13
Zer idatzi ETAz
Orain dela zenbait hilabete Fernando Aranburuk arrunt espainola den errespetugabekeria zerien adierazpenak egin zituen, inolaz ere ezagutu ez dezakeenari buruzko epai kontundente eztabaidaezina. Esan zuen: «Euskal idazleek ez dute ETAren indarkeriari buruz idatzi». Zergatik? «Ez direlako aske». Aranburuk zioenez, euskal idazleek Euskal Herrian bakarrik banatzen dituzte liburuak, ez dituzte ehunka irakurle urri batzuk baino eta diru laguntzei esker argitaratzen dira, eutsi egin nahi baitzaio euskarazko literaturak irakurleak dituelako fikzioari. Ahoa irekiz gero, amaitu da jaun horien literatura.
Euskal literaturaren eta ETAren arteko harremanei buruzko Fernando Aranbururenaren tankerako adierazpen eta azterketetan indar handia izaten du epailearen mintzamoldeak: idazleak zer jarrera etiko-politikoa darakutsan nabarmentzen da, ETAren alde edo kontra dagoen, eredugarri izateko sortu ote dituen etakideak, edo nazkagarri, edota ahal bezain errealista, atentatuak zuritzen ote dituen nolabait, ETAren krudelkeriarekin batera zapalkuntzaren eta zehazki torturaren ankerkeria ere aipatzen duen, gatazkaren testuinguru osoa aintzat harturik...
Azterketa molde honek ez du literatura xede, baizik eta literaturaren bidezko idazlearen bustidura eta engaiamendua. Ordea, idazleak eskuak aski zikin ote dituen epaitzen duena ez da estralurtar garbi bat izaten, neutroa eta objektiboa; aitzitik, ikuspuntu etiko-politiko jakin batetik mintzo da. Idazleen antzera, epaileak ezin dira gatazkatik kanpo ibili, ezikusia egitea esku hartzeko moduetako bat baita, Euskal Herrian bizi zarelarik bederen. Bestalde, Saizarbitoria politikan busti izan da, eta beraz garbi esan digu literaturaren bitartekaritzarik gabe zer nahi duen.
Nobelagileak gorroto dio moralismoari literaturan, literatura engaiatuari, baina aldi berean haren liburu guztiak dira modu ohargarrian aldarri etiko bat, gaizkiaren alderen baten aurkako gurutzada. Zeharka, jakina, korapilatsuki, irakurlea seduzitzeko iskilu sotilak darabiltzala, baina Saizarbitoriak, literaturatik at engaiatzeaz gain, eguneroko bizitzan eta politikan, literatura ere hainbat gatazkaren aurrean konpromiso ageriko bat hartzeko baliatu du. Edonola ere, ageriko jarrera etiko-politiko horiek aldezteko ez ezik, jarrera horien azpiko sentimendu nahasiak adierazteko ere erabili izan du literatura.
Gatazka fideltasunez erakusten ahalegindu da, fideltasun hitzaren zentzu zabalean: batetik, dagoenaren deskribapen ahal bezain objektiboa egin nahi izan du, protagonisten barne muinetaraino heltzen den objektibotasuna; eta, bestetik, bere literatura fidel horren bidez hain zuzen, gatazkaren koordenatu politikoak aldatu nahi izan ditu, azken hau ere fideltasunaren adierazpen bat baita, zure herria hobetu nahi etikoari fideltasuna. Errealitatearen alde bat baita errealitatea aldatu nahia.
OROKORRA GATX
Zaila da gogoeta orokor zuzenak eraikitzea Saizarbitoriak ETAz idatzi duenaren inguruan: etengabe bilakatu da ETA, etengabe bilakatu da euskal gizartea, etengabe bilakatu da euskal literatura eta etengabe bilakatu da Saizarbitoria. Sakona izan da ETAri buruzko Saizarbitoriaren jarreraren bilakaera hirurogeiko hamarralditik gaur egun arte.
Esan liteke euskal literaturak, oro har, gerra zibilari eta errepresio frankistari lotu diola ETAren agertzea eta lehenbiziko urteak, eta erantzun hura onetsi duela. Orotariko zapalkuntza haren pean, zintzoagotzat eta ausartagotzat hartu izan du ihardukia deus gertatuko ez balitz bezala jarraitzea baino bertan goxo. Ehun metro-k ez dirudi ETAren aurkakoa. Hor Saizarbitoriak ez du etakidea kritikatzen, baizik eta euskal gizartearen ezaxola etakidearen borrokaren eta heriotzaren aurrean.
