Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

6

Euskaldun

 

        Saizarbitoriaren ustez, ezinbestekoa da oroimen komuna giza talde bat nazio bilaka dadin. Alta, ez du garrantzi handirik oroitzapen horiek errealitate historikoari dagozkion ala asmatuak ote diren; nazio guztiak, handienak barne, oinarritzen baitira gizaki desberdinen identifikatze prozesu mito-poetikoetan. Nazioa, azken batean, emozio, oroimen eta amnesien batuketa baita. Hori bai, Saizarbitoriak, nazioa pentsatzeko orduan, naturalismoa eta etnizismoa baino nahiago ditu izan nahia eta eragin politikoa, eguneroko plebiszitua.

        Nobelagileak dioenez, hainbat ezaugarritan gara hegoaldeko euskaldunak patata tortilla baino espainolagoak. Guri ere ezin hobeki aplika lekiguke Ortega y Gassetek espainolez zioena, alegia, gure irudimenaren ahuleziak eraginiko iraultza bitxi baten erruz iraganari buruz egiten dugula amets, etorkizunari buruz egin beharrean, azken hau emankorragoa litzatekeen arren.

        Euskarari laguntzeko ekin zion Saizarbitoriak idazteari. 1966ko urtarrilean Ez dok amairu taldearen lehenbiziko donostiar emanaldia aurkeztu zuen, Victoria Eugenian. Hauxe esan zien oholtzatik ikus-entzuleei: «Gazteak, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak».

        Joxe Zuazalagoitiari eta Abaitua biei txikitan behar bezalako euskaldunak izateko agindu zieten, «hau izango da gudaria», «y no te olvides de que eres vasco»; baina ezin dituzte igurikimen horiek bete, ez dute maila ematen, ez dute superniaren exijentzia etikoa asetzen, eta ondorioz, Freudek Egonezina kultura-n erakutsitako ezinbestekotasunaren arabera, erru sentimendua pizten zaie. Abaitua ginekologoaren gogoeta: «[y no te olvides de que eres vasco] oharra laburtezina zen, osotasun inplizitu bati lotzen zion hasierako kopulatiboarekin. Agindu hura 'ez duzu hilko' bezalako mandamentu apodiktikoen zamaz ezarri zitzaion kontzientzian. Euskaldun ona esan nahi zuen, langilea, noblea, emandako hitza betetzen duena, zintzoa norbere buruarekin eta norberaren gainetik dagoen kolektibitatearekin. Ez ahanztea erremediorik gabe garena. Itoan jartzen duen zama identitario bat, zeinaz ez den inoiz guztiz libre sentituko, zeinaz ezin den libratu errudun sentitu gabe».

        Hamargarren atalean luzatuko gara erruaz, dakusagun orain zer datorkigun gerra zibiletik, laugarren atalean honako honetarako gorde dugun Loxeta baserriko zakurraren bitartez.

 

 

GERRA ZIBILA

 

        Oroimena orainaldian jokatzen dela diote San Agustinek eta Karlos Linazasorok. Alabaina, oroitzapen mingarri batzuk ezin dira gainditu, ezin zaie buelta eman. Traumaz gerozko egun guztiak pozoitzen dizkizute, hiltzeko tenorea heldu arte. Saizarbitoriak Gudari zaharraren gerra galdua-n gudariaren ordulari zaharraren behin betiko gelditzeaz adierazten du ezin aurrera jotze hori. Duela berrogei urtez geroztik inongo arazorik eman ez dion arren, gaur goizeko lau eta erdietan kolapsatu zaio Omega eskumuturrekoa (Abaitua idazlearenaren berdina), berrogeita hamar urte lehenago hanka galdu zuen ordu berean: iragarpen makurra, balbea.

