Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

12

Idazle

 

        Saizarbitoriak, bere idazle izaera luzaro ukatu ostean, berriki onartu egin du. Ordea, Hasier Etxeberriari kontatu dionez, hamaika urte zituenerako ohartua zen idazleak ez duela begirune berezirik merezi. Behin batean, aitaren lagun Nemesio Etxanizek Parisera joan behar izan zuen, Euskal Mundu Batzarrera, baina klandestinoki, ez zuen eta pasaporterik. Saizarbitoriaren aitak lagun arrantzale bati Etxaniz iparraldera eramateko eskatu zion. Manuel Reiris galiziarra zen itsasgizona, eta bere batelaren izena Nuestra Señora de Coromoto. Saizarbitoria umea eta honen arreba ere batelean joan ziren, karabineroek susmoa hartuz gero aita eta seme-alabak marinelarekin batera atunetara irten zirelako itxurak egin ahal izateko. Sokoako kontaktua badian agertu ez eta Manolok portura sartzea erabaki zuen. Arrisku handia hartu behar izan zuen bere gain. Etxanizek jendaurrean esan beharrekoaren garrantzia baino handiagoa inolaz ere. Garbi nabaritu zuen Saizarbitoria artean umeak idazlea, intelektuala eta, oro har, pertsona nagusia, susmagarria eta arrunt buruarina izan daitekeela. Eta bera orain idazlea da, eta pertsona nagusia.

 

 

a) BUSTIA

 

        Egunero hasten delako-ko Miller doktore katoliko kontserbadoreak neskei haurdunaldia eragozteko pilula ukatzen die, argudiatuz kontrazepzioari dagokionez garrantzia arrazoi moralek dutela, ez osasun arrazoiek. Aitzitik, Rossier doktorea liberala da eta pilula eske datozkion neskei ez die eragozpenik jartzen. Hori dela eta, amoraltzat jo izan dute; ordea, Rossierrek badu bere morala: inoren bizitza ez hondatzen ahalegintzea, eta Saizarbitoriak Rossierrekin bat egiten du.

        Arazo moralei dagokienez, bilakaera bat gertatu da Saizarbitoriaren obran: lehenbiziko nobela hartan Berritsuak erlatibismo morala aldarrikatzen zuen, abere barregarritzat zuen dogmatikoa. Kristau dogmatikoen aurka jo zuen Saizarbitoriak erlatibismoaren bidez.

        Martutene-n, berriz, ñabartuagoak dira kontuok: Abaitua erlatibismoaren aurka ageri da, baina baita unibertsalismoaren izenean euskal usaina darion edozeri iseka egiten diotenen aurka ere. Eta, komunitarismoarekin eta tradizioak gorde beharrarekin kritiko bada ere, azkenik, Lynnen eraginez, Luz perutarrari umea biziko den etxean erditzen lagunduko dio, Luzen tradizioak agindu bezala eta hemengo legediaren aurka.

        Saizarbitoriaren kontakizunen bultzatzaile funtsezkoetako bat pedagogia morala da; borroka, asmo eta irakaspen etiko-politiko bat adierazten du eskuarki: zapalketa erlijioso eta politikoaren aurka jo du, militarismoaren aurka, engainuaren aurka, norberak ematen ez duena besteari exijitzearen aurka bikotekideen artean, gerraren aurka, oinaze bizia burokraziaren arabera kuantifikatu eta banalizatzearen aurka, gurasoek seme-alabei ezarri nahi dizkieten tradizioen aurka, zehazki abertzaletasuna, bikote heterosexualetako mutilen berekoikeria, hoztasun, zikoizkeria eta faltsukeriaren aurka. Narrazioetako bakoitza salaketa bat da, eta boterea ahula zapaltzeko erabiltzea da, oro har, salatzen dena, nola politikan eta gizartean, hala maitasun harremanetan.

        Zentzu horretan, harrigarria da Saizarbitoria eredugarritzat duten zenbait literatur kritikarik darakutsaten grina, El Correo-ko Javier Rojok, kasu, obraren bati ezker abertzaleko kutsua sumatu orduko politikaren zama gehiegizkoa eta moralismoa leporatzeko, ezker abertzalekoak ez direnak l'art pour l'art-en sabel birjinatik arras aratz eta makula izpirik gabe helduko balitzaizkigu legez, nazismoa aldezten duen obra ederrik ez balego bezala.

