Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

17

Iragana bere tokian

 

        Gizakiarengan azala da sakonena, zioen Valèryk. Ordea, neurotiko mudurriak du barnekoiaren ospea, betargiak alderantziz. Txarto dabilena omen da interesgarria, konplexua, sakona. Izaera eta bizimodu eramangarri ahal bezain ez problematikoak lortu dituena, berriz, axalekoa. Ikuspuntu horrek min handia egin du, kontrakoa baita egia: Epikuro eta Spinoza sakonagoak eta interesgarriagoak dira Cioran baino. Eta inoizko filosofo ezkorrentzat jo izan denak, alegia, Schopenhauerrek, Bitzitzen ikasi eta Zoriontsu izateko artea idatzi zizkizun, pesimista argiak ez du-eta noizbait zoriontsu izatera heltzeko itxaropena galdu nahi izaten.

        Rafael Sánchez Ferlosiok «tontiastuto» deritzona izaten da, susmoaren filosofoen irakurketa zoritxarreko baten erruz, tematzen dena ezkutuki izugarriren bat xerkatzen edonoren arimako barrualde ilun mugagabean. Begiak ñarrotu, begirada aztertzaile sakon ustekoa ipini eta solaskide koitaduari solemnitatez diotso: «Hori diozunez, justu kontrakoa da egia». Alderantzikatze mekaniko hori ez da, barren, berebiziko buru argitasunaren adierazpena. Gainera, noraino iritsi alderantzikatze-bide horretatik? Ez al da egokiagoa Benitoren jarrera pirronikoa? «Hori diostazu? Ba goitik behera sinesten dizut, hori hartuko dut egiatzat. Nolanahi ere, bost axola».

        Saizarbitoriarentzat, merezi du ahalegintzea etorkizuna iragana ez bezalakoa izan dadin, ahaleginaren emaitzari dagokionez eszeptikoa izan arren. Bere protagonistek ia inoiz ez dute iraganaren uztarria haustea lortzen, baina Saizarbitoria bera eudaimonista da, zoriona du xede, bere buruarentzat zein gainerako gizakientzat. Zentzu horretan, ez dator bat Joxe Azurmendi batekin, honek gizaki tipo garaiagoa baitakusa bere zoriontxoari uko egin eta «gaixo eta pobreekin errukitu den fededun kristauarengan, edo justizia eta askatasunaren alde behin bere gaztetasuna eskaini zion idealak berari besterik ekarri ez dionarengan, espetxea ez bada eta klandestinitatea urte luzetan barnerrian zein atzerrian».

        Martutene-ko aingeru erru-garbitzailea, Lynn, azalean bizi da, berehala ahazten du zoritxarra. Berritsuak zein Benito frankistak ere ez dute barne arazorik ez hobendun sentimendurik. Susmoaren psikologiaren aurkako eredu argiak dira. Azalean gelditzen jakitea edo azala berreskuratzea da bizitzan trebetasunik zailena, eta zoriontsu izateko ezinbesteko baldintza. Berritsua, Benito eta Lynn ez bezala, Abaitua, Julia eta Martin psikologia fidagaitzaren araberako «jende interesgarria» dira. Freudek mesfidantzara ohitu gaitu, begirada sasijakintsu batez solaskideak ezkutatzen omen digunaren bila sakontzera. Eta gehienetan ez dugu aurkitzen gure buruaren proiekzioa baino: beldurrez, obsesioz eta erruz onduriko lokatz nekagarri bat, psikologo mesfidatiak «egia» deritzona, «traumaren desestaltze» adieraz. Egia ikaragarri hori, ordea, behin karga emozionala kenduta, hutsala eta ahazteko modukoa izaten da.

        Saizarbitoriaren eleberrietan zorionbidean lagungarri izan dakizkigukeen hainbat eredu aurki ditzakegu, batez ere bigarren mailako pertsonaiei lotuak, hala nola Lynnen errugabetze aktiboa edota Benitoren eszeptizismo onbera.