        Gerra galdu arren, ondoren beren buruarekin bakean biziko direnak Amiano adiskidea bezalakoak dira, kontalari onak. Goitik behera sinesten dute beren buruari eta besteei kontatu dietena: gerra galdu genuen baina duintasuna ez. Une oro egin genuen egin beharrekoa, esaterako Santoñan. Eta abar. Amianok ez du onartzen azalera garden hori lausotuko dion galdera edo zalantzarik. Ondorioz, gudari zaharrak ez dizkio galdera eta zalantza horiek adieraziko, beharra sentituko badu ere maiz. Lagun taldearen adostasuna arrakalatzen duten eta arrotzak zaizkion pentsamendu horiek barneratu egiten zaizkio, itsatsi: «Amaiera arte borrokatu behar genukeen Santoñan, edo Errepublikari errendizioaren berri eman, behinik behin». Are: «Gerran sartu izan ez bagina, hobe». Saizarbitoriak, bere izenean eta jendaurrean, Amianoren mintzamoldea darabil. Idatziz, berriz, jarrera bikoitza darakutsa: Amianorena zein gudari zaharrarena. Dena den, eta egia baldin bada gure barne muinera iristeko nahitaezkoa zaigula gizarte presiotik askatzea, baliteke sakonagoa izatea gudari zaharraren sentimenduak dauzkan Saizarbitoriaren arimako tolesa.

        Gerra ostean leku madarikatua izan zen Burgos galtzaileentzat. Gudari zaharrak, Amianok eta beste derrotatuek sufritu egin zuten Burgosen. Lagun ugari fusilatu zizkieten. Angel Otaegi eta Daniel Zabalegi ere inguru hartan fusilatuko zituzten. Amianok eta gudari zaharrak elkarri hitz emana zioten inoiz ez zirela Burgosera itzuliko. Hala ere, Adolfo Suarezek adierazi berri du gerrako zauriak sendatu behar direla; elbarri gelditutako galtzaileei ere pentsio bat jasotzeko aukera eskaini die. Hasiera batean, gudari zaharrak hitza jan eta Burgosera joateko asmoa adierazten dio Amianori, hau nahigabetuz. Dokumentu eta akta korapilatsuak bete behar ordea, lekukotza eman behar notarioaren aurrean. Notarioa desesperatu egiten da gudari zaharren kontakizunekin. Hauentzat hil ala bizikoak izan ziren xehetasunak ez zaizkio interesatzen, hari burokratikora jo nahi du beti lehenbailehen.

        Bestalde, gudari zaharrak Burgosen ere muinoia erakutsi beharko lioke medikuari. Aurretik prostituta bati dio erakutsia; eta azken aldian medikuari, azukrearen erruz zauria gaiztotzen ari baitzaio. Umiliagarria zaio benda erantzi beharra, «muinoi itsusia noiz azalduko zain», ez du inoren aurrean berriro biluzteko gogorik.

        Halatan, Burgosera beharrean hanka galdu zuen ingurura hartuko du Donostiatik taxiz, Elgeta ondoko Aszensiora. Taxian doala, Omega ordularia betiere lau eta erdietan, gerrako oroitzapenak datozkio eta bide ematen die. Frontea sei hilabete eta erdiz egon zen geldirik Asensiomendin eta Intxortan. Trintxeratik gudariak Uberako ibarreko Loxeta baserria ikusten zuen, eta hango alaba Miren. Heinkel eta Junker-en bonbetatik babestera baserri ondoko zumardi batera joaten ziren Loxetakoak. Maitasunak bultzatuta, hantxe elkartu ziren behin batean gudaria eta Miren. Aurrerantzean, goizeko bederatzietan eta arratsaldeko lauretan eta seietan Miren baserriko atarian zapi bat astintzen agertzen zen, gudaria maite zuela adierazteko.

        Loxetan, Mirenen gurasoez gain, amona itsua ere bizi zen. Bazuten, halaber, zakur txiki bat, zaunka bortitza zuena, «eta zorrotz entzuten zen inguruko isiltasunean.