        Bada, halaber, beste joera bat literatur kritikarien artean, baina baita irakurle arrunten artean ere, gero eta indartsuagoa: idazleari bere burua biluzteko eskatzen zaio, alegia, pasarte autobiografiko lotsagarriren bat kontatzeko («zintzotasun» deitzen diote, kar-kar-kar), liburuan benetan bustitzeko, edo, bestela esanda, kontatutakoaren erruz bere harreman errealak hausteko arriskuan jartzeko («begira zein zintzoa den, guregatik izorratu du bere bizitza, bai hunkigarria»).

        Irakurle askok nahiago dute fantasia edo zientzia fikzioa baino autobiografia gordina, Rousseaurena edo Juan Goytisolorena adibidez, edo fikzioa izan arren begi bistakoa izan dadin bizitza errealean oinarritzen dela, Joxe Austin Arrietak eta Jean-Baptiste Orpustanek lehen liburukia euskaratu diguten Prousten Denbora galduaren bila legez, edota orain «autofikzio» deitzen zaiona, hain indartsua gurean Iban Zalduak «Autofikzioaren aurkako manifestua» idatzi behar izan baitu; eta kutsu autobiografiko hori bilatzea zilegi da, besterik ez genuen behar. Susmagarria da ordea irakurle horietako zenbaiten manikeismoa, honela adierazten dena: aukeratu behar duzu, diotso idazleari, bizitza ala ni, edo odola eta bizia testuari ematen diozu, edo bestela ni galdu egingo nauzu.

        Inguruko jendea galtzeko arriskua egiazkoa da, ulergarria senideen eta adiskideen ezinegona eta amorrua. Juliak Martinen etxetik alde egingo du. Karl Ove Knausgårdek bere ezkonbizitza kontagai duen autobiografiari ekiten dio esanez emaztea utzi nahi zuela beti kexuka zebilelako, beti beste zerbait nahi eta ez omen zuelako benetan lortzeko deus egiten. Kexua, kexua eta kexua baino ez. Jakina, emazteak, Juliaren ildotik, hori irakurri bezain laster Knausgård utzi egin zuen. Aitaren aldeko senideek hitza ukatu diote eta oraingo emaztea depresioak jota dabil. Idazleak dio bururatu zitzaiola ez argitaratzea, baina jendearen txaloa behar duela eta liburua bizitza baino garrantzitsuagoa zaiola.

        Ez da gauza bera idazlea bere miseria partikularrak kontatzera mugatzea, edo bere bizitza fikzioz apenas mozorrotuan behin eta berriro agertzea senar itsusi, zikin eta gogaikarri bat, zeure ezaugarriak dituena goitik behera, azken kapituluan garbitzen dutena: «Han zebilen ergel hura, nire senarra, hamsterrari jertsea josten, eta pozik egin nion tiro kopeta erdian».

        Zentzuzkoa da Richard Forden aholku hau: «Egiazki, inork ez luke idazle batekin endredatu behar, baldin eta ez badu haren liburuetako batean agertu nahi, egunen batean. Harreman hori zurgin batekin edo sarrailagile batekin izatea da egokiena, arazoak albo batera uztearren». (Iban Zalduaren Idazten ari dela idazten duen idazlea-ko hasierako aipamena.)

        Idazle askok, testuarekiko fideltasunari esker, familia berri bat sortzen dute, irakurleek osatua, familia biologikoan edo lagun arte hurbilean inork ezingo lukeelako eraman haien berezitasunen etengabeko exhibizionismoa eta ondoriozko iseka.

        Rousseauk Aitorkizunak-en kontatu zigun, artean «masokismo» hitza existitzen ez zenean, bere lehenbiziko sexu zirrarak izan zituela etxeko andereño batek zigortu eta jo egin zionean. Aurrerantzean, ez zenez ausartzen bere neska lagunei eskatzera jo ziezaioten eta zigortu, baina horixe zuenez bero bide bakar, beraiekin zegoen bitartean irudikatu egiten zituen zigor eszena horiek; eta horri esker garatu omen zuen irudimen ikaragarri indartsua, egundoko entrenamendu baitzitzaion errealitateak ez zemaiona irudimenez konpentsatu beharra.

