Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

4

Animalia gorpu

 

        Animaliak ere arbaso ditugu. Bereizi beharra dago Saizarbitoriaren protagonistek arbaso horiengandik herentziaz jaso dutena eta zer jokabide darabilten animaliekin, zer dakusaten animaliaren ispiluan. Herentziaz jasotakoari dagokionez, gizonaren jelosian alfa arraren jabetza grinari antzematen dio. Hamargarren atalerako utziko dugu. Bestalde, Saizarbitoriak ez du eztabaidatzen animaliek eskubideak ote dituzten, edo bibisekzioaren erabilera onuragarria ote den, giza eritasun asko sendabidean jarri dituen heinean, animaliek ikaragarrizko oinazez ordaindu duten arren. Saizarbitoriaren protagonistek animaliekin duten jokaera aztertzera mugatuko naiz, ez baita lantegi hutsala.

        Gainerako euskal eleberrigileekin erkatzeko orduan, animaliaren erabilera irizpide garrantzitsua da Saizarbitoriaren berezitasunak nabarmentzen hasteko. Euskal eleberriak animalia erabili izan duen moduari dagokionez, eta, halaber, erabili izan duen animalia motari ere, Saizarbitoriaren kasua berezia da, aparte gelditzen da.

        Adibidez, hitzaurrean aipatua, desberdinak dira Txillardegik eta Saizarbitoriak beren nobeletarako aukeratu dituzten animaliak. Txillardegik erruz darabiltza ugaztunak: Leturiaren egunkari ezkutua-k zakurraren eskutik nobelaren gaiak eraberritu bazituen, Peru Leartzako-k bortizki jarri zigun aurrean ziminoaren ispilua. Gerora euskal eleberriak usu erabili izan ditu zaldia, balea, tigrea, zerria, satorra eta behia. Saizarbitoriak aipatu ere ez du egiten euskal eleberri modernoaren hasieran nagusitu zen ugaztuna, hots, ziminoa, eta ugaztun biziak, oro har, ez du munta handirik haren obran.

        Harkaitz Canok 1996an Beluna jazz argitaratuz zomorroaren gailentasunaren aroa abian jarri zuen. Sp-rako tranbia, Eulien bazka, Kolosala izango da, Larrepetit, Kilkerren hotsak, Van't Hoffen ilea... orduz geroztik dena bete zaigu kakalardoz, sitsez, erlez, matxinsaltoz, kilkerrez, sugandilez, labezomorroz, inurriz eta euliz. Gero eta ugariagoak dira euskal eleberrietan larrurik gabeko animaliak, edo larrua ilez estalirik ez dutenak behinik behin. Saizarbitoria, edonola ere, zomorroaren arotik at gelditu da, halaber.

 

 

HILOTZ

 

        Nobelagilearen ugaztunen zein bestelako animalien ezaugarri nagusia da heriotzari lotuak direla. Filogenesiaren arabera gure baitan daramagun animaliaren kanpoko gauzatzeari loturiko sentimendu eta jarduera posible guztien artean, hilketa nagusi. Gainerako euskal eleberrigileek ez bezala, Saizarbitoriak animalia hila nabarmendu du.

        Mudurria da Egunero hasten delako-ko katua sortu duen gogaldia. Katu zuri horren patuak Gisèlek sabelean daraman umekiarena iragartzen digu: Miller doktoreak Gisèleri haurdun dagoela egiaztatu berri dio. Gisèle etsirik irten da kontsultatik Durkheim euritsura eta «katu baten marruak hotzikara eragiten dio, haur baten negar nahigabetua baitirudi». Barruan daramana tumore gisa sentitzen du, gorroto dio, eta berriro entzuten du «katuaren urru tristea». Belarriak estaltzen ditu, eta segituan ikusten du errekako ur uherretan katu zuri bat hilik.

