Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

5

Giza animalia neurotikoa

 

        Naturari begira, hortaz, astroak indiferente ditugu. Itsasoa anbiguoa da, azken atalean ikusiko dugunez, baina nabarmena du mehatxu kutsua. Naturako alderik onuragarriena, gizakiarentzat, landareetan dago, heriotzaren beldurra baretzen lagun baitiezaiokete.

        Saizarbitoriarenean, animalia bera ez da gaiztoa; bai ordea, sarriegi, animaliaren giza erabilera. Animalia, berez, inuzentea da, errugabea: giza erruak egiten du animalia zauritu, hil, tragediaren bateko protagonista. Gizakia da errudun, anker eta bekatari. Hain zuzen, Saizarbitoriak kristautasunari leporatzen dizkionen artean dago berari pesimismo antropologiko hori irakatsi eta kutsatu izana, parekoa baita, egiazki, San Agustinengan eta Saizarbitoriarengan: gizakiari berezkoa zaio ergelkeriarako eta gaiztakeriarako joera, desira ezin da errutik bereizi, sexuak berehala dakar damua.

 

 

HIZTUNA ILOGIKO

 

        Saizarbitoriak hitza eta logika bereizten ditu. Gizakia hiztuna den bitartean, animaliak ez du hitzik, baina logika handia du, eta beraz ez du sexu arazorik. Arazo gabezia horrek aspergarri egiten du animalien sexualitatea, gizakiarenaren aldean. Berritsuaren gogoeta, Gabriel Aresti gogoan:

        «Munduan ba al da logikarekin jokatzen duen inor? Abereak bakarrik: gosea dutenean jan egiten dute, logaleak direnean lo egiten dute eta beharra dutenean larrutan egiten dute...».

        Aldiz, «gizonari dena zaildu zaio hitzez zeharkatua izan zenetik. Animaliek, adiskide, ez dute arazo sexualik. Nire lagun idazle batek —zendu zen gizajoa; zenbat maite nuen!— zera esan ohi zuen, kalean topo egiten duten bi zakur ez dituzula inoiz ere hirugarren bati buruz gaizki esaka denbora galtzen ikusiko. Kristauok, berriz, zenbat ez dugun galtzen ingurumaritan atsegin zaigun norbait begiztatzerakoan. Hitzak asko korapilatu digu sexua, egia da, baina, noski, horrek ere badu bere zera, izan ere, hitzik gabe sexualitatea ez bailitzateke seguruenik horren interesgarria izango».

 

 

IRAGANAREN MARMARRA

 

        Saizarbitoria berez izateaz gain sakontasun handiko psikologoa, etekin ederra atera dio Freuden irakurketari. Haurtzaroko trauma ahaztuak ezkututik bizitza erabakitzea, neurosiaren eta perbertsioaren arteko bereizketa, bikotekidearengan kontrako sexuko gurasoaren ordezkoa bilatzeko joera heterosexualen artean, superniaren aginduak ezin betetzea erru sentimenduaren iturri, neskarentzat himena hautsi dionarekin baino onuragarriagoa izatea maitasun harremana hurrengo sexukidearekin... Halaber, Saizarbitoria bat dator Freudekin dioelarik gizaki guztiok azken batean neurotikoak garela, ez bagara zeharo eroak. Lausoak dira neurosi eramangarri unibertsalaren eta psikiatrikoan sartzeko moduko eromenaren arteko mugak, eta Entziklopedista, Abaitua biak eta Martinek ez lukete behar koxkaren bat apur bat estutzea baino Ene Jesus-eko protagonistak bezala amaitzeko. Urruti dugu Platonen eta hainbat antipsikiatraren ustea, alegia, ongirik handienak eromen puska baten bultzada behar duela.

        Esan bezala, balirudike Saizarbitoriarentzat gizonezkoen joera naturala zoritxarreko izatea dela, nahiz eta zoriontsu bizi ahal izateko ezinbesteko baldintza materialak ederki beteta dauzkaten. Zentzu horretan, bat egiten du psikologia eboluzionistaren adar batekin, zeinaren arabera bizirauteko aukera zabaltzen digutelako heredatu baitugu zenbait ezaugarri, izaera eta bizitza hondatzen diguten arren. Saizarbitoriaren protagonistengan nabarmen ageri diren eboluzioaren hiru opari pozoitsu aipatuko ditut, Michael Wiederman psikologoaren eskutik, bizirik irauteko bideak handitu baina zoriontsu izatekoak txikitzen dizkigutenak.

