TRAGEDIA
1. Gai goibel edo latz batez diharduen eta halabeharrez dohakabeki amaitzen den antzerki lana; obra mota honek osatzen duen antzerki generoa.
2. Ezbehar samina.
Horrelaxe dakar hiztegiak tragedia terminoa bilatuz gero.
Tragedia, tragèdia, tragédia, tragedie, tragédie, traxedia, tragedija, tragödie, tragedi, tragedy... jatorrizko hitz grekoa hainbat hizkuntzatara pasa da ia aldaketa barik. Baina, zer esan nahi du, etimologikoki, tragedia berbak? Τραγωδία, tragoidia, “akerraren kantua” (tragos, akerra; oide, kantua).
Aristotelesek bere Poetikan zera azaltzen du tragediaren sorburuaz, ditiranbo kantuetatik datorrela eta obra satirikoen garapena dela. Forma artistiko biren konfluentzia izango litzateke, beraz: drama satirikoa (satyrikon) eta kantu koral ditiranbikoa. Obra satiriko hauetan koroko partaideak aker mozorrotuta egoten ei ziren. Tragediaren prehistoria edo prototragedia izango litzateke hau, honelako obra idatzirik heldu ez zaigun neurrian.
Tragedia grekoaren funtsa ez da samina, ez da ezbeharra, ez da protagonistaren amaiera fatala. Tragediaren funtsa gatazka da, legearen eta kontzientzia edo eginbeharraren arteko talka. Jokabide bi daude borrokan, biak ulergarriak euren ikuspuntutik. Oinarria ez datza on eta txarraren edota justu eta injustuaren arteko topekadan, bakoitzak bere argumentuak dauzka eta. Baina gatazka ezin da konpondu tarteko bide bat hartuta, kontzientzia eta legea ez baitira uztargarriak. Amaiera, hortaz, ez da sekula guztientzat onuragarria izango. Horrexegatik da tragedia.
Gaur tragedia edo tragiko oso mingarria, penagarria edo negargarria dena adierazteko erabiltzen dugu. Sentimendu ilunak, zelanbait, lege eta kontzientziaren arteko gatazka konpongaitza desplazatu du.
Euskal Herria tragedia dela ez dago eztabaidagai. Kontua da ze nolako tragedia osatzen dugun: egun kontzeptuak islatzen duen erakoa edo tragedia klasikoaren modukoa.