HIESA EDO PRINTZIPIOEN AHULDADEA
Rock Hudsonen heriotza telebistatik sartu zen etxera. 1985eko urria zen. Harrezkeroztik, gezur eta sasi-egien nahastea, gaixoen seinalatzea eta baztertzea. HIESak homosexualitatea eta drogak ei zekartzan berarekin batera. Ez omen zen gaixotasun unibertsala. Gripea ez bezala, bilatzen zutenak baino ez ziren gaixotzen. Aitortze hutsak eskala sozialeko azken postuetara bidali zituen egitera ausartu ziren gutxi haiek.
Laster bihurtu zen pandemia eta berau baino askoz arinago zabaldu zen beldurra. Tratamendurik ezak eta heriotza kondena seguruak psikosi kolektibo modukoa sortu zuten, erruak banatzen zituzten talde erlijioso eta kontserbadoreen laguntzaz eta morboa zein albiste txundigarriak bilatzen zituzten komunikabideen bultzadaz.
HIESak, gaixotzeaz gain, paria bihurtzen zituen —eta oraindik bihurtzen ditu— gaixoak. Berdin zen zein estatus zeukan, berdin zelako boterea zerabilen, berdin zein eskailera mailatan zegoen, HIESak hondora bidaltzen zuen egun batetik bestera.
Rock Hudson hil zen urte berean bota zuten Ryan White eskolatik. Urtebete geroago, Durangoko eskola batek gauza bera egin zion hiru urteko ume bati. Eztabaida kalean zegoen. Kalean eta etxean. Eguerdi batean, bazkaldu bitartean, nire eskolan birusa zeukan umerik egonez gero, eskolatik aterako nindukeela esan zion aitak amari.
Ea zergatik galdetu nuen, galdera baino, desadostasuna adierazten zuen doinuaz. Horrelako umerik egonez gero, banekien bere beldur egongo ez litzatekeen eta berarekin jolasteko, laguntzeko eta hitz egiteko prest legokeen norbait beste ezein umek baino gehiago beharko lukeela.
Ez nuen espero horrelakorik aitarengandik. Pertsona zuzentzat neukan. Nolabaiteko nazka sentitu nuen bazkari hartan, printzipioak teorian formulatzetik praktikara pasatzean zein arin aldatzen diren lehen aldiz egiaztatutakoan.