Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

 

Unai San Martini

 

 

 

 

Saizarbitoria eta iragana

 

        Saiakera honek izenburuaren garapena behar luke funtsean. «Iragana»ri dagokionez ez dago misteriorik, iraganaz gehienok beste barik ulertzen duguna hartuko dut kontuan. Aldiz, «Saizarbitoria» beharrean egokiagoa litzateke beharbada «Saizarbitoriaren protagonistak». Saizarbitoriaren protagonisten arazoa da denbora ez zaiela ondo iragaten, ez dituztela gertaerak osasuntsuki digeritzen. Ondo ulertuko lukete Lord Byronen esana: zorionaren oroitzapena jadanik ez da zorion; aitzitik, zoritxarrarena zoritxar da oraindik.

        Iraganaz eri daude Joxe Zuazalagoitia, Ene Jesus-eko protagonista, Abaitua biak, Entziklopedista, gudari zaharra, Juan Martin, zuzenbidean lizentziaduna, Martin eta Martinek asmaturiko Faustino Iturbe, Julia...; iraganetik askatu, apur bat bederen, eta etorkizun pixka bati zabaltzeko ahaleginak egiten dituzte batzuetan, baina azkenik ezin dute iragana eraman, horrexek dakarkie zoritxarra. Protagonista indibidualek ez ezik, gizarteak eta herriak ere ez dakite iraganari aurre egiten, beti dabiltza iraganeko zamapean itotzear edo itota.

 

 

UTZI BAKEAN ARTISTA

 

        «Saizarbitoria» eta «Saizarbitoriaren protagonistak»en arteko zalantzari gagozkiola, liburu honetan behin eta berriz iradokiko da nobelagileak zeharo argitu nahi edo ahal ez duen auzi bat: bere harremana protagonistekin, oroz lehen protagonistek iraganarekin duten lotura patologikoarekin. Lotura hori neurotiko obsesiboek izaten dutenaren tankerakoa da, eta neurotikoak bere neurosia gizartearen aurrean gordetzeko joera izaten du, edo gehienez ere mozorrotzekoa; Saizarbitoriaren moldeko obsesiboek ia inoiz ez dute beren arazoez hitz egiten, lotsagarriak zaizkie. Inhibizioa eta erreserba gailen. Horregatik da hain deigarria Saizarbitoriaren obra. Ulergarria da bere burua erakusteaz batera ezkutatzeko haren joera, hurbiltzen zaion jendea despistatzekoa. Sumatu egiten zaio nekeza zaiola bere neurosiaz idaztea, barne barrerak gaindituz doala aurrera.

        Saizarbitoria olgetan dabil beti erakustearen eta ahalkearen artean. Batzuetan adierazten du idazleek fikzioaren aitzakia erabiltzen dutela jatorriko korapilo edo zauri lotsagarriaren berri beraiei ez balegokie bezala eman ahal izateko, eta zauri hori darakutsan literatura dela bera erakartzen duen bakarra. Hitz horiek berez bultzatzen dute irakurlea Saizarbitoriaren biografian kuxkuxeatzera. Baina aldi berean nabarmentzen du, adibidez, eredutzat eta farotzat duen Max Frischi buruz, uste izan dela literatur disimulu handirik gabe erakutsi duela eleberrietan bere bizitza sentimental eta sexuala, eta, hala ere, oso fikziozkoa dela haren obra, oinarri biografikoa txit zeharka darabilela, aditzera emanez Saizarbitoriaren beraren obran ere asmatuak liratekeela biografikoenak diruditen pasarteak, maiz errepikatzen direnak, funtsezko trauma biografikoak dituztenak itxuraz aipagai.

        Ikusmira modernoaren adierazpenik nazkanteenetakoa den arren, boladan dabil narrazioetako protagonistengan idazleak bizi izan duena igartzeko grina, edo bere nortasunaren ezkutuki ikaragarriren bat, bihotzeko eta sexuko kontuak, oinazetsuak izatekotan are hobeki, ondoren zelofan psikoanalitikoz apaindurik saltzeko. Haatik, aski aberatsa da berez Saizarbitoriaren obra, aski lan barruan daukan jakinduria ateratzeko, autorearen zaurietan begi luzeak sartu behar izan gabe: utzi bakean artista, sakondu bere lanaren fruitua.