        Juan Goytisolok kontatu du gaztetan etxetik hurbil ijito bat bere mandoa basatiki jipoitzen ikusteak errukitu beharrean izugarri kitzikatu zuela; eszenari begira korritu zen, kalean bertan.

        Aspaldi idatziak badira ere, zaila da aitorpen horien erakargarritasun artistikoa gainditzea; horixe eskatzen dio haatik idazleari gaur egungo irakurle mota jakin batek, autoa Txinan bezain fite ari dena ugaritzen.

        Euskal idazleak fikzioan arazoak dituzten bikoteak erakusten dituenean, hala nola Saizarbitoriak, berehala joaten zaizkio kontu eske, kazetari gazte hura bezala Bihotz bi. Gerrako kronikak argitaratu berritan: «Zure emazteak ez zuen ba hau irakurriko, ezta?».

        Testuinguru honetan, Saizarbitoriak dio fikzioa benetakoaren mozorroa izaten dela, eta literaturaren aitzakia defentsazkoa, aitorpena ez dadin gertatu hain gardena, hain gordina; horrela, idazlearen espantuak gorabehera, irakurleak arrazoi du erditu berria den idazlearen fikzioan honen esperientziak ikusten dituenean, zeharka bada ere, edo ezkonduta dagoen idazlearen testuan, era berean, beraren bikote bizitzari lotutako tragikomedia errealak.

        Ordea, kontrakoa ere iradoki izan duenez, hitzaurrean esan bezala, gauden lasai, fikzioan oinarri biografikoa obsesioz bilatu gabe. Saizarbitoriarenean, gainera, oroitzapen biografikoa baino hurbilago dabil errealitatetik literatur asmazioa, fikziozkotzat baitu errealitatearen egitura sakona.

 

 

b) ERIA

 

NEUROTIKO

 

        Kalean aurkitu eta nekez sumatuko diozu neurotiko obsesiboari oinazea, ikaragarria izan litekeen arren. Komikotzat jotzen ditugu Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko Entziklopedistaren arrazoibideak, eldarniozko logika hori, haren ezinegona. Irakurri duten neurotiko obsesiboek, ostera, arrazoibide, ezinegon eta logika horren azpian dagoen sufrikario itzelaren berri eman ahalko lizukete. Baina ez dizute emango, ez baitute nahiko beren eritasuna igar dakien. Dena den, terrore psikologikoko nobela gisa ere irakur liteke Bihotz bi. Gerrako kronikak, nola Floraren azalean jarrita, hala Entziklopedistaren antsietatean.

        Idazle franko da neurotiko obsesibo. Halakoxea zen Freud bera ere, horregatik ulertu zuen hain sakonki arratoien gizona. Saizarbitoriak dio idazle askok neurosiak eragin oinazetik ihesi idazten duela. Beti horrela balitz, primeran. Zoritxarrez, berez zoriontsu samarra izateko jaio den jendea arrazoi ergelengatik idazketaren eta argitaratzearen atzaparretan erori eta neurotikotu egiten da. Hainbat eta hainbat lagunen bizitza izorratu du idatzi behar sasiko horrek. Erantsi irakurleen eta adituen arretaz jabetzeko idazleen arteko lehia estresagarria.

        Neurotiko obsesiboak, maitale gisa, maitearen arreta tai gabe nahi du bereganatu, maitearen eskaera hori du benetako desiragai. Maitatu baino nahiago du maitatua izan. Eta idazle gisa, berdintsu: adituen eta irakurleen arreta bereganatu nahi du, irakurleen eskaera hori irrikatzen du. Korapilo horietan harrapaturik, idazlea arranguratzen da bere obraz mintzatzeko eskatzen diotelarik, horrela ezin baitu benetakotasunean behar bezala kontzentratu. Eta benetakotasuna ez ei du barnebiltzen eta adierazten obrak baizik. Hala ere, idazlea garrazkiago da kexu inork ez badio deus eskatzen. Eta berari beharrean besteren bati eska diezaioten zaio jasangaitzena.

        Etengabe kexatzeko idazlearen beharrak susmagarri egiten dizkio sentipen edo bolada atseginak. Aukeran nahiago txarto. Arrangurak mugiarazirik, ez da ezohikoa orainaldi egoki samarra zapuztu eta alferrik galtzeko iraganaren aitzakia erabil dezan: iragan gaiztoarena erruan eta damuan baina baita iragan zoriontsuarena ere, nostalgian.

