Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

15

Transmisioa

 

 

MEMORIA BETEKADA

 

        Martutene-ren Atarikoan Julia memoria ergelen inteligentzia dela dioen esaldiaz gomutatzen da, eta Martin gogoratzen du «memoria txarra idealizatuz edo memoria onaren distira lausotuz».

        Memoriarekin ere harreman anbibalente eta gatazkatsua du Saizarbitoriak. Etengabe ohartarazten digu memoria gaitzaren arriskuez: errua, jelosia, mendekua. Nobelagileak pintatu oroimenaren matxurak gaztigutzat hartu eta erne jarri behar gintuzkete.

        Diktadurak iragana itxuraldatu eta ukatzen tematzen dira, Alberto Barandiaranen Ez zaigu ahaztu ahaztezinak darakutsanez, eta ondorioz ulergarria da historiako galtzaileen mendua uste izateko berez dela onuragarria egia oroitzeko ahalegina. Halatan, gurean izugarri ugaritu dira alde askotako memoriak berreskuratzeko ekimenak. Elizak hustu ahala Jainkoaren ordezko Memoriari eraikitzen dizkiogu tenpluak eta eskaintzen arauak eta erakundeak: dagoeneko baditugu Memoriaren eguna, Memoriaren legea, Memoriaren parkea, Memoriaren bideak, Memoriaren institutua, Memoriaren etxea... San Telmo museoa berritu eta Memoriaren Museo bihurtu nahi dute. Euskal Herriko museorik handiena izango ei da. Giroak agintzen duenaren arabera, hiritar zintzoak Memoriaren militante behar luke izan.

        Kezkagarria da ugaritze horren zenbait ezaugarri. Hain zuzen, «Oroimenaren abusuak» izena du Tzvetan Todoroven liburu batek, eta horko zenbait ideia bat datoz Saizarbitoriaren obratik memoria indibidualaz eta herri memoriaz ondoriozta litezkeen irakaspenekin.

        Nobelagilearen obrak memoria handia eta patologia larria nahasirik egon daitezkeela nabarmentzen du. Tentuz ibili behar, zer gorde oroimenean eta zelan. Ezaugarri gailen memoria aparta duten pertsonak eta herriak astun bezain goibelak izaten dira, batez ere memoria hori erruzkoa bada, edota doluzkoa. Eta buru eritasunaren erruz neurriz gain gogoratzera amil gaitezkeen bezala, gehiegi gogoratzeak buru eritasuna ekar dezake ondorioz. Maizegi jausten gara Jean-Claude Guillebaudek frantsesei leporatzen dien liturgia jendetsuaren frenesian eta «maniaquerie commémorative» edo eldarnio kommemoramaniakoan. Ez al da eritasunen baten sintoma zein arranditsuki ospatzen ditugun desegigoak berriz eta berriz? Iraganaren tai gabeko oroitza ez al da oraingo ezintasun politikoa konpentsatzeko ahalegin agor samar bat?

        Zaila egiten zaigu memoria bere tokian jartzea, eta konprenigarria da: berriki arte, adibidez, autoritatearen legitimatze iturri nagusia memoria izan baita, iragana, arbasoen ekanduak. Litekeena da aski denbora ukan ez izana ohitzeko gehiengoaren oraingo nahia edo giza eskubideak iraganetik datozkigun irudi, alarde, usadio eta arauen gainetik jartzera.

        Lehenbailehen behar dugu haatik entseatu; Todorovek dioenez, memoria, sagaratuz gero, antzu bilakatzen baita.

        Honezkero naturala dirudi galdu genuena jainkotu eta gizarte osoari gure oinazea kutsatzeko tentaldiak. Gure buruaren definizio nagusitzat biktimatasuna hartu eta gure zauriari miazka bizi ez diren hirikideak traidore jotzen ditugu. Ahaztu nahi luketen biktimei ez diegu ahazten uzten, ahazteko eskubidea oroitzekoa bezain errespetagarria den arren.

        Oinazea eta zauria maizago izaten dira paralizatzaileak pizgarriak baino; ez soilik norberak sentiturik, baita hurkoarengan ikusita ere. Kasurako, zaila da sufritzen ari denaren ikuspuntuen aurkako arrazoiak adieraztea, ematen baitu bere sufrimendua dela gutxiesten duzuna; horrela, biktima batzuek, kontraesalea ahultzearren, nabarmenki lotzen dituzte mina eta arrazoia. Jendarteak badu bere burua biktima horiengandik babesteko eskubidea; banakook ere bai, gure baitako biktimarengandik.