        «Halako batean, zaunka haren oihartzun izugarria bailitzan, zerua urratzen entzun zen iparraldetik hegoaldera. Eta konturatzerako, Heinkel 51 batek ibarra gurutzatu zuen eskuinetik, Intxorta gainetik, berriro ere goitik behera eginez itzultzeko. Eta lurretik metro gutxira, hegoetatik zerion sua Loxetatik zumardirako bidean barreiatu ondoren, etorritako norabidean desagertu zen atzera, airean urruma moduko bat utziz, zakurraren zaunkak laster bentzutu zuena; Julienen gorputzetik emaztearen gorputz ondora korrika zakurra, batetik bestera —ahoz gora etzanda baitzeuden biak, hamar-hamabost metroko bitartean—, etengabe zaunkaka eta korrika, zeinen ondoan geratu ez zekiela».

        Prismatikoekin zekusan gudariak trintxeratik baserriko zakurra aitaren gorputik amarenera eta buelta, erotuta. Ondoren, zumarditik baserrira ekin zion zakurrak atzera eta aurrera. Gudariak irudikatu zuen Miren zumardian ezkutaturik egongo zela, eta amona itsua baserri barruan.

        Orduan erori zen hanka eramango zion bonba. Frontean bertan ebaki zizkion doktoreak belauna eta berna elkartzen dituzten zainak, hobeto bildu eta odolustu ez zedin, eta gudaria Elorrioko ospitalera eraman zuten anbulantziaz. Bien bitartean, Amianok hanka hartu eta Aszensioko ermitan lurperatzeko asmoz abiatu zen. Etsaien esku zegoen arren, leku sakratua zen, bederen. Baina handik berrehun metrora ehortzi behar izan zuen, lurra baionetaz zulatuz.

        Bien bitartean, gudariak ezin zituen gogotik aienatu Uberako irudiak, zakur zaunkariaren joan-etorriak gorpuetatik zumardira.

        Gudariak Basurtuko ospitalean jakin zuen Mirenek, gurasoak galdu ondoren, amona Elgetaraino igo zuela, eta han, apaizak etxean babestu zituen arren, mairuek hil zutela. Soilik orduan etengo zen buruan etengabe errepikatzen zitzaion irudi segizio hura: «Mirenen gurasoak belardian etzanak, eta zumardia eskuinera; zakur zaunkaria senar-emazteen gorpuetatik zumardi barnera, eta handik, zaunka egiteari utzi gabe, atzera gorpuengana, behin eta berriz azalduz eta desagertuz, lasterka». Hori guztia da notarioak eta burokraziak baztertu nahiko dutena.

        Bihotz bi. Gerrako kronikak-ek euskaldunen aurkako Francoren mairuen ezegitekoen beste adibide bat dakar, era berean Elgetan kokatua. Francok harrapaketa eskubidea eman zien hartzen zituzten herri guztietarako. Francoren mairuak Elgetako etxe batean sartu eta gurasoak eta hamabost urte inguruko alaba aurkitu zituzten. Gurasoak neskaren aurrean hil zituzten, eta gero neska bera harrapatu nahi izan zuten, «bortxatzeko noski, 'ze, badakizue nolakoak diren mairuak' esaten zuen Klaudiak, eta neskak ganbarara egin zuen ihes, eta hango leihotik sorora salto egiteko zegoela, eskuak leiho barrenari helduta eta gorputza kanpora zintzilik jada, mairu bat iritsi, aihotzaz jo, eta hiru hatz, hiru luzeenak, erpurua eta txikia ez beste guztiak, erakuslea, erdikoa eta nagia moztu zizkion. Neskak, sorora erori edo jauzi, ez dakit, eta arto artean korrika ihes egitea lortu omen zuen».

        Gerraz geroztik gudari zaharra ez da Aszensiora itzuli. Orain taxitik jaitsi, eta, ermita aurrean duela, hanka gutxi gorabehera non egon litekeen kalkulatu eta lurra aterkiaz zulatzeari ekiten dio. Arratsaldeko eta Omega zaharreko lau eta erdietan bihotzekoak jo eta hil egiten da. Biharamunean, hedabideek albistea zabaldu eta inguruko jende mordoa igoko da ermita inguruetara lurra zulatzera, batez ere gazteak, gudari zaharrak hasitako bilaketari jarraituz, zehazki zeren bila ote dabiltzan arrastorik ere ez duten arren.

