SEXUALITATEA IKASTEN
Ez dut gogoratzen etxean erlea eta lorearena entzun izana: nire ahizpek bai jaso zuten txikitan irakaspen sexual gogotsu hura. Badakit lantzean behin aitari gomuta eragin eta barre egiten baitzioten. Baina 80ko hamarkadarako nahiko desfasaturik zegoen irudimena larre berdeetara eroan eta polinizazioa azaltzea edota “aitatxok hazitxo bat amarengan ipini eta listo” erantzutea, umeak nondik datozen galderari erantzuteko. Hain desfasaturik, ezen EGBn sexualitatea ere azaldu behar baitzuten irakasleek.
Esan barik doa mojen eskolan sexualitatea ugal-aparatuen azalpen hutsa zela, azken kurtsoetan eta andrazko irakasle sekular baten esku.
Hala ere, egun batean, klasetik irten eta bideo bat ikustera eraman gintuen, nork eta Sor Rosariok, eskola hartako pertsona on bakarrenetako batek. Pertsona nagusia begitantzen zitzaidan orduan, bere abitu eta guzti, baina, umeen begietara nagusi guztiak oso nagusiak direnez, seguruenik uste baino gazteagoa zen sasoi hartan.
Sor Rosario sexualitateaz hitz egiten hasi zen. Bai, sexualitateaz. Ez ugalketaz, sexualitateaz baino. Gai bakarra gomutatzen dut. Ez harritu ninduelako, baizik eta entzutearekin batera, jakin banekielako beste umeek Sor Rosario arazoetan sartu behar zutela. Masturbazioaz hitz egin zigun.
Ez pentsatu luze aritu zenik, ezta detailerik eman zigunik ere. Gauza bi argi utzi nahi zizkigun: bata, izan zitekeela gutako edonork “ekintza horrekin” topo egitea eta jakin behar genuela “hori” gauza naturala zela; eta bestea, ez gintuen inolaz ere “horretara” animatzen. Moja askorentzat masturbazioa tabu ez ezik, bekatua ere bada. Mojentzat, baita eskola hartako guraso gehienentzat ere. Banekien hainbat neskato egun hartan bertan etxera joan eta Sor Rosariok masturbatzeko esan ziela kontatuko zutela.
Guraso batzuk azalpen eske joan ziren eskolara. Ezin zuten sinistu horrelakoetatik babesteko ordaintzen ari ziren ikastetxe barruan bertan euren umeek halako gaiztakeriak eta lizunkeriak entzun behar izana. Jainkoarren! Agur Maria aratz garbia! Gainera guk, neskok, mutilek ez bezala, guztiz galarazota geneukan “hori”, baita nerabezaroan ere. Mutilek euren artean onartzen eta konpartitzen zuten bitartean, neska gazteok elkarri ere ezkutatzen genion.
Harira: marrazten eta josten irakasten zigun Sor Rosariok arazoak izan zituen.
Ez dut gogoratzen ordurako nik “ekintza horrekin” egina nuen topo, baina oraindik orain harritzen naute izakion instintuek, “horrelakorik” neukanik jakin barik, klitoria zer zen jakin barik, hamaika urte neuzkala, oporretan, zergatik eta zelan jakin barik, eskua “horra” joan zitzaidan. Harritzekoa benetan. Gustuaren gustuaz ia-ia txiza egin nuen eta.