        Badago memoria mota bat egia oinarri gizakien egoera hobetzen lagundu beharrean oinazean laketu eta menpekoago egiten gaituena. Biktima izaera eriondo antzeko bat da ordea, gainditu beharrekoa. Ezin da herri bat amaigabeko doluan bizitzera behartu. Biktimaren oinazeak ezin du zuzenbidea erabaki. Baina horixe ari dira bultzatzen iraganeko minak pribilegio iturri gisa esplotatu eta oraingo emantzipazio bideak oztopatzen dituztenak.

        Hainbeste biktima dauzkan gurea bezalako herri batean, iraganak eta oinazeen memoriak erabaki behar baldin badute oraina eta etorkizuna, orduan sekula santan ezingo dugu elkarbizitza zentzuzko eta baketsu bat abiarazi. Soseguak, askatasunak eta alaitasunak oroimena apur bat arintzea eskatzen dute. Iragana orainaren arabera dantzarazi behar lukete osasunak, etikak eta politikak; hori bai, jakina, behin egia jasangarri zaigun heinean ezagutu eta onartu ondoren.

        Esanguratsua da Jaques Le Goff-ek azpimarratu datua: Alemania naziak eta Italia faxistak iritsi zuten iragana kommemoratzeko grinaren gailurretako bat. Nori komeni zaio ibiliegia dugun bide horri eustea? Ez al zaigu heldu oroitzeko mania pittin bat apaltzeko ordua?

 

 

TRANSMISIOA

 

        Iraganetik jaso egin dugu, jasotzen ari gara, eta jasotakoa aldatu eta ondokoei helaraziko diegu. Transmisio zatirik handiena ez dago gure esku: ia beti ohartzeke helarazten dizkiegu ondorengoei ohiturak, balioak, usteak; bertikalean arbasoengandik datozkigunak eta horizontalean orainaldiaren uhinean txertatzen zaizkigunak. Baina puskaren bat bai, gure esku dago.

        Martutene arte Saizarbitoriaren protagonistek ez dute seme-alabarik. Orain bai, eta transmisioaren kezka Abaitua ginekologoak eta Juliak darakutsate batez ere, bi ahots narratiboek. Abaituarengan transmisioak huts egiten du. Loiola semeak bere antz handiegia du. Txitxarro sarda odolduaren oroitzapen makurra transmititu egingo dio, ziurki. Ez du asmatzen semea besarkatzen, hitz egokiak esaten. Beldur dirudi, ez ote duen Loiolak bera epaituko berak bere aita bezain gogor. Harvardera doanean ere ez da gai behar bezalako despedida bat ahoskatzeko edo antolatzeko. Ezina darakutsa Abaituak semeaz denaz bezainbatean. Hala ere, bereizi beharra dago jokabidea eta ikuspuntua, eta Abaituarengan ez datoz bat.

        Iraganetik etorkizunera zer helarazi, gogoeta hori Juliak jorratzen du sarkorren; Julia da bitartekaria, transmisioaren protagonista: itzultzailea, bitartekaritza lanak egiten ditu hizkuntzen artean zein belaunaldien artean. Itxurari dagokionez, Simone de Beauvoirren antza du, eta, idazle frantsesaren obran bezala, iraganeko hainbat lerro biltzen dira Juliarengan ere, eta bera da semeari eta hurrengo belaunaldiei zer transmititu eta zer ez, tentuz aztertu eta baloratzen duena. Ama kuxkuxero eta gogaikarriari loturik datorkio Etxezar baserria, abertzaletasunaren txokokeriazko alde goibel eta txatxua. Juliak ez du maite. Azkenik, erre egingo da. Ongi errea, utikan tradizio horri.

        Aldiz, Sagastizabal baserriari, Juliaren jaiotetxeari, desagertutzat jotzen badute ere hasieran, eta garapenkeriak dakartzan arriskuen despit, horri bai, eutsiko diote. Baserri izenen sinbolismoak garbi darakutsa galbahea erabiliz gero badugula zer iraunarazi. Gure iragana ez da kaka zahar hutsa izan. Sagasti zabalek ere bizi izan gaituzte; ilunabarretako zorion azkarra hainbat lekutan biziko zuten mundu-herrian, baina gurean ere bai, eta atxiki beharra dago. Sagastia etorkinei zabaldu eta nahasteari beldurrik ez, hain gurea den endogamia erdi intzestuzkoa zoritxar iturri izan baitzaigu.

