ALEJANDRA PIZARNIK
MINA
Negar egin! Aurpegia laztandu zuen. Tristezia sakona ematen zion bere tristeziak. Negar egin! Itsaso malenkoniatsuan urperatzen zen; sakonki, xaloki, malenkoniatsua.
Bere sufrimenduaren kontzientzia motela hartzen zuen, bere itxaronaldi hutsa ikusteak larriagotzen zuen sufrimendua. Bere ariman geratzen ziren esperantza hondarrak kalkulatu zituen. Zer itxaron?, noiz?, noraino?, zergatik?, zertarako? Bere barrua gaizki eraikitako txorrota bezala desegiten zen apurka-apurka. Zerbaitek min partikula izugarriak isurtzen zituen tantaka. Zerbaitek, zerbaitek. Irribarre egin nahi izan zuen, baina betileek taupadak egin zituzten bere begietan azaleratzen zen umedadearen aurrean. Hiltzea besterik ez zitzaiola geratzen pentsatu zuen. Bere arima begiztatu zuen hitz saihetsezin honek eragiten zion efektua egiaztatzeko: hiltzea. Ez. Ezereza bakarrik. Bere arimak baietz esaten zuen isilik. Jadanik ez zitzaion inporta ez izatea. Irribarre egin nahi izan zuen eta lantua hasi zen bat-batean. Ez izatea! Eta orain, akaso bera bazen? Zer zen? Min garrasia! Porrot prosaiko eta txikia ezkutatzen zuen giza agoniaren simulakro gogaikarria: bere bizitzarena! Bertigo unibertsalaren ardura egotzi nahi zion bere buruari, bizitza hain gogor eta hain gaiztoak umiliatutako partikula negartsua baino ez zenean, ulertzen ez zuen bizitza, ulertzen saiatzen ez zen bizitza, onartzen ez zuen bizitza!
1954ko irailaren 28an idatzia. 1972ko irailaren 25ean, seconal sodikoa, 50 pilula.
Pizarniken idazkera goxoa, leuna, samurra, berba distiratsuz betea. Min eramanezina jasotzeko bai, baina inor mintzeko gai ez den pairatzailearena.
Sinbolismoa, hauskortasuna, malenkonia... arrotz suertatzen zaizkit berez isurtzen zaizkion dohainak. Harik eta isiltasun ezagunak salto egin arte, hustasunaren toki hutsa betetzeko.
Horregatik ez balitz, gogor egingo nuke zure hitzen trokara ez hurbiltzearren.
Ahuldadearen arro horrek harrotu egiten nau, orroa arrapostu. Erroiaren Nevermore harrabotsa urrunetik hurrera ez, berriro ez. Erne ernatu naiz eta horrezkero berriz ez du mendreak nigan hirrikatuko.
Hori oihukatuko nizuke belarrira zure idazkera goxoa, leuna, samurra eta berba distiratsuz betea irakurtzen dudanean. Eta orduan Bathory kondesaren kondairan erabili zenuen estiloa zeure estilo zeurezkoentzat zeneukala jakin dut. Lasaitu egin naiz, beste estiloetan zure pertsonaien lore jokoak zeuden tarteko.
Idazlea beti da pertsonaia, baina pertsonaia idazlea denean, pertsonaia ez da idazten ari den pertsona eta, aldi berean, bada. Magia truko fina da gurea: munduaren begietara biluzten gara eta, segidan, egindakoaren lotsaz edo erreparoz, pertsonaiaren atzean ezkutatzen saiatzen gara. Ba al naiz ni idazten ari naizen hau? Galdera berau, pertsonaiak edo pertsonak egin du? Nor naiz ni, pertsona, ezagutzen ez nauzun zuretzat ez banaiz inor?