Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

16

Irakurleak ere bere iraganari aurre

 

        Doluaren inguruko Melanie Kleinen gogoetak Saizarbitoriaren zereginaren eta bere irakurlearen erantzunaren alde bat ulertzen lagun dezake. Culpa y depresión liburuko León Grinbergen hausnarketak ere kontuan hartu ditut atal hau idazteko orduan.

        Saizarbitoriaren obrak bekoz beko jartzen du irakurlea bere iraganeko alderik mingarrienarekin. Umoretsua ere baden arren, sentimenduen azpimundu oinazetsu batean murgilarazten zaitu; inork ez bezala hunkitzen ditu zure arimako geruza ilunenak. Irakurketa amaitutakoan, gozamen estetikoaz nahasirik, emozio hauxe ere ernetzen da: erdi baztertua zenuen zerbaiti aurre egin diozu eta onik irten zara, sendatua.

        Zentzu horretan, Saizarbitoriaren idazketaren ondorioetako bat ez dabil urruti doluaren lanetik. Doluak hildako enpirikoari erantzun diezaioke, baina baita ere gure bolada depresibo oldarkorretako jende errealaren fantasiazko hilketari. Kleinen jarraitzaile Hanna Segalen esanetan, gure barne mundutik maitasuna desagertu eta maite dugun jendea suntsitu dugularik, gure etsipenak erremediorik ez duelarik, orduan ekin behar izaten diogu, doluaren bidez, gure barrualde hori berregiteari, zatiak bildu, hiliko pusketak berpiztu eta amatatua biziarazteari. Saizarbitoriarenaren tankerako sorkuntza, besteak beste, maite izan genuen baina irudimenez txikitu dugun inguruaren berregitea da, erreka jotako barne mundu eta ni baten berrosatzea.

        Aldez aurretik, nobelagileak irakurle askok egin ez duguna du egina: bere baitako goibelaldi obsesiboari aurre egin, aztertu eta onartu. Saizarbitoriak dio zentzuna eskuratzeko gure historiari eta gure gizarteari buruzko egia tristea aitortu beharra dagoela; era berean, oinaze indibiduala ere aurrena onartu egin behar da goitik behera, hurrena artistikoki adierazi ahal izateko. Segalek dioenez, soilik galera onartua izan denean eta dolua zeharkatua mamitu eta burutu daiteke birsorkuntza literarioa.

        Txikitan denok birrindu dugu, gorrotoz, maite izan dugun jendea, gurasoak eta. Doluak, helduaroan gertatzen denean ere, beti berpizten ditu haurtzaroko antsietate ilun erasokor haiek, hazi ahala gehienok muzin egin nahi izaten baitiegu, ezikusi.

        Irakurlea ere suntsitzaile bat izan da; zokoratuak eta erdi ahaztuak ditu haatik atsekabea eta heriotza, helduaroan ez die aurpegi eman, errazagoa baitzaio horrela bizitza. Aldiz, Saizarbitoriak bai, zoritxarrari eta heriotzari aurre egin die. Eta aurre egite horren ondorioz eraiki duen obrak erakusten digu triskantzaren despit munduak bizirik dirauela. Kaos mingarritik abiatu behar eta hala ere harmoniazko mundu oso bat berreraikitzea erdietsi du.

        Saizarbitoriaren obraren oinarri arriskutsua ulertzeko afektuen mailarik sakonenean bizi behar dira bere nobelak, alegia, irakurleak oskolak eta babes estalkiak erantzi eta ausartu egin behar du bere egitera idazlea idaztera bultzatu duen egoera psikikoa. Autoreak bere obsesioari aurre egin eta hura adierazten duen heinean behar du irakurleak autorearekin identifikatu.

        Identifikazioaren ondorioz, irakurlearen baitan idazlea idaztera bultzatu zuen hondamendia berpiztuko da. Obrari esker, alta, Saizarbitoriak zein irakurleak gaiztotzat jo eta akabatu genuen jende hura biziberriturik itzuliko da. Horixe bera erdiesten du ongi buruturiko doluak.

        Irakurleak, defentsazko jarrerak bertan behera utzi eta Saizarbitoriari bihotzez jarraituz gero bere obsesioen sakonuneetaraino, berriro biziko ditu bere haurtzaroko larrialdi goibelak, eta, orduko doluak errepikaturik, irudimenez hil zuen jendea eta mundua berpiztuko zaizkio, eta osaturik irtengo da irakurralditik, aurrerantzean azalean ederki bizitzeko prest, Berritsua, Benito eta Lynn bezala, hori baita zailena. Saizarbitoriaren obrak dolua zeharkatzen lagundu dizu. Honezkero alderik alde igaro duzu ordea, aitzakiarik ez abaituatarren eta Martinen antzera putzuan laketzeko.

 

 

ITSUSIA BARNE

 

        Rodinek «itsusi» kategoriapean amorfoa sartzen du, oinazea, eritasuna, suntsipena; orobat immorala, biziotsua, kriminala eta ondoeza dakarren edozein anormaltasun. Artista putzu sakon eta ilun horretan murgildu, makilatxo magikoaz ukitu eta itsusitik ederrera itxuraldatzen du. Saizarbitoriak ere obsesioren izu amorfoa eta heriotza bere eleberrietako osotasun ederrean harmonikoki barnebiltzea lortu du.

        Azpimarratu beharra dago, bereziki gaur egun, zozokeriak hainbeste indar erakartzen duelarik, osotasun eder horrek ezinbestez jaso behar duela itsusia. Esperientzia estetiko sakon orotan behar dute indarrean nola ederrak hala itsusiak. Grinbergek dioenez, ganorazko idazleak, bere obsesioa sinbolikoki gainditzeko, herio irrika onartu behar du, kanpora bideratutakoa zein autosuntsitzailea; baita ezinbestez hil beharra ere, nola maite duen jendea hala norbera.

        Suntsitzea eta itsustasuna herio irrikaren adierazpen dituzu; ostera, bizi irrikari dagokio itsusia obra ederraren osotasun erritmikoan biltzeko nahia. Saizarbitoriak adierazpenik biribilena eman dio bi irrika horien arteko gatazka eta batasunari.

        Nobelagilearen obraren indarra, besteak beste, obsesioaren eta heriotzaren onarpen eta sublimazioaren araberakoa da, eta irakurlearengan duen efektuetako bat da honek inkontzienteki idazlearen esperientzia bereganatu eta haren garaipena partekatzen duela. Edertasun oso horrek aldi berean triste eta zoriontsu sentiarazten zaitu, Martutene-ko neska gaztea bezala trenean, Martinen «Amodioak eta penak» irakurri berritan, itsusia artez integratu duen edertasuna sentitzeak deskarga eta zirrara izugarri bat eragiten baitu.

        Hain zuzen, ederra objektu harmoniko eta osoarekin izan da alderatua, simetria integratuarekin, eta, psikoanalistek diotenez, eragiten duen ongizatea bat dator zurrupaketa erritmikoak dakarrenarekin, edota kaka egite edo sexu harreman egoki eta gogobetegarriek dakartenarekin ere, deskarga zirraragarriak inondik ere.