MENDEKU ARRAROAK
Haserreak janda zegoen. Barrukiak jaten zizkion harra hazten eta kumeak egiten igartzen zuen sabelean. Anartz joan orduko ez berbarik, ez musurik, ez ikuturik. Atea ixten entzun bezain pronto, Anartzek alde egitea ekidin ezin izanagatiko frustrazioa gorroto bizi bihurtu zen.
Azkenik itzuli zen Anartz etxera. Atearen sarrailan giltzak sartzen entzun zituen. Buelta bat, bigarren buelta, atearen banden kirrinka, itxieraren zarata. Alia ez zen altxatu. Egongelara sartu zen. Alia ez zen altxatu. Egunon bat atzean. Sofatik alboz begiratu, baina Alia ez zen altxatu. Anartzen pausoak entzun zituen komunerantz pasabidean aurrera egiten. Alia haserre zegoen, samatik gora zapore mikatza igotzen zitzaion. Gibela masailezur artean haginkada bortitzez mastekatzen balego legez altxatu zen.
Lehenengo prakak eta kuleroak segidan. Ortozik gelditu zen egongelan, pasabiderantz begira, itxaroten. Kamiseta erantzi zuen komuneko atea entzutearekin batera. Biluzik gelditu zen, zutunik, zain. Pasabidetik Anartzen urratsak hurbiltzen entzun zituen. Bularrak are gehiago borobildu eta gogortu zitzaizkion, titiburuetatik momentu batetik bestera apuntatu eta disparatuko luketen proiektilen baten zain.
Anartzek ulertzen ez zuten begiez ikusi zuen urrunean gertatzen ari zena. Hurreratu eta esku bat pausatu zion izter bien artean, isilean. Aliak ahoa zabaldu zuen, baina berba egiteko ordez, Anartzen ezpainetan haginka egiteko. Segidan musukatu zuen, eskuez ipurmasail bana estutu bitartean. Gogor musukatu zuen. Sakon. Amorruz. Gerrikotik helduta, logelara arte erakarri zuen, tiraka, harik eta ohe parean geldiarazi, buelta eman eta sakada batez koltxoi gainera etzanarazi zuen arte.
Larrua jo baino, larrua kendu nahi zion, mugimendu bakoitzaz erraietara arte sartu eta organo guztiak erauzi, bilatu, topatu, zanpatu eta ustiatu. Sentitzen zuen min guztia sentiarazi nahi zion, su eta erremin osoa orgasmo batean kontzentratu eta Anartzi eztandarazi.