GEZURRA (II)
“Gezurra iraultzaren kontra doa”. Hamaika bider esan izan dut “egia iraultzailea da” esaldiaren aldaera hau.
Leninek egiaren indarra zerabilen hipokrisia burgesaren aurrean.
Egia boteretsua izan daitekeela ez daukat zalantzarik, baina, praktikan, gezurra askoz boteretsuagoa da. Egiak ondorio positiboak izan ditzake. Ala ez. Kanpo zein barru baldintzen arabera. Baina gezurrak, bai ala bai, ondorio negatiboak ekarriko ditu.
Gezurra izan liteke helburu zehatz bat lortzeko biderik errazena. Eta helburua bide horren bitartez eskura daiteke. Baina ibilbidean gezurrak subjektuaren izaera bera aldarazten badu, zer nolako subjektua izango da aurrera begira? Zeren arabera bereiziko dira gezurrez erdietsi ahal diren helburuak eta ezin direnak?
Eta iraultzarik egin liteke gezurra nagusi izanik? Gauzak ezkutatu, gauzak erdizka kontatu, egia ez diren gauzak esan. Gezurra esaten duena konbentziturik dago besteentzat ere gezurra esatea ohikoa dela. Denak elkarren mesfidati. Albokoari zeharka begiratu eta bere asmo ezkutuak igarri nahian pasatzen da denbora, engainu eta botere borroka amaigabean, benetako engainuak eta boterea beste nonbait borrokatu gabe.
Gezurraz ez dago ez kritika ez autokritikarik. Tirabirak eta barne gatazkak konpontzeko modu bakarra autokritika da. Baina, horrez gain, gehienetan ahazten da autokritika metodo kritiko dialektikoaren zabalpena ere badela, aurrera egin ahal izateko metodo eta praxia. Maok esaten zuenez, autokritikaren praktika kontzientea da besteengandik bereizten gaituen ezaugarria.
Baliteke iraultzan honezkero ez sinistea. Akaso jadanik ez dugu uste hainbestetan madarikatu ditugun bilur eta geziak irauli ahal direla. Iragan mota bi daude: etorkizuna prestatzen duen iragana eta iraun behar zuena baino luzeago irauten duena.
Baliteke baten batek pentsatzea batzuetan erreferentzia zaharrak erabiltzen ditudala. Baina iraganari muzin eginda zerbait guztiz berria sor daitekeela uste duena, oker historikoa egiteaz gain, akats historikoetan jausiko da ezinbestean.
Oraina ez da gauza berria, iraganaren berrikuspen eguneratua baino.