        Montauk bezalako liburuetako literatura ere salbabide izan dakizuke, herio beharrean bizia aldezten duen heinean. Bestalde, Kandinskyren tradizioa-k erakutsiko digu giza fakultateen artean damuzko iragankeria barik irudimena hobesten eta bizipozaren alde erabiltzen. Azkenik, eta behar bezala hasteko, itsasora bota genezake gurasoen eta gizartearen herentziaren alde astuna, itsasoak sendia eta giza historia gainditzen baitu.

 

 

MONTAUK

 

        Martutene biziarazten duen Montauk eleberriak Saizarbitoriaren ildo bi batzen ditu: objektu katalizatzailea da, hala nola Ehun metro-ko giltza, Hamaika pauso eta Gudari zaharraren gerra galdua-ko Omega ordularia eta Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko domina. Eta, gainera, liburu bat da.

        Aurretik ere bagenituen Saizarbitoriaren liburuen barruko liburuak, esaterako ilunpetik Hamaika pauso-ko gertaerak erabakitzen zituztenak: batetik, Loretta Sheridan protagonistaren fusilatzearen ingurukoa; eta, bestetik, Abaitua idazten ziharduen «Hamaika pauso». Edota, Rossetti-ren obsesioa-n, Juan Martinek hotelean galdutako eleberria, «Adio atsekabe», protagonistei era berean gordetik eragiten ziena. Edozelan ere, Martutene arte heriotzaren zerbitzura zeuden narrazio barruko liburuak, abandonuen, fusilatzeen eta ehorzketen mesedetan, eta Montauk, aldiz, Martutene-ko bizitasuna suspertzera dator.

        Bestalde, Saizarbitoriaren orain arteko eleberrien artean Martutene baldin bada konplexuena, ispilu eta simetria jolasik esanguratsuenak erakusten dizkiguna, ez da soilik potoloena izaki edozer sartu duelako; kontuan hartu behar da, halaber, Montauk bera erabili duela pertsonaien ispilu, akuilu, katalizatzaile eta inspirazio iturri gisa. Aipatu giltza, ordularia eta domina gauzaki gafeak edo talisman gaiztoak ziren, herio-igarleak; Max Frischen Montauk-ek, berriz, protagonistak heriotzatik salbatu eta bizitasun indartsu batez sustatzen ditu.

        Ehun metro-n, Hamaika pauso-n zein Gudari zaharraren gerra galdua-n eta Bihotz bi. Gerrako kronikak-en heriotza eta hilketa baldin baziren nagusi, protagonistak hil egiten baitziren edo hil egiten baitzuten, Martutene-n ez soilik ez da protagonista bakar bat ere hiltzen; gainera, gertaerarik hunkigarrienetakoa jaiotza bat da, Peruren jaiotza Sagastizabal baserrian. Saizarbitoriak inoiz ez du Martutene-n bezain ederki erakutsi borondatetik eta maitasunetik datorren biziaren aldeko grina.

 

 

LYNN ETA ERRUGABETZE AKTIBOA

 

        Bi bihotz, hilobi bat-en, besteak beste, tanatofilia gailentzen zen protagonistaren inguruan: heriotza lehenesten duen kultura batean bizi dira Flora eta bere ama; Entziklopedistak bizitza jarri nahi du heriotzaren gainetik, Parisera joan Florarekin bidaian gerezi denboran, baina Florak nahiago du diru hori gurasoentzako panteoi bat erosteko erabili.

        Martutene-n, berriz, bizitzaren alde ilunak saihestu gabe ere, inoizko koloretsuen dakarzkigu Saizarbitoriak loreak eta katuak, adiskidetasuna, maitasuna eta jaiotza. Errua bezain erabakigarria da Martutene-n bizitza errugabetzeko ahalegina patuaren onarpenaren bidez, Lynnen amor fati eder hori, baldintzarik gabekoa.