        Kontraste bizia egiten du katu honek Martutene-ko Maxekin, Lynnen katu etxekoi apetatsuarekin. Saizarbitoriaren abererik domestikatuena da, gizatiartuena. Lynnek Max Frischen omenez bataiatu bide du Max. Katua zeharo dago Lynnen sentimendu eta irritsekin enpatizatua. Lynnek batere pudorerik ez balu legikeena dagi Maxek: sabela ginekologoari lizunki eskaini fereka diezaion, Martin idazleari lotsagabeki muzin, eta abar. Martutene-n giza harremanak bezala animalien patua ere leundu egin da, lasaitu, errotiko goibeltasuna gorabehera.

        Goibela baita, katu zuriaren zoria bezain, Ehun metro-n Joxe Zuazalagoitiak Konstituzio plazako galtzada harrietan uzten duen odola miazkatzen duten usoak sortu dituen aldartea.

        Tragikomikoagoa, berriz, Luxio hil zuen zezena. Bihotz bi. Gerrako kronikak-en, protagonista eta zaharren lagun taldea biltzen diren Hanbre tabernan muslari batzuk ibiltzen dira. Luxioren gainean, horman, zezen disekatu baten burua zegoen. Behin batean, ezustean desitsatsi, erori, Luxiori buruan jo eta zerraldo utzi zuen muslaria.

 

 

SARDINA. TXITXARROA

 

        Oraingoan arrain biren eta ugaztun baten inguruan luzatuko gara: zehazki, latako sardina, txitxarroa eta Benitoren zerria.

        Itsasotik gatozela diote, bizia itsasotik datorrela, eta gure arbaso arraina hiltzera doala edo jada hilik darakutsa Saizarbitoriak, gizakiak hila. Batetik, sardina latan, bereziki Egunero hasten delako-n, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en eta Bi bihotz, hilobi bat-en. Protagonistak ezin dielarik maitasun korapiloei aurre egin, gainez egiten diotelarik, orduan erregresioan egoera are okerragora jo eta sardinak irensteari ekingo dio, latakoak. Maitasun harreman genitalean oztopoak oralidade bakartira itzularaziko du atzera. Etsipenak eta hondamendiak bultzatzen dute sardinara, bai, baina halaber bikotekideari pena eman nahiak; andreak, etxera itzulirikoan, suntsitutako gizon bati dagokion atrezzoa topatuko du: zigarrokinak nonahi, tabako kirats hotza, anabasa orokorra eta sardina lata irekiak. Dena den, kokoteraino dauka andrea ordurako, eta latek eta gainerakoek ez diote erruki handirik sortuko. Bide batez esanda, latako sardinak besterik jan gabe ere luzaro bizi zaitezkeela ikasten dugu, bitamina eta proteina piloa baitute, batez ere fosforoa eta kaltzioa; Saizarbitoriak, denik eta patetikoena izanagatik ere pintatzen ari den eszena, ez dio uko egiten aldi berean irakurleari atseginez irakasteari, eta kontraste hori da irakurlearen irribarrea pizteko darabilen baliabideetako bat.

        Sardinena baino latzagoa da txitxarro sardaren kasua. Abaitua ginekologoaren harremana seme Loiolarekin ez da argia, ez onuragarria. Ez du asmatzen Loiolari zentzuz mintzatzen, aholkuak ematen edo oroitzapen atseginak eragiten. Aitzitik, garunetik guk aukeratutako oroitzapen mingarriak desagerrarazteko aukera gero eta hurbilago dugun honetan, Abaituak ez luke zalantzarik, txitxarroen pasadizoa aukeratuko luke: behin batean, semearekin arrantzara irten eta berehala txitxarro sarda ezin ugariagoa nabaritu zuten. Abaitua txitxarroak atzeman eta atzeman eta Loiolari, berriz, pita korapilatu zitzaion. Aitak semeari aparejua utzi, Loiola bigarrenarekin ere trabatu, aita haserretu eta aldarri egin zion zoro lez. Bien bitartean, txitxarro odolduak txalupa gainean, saltoka. Semea, zotinka, arrainek pena ematen ziotela murmurikatu zuen, eta orduan Abaitua bere gontzetarik osotoro jalgi eta «txitxarroak kareletik botatzen hasi zen, eskuak hegalekin moztea inporta gabe, sutan, madarikazioka, esfortzuagatik errendituta baretu zen arte. Eta bere burua ikusi zuen sabel zuri distiratsuak eguzkiari buruz flotatzen zuten txitxarroz inguratuta eta umea apareju nahastua altzoan zuela negarrez. Orduantxe konturatu zen ez zuela ikuskari hori inoiz ahantziko, eta semeak ere ez. Bere bizitzako gertakariren bat burutik ezabatu ahal izango balu, dudarik gabe hori litzateke bat».