90eko hamarraldian euskal gizartea nekaturik dago, ezin ditu burutik kendu, besteak beste, Yoyes eta Hipercor, eta Aljerreko porrota; eta euskal literatura ere ETAren kritika, akidura eta susuma erakusten hasiko da. Testuinguru honi dagokio Hamaika pauso (1995).
Azkenik, Martutene-k ETA desagertzera doalako zantzuak lerakutsazke, eta badu errekapitulazio kutsu halako bat.
Bilakaera, etakide protagonistak aintzat harturik: Ehun metro-k etakidea militantzia aktiboan darakutsa, Hamaika pauso-k nola eta zergatik bereizten diren burkide batzuk erakundetik, batik bat sentimentalki, eta Martutene-n, azkenik, bai militantzia eta bai bereiztea oroitzapenak dira, iraganeko mamu aldiz alai aldiz penagarriak.
EZ DA EGIA
Fernando Aranburuk esandakoa ez da egia: gure literaturan bada etakide zintzo eredugarria, baina baita ere etakide zeharo gaiztoa, etakide ergela, ETAren ankerkeriarekin kolaboratzen duen hiritar arrunta, Euskal Herriaren etnozidioan kolaboratzen duen pertsona normala, konstituzionalista on eta gaiztoa, estatutuaren aldeko koldar kolaboratzailea, estatutuaren aldeko zintzo jakintsua... askotarikoa duzu eskaintza. Hori bai, nola Saizarbitoriaren obran hala ETAren inguruko euskal literaturan oro har, pertsonaiarik gorrotatuena, torturatzailea bera baino gehiago, intelektuala da, alegia, borroka armatuaren aldeko idatzi eta mintzaldi xaxatzaileen bidez gazteak zizpoleta hartzera bultzatzen dituena, eta espetxera, eta hiltzera, hura bizimodu erosoan dabilen bitartean, benetan busti eta engaiatu gabe.
Aranbururi ihardespena Saizarbitoriaren kasura mugatuta: gehiago ditu indarkeriak ukitutako protagonistak libratu direnak baino. Ehun metro-n, Hamaika pauso-n eta Martutene-n arduratu da batez ere ETAz, baina Gorde nazazu lurpean-en eta Kandinskyren tradizioa-n ere, etakide protagonistarik ageri ez den arren, gertaeren hondo bortitza kutsatzen duen osagai garrantzitsu bat da ETA.
Entziklopedista, Bi bihotz, hilobi bat-eko protagonista, uzkur dabil, ETAren harria ez ote zaion gainean eroriko, bere bizitza tristea are gehiago hondatzera. Gogorra da egoera politikoa, Donostian ia egunero daude manifestazioak, poliziak basatiki jokatzen du eta handia da Entziklopedistak dion beldurra. Amaginarrebak ez duela gizon izenik merezi botako dio, herria kalean askatasunaren alde borrokatzen den bitartean bera etxean gelditzeagatik, telebistan marrazki bizidunak ikusten.
Zenbait asteren buruan, Entziklopedista Parisen Bioleta amorante sekretuarekin dabilela, polizia auto mordoa dakusate Eiffel dorrearen inguruan, amnistiaren aldeko pankarta bat eskegi baitute puntaren puntan. Han, eskalatzailez jantziriko ekintzaile bi; eta sei polizia, eskalatzaile tresneria erabilirik, dorrean gora doazela. Behean jendetza. Telebista piloa grabatzera hurbildu eta, Bioleta kamerak erakartzen ahalegintzen denez, Entziklopedista luzaro harrapatuko du kezkak, ea emazte Florak albistegian ikusiko ote zituen. Bioleta tentel petotzat joko du bere baitan. Parisaino urrutiratuta ere, euskal patuari ihes egiterik ez: «Madarikatu egin nituen. Madarikatu egin nuen euskaldunok jazartzen gaituen patu zorigaiztokoa, zeinetik, urruntzeko ahalegin guztiak eginda ere, ezin nintzen libratu. Ziur nengoen gertakizun hark ondorio larriak ekarriko zizkidala, Euskal Herrian kate guztietako albistegietan emango zutenez. Eta, horregatik, itzultzeko falta zitzaizkidan minutuak kontatzen eman nuen denbora, Florari lehenbailehen aurre egiteko desiraz».