 

 

MISERIA

 

        Saizarbitoria, euskarari laguntzeko hasi zen arren idazten, aspaldion iraganaren uztarria eta oinazea arintzeko eta neurosia sendatzeko itxaropentzat du idaztea, zorionbidetzat. Sendatu ahal izateko diagnostiko egoki bat behar aldez aurretik, eta Rossetti-ren obsesioa-n eta Martutene-n idazle neurotikoaren alde makurrak nabarmendu dizkigu, Victoriaren eta Juliaren eskutik.

        Victoria argiak «sortzaileen zikoizkeria» leporatzen dio Juan Martini, obrarekiko atxikimendu patetikoa. Psikoanalistak aitorlekuetako apaizak bezalakoak baldin badira, morboso hutsak, orduan idazleak are okerragoak: kurtsiak, morbosoak eta makabroak aldi berean, prerrafaeliten antzekoak. Artista gizonezkoei «sleeping beauty-ak gustatzen zaizkie, lokarturik edo hilik, berdin dio, lore artean etzanak, noiz bortxatuko dituzuen zain».

        Victoriak Rossettiren kutsua sumatzen dio Juan Martini. Rossettik Elisabeth Siddal amoranteari ez zion tratu onik ematen, beste emakume batzuekin engainatzen zuen. Siddalek abortu bat izan zuen. Geroago, laudano gaindosi batez hil zen. Orduan Rossettik bere poema batzuk hilkutxan sartu zituen Siddalen gorpuarekin batera, maitearen omenez. Baina urte biren buruan, poema haiexek behar zituela tematu, ezagun bati hilobia irekitzeko ordaindu eta berreskuratu egin zituen.

        Horixe duzu Victoriak «sortzailearen zikoizkeria» deritzona: zure erruz hil den amoranteari maitasun adierazpentzat poema batzuk eskaini ostean beste bati ordaintzea hilobitik poemak lapurtzeko. Zeure bertsotxoa berreskuratzeko obsesio zitala. Orobat, artisten joera edozein zirriborro edo nerabezaroko poemaxka urre gorria bailitzan gordetzeko, izango duten garrantzi distiratsuaz zeharo ziur, aldi berean inguruko senide eta lagunez futitzen direla. Idazlearen nartzisismoa patologikoa da, itxuragabeko autoestimu batek joa, bakan eta berezi sentiarazten duena. Gehiegizko mirespena exijitzen die ingurukoei, eta ez du enpatiarako ahalmenik. Enpatia hori soilik darakutsa abantailaren bat beregana dezakeen heinean eta miretsia izateko bere beharrak ase ditzakeen heinean.

        Idazlea deskribatzeko orduan, Victoriak «miserable» darabil, eta Juliak «miseria». T.W. Adornok zioen psikoanalisian ezer ez dela egia esajerazioa izan ezik. Saizarbitoriak dio nobelagilea «gupidagabea, makurra, gaiztoa, zikina» dela, eta ironiazko esajerazio horren bidez, ohi bezala, aldi berean du ideia adierazten eta ideiarekiko distantzia ezartzen.

        Juliak, behinola Martin maite izan bazuen ere, orain ez du errukirik. Iradokiko digu idaztearekin hain obsesionaturik bizitzeak ergeltzen duela Martin: bere ipuintxoei, nobelaxkei eta burutazio ustez harrigarriei emateak denbora eta arreta, inguratzen duten lagunei ezikusia egiten dien bitartean. Zalantzazkoa da neurosia sendatzeko idazten ote duen ala idazteak berak bihurtzen ote duen neurotiko. Saizarbitoriaren aurreko obra batzuetatik erator zitekeen agindu kategorikoetako bat «ez ezazu emaztea hil» baldin bazen, Martutene-k erakusten du kontuz ibili behar dela idaztearekin. «Ez baduzu behar, orduan ez idatzi». Martinen figura pirriak idazketan erortzeak ekar diezazkizukeen arriskuez gaztigatzen dizu.