 

 

JAINKOA

 

        Hainbat arlotan adierazi ditu Saizarbitoriak iritzi bat eta alderantzizkoa. Adibide bat: beti esan behar da egia; aldi berean, ez da komeni beti egia esatea.

        Beste bat: ez naiz gai istorio bat hasi eta buka kontatzeko, horregatik ateratzen zaizkit hain arraro egituraturiko nobela horiek; eta gero, ezustean, Gorde nazazu lurpean (eta ondoren Kandinskyren tradizioa, Martutene...).

        Hirugarrena: Saizarbitoriak sarritan esan izan du oroimen txarra duela, horregatik idazten duela, amnesia gainditu eta gogoratutakoa behin betiko ahaztu ahal izateko. Ostera, Idoia Estornések El Correo-n Saizarbitoriaz: «Además de literato excepcional, es otro memorión que guarda un arcano en sus mientes». Baieztapen biak dira sinesgarriak, egiantzekoak.

        Oraingoz azkenik, Martutene-n dio soilik interesatzen zaiola trauma erakusten duen literatura; eta Gorka Bereziartuak Argia-n egin dion elkarrizketa batean, berriz, ez duela apaizei buruzko libururik idatzi traumatikoa izan zaiolako. Azter dezagun hurbildik laugarren kasu hau.

        Lehen begiratuan, ematen du Saizarbitoriak jakin duela gainetik kentzen iraganetik amildu zaion zametako bat, bederen, neurosi eta erru-eragile gogorra alafede: Jainkoaren zama, Jainkoak ez baitu garrantzirik haren protagonisten barne bizitzan, ez dago pertsonaien barne gatazka erlijiosorik, Jainkoa ez zaie arazo. Kristau zapalketa pairatu arren ateismo lasai batean bizi den horietakoa dirudi Saizarbitoriak.

        Ageri bai, bere nobeletan ageri da Jainkoa, baina protagonisten gogotik at, gizartean. Eta etsaia da, gizarteko alderik makurrenak erabiltzen baitu, zapaltzea helburu: bere izenean eragozten diote Gisèleri abortua, frankismoko fraideen Jainko zapaltzailea da Ehun metro-koa, Hamaika pauso-n Daniel Zabalegik uko degio hil baino lehen Jainko frankista aintzat hartzeari, Abaitua ginekologoa «menostua, mehatxatua, umiliatua, zigortua, ikaratua, abusu sexual eta tratu txarren biktima izan da fraideen aldetik».

        Erlijio katolikoak luzaro eduki zuen zeharo izututa Saizarbitoria. Hara zer kontatu dion Gorka Bereziartuari: «Sexuaren aurreko jarrera, infernuaren beldurra... Ze eszenifikazioak... Garizumak zer ziren, sentsibilitate pixka bat zuen mutiko edo neskato batentzat Kristo haiek zapi ubel haiekin estaliak...».

        Ez sinesteko moduko jipoiak eman zizkioten fraideek. Esaterako, ez zen ezohikoa arrazoi argirik gabe Saizarbitoria zartako batez lurrera botatzea eta, belauniko eta dandarrez, fraideen ostikoek eta garrasiek korridore luze oso bat zeharkaraztea. Susmoa du ez ote zituen bere izaerak berak amorrarazten. «14 urte nituenerako boxeolari profesional batek jasotzen ez dituenak jasoak nituen».

        Dena den, ez dio oroitzapen mingarri horri liburu oso bat eskaini; «beharbada traumarengatik», diotso Bereziartuari. Traumatikoak zaizkiolako ez omen die libururik eskaini fraideei lotutako oroitzapen mingarriei.

        Aldi berean, haatik, Saizarbitoriak berak idatzi izan du bere literaturako bultzatzaile garrantzitsuenetako bat dela iraganetik sendatu gabe heldu zaizkion zaurietan ozpina bota, hatza sartu eta bueltak ematea; trauma erakustea behar duela literaturak helburu.