Kandinskyren tradizioa-n ere, gertaeren atzealdeko bortizkeriari dagokionez erabakigarria da ETA. Miren protagonista mutil lagunarekin lehenbizikoz oheratzen denean, hotel ondoko gasolindegian bonba batek eztanda egingo du.
ZERRENDA XUME BAT
Euskaraz ez ei da gatazkaz idatzi. Honatx Hamaika pauso-n indarkeriari zuzenean loturiko pertsonaien zerrenda bat, exhaustibotasun pretentsiorik gabekoa.
Iñaki Abaituaren kuadrillak, lehen La Vasconia oihal dendaren aurrean ikusi dugunak, batzuetan komando bat dirudi, baina ez da trinkoa, desberdina izango da burkide bakoitzaren ibilbidea.
Alberto Pardo madrildarrak eskatuta utziko dio Abaituak bere etxea Zigorri eta esku hartuko du Losada guardia zibilaren hilketan. Pardo ez da euskalduna, eta bere militantzia Espainiaren demokratizatzeaz batera amaituko da. Trantsizioan Madrila itzuliko da bizitzera.
Abel Osa internazionalistak xextra gogorrak ditu Ion Igartua nazionalistarekin. Hau maiteminduta dago euskal kutsua darion edozertaz eta Madrilgo Kongresuko diputatu amaituko du trantsizioan, jeltzaleekin. Denek dute Osa militante eredugarritzat, berak arriskatzen baitu bizia ausarkien. Kongresura barik erbestera joan beharko du trantsizioan, eta ez dio ezker abertzaleko izateari utziko.
Lagun taldekoez gain baditugu beste etakide batzuk, adibidez ezaguna dugun Zigor, Eduardo Ortiz de Zarate, ETAko buruzagi bipil, krudel eta umoretsua, Batman-eko Joker dakarrena gogora. Abaituaren agintaria da Losadaren aurkako ekintzan.
Zigorrek badu tiroldar kapela lumaduna janzten duen lagun misteriotsu bat. Zigorrek ahaleginak egingo ditu Abaituak ikus ez dezan. Poloniarra da, hegoamerikar azentuz mintzo den arren gaztelaniaz. ETAren inspiratzaile espiritual bat dirudi. Juliaren lagun mina da. Minbizia du ahosabaian.
Ez da argia Juliaren harremana ETArekin, baina etakidez inguratuta bizi da, horietako zenbait buruzagiak.
Burutzeko, gogora dezagun, Iñaki Abaitua nobela bat idazten ari da Daniel Zabalegiz, Losada guardia zibila hiltzen laguntzeagatik Francok heriotza zigorrera kondenatua. Abaituaren nobelan, Losadaren hilketa xehero kontatzeaz gain, berau gauzatzen duten Treparen eta Apalategiren joan-jinen berri ere ematen zaigu.
Ehun metro-k funtsean etakide baten heriotza kontatzen bazuen, Saizarbitoriaren Hamaika pauso-k Iñaki Abaitua kolaboratzaile gizajoaren heriotza izango du funtsezko kontagai, eta Saizarbitoriaren Hamaika pauso-ren baitako Iñaki Abaituaren «Hamaika pauso»k, ispiluan, Daniel Zabalegi etakide koitaduaren heriotza.
Fernando Aranburuk epaitu bai baina ezin du euskal literatura ezagutu; haatik, euskaraz gain gaztelaniaz ere urteak eta urteak zeramatzaten argitaraturik Ehun metro-k zein Hamaika pauso-k Aranburuk euskal literaturan ez dela indarkeriaz idatzi adierazi eta hedabideek ahal bezain ozenki biderkatu zutenerako.
MARTUTENEKO ZENBAIT ZIPRIZTIN
Martutene-n ETA ez da soilik gertaeren hondo gutxi-asko lausoa; goitik behera betetzen du erakundeak eleberria.
Esaterako, Harrik giro gatazkatsutik urrutiratzearren bidali du alaba Surreyko barnetegi garesti batera.
