Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

9

Amaren itolarria

 

        Saizarbitoriak dio gure herrian ohikoa dela ama eskizofrenogenoa. Ene Jesus, Hamaika pauso eta Martutene-ko amek hirutasun zanpatzaile bat osatzen dute; Saizarbitoriak biziki gordinki erakutsi digu hiru eleberriotan nola ito gaitzakeen iraganak amaren bidez. Gainera, Iñaki Aldekoak nabarmendu duenez, «Saizarbitoriaren nobela gehienetan amak bakarrik bizi dituzte protagonistek. [...] Aitarena beti oroimena da, eta gainera heriotza orduko oroimena. Beraz, aitaren ausentzian, amen bizkar gelditu ohi da familiaren alderdi afektiboekin batera, kultur oinarrien transmisioa ere». Blokeo mingarri batek ezaugarrituko du Saizarbitoriaren protagonistaren harremana amarekin. Arbuiatu egingo du amak transmititu nahi dion kultura politikoa eta pozoi izango zaio afektua sentiarazteko amaren ezina.

 

 

AMAK HILTZEKO BEHINGOZ AGINDU
ETA HILTZEN JAKIN EZ

 

        Hamaika pauso-n zehatz-mehatz kontatzen dizkigu Saizarbitoriak Abaitua idazlearen miseriak: koldarra eta pasiboa da berez, ez da gai iragana behar bezala garraiatzeko, eta maitatzeko ahalmenak ihes degio, eta gero bizitzeko gogoak. Kemenaren alde egite horrek, indar galtze horrek deitzen du Saizarbitoriaren arreta, bizia ahitzen ari dela darakutsaten sentsazioek eta egoerek. Ikuskizun mudurri horrek harrapatu du idazlea. Maitatu ezina: bikotekideak eraginiko betekada eta asperra, isiltasun nahasia, bizitzarekiko lotura haustearen hasiera. Ehun metro-k odolustearena bezala, Hamaika pauso-k bizihustearen xehetasun psikosomatikoen berri doia emango digu.

        Herio bidean amets bi egingo ditu Abaituak. Lehenbizikoak du ama protagonista, eta Abaituaren heriotzaren iragarle izango da, eta aldi berean haren heriotzaren etorrera erraztuko du.

        Ametsa idazleak Juliari biharamunean kontatu bezala ezagutuko dugu. Juliak ironiaz iruzkinduko du Abaituaren ametsa, baina hau ez da ironiaz jabetuko.

        Ametsak Abaituaren ezina erakutsiko digu amaren agindu ikaragarrien aurrean, zeinei nolabaiteko mendeku kutsua sumatzen baitzaie: amak ez dio Abaituari barkatzen espero zuten semea ez izatea, aita bezain gudari ausarta.

        Ametsean amak, oheburuan kokatua, eskuak gerrian, hiltzeko aginduko dio Abaituari, leunki hasieran baina gero eta haserreago, zerraldoa prest duela, apaiza deitua, eskela jarria, ez dadila koldarra izan. Amorruz, oheko tapakiak kenduko dizkio semeari.

        Abaituak erantzungo dio gazteegia dela eta ez duela hil nahi, eta amak berekoi hutsa dela ihardetsiko dio, ez zaiola amaren nahigabea ardura, amaren sufrimenduari zor dion arren bera den guztia.

        «—Ohean nengoen —esan zuen—. Amak hil nendila eskatzen zidan, dena prest zegoela eta mugitzeko mesedez.

        «Ama oheburuan kokatua. Eskolarako deitzen zionean bezala, leunki hasieran, 'tira, gosaria prest daukazu' baina gero eta ozenago, eta haserre bizian azkenerako, tapakiak kentzen zizkion arte.

        «—Amatxorekin egiten duzu amets, beraz.

        «Baina ez zen ironiaz konturatu, edo ez zuen konturatu nahi izan. Baietz erantzun zion, zehaztasun gehiago eskatzen zuela uste izan balu bezala. Ama oheburuan zegoela, eskuak gerrian, behin eta berriz zentzurik gabeko agindu hura errepikatuz. 'Dena prest dago' esaten zion, 'zerraldoa erosia, apaiza deitua, eskela jarria, eta orain hil egin behar duzu derrigorrez'. Leihotik itzuli zen kasu egiten ote zion egiaztatzeko.

        «Konturatzen al zen? Berak gazteegia zela eta ez zuela hil nahi erantzuten zionean, amak berekoitzat tratatzen zuela, bere buruaz besterik ez arduratzea aurpegiratzen ziola zitalki.

        «'Ziztrin ez bestelakoa' esan ohi zuen. 'Ziztrin ez bestelakoa, ze inporta zaizu zuri nire nahigabea, ahaztu al zaizu zaren guztia niri, nire sufrimenduari zor diozula?'. Eta zapi zuria eskuartean bihurritu ondoren, jertse beltzaren mahuka barnean gordetzeko zeinu hura.