        Martin idazlearekin bizi da orain Julia. Aurretik beste bikotekide bat izan zuen, etakide bat, ezizenez Zigor. Seme bat izan zuten, izenez Zigor. Aita hil egin zen. Abertzaleen artean zabaldu zen GALek hil zuela; Juliak haatik ez du baztertzen auto istripu hutsa izana. Gutun bat utzi zion Juliari, semeak hamabost urte betetakoan ireki eta irakur zezan. Zigor aita hil zenez geroztik, ordea, Juliaren ikuspuntua ETAz aldatu egin da. Orain ezin du eraman diskurtso heroiko militarra. Beldur da aitaren gutuna ez ote duen mintzamolde horrek kutsatuko, iraganetik datorkigun arriskuetako bat behialako hanka sartzeak etengabe errepikatzeko inertzia baita.

        Transmisioen borroka bat dago. Juliak abantaila du, senar ohiaren lehiarik ez. Gutuna semeak beharrean Juliak berak ireki, mintzamolde horrekin idatzia dagoela egiaztatu eta semeari deus esateke suntsitzea erabakiko du.

        Saizarbitoria eszeptikoa zen eleberrigile batzuei entzuten zielarik pertsonaia batzuk beren kabuz jokatzen hasten zitzaizkiela, idazlearen borondatetik libre. Oraingoan berari gertatu zaio Juliaren erabaki horrekin, aldi bakarra izan da pertsonaia bat matxinatu zaiona. Saizarbitoriak esan izan du berak, ziur aski, ez zukeela Juliak bezala jokatuko.

        Beraz, alde batetik, Juliak ez du bortxakeria zurituko lukeen inongo arrazoibiderik edo sentimendurik transmititu nahi. Dilema etikoa baldin bada, batetik, emandako hitza betetzearen ondorioz seme-alabei kaltegarri izan dakizkiekeen balioak eta kontsignak transmititzea, edota, bestetik, hitza jatearen eta gezurraren bidez seme-alabak babestea, bigarrenaren alde behar da egin.

        Martinen jarrera iraganetik datorkigunarengana ñabardurarik gabeko arbuioa da: gurasoek gezurra esan ziguten, txistua eta euskal dantza barregarriak dira, abertzaletasuna berriz sentimentalkeria kriminala. Zigor semeak gordinegi islatzen dio aita biologikoa eta Martinek ezin du eraman. Euskal iragan osoak eman du ETA, ongi damutu zaio Martini ETAren inguruan ibili izana eta konstelazio hori guztia okaztagarri zaio. Unibertsalismoaren fundamentalista bat da, Paris eta New York tokiak ez balira bezala.

        Tradizio abertzaleari dagokionez, mitologizatzaile itsuak bezainbeste kritikatzen ditu Saizarbitoriak desmitologizatzaile «objektibo» porrokatuak. Hauek euskal tradizio osoa bota nahi dizute zaborrontzira, hasi eta buka; hortxe gelditu da Martin. Aldiz, ñabartuagoak dituzu Abaituaren eta Juliaren ikuspuntuak. Iragana tentuz behar da galbahetu. Sasiarekin eta pozoiarekin batera, asaba zaharren baratzak baditu ere porru eta karrota osasungarriak. Arbasoen balio, ohitura, uste eta sinesmen batzuei eustea kaltegarri zaigu; ordea, ur zikinarekin batera ez da umea ere bota behar, hain gutxi bainera bera aizkorakadaka suntsitu. Egin beharrekoa da gurasoen izaera eta bizimoduekin batera erdi oharkabean jaso ditugunak aztertu eta baloratu, balorazio horren arabera bereizi, eta batzuk zokoratu eta beste batzuk geureganatu. Ez gogorkeriari, fede katolikoari, masokismoari; bai, ostera, lana serio hartzeari, zintzotasunari, hitza betetzeari.

        Jakina, ezin den-dena doi-doi ahokatu; balioen artean, esan bezala, kontraesanak sortzen dira, eta hitza betetzeak semea indarkeriara bultzatzeko arriskua badakar, jan ezazu hitza.