Abaituak, ohartu zelarik seme Loiolak eta haren lagunek aitonaren belaontzia lehergailuak gordetzeko zerabiltela, berehala salatu zion Ertzaintzari, aldi berean semea salbatzen ahaleginduz, eta lortuz, eta orain, semearen lagun batzuk espetxean dauden bitartean, eta mendekuzko ekintzaren baten beldur, egunero begiratzen du auto azpian, ea lehergailurik ote daukan itsatsirik. Eduardo Madinaren aurkako atentatua dabilkio gogoan. Beldurraren eraginez bidali du semea Harvardera ikastera.
Martinek «Bihotzean min dut» ipuina idatzi du, eta Julia gaztelaniara itzultzen ari da, ETAk aita hil dion neska nerabe baten Euskara irakasleak familiari hil beilan degion bisitaz.
ETAk Teresa Hoyosen aita militarra hil zuen eta Julia hurbildu nahi izan zaio; oro har, protagonistek, ETAren orbitan ibilitakoak, ETAren biktimengana hurbiltzeko beharra sentitzen dute baina zaila zaie.
Jaime Zabaleta abertzale euskalduna Miguel Angel Blancoren hilketaren ondorioz PSEko militante egin zen eta orain bizkartzainekin dabil.
Tortura ez da saihesten.
Julia Zigorren alarguna da. Semeari ere Zigor jarri zioten. Juliaren ikuspuntua ETAz denaz bezainbatean bilakatu egin da ordea, dagoeneko ez du borroka armatuaren aldeko pentsaera zuritzen, eta semearen heziketa sentimentala arduraz zaintzen du, bortizkeriaren aldeko erretorikak bereganatu ez dezan.
OROITZAPEN BERRITSU, BERBARTU ETA MUTUAK
Ehun metro-n eta Hamaika pauso-n ez bezala, Martutene-n ez dago orainaldian ETAn dabilen militanterik. Baina protagonisten bizitzak eta nobelako giroa goitik behera determinatzen ditu ETAk. Eta Kepa, protagonistetako bat, etakide izan zen. Berea da ETAri lotutako oroitzapenik kaltegabe eta barregarriena. Hiru atraku egin zituen erakundean zela.
Baina kontagai duena ez zuen ETArentzat egin. Martin soziologia ikasten ari zen Bordelen eta maiz jaisten zen Baionara Keparekin egotera. Erakundea utzi berria zuen Keparentzat Baionan ez zen giro, eta klandestinoek Martini ere gaizki begiratzen zioten, arraro eta susmagarritzat baitzuten. Kepa Bordelera igo zen Martinekin bizitzera. Erakundeak debeku zituen arren ekintzak Frantzian, Kepak atraku bat planifikatu zuen Bordelen. Bazekien nor zen bankuko diruzainaren semea. Semearen zaintzailearen konfiantza lortua zuen, argazkilari artistikoa zela saldua zion. Atrakuaren egunean bertan umeari ateratako argazkia erakutsiko zion diruzainari, semea bahitua zutelakoan. Diruzainak eskura zeuzkan frankoak oro emango zizkion eta Martin kanpoan edukiko zuen zain, plakak aldatutako auto ebatsi batean. Fite bezain aise hartuko zuten Parisa.
Ordea, Kepa lapurretarako prest banketxeko ilaran zain zegoela, ezustean bi polizia sartu ziren garrasika eta atzetik zakur puska bat, daniar handia, amorruz zaunka. Eta berehala Martin bera, zakurraren atzetik, bere zakurra baitzen, Lagun. Kepak ziztuan alde egin zuen banketxetik. Martinek ere Lagun nolabait lasaitu eta irtetea lortu zuen. Baina espaloian aparkatuta ez zuten BMW errekisatu berria, baizik Martinen 2 CV zaharra.
Behin autoa abian, Martinek Kepari azaldu zion bere doscaballosa erabiltzea erabaki zuela ez zelako gai auto ezezagun bat behar bezala kontrolatzeko. Auto bakarreko gizona izaki Martin. Autoekiko jarrera horrek, Kepari bide batez jakinarazi zionez, monogamiarako joera adierazten du.
Gainera, Lagun ezin izan zuen etxean bakarrik utzi, zakurrak, jabeak bezala, ezin baitzuen bakardadea eraman. Aurreko batean Martin etxera itzuli eta dena txikituta aurkitu zuen. Horregatik eraman zuen daniar handia atrakura. Eta, bankuaren aurrean auto barruan itxaroten zeudela, bi poliziak espaloitik igaro, eta, zakurrak ez zituenez uniformeak gogoko, zaunka egin zien, poliziek txarto erantzun, zakurrak leihatilatik salto eta poliziei haginka, eta agenteek banketxe barruan bilatu behar izan zuten babesa.
