MENDEKU OHARRAK
Ezinbestean gertatu behar dena denboran aurreratzea besterik ez da. Bizitzari uko egin, besteek, beste guztiek, euren bizitzetan aurrera egiten jarraitzen duten bitartean. Ezinbestean gertatu behar da. Lehenago edo geroago. Aditza orainaldian edo geroaldian jokatzea da ezberdintasuna. Ez bakarra, halere. Bizitzak bere kabuz eta nahi duenean alde egingo edo nork bere kabuz eta erabakitzen duenean biziari uko egingo. Esaldiaren subjektu edo eragile kontua ere bada.
Edozelan, momentua eta akzioaren pasibotasun edo aktibotasuna gorabehera, beste guztiak berdin egingo luke bere bidea.
Ingurukoak agian penatuko lirateke. Batzuk besteak baino gehiago. Gehienek eurekin zerikusirik ez daukaten bestelako zergati batzuk bilatuko lituzkete. Seguruenik horrexegatik uzten dituzte oharrak euren buruaz beste egiten dutenek: ekintza horren arrazoia behar den bezala zehazteko. Suizidaren oharra, beraz, bizian mendekurik hartu ezin izan duen horren heriotzaren mendekua da. Baina, mendekua mendeku al da ez bada bizitzen, ez bada besteei egiten zaien minaz gure alderik ilunena asetzen?
Andoni irudikatzen dut. Zenbat denbora iraungo luke bere penak? Zenbateko min egingo lioke errua berak ere badaukala norberaren hizkietan irakurtzeak?