 

 

ZENTZUA GALDUTA JO ETA KE

 

        Gudari zaharraren aterkikada lur-zulatzaileak bere patu ankerraren aurkako astinaldi protestazkoak dira. Gazteen bilatze itsuak, berriz, belaunaldien arteko transmisioaren porrota darakutsa. ETAk ez zuen artez interpretatu gudari zaharren jarduera eta aiurria. Gazteek amore eman zioten zaharrentzat garai batean nolabaiteko zentzua izan zezakeen ekintza mota errepikatzeko bulkadari, taldeetan banakoengan baino aiseago kutsatzen den inertziari: gero eta gehiago, gero eta amorratuago, nahiz eta zertarako jakin ez.

        Indarkeriaren eta indarkeriari eustearen aurkako Saizarbitoriaren testu ugarietako bat da «Mendeku ezinezkoa», 1993koa. Hor dioenez, herri bati minik handiena ez dio irainak egiten, baizik eta ukazioak. Ukazioa psikopatogenikoa izaten da. Halaxe gertatu da gurean. Txikiak garenez, oso gaude auzokoen iritziaren menpe eta ondorioz minberak gara, biziki da zaurgarria gure harrotasuna. Eta mendekuaren zereginetako bat «harrotasun zauritua berreraikitzea» denez gero, ulergarria da guk arrazoia ahuleziatzat jo eta mendekua gorestea, «gure amets maitatuena mendekuaren eguna izatea».

        Benetan dagiguna, haatik, dio Saizarbitoriak 1993an, ez da ezta mendekuaren zoramenaren eskutik hondamendira zinez abiatzera ere iristen. Hemen lotzen ditu zentzua galdu duen errituaren errepikatzea eta indarkeriari laguntzeko ekitaldi abertzaleak. Hauetan, izan ere, mendekua erritualizatzera mugatzen gara, mendekatiaren neurosia imitatzera. Gure teatro zahar honetan armetan legokeen herri baten itxura egiten dugu, antzerkia gero eta traketsago antzeztuz. Galdua dugu ekintza politikoaren zentzua, orobat meza santuaren oinordeko zuzena den ospakizun abertzalearena, eta hala ere jo eta ke berriz eta berriz lurra zulatu eta zulatu gabiltza, zeren bila ahaztu zaigun arren.

        Heideggerrek ez du oso modu desberdinean interpretatu Nietzscheren botere nahia. Nahiaren nahia da funtsean, inguru lehiakor batean iraun eta hazteko nahi immanentea. Gure zibilizazioaren joera orokorrak edozein jardueraren azken zentzua galtzea adierazten du. Horixe litzateke nihilismoa. Zentzu horretan, Alain Renaut eta Luc Ferryk diote Descartesek gizakia naturaren jaun eta jabetzat jo zuela, ikuspuntu hori Ilustrazioaren garaiko hainbat pentsalarik bere egin zuela, eta giza ekintzari oinarrizko zentzu bat ematen ziola ikuspuntu horrek, alegia, gizakiarentzat askatasuna eta zoriona erdiestea, garai haietan xede horiek gogoan zihardutela. Orain, ostera, jardunean jarraitu ahal izateak mugiarazten gaitu, jardutearen azken zentzua eta nahiaren jomuga lausotu eta desagertu den arren. Enpresek lehia basatiak hondoratu ez eta lehiatzen jarraitu ahal izateko ateratzen dituzte tai gabe produktu berriak, ezen ez jendea libre eta zoriontsuago izan dadin. Alderdi politikoek programaren gainetik jartzen dute boterea eskuratzea, bertan irautea eta ekonomiari ahal bezala eustea. Inertziazko jardun amorratua betiere, eta xedea zokoan.

 

 

ESKER ONA ZABALDU?

 

        Lagun taldearen adostasuna arrakalatzen duten gudari zaharraren zalantzak eta pentsamendu arrotzak gorabehera («gerran sartu ez bagina, hobe»), Saizarbitoria esker oneko zaie gerra zibilean gure arbasoek erakutsiriko duintasunari eta zintzotasunari. Gerra galdu arren, abertzaleen oinordekook filmeko onen seme-alabak izateko abantaila dugu. Aldeko dugu gerra zibilaren kontakizunetik datorkigun haizea.