Diruzainak bere semearen argazkia aurkitu zuen, Kepak istiluan galdua. Handik pixka batera poliziak bikote atrakatzailea atzeman zuen. Zenbait hilabetetako espetxealdian, Martinen konpainia egin zitzaion Kepari gogorrena.
UHINEN MURMURIOA
Atraku frustratuaren gomuta berbatsuaren kontrara, ETAri loturiko beste oroitzapen batzuk ezin dira adierazi erdizka baizik, totelka, egiaren osotasunak barne mintzora mugatu behar du, nahiz eta entzungo lukeen solaskidea alboan eduki. Ezaugarri hori du Juliarenak, Otzetan Martinekin afaltzetik Donostiara autoz itzultzen ari direla. Adi, irakurle, bikotekideen arteko telepatiaren eta esan gabekoen erabilera birtuosoari.
Debako hondartzan Juliak maitasuna egin zuen ETAko militante batekin, biharamunean iparraldera alde egitekoa zena. Ia ez zuen ezagutzen. Amaitu ondoren mutilak hauxe esan zion: «Gauez, ilargia zeruan uhinen murmurioa entzungo dudanean, zutaz oroituko naiz». Juliarentzat hura izen zen lehen aldia «brageta itxi ondoren zerbait polita esaten ziotena».
Gomutan murgildurik, bolantea isilik daramala, bururatu zaio ez duela inoiz gehiago maitasuna hondartza batean egingo. Eta orduantxe Martinek galdetu dio ea zertaz ari den pentsatzen. Baina ordurako Juliak badu eskarmentua, bere gomuta eta aitormen intimoen Martinen erabilerarena: Julia errudun eta zikin sentiarazteko darabiltza. Gainera, Martin aspalditik dauka nazkatuta abertzaletasunaren edozein euskal adierazpenek, oroz lehen ETAk. Hortaz, Juliak dagoeneko ez die gisa horretako Martinen galderei egia osoaz erantzuten, nahiz eta Martin ohartu eta muturtzen zaion. Aitzitik, egia zehatza ez izan arren egiari loturiko zerbait erantzuten badio bakean uzten du. Halaxe gertatuko da Deban ere.
Hasiera batean, Juliak erantzungo dio «izenaz gogoratzen ez zen kantu baten pasartea etorri zitzaiola gogora: 'Gauez, ilargia zeruan uhinen murmurioa entzungo dudanean, zutaz oroituko naiz', eta [Martinek] ez ziola sinesten eta ez zuela balio asmatzea errepikatzen baitzuen, egia bota zion, kasik egia, ez zuela maitasuna hondartza batean egingo, 'inoiz gehiago' gorderik alegia, ondoren akosa ez zezan norekin egina zen galdezka, biek ez zeukatenez horrelako esperientziarik elkarrekin. Isilik geratu zitzaion, egia edo egiaren parte bat esaten dion gehienetan bezala».
Juliak berehala irakurriko du Martinen ipuin berrian Flora eta Faustino, Otzetan afaltzetik itzultzean, Debako hondartzan gelditu eta Florak gordinki «egidak narrutan» eskatuko diola. Luzaro ukatuko diote hitza elkarri.
Juliak ezkutatu egin dio Otzetako afariaren eta kantuen ondoriozko bere hunkidura fisikoaren gomutazko irudi eta hitz sentimental eta sexualen adierazpena. Martinek antzeman dio Juliaren aldarte bereziari eta sumatu du Juliak zirrara sakon hori ostendu diola. Badaki Juliaren aitormenez degien erabilera makurraren erruz Juliak ez diola egia osoa aitortuko. Makurkeria horren erruz tabu baita, besteak beste, ETAri loturiko Juliaren iragana. Martinek literaturaz hartuko du mendeku, Juliaren sentimendu ñabartua Floraren beroaldi gordin bilakarazirik. Literatura mendeku iskilutzat erabiltzeak bizitza menostu eta txirotzen du, eta horretxegatik da Juliarentzat Martinen literatura Martin bera bezain miserablea.
MORLANS
Gomuta mutuak dira ugarienak, komunikatzeke geldituko da ETAri loturiko hainbat oroitzapen. Gogoratzailearen memoria zeharkatuko ez duen oroitzapen horietako bat, Abaitua Kepa adiskidearen etxera doanekoa, Morlans auzora.