 

 

EGIAZKO FIKZIOA

 

        Saizarbitoriak elkarrizketen balioa erlatibizatu du, ez ei du jakiten zer esan. Batetik besterako kontraesana ez zaio batere larria iruditzen. Liburu honetan hauxe erabiliko dut irizpide metodologiko gisa: kontraesana agertuz gero hedabidean esandakoaren eta liburuan idatzitakoaren artean, idatzitakoa lehenetsiko dut. Behin ildo hori hartuta ere, edozein gisaz, ezin susmo bat burutik aienatu: litekeena da Saizarbitoriaren oinarrizko jarrera baten adierazpena izatea hain maiz zabaltzea ikuspuntu bat eta kontrakoa, aldi berean biak onarturik. Aurkako baieztapen horiek hain aise egiten baditu bere, beharbada izango da eszeptizismoz dakusalako egia osoaren ertz ugariak koherentziaz adierazteko hizkuntzaren ahalmena. Ez du koherentzia kosta ahala kosta bilatzen, koherentziaren gainetik ikusten bide baitu egia, inkoherentzia barnebiltzen duen fikziozko egiaren aukera baztertuko ez balu bezala.

        Saizarbitoriarentzat, fikzioa egiazkoa izan daiteke, eta aitormena berriz faltsua. Are gehiago, literatur fikzioaren eta irudimenaren bidez hobeki adieraz ditzakezu egia intimoak oroimenaren ahalegin zintzo batez baino, objektibotasuna gogo biziz bilatuko lukeena. Fikzioaren egitura baitu Saizarbitoriaren egiak. Horrela lotzen dio Mikel Hernandez Abaituak ideia hori liburu honetako gai nagusiari: «Errealitatea oroitzapena da batez ere, etengabe orainaldia lehenaldi bihurtzen den neurrian, eta oroitzeko ahalmena desordenatua da, berez. Horregatik, pertsona bakoitzak errealitatea bere modura ikusten du, errealitatea ez baita hartaz bakoitzak eraikitzen (gogoratzen) duen fikzioa baino, eta fikzio hori iraganaz osatuta dago».

        Paul Ricoeurren irudiko, fikziozko kontakizunaren eta historia fidelaren artean egiturazko identitate bat dago, egiaren eskakizunak erabakia. Historiaren eta fikzioaren egietan, giza esperientziaren denborazko izaera dago jokoan. Filosofoaren ustez, denbora orokorra modu narratiboan artikulatzen denean bilakatzen da giza denbora; eta, aldi berean, narrazioa esanguratsua eta aintzat hartzeko modukoa izaten da denborazko esperientziaren ezaugarriak ganoraz deskribatzen dituen heinean.

 

 

LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA
ETA EGUNERO HASTEN DELAKO

 

        Euskaraz idatzi diren milaka liburuen artean Saizarbitoriari bost aholkatzeko eskatu eta bakar bat aipatu du, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua.

        Leturiaren egunkari ezkutua zein Egunero hasten delako, biak dira giro berdintsuaren kume, biak oso frantsesak. Txillardegiren eta Saizarbitoriaren nortasunak dira desberdinak, eta horrek badu eragina, noski, giro frantses hori bereganatu eta ondoren isurtzeko moldean, haien eleberrietako pertsonaietan eta ideietan. Biok bat datozen arren gizakia ezertarako balio ez duen pasioa dela baieztatzeko orduan, alferrikako grina, pasio inutila, Sartrek zioen bezala, nabarmenagoa da kutsu soziologikoa Egunero hasten delako-n; Txillardegik introspekziora jotzen du gehiago.

        Txillardegiren aurreneko bi eleberrietako gogoeta etiko-metafisiko barnekoi bezain ugarien aldean, Saizarbitoriak kontagaia kamera inpertsonal batez deskribatzen duela dirudi. Iñaki Aldekoak, Mendebaldea eta narraziogintza saiakeran, aldaketa hori R.M. Albéresen esaldi honi lotu dio: «Metafisikaren baldintzapeko literaturari fenomenologiaren esanetara jarri zen literaturak hartu zion erreleboa abangoardian». Eta, Saizarbitoriaren maisuetako bat den Michel Butorrek dioenez, «eleberria da eremu fenomenologikorik egokiena ikusteko errealitatea nola ageri zaigun edo ager dakigukeen».