        Abaituari jazoerak eragin sentimendu izugarria areagotu egiten dio ohartzeak, gertatzen ari den orainaldian berean, etorkizun osoan pairatu beharko duela gomutan iltzaturik. Denboraren hiru hari horiek sarritan nahasten zaizkie Saizarbitoriaren protagonistei antzeko mataza ezin goibelagoetan.

 

 

BENITOREN ZERRIA

 

        Ugaztunen artean, Saizarbitoriaren abere enblematikoa zakurra da. Bere alaba batek zakurrak ditu, eta, Donostiatik kanpo dabilelarik, Saizarbitoriak egunero ateratzen dizkio, sarritan Urgull aldera. Hamaika pauso-ko zakurrak mehatxu eta herio-igarle dira Abaituarentzat. Bordelen ETAren irizpideen aurka eginiko atraku batean ere garrantzitsua izango da daniar handi bat, Lagun. Ikusiko dugu ETAri buruz idatzi beharrekoaren inguruko atalean. Azkenik, Gudari zaharraren gerra galdua-n, Mirenen guraso hilen eta zumardiaren artean atzera eta aurrera dabilen zakur zaunkaria duzu Saizarbitoriaren literatura osoko animaliaren agerpenik zirraragarriena. Dena den, gerra zibilari loturik ikusiko dugu zakurra, seigarren atalean, eta hemen gerra zibileko beste protagonista ugaztunaren kasua aztertuko dugu, Benitoren zerriaren kasu bitxia.

        Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko eta Bi bihotz, hilobi bat-eko protagonistak berdinak dira funtsean, eta, hain duenez hasieratik barneratua Ilustrazioaren ideologia eta sentimendua, «Entziklopedista» deituko baitiogu, Samuel adiskide zorrotzak deritzon legez. Gerora Martutene-n Faustino Iturbe gisa agertuko da. Bere hausnarketa: «Jakitea eta Arrazoia gizakiaren ezaugarririk nobleenak direla uste dut; sentimenduen eta instintuen gainetik gure bidea gidatu eta argitu behar lukete».

        Bi bihotz, hilobi bat-en, emazte Floraren etxean bizi da Entziklopedista, andrearen gurasoekin, «andrin etxin, apopilo». Benito du izena Entziklopedistaren aitaginarrebak. Artaxonakoa da, gizon ona, frankistek atezain lanpostua eman zioten Donostian, eta Floraren amarekin ezkondu zen, ezker abertzalekoa izan arren. Emazteak mespretxatu egiten du Benito, astapotrotzat jotzen du, ezjakintzat, euskaraz ere ez daki... Ama-alaben harremana hertsia da, eta gizonak sarkinak zaizkie. Ene Jesus-en bezala, baita Bihotz bi. Gerrako kronikak-en ere, senideen arteko larregizko hurbiltzeak hilketa ekarriko du.

        Saizarbitoriaren obra osoa da intzestuaren eta endogamiaren aurkakoa, giza harremanetan zein aberriarekikoetan. Euskal deituradunek osaturiko bikoteek ez dute atarramentu onik. Euskal gene akituen salbabide bakarra haize atzerritar frexkoa da. Martutene-n, adibidez, Lynnek ditu gizon euskaldun zaharrak aztoratuko, edota Luz perutarrak, eta andre euskaldunei ez Abaitua, ez Iturbe, ez Martin, ez Martxelo, ez Arostegi komeni zaizkie, baizik eta Pedro Ruiz. Hala ere, ez da literaturatik eratorritako beti aintzat hartzeko moduko aholku horietako bat.