        Martutene baino lehenagoko narrazioetan nonahikoa zen patuaren atzaparra, omnipresentea, eta hainbat moldetan mamitzen zen: arbasoen zama, protagonistaren izaera, putzuari ihes egiteko ahalegina, zuzenean putzura zaramatzana, simetria gaizto bat... Ezohikoa dugu Martutene-ko patu gaiztoaren baiespen barea, Lynnen ahaleginean bai Abaitua eta bai Pilar errugabetzeko: «Nirea ez da izango zure erruaren izena» diotse.

        Onartze hori ez da zori txarraren eramate solemne arranditsua, baizik lasaia eta aurrera begirakoa, errutik aldenduen dabilen pertsonaiari dagokiona. Lynnek goxo onartzen du bizitzak dakarkiona. Onbera da gainera, alegera, eskuzabala, argia, eta beldurrik gabe ematen zaio maitasunari, protagonista euskaldunek ments duten kalipuz.

        Bada jende sarkina bikote sendoak desorekatu eta apurtzeko irrikak mugiarazten duena. Ezohikoagoa da kontrako kasua, Martutene-k erakusten diguna: bikote batzuek suntsitu egiten dituzte tartean sartzen zaizkien edo dituzten lagunak. Hirugarrenaren agerpenak bikotearen eritasuna eta gainbehera katarsiz astinduko du, eta ondoren zauritu eta bota egingo dute. Patu makurrak dakarkion zartako eta bazterketa horixe da Lynnek patxada dotore batez onartzen duena. Elbarri izanagatik, zoriontsuagoa izango da Abaitua eta Martin baino.

 

 

BENITO, ZENBAKI ORDINALEN
NEUROSIAREN GAINETIK

 

        Azalean bizitzeko artean maisu izatera iritsi den bigarren mailako beste pertsonaia bat da zerriaren eskutik ezagutu dugun Benito. Saizarbitoriaren protagonista gehienak dogmatikoak eta fundamentalistak diren bitartean, itxuraz fundamentalismoaren kritikoak diren ilustratuak ere ilustrazioaren fundamentalistak baitira, sinesgogorra da Benitoren jarrera: ez dakit gauza handirik, berdin dio, beharbada bai beharbada ez, auskalo. Ez da hain desberdina bizirik egotea eta hilik egotea. Benitok ez du inor epaitzen, hain gutxi bere burua.

        Artaxonakoa sorkuraz, frankisten aldeko boluntario izan zen, patxadaz; abertzale zein gorri izatera ingurua, antzeko entusiasmo gutxirekin zatekeen Benito errepublikazale: «Denei arrazoi ematen dieten horietakoa zen, edozer gauzarekin konformatzen zena, eta zoriontsu izateko txorizo zati bat, ogia eta ardoa besterik behar ez zuena». Sakoneko eszeptizismo horri esker bizi da kontent, egokitu zaizkion garaia eta emaztea hain zakarrak izan arren.

        Saizarbitoria izan da lehenbiziko euskal eleberrigilea frankista baten azalean sartu eta sinpatia handiz aurkeztu diguna. Koldo Izagirrek idatzi zuenez, «'lehen aldiko gizona' izatera kondenaturik dago Saizarbitoria. ('Lehen nobela modernoa', 'lehen nobela bilinguea' (sic), 'lehen nobela zientifikoa...)».

        Bestalde, emakumea protagonista duten Saizarbitoriaren eleberrietan, Egunero hasten delako-n zein Kandinskyren tradizioa-n, berebiziko garrantzia du lehenbiziko aldi sexualak. Eta Abaitua ginekologoak karrikan zein ohean darabil gogoan Max Frischen esaldia: «Emakume batekin, lehen aldi oro, lehen aldia da berriro». «Emakume batekiko lehen aldia, lehen aldia da beti». Eta Martin idazlea biziki nahigabetzen du bera ez izan izanak ETAren biktimengana merezi bezala hurbiltzen lehenbiziko euskal idazlea.

        Kontuz ibili behar «lehenbiziko» horrekin, Saizarbitoriaren protagonistak kondenatu eta hondamendira amiltzen dituen indar makurren artean ez baita eskasena lehenbizikoaren lilura. Oraingo aukerak lausotu eta baztertzen ditu, gogoa iraganeko lehenbizikoan katramilatzeko, jatorria eta hasiera delakoan orduz geroztik etorri den guztia markatu duena.