        Martutene-n ikasi dugu Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko eta Bi bihotz, hilobi bat-eko Entziklopedistak Faustino Iturbe izena duela. Martinek idatziak dira. Faustinoren emazte Flora Ugarte da koprotagonista, eta Martinen emazte Julia izan du eredu. Martutene-n Martinez kexu da Julia: «Miseria da Flora Ugalderi transferitu dion guztia, miseria Flora Ugalde eta Faustino Iturberen harremanean atzematen dena. Ez du besterik egin miseria haizatzea baino, berea, beroriena, ezer ederrik edo noblerik aurkitu gabe sekula, miseria bakarrik. Orriak eta orriak oroimenean arakatzeko lanari emanak 'bere traizioa', esaten dion moduan, birbizitzearen atsegin makurra helburu».

        Pasartean aipatu Juliaren traizioa Adolforekiko abentura hitsa da noski, infideltasunaren gaua barne, eta Martinen idazketaren bultzatzaileetako bat iraganeko oinaze hura birsentitze masokista.

 

 

MAMOI

 

        Saizarbitoriaren idazle prototipikoak inguruko jendearekin duen harremana behiala herrietan ama erditu berrien esnea edoskitzen ibiltzen zen gizon zaharrarenaren antzekoa da. Sobera zutelako edo haurra hil zitzaielako edoskitzen zien. Txupoia, mamoia, izaina deitzen zioten. Komeni zen haginik ez izatea, titiburuan minik ez egiteko, horregatik bilatzen zituzten agureak; halaber, lizunkeriaren arriskua zokoratzeko, emakumearen aldetik, behintzat. Etxez etxe lan egiten zuen. Etxera iritsi, oles egin eta gelan sartzen zen ama berriarekin.

        Serioski idazteak bizitzari ukoa dakar sarritan, eta ingurukoen mamoi bihurtzea. Bizitza hausten zaizularik, umea hilik jaiotzean, kasu, hor datorkizu idazle mamoia tragedia hurrupatzera, esne bizia ondoren tinta idor bilakarazteko. Oroitu Juliak konfidentzialki Martini arkatzena kontatu eta berehala irakurri zuela Martinen ipuin zirriborro batean Juliaren alter ego-a txikitandik zegoela bere bulbatxoarekin trafikatzera ohitua.

        Egia da, era berean, idazteak berrerosiko duela Martin, testu jakin batzuek dakarkiotela maitasuna eta boterea. Nietzschek dio artista ia beti pertsona pairagaitz, apetatsu, bekaizti eta biolentoa izaten dela, eta desditxa horiek obraren eragin bihotz-altxagarri eta bozkariatzaileak konpentsatzen dituela. Martinen izkribu berrerosleen artean, besteak beste, Faustino Iturbek Flora Ugalderi idatziriko azken gutuna, alegia, Martinek Juliari. Martin sinetsita dago soilik idatzitakoaren bidez bilaka daitekeela besteentzat maitagarri. Abaitua ginekologoak, berriz, sentitzen du ez dela maitatzeko gai. Baina ez idazteak salbatzen du ziurrenik Martin bezain aldrebesa izatetik.

 

 

OROITU, ERITU, IDATZI

 

        Izenburu hori ipini dio Ur Apalategik Saizarbitoriaren obrari buruz argitaratu duen liburuaren atal bati. Hor dioenez, Saizarbitoriak, Hamaika pauso-ko protagonista Abaitua idazlearen bidez, idaztea oroz gain oroitzea dela darakutsa, kontutxo mingarriez era patologikoan oroitzea, maizenik hitzez, eta minaren minez hausnar egotea, oroitzapen oinazetsu horiek ezin digeriturik. Hitzez hitz aplika lekioke Martutene-ko Martini ere. Idaztea eritasunari loturik ageri da Saizarbitoriarenean. Ihardukirako eta borrokarako ezgai denak idazten du, oroitzera kondenatuta dagoen mendekatiak.

        Abaitua idazleak borrokarako eta are ekintzarako ezintasun hori bere egingo du, bere «Hamaika pauso»ko lehen esaldian Zabalegi protagonistari esleituz idazleari berari dagokion joera bat: «'Egin aurretik mugimendu bakoitza entseiatzen duk buruan, egiteko gauza izango haizela ziurtatzeko', gerora, narratzailearen ahoan, «Hamaika pauso»ko lehen perpaus bilakatuko zena».

        Lehenbiziko hiru eleberrietan ez bezala, Hamaika pauso-tik aurrera Saizarbitoriak esaldi luze bihurgunetsuak idaztera joko du. (Apalategik «tortueuse» darabil, baina ez dakit nola itzuli «luze bihurgunetsu» esanahia ez ezik «memoriak torturatutako idazleari dagokion esaldi mota» ñabardura ere gorde dezan.)