        Harira: Entziklopedistak gero eta harreman estuagoa izango du Benitorekin, elkarrekin ikusten dituzte marrazki bizidunak, elkarrekin edaten dute Kanoieta elkartean... Benito ia ez da mintzatzen emaztearekin eta alabarekin, euskaraz egiten baitiote; aitzitik, suhiarekin, gaztelaniaz, komunikatiboa da, are berritsua. Sarritan aipatzen dute txorizoen gaia. Dena den, Benitok Entziklopedistari kontatzen dizkion istorioen artean politenetakoa da gerra zibilean zerri bat atzera eta aurrera eramatea izan zuela zeregin nagusi. «Un cuto, cagüen Dios, más grande que tu suegra». Maiz hartzen du Benitok zerria hizpide. Benitok eta soldadukideek ebatsi egin zuten beraiena. Zerria garraio Espainian barrena, soldadu franko ibili bide zen lantegi deigarri horretan gerra zibilean. Eta gerran, abentura eta larrialdi handienak zerria ezkutuan gobernatzen eta fronte batetik bestera manta azpian gordeta eta modu txarrean garraiatzen igaro omen zituen Artaxonakoak. Adibidez, Terueldik Euskal Herriraino zerriarekin batera etorri zen, kilometro eta egun asko, eta horrek harremana sendotu egiten du: sarritan zerriaren ondoan egin behar izaten zuen lo.

        Halako batean, Benito gaixotu eta hiltzera doa, birikeriak jota. Ohean etzanda pasatzen ditu egunak. Entziklopedistak ez daki zer esan behar zaion hiltzera doanari, eta hasiera batean txorizoaz mintzatzen zaio, baina Benitok erantzunik ez. Txorizoak errazki bideratzen duenez zerrira, gerrakoaz galdetzen dio, ea ba ote zuen izenik. Busti egiten zaizkio Benitori begiak. Eta bere azken zirkina burua ezker-eskuin mugitzea izango da, zerriari ez ziotela izenik eman adierazteko, beharbada. Orduan begi hezeak okertu eta hil egingo da.

        Entziklopedistaren kasuak primeran darakutsa Saizarbitoriarenean gizakion isuri naturala zoritxarrerako dela: Benito hil egin da, eta Entziklopedistak, urduritu eta sufritzeko baizik balio ez duten ideiak gogoan etengabe erabiltzeko joerari men eginez, bere buruari leporatzen hasiko zaio Benitori bizirik zela aski jaramonik egin ez izana. Atsekabetu egiten du gerrako zerria hil ote zuten galdetu ez izanak, edo nola hil zen, hari ere zerriei dagokien sanmartina heldu ote zitzaion. Doluak eta erruak eragiten dioten hunkimendua konpentsatzeko fantasia zoragarrien protagonista egingo du Benitoren zerria: Artaxonakoak 37an Donostian sartu zirenean Ulian libre uzten zutela, eta handik ibiltzen zela, jare eta bozkarioz, hortentsia urdinen artean. Egunez maiz erabilitako fantasiek gaueko ametsetan eragina izaten dutenez, Entziklopedistak behin baino gehiagotan egingo du amets zerriarekin. Bakanka darabiltza Saizarbitoriak ametsak: ondo zenbatu baditut, amets-ametsak ez dira zazpi baino gehiago Saizarbitoriaren obra osoan. Garrantzi berezia eman beharko Bi bihotz, hilobi bat-en Entziklopedistak eginiko aitorpenari, alegia, zerriarekin egin dituela bere ametsik zoragarrienak, zerria hortentsia ederretan etzanda: «Kontua da zerriarengandik banatzerakoan Benitok izango zuen sentimendu gazi-geza nabari dezakedala neuk ere, eta zerria hortentsia artean etzanda nekusala izan ditudala neure bizitzako ametsik gozoenak».

        Magnolia grandiflora besarkatzeak giza denbora historikotik askatzeko ametsa ahalbidetzen bazuen, Entziklopedistaren ametsak ere, Benitoren zerria hortentsien artean datzala, gizatasunarekiko eta, zehazki, gerra zibilarekiko uztarritik askatzea adierazten du; askatze hori ametsera mugatzen da ordea, esnatu bezain laster berpizten baitzaizkio neurosiak eta gerra mamuak. Datorren atalean giza neurosia aztertuko dut eta hurrengoan gerra zibila.