        Irabazleen seme-alabek, berriz, zauri moral bat eraman behar izan dute: nagusitu den narrazioak gaiztoen bandoko egin ditu, historian irabazi zutenen aurkako narrazioa gailendu baita irudimen kolektiboan.

        Bestelakoa da Uriarte espioiaren ikuspuntua Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak-en: gerran etsaia hil egin behar duzu, hil zaitzan baino lehen. Kokolo hutsak dira zintzotasunaren izenean gerran errukitsu dabiltzanak. Begira bestela Mallona Mundakako alkate jeltzalearen kasua: anarkisten balizko gehiegikerietatik babestu zituen faxistek berek agintea eskuratu bezain laster fusilatu zuten Derion.

        Mallonak ezikusia egin zuen eskuindar askok Mundakatik isil-gordeka itsasontzi nazi batera ihes zegitelarik. Uriartek uste du Mallonak ezkutatu zituen haiek guztiak hil egin behar zituela; horrela ez zuten beraiek hilko. Bere gupidaz trufatu ziren.

        Litekeena da Mallonak nahiago izatea kristau jokatu eta hil, «errukia ala hil!» aldarrikatu, burua tente eta duinki, etsaia bezain makur eta bekatari ibili baino.

        Aurrena katolikotzat baitzuen bere burua, eta soilik hurrena abertzaletzat. Aldiz, faxistak, Uriartek uste duenez, aurrena faxista izaten dira, eta gero apika baten bat katoliko. Bestalde, katolikoa ez da berez errukitsu. Azken batean, katolikoek eta faxistek egin dituzte kirtenkeriarik odoltsuenetakoak historian.

        Nolanahi ere, Saizarbitoriaren eta Jimenezen ikuspuntu desberdinak gorabehera, eztabaidaezina dirudi kristautasunaren interpretazio jakin bat abertzaleen gerra-jokabide errukitsuaren muntazko eragile bat izan zela.

        Saizarbitoriari abertzaletasuna karga izan zaio, garai batzuetan asfixiagarri, baina gaur egun distantzia egokiz begiratuta aztertu eta salbatzeko moduko aldeak aurkitzen dizkio. Erlijioari dagokionez, ostera, beti izan da trinkoa idazlearen arbuioa. Jakina, apaizengandik jasotako jipoiek, beldurrak eta erru sentimenduak eragindako blokeo psikologikoak ez du distantzia egokia hartzen laguntzen. Ordea, aztertuz gero nondik etorri zitzaien buruzagi jeltzaleei gerra gordinki galduagatik ere duintasunari eta zintzotasunari eusteko bultzada, bistan da kristautasunaren garrantzia. Agirre, Ajuriagerra, Irujo...: kristauak ziren goitik behera Saizarbitoriaren esanetan euskaldunok hondamendi moraletik salbatu gintuzten buruzagiak. Alegia, nobelagileak, behin autokritika egiten hasiz gero, eta orain arte erakutsi duen logikaren arabera, ez al luke kristautasunaren aurka erakutsi izan duen zirrikiturik gabeko arbuioa berraztertu behar eta esker onez aitortu, gerra zibilean gure arbasoek erakutsi zuten garbitasuna hein batean kristautasuna ulertzeko abertzaleen erari zor zaiola?

        Ez baldin badu egin, apika izango da abertzalea baino gogorrago txertatu zaiolako kristau azpiegitura. Fraideen zartakoen eta eliza frankistaren kondena baino geruza sakonagoak harrapatzen ditu kristautasunaren aurkako Saizarbitoriaren benetako borrokak, bere gogoaren funtsa kutsatu bide baitu.