Zigor, Paris, ETA, Adolfo... Saizarbitoriarenean izen batzuek protagonisten emozio korapiloak erakarri eta biltzen dituzte. Bizitzako gorabeherek protagonistaren sentimendurik barnekoi eta bortitzenak izen horietara isuri dituzte eta bertan gelditu dira iltzaturik. Ahoskatu edo entzun orduko, protagonisten erraiek zirrara nahasi horiek birsortuz ihardesten dute. Izen horietako bat da Morlans, «Morte»-ren lehenbiziko silaba duena lehenbiziko silaba. Morlansera hurbilduta edo Morlans entzunda, Abaituaren barne muinetan alferrik isuritako gazteen odolaren eta heriotzaren izugarrikeriak burrunbatzen du.
Morlans izenak «halako tristura baten aztarna bezala piztu dio, zergatiaz batere ziur ez dagoela. Oroimen lausoa du auzo horretako etxeren batean guardia zibilak ETAkide talde bat luzaz inguratua eduki zuelakoa. Esango luke irratiak operazioaren berri ematen zuela, guardia zibilen mugimenduarena, tiro hotsena eta berak larrituta entzuten zuela, ez daki ongi. Irudipena du tiroketa luzea izan zela, ordutakoa, eta gazte batzuk hil zirela tragikoki, absurdoki. Ez daki gertakizunak denboran kokatzen baina oso urrunak iruditzen zaizkio orain, ahantzi nahi izan dituelako beharbada, baina utzi dioten aztarnek, hain zehaztugabea izan arren bizirik dirautenez, ETAko kideen patuari sentimentalki atxikiago sentitzen zen garaikoak behar dute izan, haietako baten hilketa bat gertatzen zenean penaz gain errudun izatearen zama ere jasan behar izaten zuenekoa, azken finean bizia bere ideiengatik ematen zuten haien zoria konpartitzen ez zuelako.
«Leku asko daude odol heriotzen eszenategiak izan direlako markatuak, zeinetan metrailaren oihartzuna sentitzen den oraindik eta ikus litezkeela dirudien odolaren orban ezabaezinak —baita omenaldi urrunak utzitako lore zimelduak ere—, eta Morlans da horietako bat».
EKINTZA SUIZIDAK
Beti egin zaio deigarri Saizarbitoriari ETAk inoiz erabili ez izana atentatu suizidak. Ezohikoa da gaia. ETAren historiari buruzko liburuetan ez dut suizidioa erabiltzeko aukeren inguruko eztabaiden erreferentziarik aurkitu.
Ehun metro-ko Manuel, protagonistaren burkidea, oso gaixorik dago, tuberkulosiaren erruz birika bat galtzeko zorian, eta zuzendaritzari bere burua eskaintzen dio, erabil dezatela atentatu bat egiteko. Koherentea dirudi: osasuntsu zeundelarik bizia arriskatuz helburu bat lortzeko zenegiena, zure bizitzari zentzua ematen baitzion, orain ere egin dezakezu, eta gainera bizia arriskatu gabe, erabakita baitago biziaren berehalako amatatzea. Manuelek bi bider proposatuko dizkio zuzendaritzari ekintza suizidak, eta bigarrenean ia konbentzituko dituen arren, azkenik ezetz.
Hogeita hamar urte inguru geroago, Saizarbitoriak berriro azpimarratuko du ETAren ezaugarri hori. Hauxe diotso Hasier Etxeberriari: «Beste gauza bat ere adierazgarria iruditu izan zait beti: hemen ez da izan aktibista suizidarik, beste leku batzuetan bezala. ETAren barruko kasuetan, pertsona bat edo beste gaixorik eta hilzorian jarri denean, erretiratu egin izan da beti. Isil-isilik. Seguru asko beste plano etiko batera ere bai. Ez dute esaten, zoaz popatik hartzera eta nire minbizi eta guzti, leherraraziko ditut lau guardia zibil. Ez. Ez dute horrelakorik egiten, Jainkoari esker».
Herio hurbil sentitzeak «beste plano etiko batera» zaramatzala, beharbada esan nahiko du ataka horretan kezka etiko-politikoek baino gehiago etiko-metafisikoek harrapatzen dutela giza gogoa, eta ETArentzat, beste talde politiko-militar batzuentzat ez bezala, ez dela zilegi izan plano desberdin horiek nahasi eta eriaren bizi apurra baliatzea inongo xede politikorik erdiesten ahalegintzeko.