        Lehenik eta behin, beldurra eta antsietatea: gure arbasoak inguru lanjerosetan bizi ziren, etsaiz setiaturik, arrisku pilo bati egin behar zioten aurre. Inuzente alaia, bere oharkabetasun santuan, Santimamiñeko leize zulotik irten bezain laster akabatuko zuten hartzek. Hartzen artean pozik bizitzea, horra Saizarbitoriaren xedea, berez eskuraezina baina ideal erregulatzaile gisa funtziona lezakeena.

        Arrisku posibleen aurrean erne eta mesfidati ibili beharrak eragin ditu giza ezaugarri oinarrizkoak diren kezka eta ezinegona, luzaro bizitzeko lagungarriak baina bizipozari begira zeharo gogaikarriak, batik bat kontuan hartuta errealitateak benetako arriskurik eta etsairik ez dakarkigunean ere hura asmatzeko grina oparitu digula naturak, gorputzeko ezinegonari eta kezkari irtenbideren bat emateko; esaterako, Abaitua idazleak maite duen Julia eta honen amorante Zigor larrutan imajinatzen ditu, eszenak berariaz eta arreta handiz konposatuz. Hasiera batean bizirauteko balio zuenak, gaur egun, tokiz kanpo, suizidioa eragin dezake.

        Bigarren, esperientzia negatiboetan eta oroitzapen mingarrietan kontzentratzeko giza joerak, etorkizunak ekar diezazkigukeen arriskuen aurrean gure burua begiratzera garamatza. Gudari zaharrak gerra legez, oroitzapen mingarriak gogoan etengabe eduki behar horrek gure burua pairamendu berrietatik babesteko balio digu onenean, hanka lehen bezala ez sartzeko, baina ez, jakina, zoriontsu izateko.

        Azkenik, kaskoan etengabe entzuten dugun marmarra, duguna sekula ez askiestera behartzen gaituena, espeziearen biziraupenari laguntzen dion faktore bat da, gizakiok beti gehiago nahi izatera bultzatzen baikaitu, gure egoera beti hobetzera. Bilakaerari doakionez, espezie gisa izan dugun arrakastaren kausetako bat da, baina madarikazio hutsa indibiduoontzat, orain eta hemen gozatzea baldin bada gure esku dagoen benetako zorion bakarra, bederen.

        Natura gure biziraupenaz arduratu da, baina ez gure ongizateaz: antsietateak erneago egiten gaitu, adiago arazoei; beldurrak ihesari edo borrokari laguntzen dio; haserreak lehiakideak edo etsaiak izutzen ditu; tristurak errukia erakartzen du eta taldearen elkartasuna...

        Zoriontsu izateko, aurrena, benetan nahi behar zara zorionaren alde deliberatu. Eta horixe da Saizarbitoriaren gizonezkoek egiten ez dutena. Ondorioz, axalekoak eta hauskorrak izaten dituzte bolada zoriontsuak, inertziak eta txiripak ekartzen baitizkiete, ez erabaki irmo batek.

 

 

HERIOTZAREN BELDURRA

 

        Hiru dira Saizarbitoriaren protagonistei gogorkien erasaten dieten pasioak: errua, jelosia eta beldurra. Hiru eleberri potoloei buruz esan liteke, apur bat artifizialki bada ere, indartsu baitarakuskite eta nahasirik hiru sentimenduok, Hamaika pauso oroz lehen beldurrari dagokiola, Bihotz bi. Gerrako kronikak jelosiari eta Martutene erruari.

