezezagun batean nago. Norabait joan behar naiz. Ez dakit nora, baina premia larria nabaritu dut. Tranbiaren geltokian nago, itxaroten. Ez nago bakarrik. Beste batzuk ere hor daude, eurak ere tranbia itxaroten. Azkenik heldu da. Tranbia zaharra da. Igo egin gara. Ordubetean behin baino ez da pasatzen joaneran; ordubetean behin baino ez da itzultzen etorreran.
Mugitzen hasi gara. Beteta dago. Mugimendu bortitzek albo batera eta bestera sakatzen gaituzte. Lan eskerga zutunik eustea. Zubi bat pasatu dugu, zubi zaharra, egurrezkoa. Kostata eutsi diogu tranbiatik jausi barik. Izerdi hatsa dabil. Gaueko koloreak dauzka egunak. Hizkuntza ezezagunez egiten du berba nire inguruko jendeak. Bidaia luzea izan da, baina, azkenik lortu dugu helmugara heltzea.
Tranbiatik jaitsi orduko, jende aldra hurbildu zaigu kanpotik. Erasoan hasi zaizkigu. Ez gaituzte han nahi. Makilak, harriak, ukabilak erabiltzen dituzte. Korrika irten naiz. Bakarrik nago eta ordubetera arte ez dago beste tranbiarik. Oinez hasi naiz bidea egiten. Oinez pasatu beharko dut zubi zaharra. Arrapaladan noa. Nire atzetik datoz, makilekin, harriekin, labanekin. Kale ezezagunetatik noa, noraezean, arineketan. Lantzean behin atzera begiratzen dut, gutxitan, atzera begiratze hutsak ikaratzen nau eta. Aurrera, noraezean.
Beste tranbia bat hartu ahal izan dut, pasoan; egin duen geldiune bat aprobetxatu eta gora igo naiz. Ez daramat tiketik. Berdin da, ez da inor eskatzera etorriko. Geltoki batean jaitsi naiz. Aurpegi ezagunak ikusten hasi naiz hemen. Baina ez naiz salbu sentitzen. Aurpegi ezagun horiek ni ez ikusteko ahaleginak egin ditut, ezkutatzen saiatzen aritu naiz.
Andoni ikusi dut, urrunean. Berarengana hurbildu naiz. Berak ere ikusi nau. Badakit ikusi egin nauena, baina aurpegia beste aldera biratu du. Deitu egin diot. Ez dit erantzun. Hurrago hurbildu naiz. Ia-ia ikutu ahal dut, baina berak ez du nireganako imintziorik ere egin. Ez dago niretzako tokirik. Nire tokia beste norbaitek bete du oldarkor. Ez dago tranbia gehiagorik. Ez dago nora joan.
Ez dago ezer, gasolina poto bat baizik. Tabako paketea atera dut. Barruan txiskeroa.
Izerdi plotan altxatu naiz.