3
Magnolia grandiflora
Gizabanakoa erabat suntsituko da, gutaz ez da arrastorik ere geldituko. Ideia ikaragarri horren sendabide dugu, Hamaika pauso-n, gizakiak bere burua belaunaldien ziklo naturalean txertaturik sentitzea. Magnolia grandiflora baten bidez apalduko dute datorkien ezerezak eraginiko larridura Iñaki Abaitua hiztegigile idazleak eta heriotza zigorrera kondenaturiko Daniel Zabalegi etakideak. Zeren Saizarbitoriarenean natura, alde batetik, gaiztoa baita, ahulak suntsitzen dituelako, besteak beste; baina, bestetik, onuragarri ere izan lekiguke, heriotzaren beldurra gainditzeko salbabide. Martutene-n, azkenik, lehenbiziko aldiz ageri da garapenkeriak hurrengo belaunaldiei utziko dien panoramaren inguruko kezka, zehazki garraiobideak zinezko beharrik gabe eraikitzeko grina garaikideak eragindakoa.
Lagun talde baten gorabeherak kontatzen ditu Hamaika pauso-k. Kontagaia dozena bat urtez luzatzen da, frankismoaren azken urteetatik GALen aurreneko atentatuen garaia arte, 1973ko udazkenetik1984ra arte ziur aski. Ez konbikzioz, baizik giroak eta adiskideek bideraturik, Iñaki Abaitua hiztegigileak ETAren komando bati Losada Guardia Zibila hiltzen lagundu dio. Komandoburua Eduardo Ortiz de Zarate da, ezizenez Zigor. Lagundu dutenen artean poliziak Daniel Zabalegi atxilotu eta hiltzera zigortuko dute. Abaitua euskal hiztegi bat idazten ari da. Halako batean, «Hamaika pauso» eleberria idazteari ekingo dio, Zabalegiren heriotza gai nagusi. Iñaki Aldekoak ederki nabaritu duenez, Abaitua, denborak aurrera egin arau, «hiztegigile zebilelakoan, nobelaren barruko nobelagile bihurtu zaigu». Hitzak definitzeko orduan zehaztasun zientifikoaren gainetik afektua gailenduko da, objektibotasunetik bizitzara zabalduko du Abaituak hizkuntza: «Filologoaren porrotak eleberrigilearen garaipena dakar».
Abaituak Julia maite du, elkar maite dute, baina harremana ez da erraza. Juliaren lorategian magnolia grandiflora bat dago.
Bestalde, Abaituak, betiere inguruak eta inertziak eraginik, Zigorri bere ordularia utziko dio, ondoren bere etxea. Zigorrek, ordea, ez dizkio aginduriko garairako itzuliko, jabetu egingo da Abaituaren denboraz, bere gelaz eta oheaz, bere bizitzaz. Aitak oparitu zion Iñaki Abaituari Omega zahar hori, aita gudariak, baina orain belaunaldien katea eten da, transmisioak huts egin du, Abaituak ez baitu bere burua gudari izateko gai ikusten.
Era ilunean susmatzen du bere patu iluna giza ordulariaren urduritasunera egotzia izanak erabakiko duela, Juliaren lorategiko magnoliaren denborari ezin atxikiak. Zer ordu ote den, Abaituak eta Zigorrek ia ez dute beste hizketagairik elkar ezagutu dutelarik, eta gainera ezin dute ordua garbi erabaki. Behin Abaituak bere ordularia Zigorri utzitakoan, Abaituaren denbora propioarenak egingo du. Zigorrek ez dio itzuliko, eta ETA nagusituko zaio Abaituari, Historia, giza denbora, ia beti landarearen denbora biologikoaren etsai izaten dena.
Abaituak Juliaren lorategiko magnolia besarkatu egingo du, bere hostoak gorde; hiltzeko orduan ere magnoliaz oroituko da. Horrelaxe bilatuko du zuhaitzak bermatuko lukeen belaunaldien arteko segida lasaia, sustrai ziur hori. Abaituak, «aitortu ez arren, bazuen, ordea, heriotza natur zikloen harmonian atzemateak sarritan sortu ohi duen baretasun sentsazioaren berri. Halakoetan heriotza ez zen ikaragarria, eta posible zitzaion haren ezinbestekotasuna onartzea, uda ondoren udazkena, eta gero negua datorrela onartzen den bezala».
Giza belaunaldiak urtaroak bezain berez eta patxadatsu ezin joatearen mina ezabatu nahi luke Abaituak, naturaren joanarekin bat egin, giza zurrunbiloan bizia galtzen ari dela sentitzen baitu.
Abaitua idazleak bere ezaugarri hau Daniel Zabalegi pertsonaiarengan proiektatuko du: giza kontuek malura baino ekar ezin diezaioketen gizajo bat ei da Zabalegi, eta hori dela eta ikusaraziko dio Burgosen, fusilarien pelotoiaren aurrean dagoela, Juliaren magnolia sendo naturala, heriotza naturaren zikloetan txertaturik sentitzeak dakarren baretasunak sosega dezan.