        Abaituarentzat, munduan ez dago emakume baten intimitatean lehen aldiz sartzearen pareko zirrararik. Bederatzigarren edo hogeita zazpigarren aldiaren aurkako tamainako aurreiritziak darabiltzanak derrigorrez amaituko du paziente baten aluan atzamar bi sartzen, behar ginekologikorik eta eskularrurik gabe. Benitori, aitzitik, orainaldian bizi denari guztia zaionez etengabe diferente eta berri, berdin litzaizkioke harrigarri lehenbiziko aldia, bigarrena zein azkenaurrekoa, eta hori ezinbesteko baldintza da iraganetik libre bizitzeko, gizaki izan arren.

 

 

IRUDIMENA

 

        Kandinskyren tradizioa-k errealitatearen eta irudimenaren arteko dialektikan sakontzen du, Mirenen maitasunaren kasua ardatz hartuta. Miren nerabeak lagun taldearen presioa nozitzen du, mutilen batekin has dadin behingoz. Rosa da gogorren presionatzen duena, neskarik esperimentatu eta lotsagabeena, ustez. Bere ikasbidean Mirenek aurkituko du ezer ez dela dirudiena, eta aldi berean irudimenak badenaren gain eragin dezakeela. Egitate hori, batzuetan, gure zorionaren aldekoa da, edo gure zorionaren alde erabil dezakegu bederen, zoriona izaki etikak oro har eta Saizarbitoriarenak zehazki gizakioi maizenik proposatu digun azken xedea, gure jarduera guztien helburu gorena. Edozein gisaz, Mirenen bilakaera, Saizarbitoriaren gainerako protagonisten artean, salbuespenezkoa da. Saizarbitoriaren protagonista gehienek ezin diote zorionari eutsi: pozik bizitzeko baldintza material eta afektiboen jabe izan arren, berehala nagusitzen zaie iluntasun hotza eta heriotza irrika, indartsuagoa balute bezala zoriona bilatzeko joera baino zoritxarrean jaustera derrigortzen dituena.

        Rosaren presioa arintzearren, Mirenek mutil lagun bat asmatzen du, Manu atsegin, sentibera eta etxerako modukoa, Errioxako Bastidakoa, non Mirenen donostiar sendiak bigarren etxea baitu.

        Bereizi beharra dago, batetik, herri jolas batean gogorturiko irudimena, tradizio batean zurrundua, «Kandinskyren tradizio» deritzon horretan, kasu: Urtezahar gauean kalera irten eta pasatzen den lehenbiziko gizonari zer izen duen galdetu behar diozu. Gizon horren izen berekoa izango ei da zure senarra. Horixe gertatu zitzaion Kandinsky margolariaren emazteari. Hasieran, nahigabetu egin zen kaleko ezezagunak Wassily erantzun zionean, berak Gregor bezalako izen dotoreagoa baitzuen amets; dena den, azkenik Wassily Kandinskyrekin ezkondu zen, Alexandre Kojève filosofoaren osabarekin, egia definitu zuena zentzu ulergarri guztien artikulazio koherente gisa, Saizarbitoriaren antipodetan.

        Bestetik, badugu halaber tradizioan egituraturiko irudimen hori txertatzera datorren lagun konkretu betiere desorekatuagoaren irudimen gorabeheratsua, malguagoa, apetatsuagoa, gizabanako jakin horren beharretara egokituagoa.

        Mirenek Aitor izena nahi luke, izen euskaldun bat. Urtezaharrean kalera irten eta gazte erakargarri bat da Mirenek aurkitzen duen lehenbiziko gizona. Mirenek zer izen duen galdetu eta, ezustean, «zu Miren zara» erantzuten dio, «ezagutu nahi zintuzket»; ondoren, bera Aitor dela.