EMOTIBISMOA
Saizarbitoriak zein Saizarbitoriaren protagonista idazleek ETAri buruz duten jarrerak emotibismo morala deritzonaren ikuspuntuak baieztatzen ditu: erreakzio sentimentalaren ondoren datoz zuribide razionalak. Ez dago aurrena analisi razional hotz bat, neutrotasunaren eta objektibotasunaren aldeko ahalegina, eta gero argibide horrek eskatutakoaren araberako narrazioa, analisi horrek ondorioz lekarkeen proiektua bultzatzeko. Aitzitik, bultzatzaile nagusia bihotza da, bihotzak irudimena pizten du, eta arrazoia ez da bihotzaren eta irudimenaren tresna xumea baino. Helburu nagusia zirrara baita, eta irakurlearen sentimenduari eragitea. Funtsean dena da bihotza: aurrena sentimenduak du onartzen edo gaitzesten, eta gero eleberriak irakurlearen sentimenduei dei degie, irakurleen sentimenduak astindu nahi ditu. Saizarbitoriak sumatzen baitu berak bezala funtzionatuko duela irakurleak, inpaktu emozionalaren ondorioz etorriko direla burubide aldaketak, ez alderantziz. Bestela, txostenak idatziko lituzke eta ez kontakizunak.
Hori bai, bihotza ez da ezinbestez inertzia: Saizarbitoria, adibidez, ETA onartzetik ETA gaitzestera igaro da, eta bere kasuan, behintzat, bistan da arrazoia ez zela kalkulua izan («espainolen gogoko eginik nire merkatua zabalduko dut»), edo iritzi nagusiari amore ematea, baizik eta bilakaera sentimentala, bihotzaren erantzuna. Egia da eztabaidagarria dela zein neurritan izan daitekeen autonomoa sentimendu bat, baina luzeegi joko liguke eta haria galarazi. Nolanahi ere, Saizarbitoriaren obratik ondoriozta liteke meritu etiko handia aitortu behar zaiela beste aldeko biktimengana hurbildu diren biktimei. Hori litzateke Tzvetan Todorovek «eredugarritasun» deritzonaren alde bat. Todorovek eransten duenez, ez meriturik ez eredugarritasunik ez duena da, behin gizarte kontsentsuak garbi ezarri ostean zein diren onak eta zein gaiztoak, barrikadaren alde egokian kokatu eta lezioak ematen eta zaunka ibiltzeak. Saizarbitoriak, ETAri buruzko isiltasun mota desberdinak aipagai dituen pasarte batean, zalditik jaitsi berriez dihardu, «hautsa astintzeko astirik gabe, alboan zamalkatzen zutenen kontra eraso egiten dutenak, arestiko kidetasun oro gorroto ahotsa bihurtzen duten ahots ozenak».
IDAZLEAREN NAHIA ETA
IRAKURLEAREN INTERPRETAZIOA
Beraz, esan bezala, Saizarbitoriak, ETAz diharduelarik, irakurlearen emozioak inarrosi nahi ditu, eta inarrosaldi hori jarrera etiko-politiko bilaka dadila. Aldez aurretik baditu gatazkak eragindako sentipenak, ideiak, asmoak, gorrotoak; eta pertsonaien eta kontakizunaren bidez gorroto, sentipen, ideia eta asmo horiek irudikatzen ditu, ondoren irakurleak antzera senti eta ikus dezan ahaleginduz, edo jakin dezan zein den Saizarbitoriaren beraren ikuspuntua, bederen.
Gerta daiteke, dena den, irakurleen interpretazio nagusia eta idazlearen asmoa bat ez etortzea: hori gertatu zen Saizarbitoriaren Ehun metro dela eta. Idazleak tortura, zapalketa linguistikoa eta orotarikoa nabarmendu zituen, eta ez bide zuen aski garbi azpimarratu ETAren ihardukia ordurako gaizki iruditzen zitzaiola.
Egia den arren Joxe Zuazalagoitia etakidearen heriotzaren alferrikakoa ere azpimarratu zuela, giza hilketen zoritxarra eta etenezina, eta hilketa horien aurreko gizartearen ezaxola, hala ere irakurleek ez zieten jaramonik egin ñabardura horiei. Irakurle arruntak ETAren laudorio garbitzat hartu zuen Ehun metro, poliziak krudelki akabaturiko militante zintzoaren gorespen hunkigarritzat, eta era berean irakurtzen dute gaur egungo gazteek ere, irakasleak aurretik testuinguru eta historia osoa azaldu ezean.
