ABERRI SALBATZAILEA IZATEKO GIDA LABURRA
– Ganorazko aberri salbatzailea izateko, ezer baino lehen eta ezeren gainetik, horren planta eman behar da. Aberriaren etorkizuna zeure esku balego bezala jokatu behar duzu egunez egun.
– Aberri salbatzailea izateko, hortaz, ez da jakintza berezirik behar. Pare bat lelo errepikaturik nahikoa izango da. Kontuz! Eta hau puntu garrantzitsua da: ezinbestekoa da komentario guztietan besteek pentsatzen dutena mespretxatzea; horrek beti ematen du hitz egiteko aukera, pentsaera propioa garatzeko premia izan barik.
– Aurrekoarekin loturik, aberri salbatzailea izateko, ez da beharrezkoa aberria salbatzea helburu daukan ezer egitea. Hitz egitea nahikoa da. Era berean, oraintxe azaldutako puntuarekin koherentea izateko, ezinbestekoa da besteek egiten dutena gaitzestea; horrek beti ematen du ekimenen gainean hitz egiteko aukera, ekimen propioak garatzeko premia izan barik.
– Koherentziaz ari garela, ez da aipatutakoaz besteko koherentziarik behar. Izan ere, aberri salbatzailea izateko, koherentzia ez da derrigorra. Hortaz, norberak egiten ez duena beste inori aurpegiratu ahal dio besteak ere egiten ez badu. Adibide praktikoa: beste batzuei “euskararen etsai” deitu ahal zaie gaztelera perfektuan.
– Hizkuntza gauza zaila denez gero, aberri salbatzaileak analfabetoak izan daitezke batere arazo barik. Nahikoa da euskara apur bat jakitea, baina hau ere ez da derrigorra. Euskaraz hitz egiten duten aberri salbatzaileek, edonola, euskara traketsa edo euskañola egin dezakete.
– Euskaraz idaztea lan lar neketsua denez, aberri salbatzaileek ez daukate horretan alferrik galtzeko denborarik. Beti egongo da menekoren bat prest zure abertzaletasun peto-petoa munduari erakusten dion testu espainola euskaratzeko.
– Jarraibide sinple hauek beteta, burua ondo goratuta paseatu ahal izango zara hiritik zehar.
– Gure kaleetan hainbeste salbatzaile egonda, harrigarria da zelan ez gauden oraindik denetik salbaturik.