        «Nola kexa zitekeen esaten zion, zapia esku artean bihurrituz, berriz ere gaztea zela eta ez zuela hil nahi erantzuten ausartu zenean. Jende asko ikusirik zegoela bera, oinazez oihuka, Jainkoari eraman zezala erregutzen, eta ea zertaz kexatzen zen hark borondate mugagabez oinazerik gabeko heriotza eskaintzen bazion. Azkenean etsi egin behar izan zuen, dena prest baitzegoen, zerraldo aberatsa ere bai —oso ondo zituen gogoan haren zehaztasunak, kaobaren distira, urrezko hornidurak, erabat arrotzak egiten zitzaizkion inizialak, I.A.—, eta eskela, loreak eta hilobia —marmolezkoa, amak esaten zuenez—, eta eskatu zion oinetako beltz muturluzeak janzten uzteko behintzat, eta jantzi ondoren, narda ikaragarria gaindituz, zerraldoan sartu zen.

        «—Eta hiltzeko prestatu nintzen, esaten zidan bezala, eskuak bular gainean gurutzatuz, baina ez nekien nola hil.

        «Isildu zenean, haizearen kexa entzuten zen urrutira, eta gertuago uhin ahituek Kofradiako eskaileretan ematen zuten zaflada geldoaren hots biguna sumatu zuen.

        «—Ez da egia —esan zion Juliak— asmatzen ari zara —eta bularrean gorpu batek bezala gurutzaturiko eskuak bereganatu zituen—. Ez da egia».

 

 

AMA ETA ZERRALDOA

 

        Abaituarekin amets honetaz solastatzen dela, J.J. Lasak ama eta zerraldoa Erosi eta Thanatosi lotuko dizkie, biziari eta heriotzari: psikoanalisiaren gai klasiko bat. Begi bistakotzat jotzen da ametsez etxean sartzeak, haitzuloan edo sabelean barneratzeak, amaren altzora eta atsedenaren iturrira itzuli nahia adierazten duela.

        Haatik, J.J. Lasak berak aipatu topiko horiek txorakeria galantzat joko ditu berehala. Gainera, Abaituaren ametsean ez dugu ez etxerik ez haitzulorik, baizik zerraldoa. Eta hain zuzen atsedenlekurik goxoenaren jabe behar omen lukeen amak agintzen dio Abaituari hiltzeko behingoz. «Ama hilduratu eta hiltzaile ikaragarria», iruzkinduko du Lasak, Abaituari eskua bizkarrean pausatuz, erruki gisako keinu ezohikoa. Euskal Herri jakin batekin aldera bailiteke Abaituaren ama, seme-alaben sakrifizioa pizgarri zaion Euskal Herriarekin.

        Lasaren iradokizun ilun eta gogor horietatik urruti, Juliak, Abaitua amaren atzaparretatik aska lezakeen emakume bakarrak, idazleak harrapatzen ez duen ironiaz erantzungo dio ametsaren kontakizunari, magnolia grandifloraren ondoan dagoela. Ametsak Juliaren eta Abaituaren arteko distantzia zabaltzen lagunduko du.

        Bestalde, ametsean Abaituak dauzkan oinetako beltz muturluzeek Abaituaren eta Francok fusilarazitako Daniel Zabalegi etakidearen bat egitea erakusten digute. Lehen esan bezala, Abaituaren heriotzaz diharduen Saizarbitoriaren Hamaika pauso-n, Abaitua bera ageri da beste «Hamaika pauso» bat idazten, Zabalegiren heriotzaz. Idatzi ahala, Abaitua Zabalegirekin berdinduko da, eta Saizarbitoriaren Hamaika pauso-ren irakurlea Abaitua eta Zabalegi azken batean zein antzekoak diren ohartuko da.

        Abaituaren Zabalegik, heriotzaren orduan, Juliaren lorategiko magnolia dotorea izango du azken begiradaren sostengu, Burgosen halakorik nekez aurki daitekeen arren. Abaituak Juliaren zuhaitzari eginiko omenaldia baita. Hain zuzen, magnolia horixe besarkatuko du Abaituak hilko den egunean, haren hosto bat gordeko du sakelan. Eta zenbait urte lehenago, aztergai dugun ametsean, hiltzeko orduan, Zabalegiren zapatak jantziko ditu. Abaituaren eta Zabalegiren artean konfluentzia bat dago gizajotasunean.