Nobela arretaz irakurriz gero, dena den, bistan da 1973rako garbi dagoela Saizarbitoriaren gaztigua: biolentziak odolustu eta hil egingo du Euskal Herria. Frankismoaren zapalkuntzari erantzutea zilegi da, baina indarkeriak epe luzera hondamendia dakar. Errepresioaren aurrean okerrena ezaxola da, beste alde batera begiratzea. Engaiatu beharra dago; baina ez edonola. Bizitzaren aldeko engaiatzeak zaizkigu premiazko, eta, ostera, hilketak hilketari deitzen dio, heriotzak heriotzari, hauxe izaki etsai nagusia.
PERSPEKTIBISMOA
ETAz denaz bezainbatean, Saizarbitoriari premiazkoa zaio seme-alabei herentzia pozoitsurik ez transmititzea, ezin diegu gezurrik esan. Horretarako, ETAri buruzko kontakizun orokor bat adostu beharra dagoela dio; gero etorriko dira ñabardurak. Aurrena kontsentsuzko marko bat gailenarazi, egia oinarri, eta eragotzi gure seme-alabak gutaz are gehiago lotsa daitezen. Erru eta hondamendi bilaka bailiteke lehenbailehen aitortu gabeko akatsa. Jokoan dagoena da datozen euskaldunek nola ulertu eta bereganatuko duten iraganeko izango zaien ETA.
Nobela bat idatzi dezakezu ETAk ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati eta bere familiari buruz; errealista izango da gainera, egiazkoa, eta zintzoa izan liteke. Baina aukeratu dezakezu, orobat, Espainiak ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati buruzko nobela idaztea, eta hori ere errealista izango da, egiazkoa eta zintzoa. Eragin etiko-politikoak kontrakoak izan arren, duinak izan litezke biak, eta estetikoki goi mailakoak. Bi kontakizun horiek eskaintzen baitizkigu errealitateak, eta baita muturreko bi horien artean egon litekeen panoplia aberatsa ere, ñabardura, ikuspuntu eta estrabagantzia oraingoz imajinaezinekin.
Halatan, zaila dirudi gatazkari buruzko kontakizun komun bat adostea. Gertagarriagoa, banako ugarien kontakizun adosezinak sortzea. Uste dut Juliaren tematzeak gatazkaren historia bakar bat eratzen azkenik indarra galduko duela. Saizarbitoriak biziki estimatzen du Jokin Muñozen literatura, baina Bizia lo ez da Juliaren parametroetan kabitzen.
Beharbada, esperientzia desberdinak integratu nahiko lituzkeen kontakizun bakarra eraikitzea baino, esperientzia desberdinak adieraziko dituzten kontakizun autonomoak asmatzea litzateke kontua, ezin integratuzkoak ezein osotasunetan, ez baitago sortzerik esperientzia desberdinak barnebilduko lituzkeen kontakizun bakar oro-hartzailea. Ahalik eta adostasunik zabalena lortuko lukeen historia idazten entseatzea xede etiko bat izan liteke, borondate onak bultzatzen du dudarik gabe Julia, baina erdietsi arteko bideak infinitua ematen du.
Aukera piloa dago oraindik jorratu gabe: besteak beste, torturatzaile zintzoa, gure herria desagerrarazteko lanetan kolaboratzen duen pertsona jatorra, zuzentzat jotzen dituen helburuak lortzeko tortura erabiltzea beste erremediorik ikusten ez duen hiritar onbera. Torturatzaile zintzoak pentsa lezake gure munduko zoritxarrak, gosea-eta, soilik mundu mailako gobernu bakar indartsu batez konpon litezkeela, eta estatu berriak sortzen ibiltzea denbora alferrik eta kriminalki galtzea dela. Eta, gizon sentibera izan arren, lagun hurkoaren oinazeak eta odolak ikaragarri hunkitzen duena, hala ere, uste duenez engaiatu eta eskuak zikindu beharra dagoela, Sartreren zentzuan, orduan bere ahuleziei heroikoki aurre egin eta gazte abertzaleak torturatzeari ekingo dio.