SORGORTASUNA
Sudurretik odola zeridan lantzean behin. Ezkerreko sudur zulotik gehienetan. Mukiak kendu ostean izaten zen askotan, besterik gabe ere zenbaitetan. Orduan kotoia edo paperezko mukizapia sartzen zidaten barruan, apurka gorriztatzen zen tapoi formadun zilindro zuria, eta jarioa eten arte atzamarraz estuturik eusten nion.
Egun batean denbora luzea eman behar izan nuen sudur zuloa sakatzen. Lotarako ordura arte ez nuen lortu hemorragia etetea. Goizean, hala ere, altxatu eta segidan hasi ziren tanta lodiak goitik behera, lurrera arte. Gelatik komunera bidexka marraztu zuten. Egun hartan anbulatoriora joan ginen.
Zain bat erre behar zidaten. Ez dakit zenbat urte neuzkan, baina txikia nintzen. Besoetan hartu eta orduan niretzat oso goian zegoen mahai edo ohatila edo zerbaiten gainean jesarri ninduten. Medikuak sudur barruan buril antzeko tresna bat sartu zidan. Ez nituen begiak itxi. Mugimendurik ere ez nuen egin.
Erredura sentitu nuen. Ume gorputzerako mingarria izan zela gogoratzen dut. Bat-bateko ziztada goria. Ez nuen ezer esan. Ez nuen negarrik egin. Ez kexarik, ez malkorik. Isilik eta geldi. Pediatra edo mediku edo praktikante edo dena delakoaren harridura gogoan daukat oraindik. Ume hain txiki eta hain sorgorra seguruenik gutxitan zuen ikusia.
Sorgortasuna babesteko modua da, sentimenduak azaltzeak zauritua izateko bidea seinalatzen baitu. Baina sorgortasunak, babesteko modua izateaz gain, minarekiko eta, hortaz, mina ematen duenarekiko ardura gabezia ere erakusten du. Zerbaitek edo norbaitek ardurarik ez badu, mina eman ahal izateko botereaz gabetu egiten zaio.