        Saizarbitoriaren zenbait protagonistaren korapiloek Erich Frommek marraztutako kristautasunaren bilakaera gomutarazten dute; garbi nabari da Abaitua idazlearen jarreran Juliarengana zein Abaitua ginekologoarenean Lynnengana: hasieran, Jainko Aita zorrotza gailen, kristauak uste zuen soilik bere burua zigortuz eta sufrituz lor zezakeela Aitaren barkamena, Hari huts eginaren erruagatik; ondoren, graziaz beteriko Amak bereganatu zuen Jainko Aitaren tronu sakratua, eta Amatxok kristaua errugabetzeari ekin zion, bere altzoan babestuz eta bularra emanez. Kristauak Aitaren aurkako etsaitasuna utzi, Amak maitatutako umearen fetu jarrera hartu eta otzantasun pasibo masokista batera makurtu zen. Yahvek garaitua zuen Ama Handiarenganako itzulera izan zen katolikotasuna; eta protestantismoa, ostera, Jainko Aitaren berpiztea.

        Gizabanako bakar batengan, jarrera horiek eritasun psikiko larri bat adieraziko lukete. Ordea, milioika laguni eragin dietenez mendez mende, ez dira perturbazio patologikotzat jo izan, eta abaituatarrak kaletik trankil ibil daitezkeen neurotiko arruntzat ditugu. Edonola ere, ez dute beren burua maite; ezin dute maite, bederen, kristautasunak markaturiko beren barne muin hori. Nekez erakutsiko dio Saizarbitoriak inongo esker onik hain gori-gori dauzkan marka horiek ezarri dizkion errementariari.

 

 

TXOKOAN

 

        Euskaldunaren nortasunaren muina bera dakusa Saizarbitoriak iraganari lotuegi. Libido kopuru handiegia du euskaldunak iraganean finkaturik; zehazki, aho aroan. Freudek dioenez, genitaltasuna eragotzirik delarik, sublimazioa izan liteke irtenbide bat, eta beste bat itzulera genitaletakoa baino lehenagoko libidoaren finkapenetara, dela uzki arora, dela aho arora. Eta nabarmenagoa omen da oralidadea euskaldunen artean inguruko herrietan baino.

        Entziklopedistaren eta Abaitua idazlearen kexuaren arabera, euskal emakume idor zorrotzak ez dio bide egokirik ematen gizonaren sexu beharrari; honek, ondorioz, atzera joko du, neurriz gain jatera, txokoko lagunartera, mantala jantzi eta lapikoari grazia handiz eragitera, pixkanaka tripa handitu eta biribilduz, emakume haurdunarenarekin berdindu arte zazpigarren hilabetean. Bat datoz J.J. Lasa eta Abaitua: tristea da sexurik ez izatera kondenatutako gizonaren patua, edozein maitasun adierazpen eragotzi zaiona, lagunentzako afariak prestatzeaz gain.

        Gizon euskaldun prototipikoaren giltzarria trabestismo ezkutu batean genuke: emakumeagandik ihesi doa txokora, baina emakumearen itxura eta zereginak bereganatzera: mantala jantzi, eltzea astindu, haurdunaldian bezala tripa gizendu. Abaituak «Hamaika pauso»ko pasarte batean Daniel Zabalegi darakutsa bere adiskideei afaria ematen, «urduri, amorante baten baietza itxaroten bezala haien iritziaren zain, eta oso ona dagoela esaten diotenean irribarre egiten du erabat pozik, haur saritu baten antzera».

        Saizarbitoriak hizkuntzaren eraginaren arazoa ere planteatzen du sexu jokabidean, baina ez dio erantzuten: «Hizkuntza batean edo bestean hiztun izateak aldatu egiten al zuen gizonaren portaera sexuala? Bat-batean, guztien aurpegiak berarengana bueltatu ziren. Zer esaten zuten euskaldunek hazia isurtzerakoan?»

