AMETSA
Etxe sarrerako altzarira heldu behar naiz. Kanpoan nago. Hormigoizko etxe berrien auzoa da. Ez dabil inor kaletik. Arnasestuka noa. Korrika. Sartu eta hortxe, sartu eta segidan, sartu eta lehenbiziko altzarira ailegatu behar naiz.
Nire atzetik dator, akabatu nahi nauela badakit. Lehenbiziko kaxoian dagoen pistola hartu behar dut. Hormigoizko etxeetako hormigoizko arkupeetatik noa korrika. Lauki perfektuak osatzen dituzten etxe blokeen artean, hormigoizko parterreak. Korrika eta korrika eta korrika, kargatzeko denborarik izango ote dudan zalantzan nago. Blokeen arteko kale kantoietatik ikusi ahal nau. Ikusi egin nau. Badaki nora noan. Badaki zer egiteko asmoa daukadan. Nik badakit berak, ni harrapatuz gero, gauza bera egingo duela.
Estu, baina heldu egin naiz, kargatu egin dut. Ez da pistola, errebolberra da. Eskuek dar-dar egiten didate. Bala guztiak sartzea lortu baino lehenago, hark disparatu du. Ez nau jo. Ez nau ikutu. Azken bala sartu dut eta kalera irten naiz. Etxe-saguzulo honetatik irten beharra daukat. Urrunean ikusi ahal dut, baina berak ez nau irteten ikusi. Apuntatu. Tiroa jo. Andoni erail dut.