        Saizarbitoriaren hasierako nobela fenomenologikoetan, nolabait esateko, gauzak ez zaizkio subjektu pentsatzaileari ageri, behakoari baizik. Horrek ez du esan nahi filosofiari uko egiten zaionik, behakoa gailentze horrek ere pentsaera bat inplikatzen baitu, eleberrigilea begiradarekin identifikatzen duena, eta ez hainbeste jarrera filosofiko esplizitu batekin.

        Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zen garaitsuan, Roland Barthesek gauzen balizko arima erromantikoari muzin egitea aholkatzen zuen, gauzek zein gertaerek ez omen dute-eta esentzia bat ezkutatzen; aitzitik, itxura bera dute esentzia. Ondorioz, «kontua deskribatzea da, ez esplikatzea edo analizatzea».

        Bestalde, bai Txillardegik eta bai Saizarbitoriak garrantzi berezia ematen diote giza gogoaren joera alferrikako bezain ezinbesteko bati, bizimodu zentzudun eta atseginaren eragozpen nagusi: iraganaren uztarriak zanpa zaitzan, izan dadin denboraren joana onartzeko ezinagatik, dagoena aldakorra dela eta inoiz ez dela itzuliko (Txillardegi), izan dadin oroitzapen mingarri batean gurutziltzaturik gelditzeagatik, behar bezala irentsi eta atzean utzi ezinik (Saizarbitoria).

        Txillardegik natura maite du, Leturiak zoriona naturan eta bakardadean aurkitzen du maizenik. Gogoko du bere sentipenak, sentimenduak eta arrazoiak, bere burua, naturako bakarlekuetan aurkitzea eta aztertzea. Hori bai, ez da natura basatia izaten, baizik mendixka, lorategia edo parkea, Leturiaren egunkari ezkutua-ko parke urmaelduna bezala, Zerubide, bere bankutxoekin, locus amoenus klasikoa.

        Aitzitik, Saizarbitoriak Gaudiren Güell parke modernistako mosaiko trencadis dislokatuen artean kokatuko du, memoriaren funtzionamendu zatikatuaren izenean, nobela tradizionalaren denbora kronologikoa zapartatzearen aldeko teorizazioa, Egunero hasten delako-k praktikan dakarren berrikuntzetako bat; gainera, bakardadea ez zaio laket: batetik, bere buruarekin bakarrik egotea pairagaitz zaio, eta, bestetik, errukigarri zaio jende bakartia, gure gizarteek jendea bakardadera derrigortzen duten egoerak gorroto ditu, aurka egingo die. Adibidez, neska gaztea tren geltokian, bakarrik, trenaren zain, maleta alboan duela, eta ondoko erromesaldia medikuz mediku, ea nork egingo dion abortua, mediku gehienen aldetik errieta, mespretxua edo hoztasuna jasotzen duela.

        Gisèleren bakardadeak «Berritsu» deitu izan denaren gupida ere pizten du. (Bide batez salatuta, gutxietsi egin izan da pertsonaia hori, berritsukeria leporatu eta horixe hartu baita haren ezaugarri nagusitzat, baina pentsalari interesgarri bat da, erlatibista antidogmatiko sentibera, biziki komunikatiboa, eta tren geltokiko tabernako edota lokutorioko gogoetak freskoak bezain ausartak dira, eta aberatsak beren aniztasunean: estiloaz eta heziketaz, gustu estetikoaz, gaizkiaren eta ongiaren kopuruak aldagaitzak direla ziur jakiteak ekarri beharko lizkigukeen aldaketez gure jarrera moraletan, naturaren krudelkeriaz, antisorgailuez eta etorkinez, Aldous Huxleyren Bai mundu berria eleberriaz, larrua jotzearen eta maitasuna egitearen arteko aldeaz, gazteriaz...)

        Historia-irakasle kalakari hau eta Gisèle arbuio batean datoz bat (eta horrek Txillardegirengandik urrutiratzen ditu): haientzat natura gaiztoa da, indartsuak beti menderatzen baitu ahula, naturak malderrari ez dio inongo babesik eskaintzen.