        Tradiziotik datorkigun jolas irudimenezkoak horrela bat egiten duenean zure ametsarekin eta zure errealitatearekin, ezin diozu eutsi, indartsuegia baita, erremediorik gabe sartzen zaizu bizitzan.

        Tradizioak zurrunduriko jolas hori, behin gizaki errealen harremanetan mamitzen denean, berpiztu eta modu berri batean hasten da dantzan, aurreikusi ezina. Adibidez, Mirenek irudimenezko jolas bat erabiltzen du errealitatearen gabeziak betetzeko, mutil lagun falta konpentsatzeko. Mirenen berezitasuna da ez diola mutil laguna irudikatzeari utziko, errealitateak mutil lagunaren igurikimena eta hutsunea betetzen dionean ere, itxuraz.

        Ez baitio betetzen. Miren berehala ohartzen da Aitorren errealitatea mutil lagun gisa oso zaiola mingarria; eta Manu irudimenezkoak, Errioxako ikasleak, berriz, sendatu egiten dizkio errealitateak eraginiko zauriak. Harik eta Aitorren benetako izena Manu dela jakingo duen arte, hain zuzen errealitateak aurpegirik traumatikoena erakusten dionean, amodioa lehenbizikoz Lintzirin hotelean arratsalde tamalgarri batean egiten dutenean, aldi berean herri traumak ere eztanda egiten duela, alboko gasolindegian bonba bat lehertzen baita.

        Tradiziotik datorkigun jolasa gu erabiltzen ari garen jolasetan txertatzen da, gure jolas partikularretan, denak aski antzekoak. Aitor, hain da petrala, ez dio Mirenen maitasunari berarengan finkatzen uzten, ez dio Mirenen eskaintzari bide egiten, Manuk ez bezala; Manuk uzten dio, Jainkoak fededunari bezala, existentzia enpirikorik ez duenak ez baitu erresistitzen.

        Kontua da Aitor ez dela Aitor; Manu izena du ofizialki, hori ikasten du Mirenek errealitate traumatikoa nozitzeaz batera. Baina Miren bera ez da Miren, baizik Maria. Eta Rosa ez da sexu esperientzia aberatsa duen lotsagabea, baizik lotsagabekeria esperientziaren urritasuna estaltzeko darabilen koitadua.

        Kontakizunak amaiera baikorra du: Miren Bastidara doa eta liburutegian mutil atsegin bat aurkitzen du, sentibera eta Kandinskyren obran aditua; Manu du izena. Beti irudikatu izan duena ekarri dio errealitateak. Jolas tradizionalak erabakiriko patua bete egingo da, Manu baitzuen Aitorrek benetako izen, eta, itxura guztien arabera, Mirenek bat egingo baitu Bastidako Manurekin, bere izena estalia eta ordeztua ez duen lehenbiziko protagonistarekin. Dena den, garbi gera bedi, Mirenek lehenbiziko elkarrizketan bertan jakinaraziko dio Manuri pikuak batzera bidali duela idatziriko patuan edozein fede.

        Baikorra eta polita da amaiera, eta ez soilik elkar ezagutzen duten unean bertan amaitzen delako narrazioa, berehala letorkeen hondamendiari lekurik uzteke. Oraingoan ez dugu zertan kezkatu, Asaba zaharren baratza-ko Polikarporen eta Sabineren etorkizunaz ez bezala. Ez dirudi Manu eta Miren Saizarbitoriaren bikoteen ohiko bilakaera lazgarriak harrapatuko dituenik.

        Hortaz, irudimenaren eta errealitatearen arteko dialektikari dagokionez, Saizarbitoriaren etikaren agindu hipotetikoa izan liteke: «Kontuz irudikatzen duzunarekin, ondorioak zure gogoaren mugak gainditu eta mundu errealeraino etor bailitezke». Eta, irudimena oroimenak elikatzen duen arren ezinbestez, eta etorkizuna beraz iragana errepikatzera mugatzen bada ere funtsean, hala ere Mirenek irudimena darabilen moduak iragana bere tokian kokatu eta geroa argitu egiten du.