 

 

EUSKARAREN GARATZE LARRIA

 

        Saizarbitoriak 1999ko uztailean hitzaldi bat eman zuen UEUn; Aberriaren alde (eta kontra) liburuaren ernamuina izan zen, bere saiakera pertsonal luze samar bakarra. Egun hartaz oroitzen naiz: hura beru! Frantziako Itzulia genuen. Kulturako jende franko sartu zen hitzaldian etapa amaitutakoan, hitzaldia hasia zela beraz. Batzuek eseri, zapata-galtzerdiak erantzi, galtzerdiak zein bere zapatan sartu, eta txukun-txukun ipini zituzten oin biluzien alboan. Juan Garzia loak hartzen zuen lantzean behin, eta Saizarbitoriak irakurraldia eten eta «esna hadi, Garzia!» oihu zegion. Halako batean, hamabost gaztek alde egin zuten, Paulo Iztuetaren hitzaldira. Bazihoazela, Saizarbitoriaren gaztigua: «Segi, segi, baina oraintxe bertan dator hain zuzen interesgarriena!».

        Hitzaldia amaitutakoan, galderak. Andolin Eguzkitzak itaun erraz bat egin zion, elkarrizketa abiaraztekotan edo, baina Saizarbitoriak, hain zegoen aspertua eta nekatua bere buruaz eta bere ahotsaz, ez zion tutik ere ulertu. Boxeolari zoroa zirudien. Irteeran, gainera, kazetari andana aiduru. Urteak eta urteak behar izan ditu hura ahantzi eta beste hitzaldi bat ematera ausartzeko. Aitzakiak asmatu izan ditu: «Mintzatzea zikina da, idaztea garbia».

        Hitzaldian zehar erne-erne egon nintzen, guztiz harriturik Saizarbitoriak bere nekea ezkutatzeko ez zuelako inolako ahaleginik egiten. Izan ere, oro har, jendaurrean, itxura nolabait bizkorra eman nahi izaten dugu, ganoraz eta tente agertu; hori da ohikoena. Saizarbitoriaren jarrera, aldiz, oso lantzean behin ageri den jakintsuarena da: hain osotoro onartzen du bere burua, ez baitu inolako ahaleginik egiten bere egoera, denik eta mudurriena izanik ere, disimulatzeko. Aberriaren alde (eta kontra)-n ere, bidenabar esateko, zintzotasuna gizartea eta gizabanakoak diren bezalaxe onartzearekin uztartzen du behin eta berriro. Eta dialektiko zorrotza bada ere, aurkezten du tesia, aurkezten du antitesia, baina nekatuegi gelditzen da sintesiraino iristeko, edo ahantzi egiten zaio.

        Hitzaldi hura jasotzen duen liburuak, aspaldiko susmo bat, anormala naizela, egiaztatu egin dit. Zeu ere halakoa zara, ez pentsa. Euskararen egoera anormalak egiten gaitu anormal. Eta, normaltasuna helburu, norberaren anormaltasuna onartzea ezinbestekoa da, kaltegarria bezain barregarria normal itxurak egitea. Geure kultur errealitate ahula neurriz kanpo dago plazari begira puztuta. Badoa Saizarbitoriaren alaba Donostiako eskolarekin Bilbora, galdu egiten da eta ertzain bati itauntzen dio: «Mesedez, non dago Arte Ederretako Museoa?» Txapelgorriak: «Chavala, no me vaciles». Negarrez hasten da neskatxa. Hara gure egoera. Kataluniak berak ere ez digu balio erreferentzia gisa. Alboko estatuen ponperia imitatzen saiatzen garelarik, patetikoak gara. Saizarbitoriaren ustetan, aitzina egitekotan daukaguntxoa aintzat hartu behar dugu, bertatik abiatuta egin urratsak, irudimenez baina zuhurtziaz. Zehazki, eleberria tresna egokia izan liteke euskararen ataka petralak euskaldunoi dakarzkigun pasadizo tragikomikoak adierazteko (edo telebista programa berezi bat). Baina errealitatea gero eta eleanitzago ari denez bilakatzen, eleberriari ere gero eta zailago zaio hura islatzea. Saizarbitoriak dioenez, euskal literaturak, geure zirkunstantziaren ispilu edo adierazpen izan nahi badu, bizpahiru hizkuntza eta pidginen bat, beharko ditu erabili.