        Kontrakotasun horren adierazpen da, halaber, Txillardegik eta Saizarbitoriak hain animalia desberdinak aukeratu izana beren nobeletarako. Txillardegiren eleberrietan indartsua da ugaztunaren presentzia: zakurra (Leturiaren egunkari ezkutua-n, zehazki, Miren maitearen Pintto), ziminoa, katua eta zaldia. Txillardegik ez zuen alferrik abiarazi euskal eleberriaren historiako Ugaztunaren Aroa.

        Saizarbitoriarenean, ostera, ugaztuna bezain garrantzitsua da arraina. Heriotzari lotzen zaiola du berezitasun nagusi Saizarbitoriaren animaliak: sardina latan da txapeldun, baina Luxio muslaria hiltzen duen zezen buru disekatua ere hor dago, hormatik desitsatsi eta Luxioren gainean erorita, edota, ilunago, Ehun metro-ko etakidearen odola miazkatzen duten usoak.

        Bi idazleon ikuspuntu politikoen arteko aldea naturaren aurrean duten jarrera desberdinetatik ere ondoriozta liteke hein batean: Saizarbitoria gizarte kontuek mugiarazten dute batez ere, natura ankerrak edo gizarte ergelak baztertutakoak babesteko gogoak, hala nola zaharrak, gudari ohi mainguak, nahi gabe haurdun gelditutako neska gazteak...

        Txillardegik, berriz, giza harrokeriak desagerrarazi nahi lituzkeen diferentzia naturalen alde borrokatzen du. Giza harrokeriak gainerako animaliengandik bereizi nahi izaten du, giza berezitasuna kosta ahala kosta gailendu, edo bestela jende eta herri desberdinak uniformatu. Halatan, kaiolaturiko ziminoak eta hartzak piztuko dute Txillardegiren gupida, labarretik amilduriko astoak; edo giza aurrerapen inperialaren izenean suntsitu nahi diren herri txikiak, kasurako gurea. Aberriaren aldeko borroka armatuari dagokionez, Txillardegik bikotekidearengandik bereizi behar mingotsa azpimarratzen du eskuarki, historiari ekitekotan biologiatik, maitearen epeletik, aldendu behar zaila; Saizarbitoriak, ostera, ekimen militarrak bikote bizitzari eta ugaltzeari dakarkion hondamendia nabarmentzeko joera izaten du.

        Edonola ere, Saizarbitoria alaiagoa da. Bizitza egunero hasten da, eta Gisèle, abortatu ondoren, berpiztu egiten da, bizipoza berreskuratzen du. Txillardegiren ezkortasunak, kontrara, ez du zirrikiturik. Bizitza liluratzea da, eta liluratze oro abortu eginik itzaltzen da ezinbestez. Herioren nagusitasuna errotikoa da antiguatarrarenean. Alta, hauxe litzateke Saizarbitoriaren gurarietako bat: hiltzen ari garen artean, bila edo asma ditzagun jendartean ahalik eta oinazerik apalena nozituz moldatzeko jokabideak; denok hiltzera goazenez, hilerrira bidean, gorputzak usteltzen zaizkigun bitartean, konta diezazkiogun elkarri desira eroari eta gorputzen usteltzeari buruzko istorio hunkigarri eta barregarriak.

 

 

NORABIDEA

 

        Liburu honek iragan urrunenetik hurbilenera egingo du, gero orainaldira, eta azkenik etorkizunerako zantzu batzuk ere erakutsiko ditu; atzekoz aurrerakoa izango du egitura, astro zaharretatik abiatu eta biziaren bilakaera aintzat hartuta.

        Saizarbitoriaren obran, ez denez munduko nobelagilerik arraroena, gizakiarengana hurbildu ahala garrantzi handiagoa hartzen doaz bilakaerako protagonistak: landarea astroari gailentzen zaio, animalia landareari, gizakia animaliari. Noski, berez dena da jario eta nahasmendu, eta, narratzaileak bizitza den ugaritasun aldakorretik ondo datorkiona aukeratzen duen bezala, hemen ere Saizarbitoriaren obra trinkoa kanpotik ebaki eta sailkatuko dut, ezinbestekoa baita eta gainera erosoa azalpenari begira.