        Azkenik, Abaituaren nortasuna eta ibilbidea aztertuta, ematen du amets honetako ama, ama ez ezik, eta aberriaz gainera, emetasun orokor baten ikur ere badela: andreekin bereziki berekoi eta negargarri jokatu duen Abaituaren aurkako epaia litzateke amets hau, printzipio femeninoak ezarririko heriotza zigorra; are, amatasuna gainditu eta biziaren beraren jatorria den itsasoaren orro amorruzkoa, Ene Jesus-eko itsaso zaharberritua. Eta, amarengan proiektatzea zu hil nahia azkenaurreko urratsa da: ondoren zu zatoz, zerorrek barneratuko duzu suizidatu beharra. Halaxe gertatuko zaio Abaituari. Culpa y depresión liburuan León Grinbergek suizidio fantasiak zerrendatu ditu: erasoa, autozigorra, itzulera amaren altzora eta berpiztea, ahalguztiduntasuna, iseka munduari, ihesa errealitate jazarletik, paroxismo masokista, hobenaren expiazio purifikatzailea, heriotza magikoa, jokabide maniakoa, jazarlearekiko identifikazioa eta bakardadetik ihesa. Ematen du erruaren expiazio purifikatzaileak garrantzi berezia duela Abaituaren kasuan, kontuan hartuta gainera errua gogorrago hedatzen dela gurasoak ama kontrolatzailea eta aita absentea direlarik. Ohikoa da halako gurasoen exijentziak bete ezinak suizidioak burutuko duen erru itzela eragitea.

 

 

AMAK MASTURBATZEN HARRAPATU

 

        Dirudienez, animalien artean sexua ia beti gauzatzen da hasieratik beretik biren arteko larru jotze gisa. Aldiz, gizakiengan ohikoagoa da lehenbiziko orgasmoak fantasiak lagunduriko masturbazioek ekartzea. Dena den, jakina, ez da hasiera hori giza maitasunean irudimenak duen garrantzia erabakitzen duena. Giza kontu guztietan du irudimenak berebiziko garrantzia, jaiotzetik hil arte. Eta oroimena du irudimenak bazka behinena.

        Saizarbitoriaren obran, maitasuna baitu gai nagusi, deigarria da, Martutene arte, masturbazioaren absentzia, kontakizunetako protagonistak nerabeak direnean barne: ez darabilte, ia ez daipate. Berriki kontatu bezala, Bioleta Sabino Aranaren hezurtxoa bere hilobian berrehorzten ahalegintzen ari dela, Polikarpori masturbatzen ari ote den otu zaio. Eta Susanak lantzean behin Abaitua idazlea masturbatzen du. Baina bakarlanik inoiz ez. Haatik, Saizarbitoria idazlea ez da bereziki lotsatia gai fisiologikoez aritzeko orduan.

        Martutene-n, azkenik, berebiziko garrantzia hartuko du masturbazioari loturiko gomuta batek: amak Martin nerabea fusila garbitzen harrapatu zuen, eta horren oroitzapenak goitik behera baldintzatu du Martinen harremana amarekin. Martinek Juliari kontatu dio. Liburutegian zegoela, «ama etxetik kanpo uste zuen batean, apaletan ikusmiratzen, irudi erotikoen liburuxka aurkitu zuen eta kitzikagarria egin zitzaion, hainbesteraino non ezin izan zuen aitonaren dibanean etzan eta masturbatzeko desioa menderatu. Hartan omen zegoen bat-batean aurrena amaren ahotsa entzun zuenean zer ari zen oihuka eta, ondoren, burua ikusi zuen leihatilatik agertzen. Juliak ezin zuen ulertu nolaz kontatzen zion Martinek, hain zaindua eta gordea izanik bere intimitateaz hitz egiteko, batez ere gai fisiologikoei zegokion orotan, zalantzarik gabe hagitz lotsagarria gertatu behar izan zitzaion pasarte hura. Era horretako oroitzapenekin pena ere sentitu ohi du hain ama ikaragarri baten Martin haur biktimarengatik. Askotan galdetu izan dio bere buruari [Juliak] zer sentituko zukeen menturaz Zigor masturbatzen harrapatuko balu, baina ziur da atsoak ez bezala atzera egin izango zuela».

        Martin bezalako nerabe sentibera batentzat ama irentzaile horrek masturbatzen harrapatu eta garrasi egiteak zartako traumatikoa behar du. Inoiz ez da erabat garbituko. Bestalde, Juliari kontatuta, Juliari nolabait adierazi nahi dio bere izaera petrala, Julia kosta lain kosta hobendun sentiarazteko grinan mamitua, amarengandik datorkiola. Ez Martinek berak, baizik eta Martinen amak duela azken batean idazleak Julia errudun bihurtu nahiaren errua. Juliari aitortu izana ere ez da ondoriorik gabe geldituko. Orain Juliak larregi daki, eta Martinek ordainarazi egingo dio.