        Nobelagileari frustragarri zaio euskaratik erdarara igaro beharra, eta txikitandik ez du euskaraz bizi ahal izatea besterik desio izan. Haren iritziz, nazionalismoa ezinbestekoa izan da euskarak iraun dezan; aldi berean, euskarak izateko arrazoia eman dio nazionalismoari. Hala ere, euskara zabaldu eta sendotuko bada, heldu da ordua nazionalismoaren eta euskararen arteko lotura hausteko, nazionalista ez direnek ere berengana dezaten. Euskara politika iskilu gisa erabiltzeak, horrenbestez, kalte baino ez dio egiten bere estatusari.

        Ordea, euskararen desideologizatzeak beldurtu egiten du Saizarbitoria, euskaltzaletasuna ahul bailezake. Azpigarapenaren eta garapenaren artean dago euskal kultura, krisi gorrian, eta hizkuntzarenganako betiko engaiamendua berritu beharra dago. Bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiltzeko printzipioa soilik itxuraz da liberala eta tolerantea. Nagusituko balitz, euskararenak egingo luke. Are gehiago, ez genituzke gaztelaniatik eta frantsesetik maileguak errazkeriaz irentsi behar, bi hizkuntza horiekiko morrontza psikolinguistikoa hausten ahalegindu beharko genuke.

        Txikitasunak, bestalde, abantailak ditu, eta homologatzeko amorruak abantaila horiek bazter litzake: adibidez, kultura txiki batean, idazleak errazagoa du zintzo izatea, merkatuaren eta kritikoen tiraniatik libre sortzea; halaber, kultur kezka zein idazteko grina sakonagoak izaten ohi dira kultura txikietan. Saizarbitoriak berak ez ziokeen eleberrigintzari ekingo baldin euskararen egoera oparoa izan balitz.

        Liburuan barrena, Saizarbitoriak errieta degie abertzale itsuei, errieta ustezko antiabertzaleei, eta, oroz lehen, bere buruari; horregatik ez du inoiz nartzisista ematen, bere buruaz sarritan mintzo bada ere. Enpirista erradikala da: aurrena bere sentsazio-eskarmentua hartzen du aintzat, gero datu soziologikoak eta azkenik ondorio arraro batzuk ateratzen ditu (esate baterako: «Euskara jalgi hadi mundura» kultura homologatu batean gurari berez arteza, geurean egitez «euskara jalgi hadi Euskal Herri osora erdaraz» bilakatzen da; ondorioz, anitz euskal idazlek erdarara desertatuko ei du). Ezinezkoa da Saizarbitoriarekin erabat ados egotea, baina ezinezkoa da halaber punturen batean bederen bat ez etortzea.

        Stanley Kubrickek zioen nazio handiek gangsterrek bezala jokatu dutela beti, eta nazio txikiek prostituten antzera. Saizarbitoriari, alde batetik, jasanezinak zaizkio beren buruan zorri nazionalistak sumatzen ez eta hedabideetatik besteen bartzak arenga belikoz ito nahian dabiltzanak; oharkabekeria horrek nazionalismorik gaiztoenean ditu amiltzen, inperialista kutsukoan. Espainolez zein frantsesez, ingelesaren nagusitasunaz esanak aditurik, aise irudika liteke ikaragarria litzatekeela ofizialki nazionalistak ez diren horien jarrera baldin beren hizkuntzak euskararen kinkan baleude. Saizarbitoriaren iritziz, gatazkon aurrean jarrerarik zentzuzkoena nork bere birus nazionalista onartzea da, organismoak bere antigorputzak gara ditzan, osotasuna ondorioz osasuntsuagoa eta lasaiagoa bilakatuko baita.

        Hortxe dira, haatik, Saizarbitoriarentzat abertzaletasunaren apurtzailerik eraginkorrenak direnak, alegia, zenbait abertzale zoro; halakotzat ditu adibidez «hiritartasun» kontzeptua berritu nahian dabiltzanak, boto eskubidea nori onartu erabakitzeko. Halakoek uxatu omen dituzte behinola euskarara hurbiltzen hasirikoak.