WELTSCHMERZ edo MUNDU MINA
Badirudi alemanez askoz errazago irudikatzen dela hustasun, ezintasun, amorru, pena, sentipen hau; alegia, inguruko mundua izan beharko litzatekeena berez ez dela egiaztatzen dugunekoa. Arrotz agertzen zaigu, kalte egiteko ahalmen mugagabeaz. Mundua ez da atseden hartzeko tokia sekula izango eta, atsedenik nahi izanez gero, alde egitea baino ez digu eskaintzen. Edo akaso geu gara arrotzak eta mundu hau okupatzen dugu, bestelako mundu batekoak izan arren.
Euskarazko “min” terminoa engainagarria da. Ezin da erdarazko “pain”, “dolor”, “doleur”, “mal” edo “Schmerz” hitzekin ehuneko ehunean parekatu. Min berbak sufrikarioa, fisiko zein psikikoa, adierazten du, baina kontrakoa ere adieraz lezake: grina edota nahi bizia. Horrexegatik ditugu euskaraz hain kontrajarriak diren “minbizi” eta “bizimin” hitzak, toki aldaketa hutsa eginez.
Weltschmerz “mundu min” itzultzen badugu, euskarak esaera kontrajarriak ekarriko dizkigu: “mundumina”, “herrimin” konstrukzioaren arabera ulertzen badugu, munduagatik sentitzen dugun gogo edo grinaren aurrean geundeke. Baina ez da hau kasua. Weltschmerz, mundu mina, munduak egiten digun mina da.
Hori baino ez.
Eta hori guztia.