        Ematen du pasio gaizto horietako bakoitza denbora gezi bati lotzen zaiola: iraganetik letorkiguke errua, orain nozitzen duzu jelosia eta beldur nagusia heriotzari beldurra da, ezinbestez datorkigunari. Ordea, interferentziak dauzkagu: Entziklopedistak «nostalgiaren nostalgia» sentitzen du, «maiteminaren itzulera sentitzeko desioa»; Abaitua ginekologoa, berriz, txitxarroen txikizioan ikusi bezala, orain txarto egoten da etorkizun zehaztugabe batean paira omen lezakeen erru sentimenduagatik; ginekologoaren eta Martinen jelosia, bestalde, erretrospektiboa da batik bat; eta beldurra, azkenik, iraganetik datorkigun beste eskrezentzia bat ere bada, garaiz kanpo baitabil gure baitan. Fusilatua izatera doanari alferrikakoa zaio pixak irten dakion. Beldurra gorputzaren erantzun fisiologikoa da zemai erreal edo alegiazko bati: izerdi hotza bekokian, bihotz taupaden bizkortzea, begi niniaren dilatazioa, tentsioaren jaistea, kaka egitea... Erreakzio horiek ondo zetozkigun hartzaren mehatxutik ihes egiteko, piztia gosetuaren atzaparra labaindu egiten da gizakiaren beso ikaraz izerdituan, baina sobera ditugu gaur egun beldurra eragin ohi diguten trantzeetan, ia denak pantailari begira eserita pairatuak. Are desorekatu, ergel eta patetikoagoa egiten dute gizakia. Bestelako erantzunak beharko genituzke. Saizarbitoriak aipatzen duen beldurraren beste ondorio honek ez dirudi gizakiarentzat oso praktikoa, ez iraganean ez orain: «Ideia finko eta zentzugabeen sareetan preso» uzten baikaitu eta pentsatzea eragozten digu, estualditik libratzeko beharrezkoen litzaigukeelarik.

        Heriotzari dagokionez, alde batetik, animaliengandik zerk bereizten ote gaituen aukeratu behar izanez gero, Saizarbitoriak funtsezkoagotzat jotzen du, arima edo mintzamena baino, hiltzeko garela jakitea. Gizakia bere hildakoak ehorzten dituenez geroztik da gizaki, eta «haurrak heriotzaz jabetzearekin hartzen du bere indibidualtasunaren kontzientzia».

        Bestetik, litekeena da, Hamaika pauso-n iradoki zaigunez, heriotzaren ikarari buruzko gogoeta batek garrantzi berezia izana Saizarbitoriaren bilakaera ideologiko pertsonalean. Garai batean, Saizarbitoriak hitzaldi marxistak ematen zituen. Halako batean, ohartu zen heriotzaren angustiaren inguruko ohiko ikuspuntu marxistak ez zuela asetzen. Hamaika pauso-n, Abel Osa maoista ortodoxoarentzat, heriotzaren beldurra sentimendu indibidualista eta intsolidarioa da, zinezko problemarik ez duenaren problema, burgesiak bere elkartasun ezagatik ordaindu beharreko penitentzia. Gainera, heriotzak berak baino gehiago heriotzaren inguruko liturgia ilunek ikaratzen ei gaituzte: hilbeila, lutoa, katafalko izugarriak, Jainkoaren hira, «kandela luzeen argi espektrala»... Erlijioek sartu digute heriotzaren ikara bihotzean. Apaizek hedatu dituzten sineskeria eta zeremonia goibelengatik ez balitz, naturaltasunez onartuko genuke heriotza, beldur barik.

        Abaituaren iritziz, berriz, apaizak heriotzaren ikaragarria erabiltzera mugatzen dira, ez dira heriotza ikaragarri izatearen errudun. Iraultzailerik engaiatuenak burgesik egoistenak bezain ankerki senti dezake heriotzaren beldurra. Beldur hori baretu eta exorzizatzeko sortu dira liturgiak. Erritu eta espektraltasun guztia kendu ondoren ere, «isil eta izugarri» litzaiguke heriotza, «inoiz baino izugarriago, beharbada. Haur abandonatuenak ez du bere eskuetan beste esku bat sentitzeko premia handiagorik, hiltzear dagoenak baino».

        Saizarbitoriarentzat, ikaragarria ez da hiltzea, gertaera bera, baizik hil behar dugula aldez aurretik jakitea. Krudela da gizakia bere hilkortasunaz jakitun izatera kondenatzen duen patua, tristea heriotzaren irudiak kutsatutakoaren bizimodua. Abaituaren baitan lotuta daude heriotzaren beldurra eta bizitzarena. Halatan, ez da heriotzaren aurka matxinatuko; aitzitik, etsipenez makurtuko da heriotzaren aurrean. Eta heriotza goitik behera eta umilki onartzearekin batera gaindituko du edozein beldur.