 

 

ERLIKIAK URPERA

 

        Itsasoan sortu zen bizia. Ene Jesus-en Saizarbitoriak itsasoaren mehatxua erakutsi digu. Ordea, pintatu digu halaber, Asaba zaharren baratza-n, biziaren oztopoa itotzeko egokia litekeen itsaso bat, zahar astuna eta tradizio makurra ahazteko.

        Ez da txiripa Gorde nazazu lurpean-eko jaiotza bakarrean, Polikarporenean, amak placenta praevia izatea, jaioberria hiltzat jotzea. Nobelagilearentzat hain garrantzitsuak diren Proustek eta Freudek diote gizonaren maitemintzeek amarenganakoa errepikatzen dutela funtsean: maitasun bakoitzak aurrekoak islatzen ditu, era berezi eta desberdinean, noski. Baina, azken batean, denek errepikatzen dute aldez edo moldez amarenganakoa, berriro amaren barrura itzultzea omen baita, nolabait, maitearekin elkartzea.

        Dena den, andrea eta ama hilobi izan daitezke Saizarbitoriaren protagonistarentzat: Hamaika pauso-ko ametsean, kasurako; edo bestela itsaso. Ama itsasoa ere bada, eta isurki amniotikoa eta karena itsaso zati bat amaren baitan. Gu amarengandik gatoz, baina bizitza itsasotik dator. Sardina anbibalentea da: latakoak oinazezko erregresioan laguntzen dio Saizarbitoriaren protagonistari; baina, aldi berean, pareko dituzu zakila aluan eta sardina bizia itsaso zabalean.

        Gorde nazazu lurpean-eko arbaso nagusiak, protagonisten guraso espiritualak, eta gureak, Miren ama hila eta gudari zaharraren muinoia diren arren, iraganaren berunezko itomena, hala eta guztiz ere, azken narrazioan, Asaba zaharren baratza-n, Polikarpo narratzaileak eta Sabine/Bioleta emakume berriak itsasora botako dituzte uztarri horiek. Egia bada ere ekintza hori jungiarki interpreta litekeela Yin eta Yang edo aita fundatzailearen eta ama-itsasoaren arteko biltze harmoniko legez (aita amaren barruan polito entretenituta, ez dira oroituko semea errudun sentiarazteaz), Saizarbitoriaren obra osoaren zaina aintzat hartuta egiantzekoagoa da kartesiarki irakurtzea arbasoen autoritate mudurritik libratze gisa. Bihotz bi. Gerrako kronikak-en zein Bi bihotz, hilobi bat-en Bioleta Floraren osagarri zen nolabait; orain, berriz, Florarik gabeko Bioleta dugu aurrenekoz, oztoporik gabeko gardentasuna. Bioletak darama Polikarpo, zama zaien tradizioaren hezurrak urperatzera. Eta Bioleta berri hauxe da aurrenekoz Polikarpo narratzailearen izena bere horretan onartzen duena. Bestalde, esan bezala, itsasoak ama barnebiltzen du, amak itsasoa adierazten; isurki amniotikoa eta karena itsaso zati bat da amaren sabelean.

        Gu amarengandik gatoz, baina bizitza itsasotik dator. Itsasoak ama gainditzen du. Zakila aluan lasai eta pozarren, sardina da itsaso zabalean jostari. Orainaldia pozez onartzekotan aitaren muinoia itsaso beti zahar beti berri enigmatikora bota behar dugu behingoz.

        Spinozak dioenez, «gizaki libreak ez du deus gogoan hartzen herioa baino gutiago». Lurpera ditzatela hilek beren hilak, hila lurpera eta biziak asera. Kontua da, bizitzea eta maitearekin biltzea oztopatzen diguna lehenbailehen ehorztea: iraganeko zama, errua eta damua, neurosia, jelosia, kontzientziaren ausikia, gerra, edo norberaren tentelkeria, nartzisismoa eta ganorabakokeria. Lurpean utziko ditugu betirako bakean, geure bizitza bakar hau babestearren.