        Perpausaren bihurria deskribatzen duen errealitatearen konplexutasunari lotzen dio Apalategik, eta, oroz lehen, obsesioari. Hipotesi hau dakar: Saizarbitoriaren idazleak esaldi luze obsesiboak idazteko joera du bere bizi indarra gizarte bizitzatik idazketara lekualdatu eta ahal bezain zehazki behatzeko eta deskribatzeko lanean xahutzen duelako.

        Apalategik aukeratu hurrengo adibidean esanguratsuki egiten dute bat esaldiaren luzerak, protagonistaren ezinak eta oro geroratzeko joerak. Abaituaren barne bakarrizketa bat da. Barberuarenean eserita dago: «Oroitzapenetan babestua, pena zuen bizarginak 'el señor está servido' esango zionean altxatu beharko zuelako, eta eskuak egin ziezazkioten aginduz egonaldia luzatzeko aukera ere neurtu zuen, uste osorik gabe, ordea, bai baitzekien ez zuela halakorik egingo».

        Eleberriaren amaieran Abaitua eritu egingo da eta ez du deus egingo artatzeko, sukarrak hobeto idazten lagun diezaiokeelakoan: «Iñaki Abaituak ez zuen penizilinaren mesederik onetsi nahi izan. Interesaturik jarraitu zuen gaixotasunaren garapena, eta, bestalde, ez zion gogoko zuen zernahi egiterik galarazten. [...] Sukarrak, berriz, handiegia ez zenez, ausentzi egoera batean mantentzen zuen, apal eta baketsu nolabait ere, eta hori eroso gertatzen zitzaion.

        «Beti egoera hartan bizi izan balitz gehiago idatziko zukeela iruditzen zitzaion, literatura gehiago egiteko eragozpenik handiena gehiegizko bizitasunari, gauza gehiegitaz interesatzeko joerari egozten baitzion».

        Saizarbitoriaren protagonista idazleengan beti daude tentsioan bizitzea eta idaztea, ezin dira adostu. Zehazki, gizonaren idatzi beharrak bikotekidea uxatzen du. Horregatik erreko du Martinek bere obra Martutene-ren amaieran; eta horregatik utziko dio idazteari. Edo aldarrikatuko du, teatralki, idazteari utziko diola.

 

 

c) OROIMENA

 

        Saizarbitoriak dio ezintasunak bihurtu duela hein batean eleberrigile, ahazteko eta gogoratzeko ezintasunak, gauzak isiltzeko edo zuzenean adierazteko ezintasunak. Nobelak eratzen ditu esan nahi eta ezin esan dituen gauzekin, ahaztuta dituen eta oroituz doan gertaerekin. Nobelak sortzeko ahalmena damaion ezintasun horren berri emateko, Saizarbitoriak sarritan erabili izan ditu berak euskaratutako hitz hauek, Beckettek Prousti buruzko saiakera batean idatzitakoak: «Memoria oneko gizona ez da ezertaz gogoratzen, ez duelako ezer ahantzi. Bere memoria uniformea da, errutinazko izate bat, bere ohitura akasgabearen baldintza eta funtzio, erreferentzia tresna, aurkikuntza tresna izan ordez. Bere memoriaren himno gartsua, 'atzo gertatu bailitzan dut gogoan' hori, bere epitafioa ere bada, eta bere balioaren neurri zehatza ematen du. Ezin du atzokoa gogoratu, biharkoa ezin gogoratu duen bezala».

 

 

FIKZIOAREN ANTOLAERA

 

        Oroimenaren jokamoldea da Saizarbitoriak darabilen argudio nagusia kontakizuna denbora linealaren arabera ez antolatzeko. Hamaika pauso-n idatzia: «Oroitzapenak apetaren hegaletan etorri ohi direnez, zilegi da haien ordena ilun eta misteriotsua errespetatzea, kontakizuna konbentzionalki, kronologikoki edo linealki egokitzeaz arduratu gabe».

        Berez desordena magikoa den bizitza soilik ahalegin kontziente baten bitartez bilaka daiteke denbora segida. Saizarbitoriak, ordea, ahal bezain sakonki nahi du bizitzaren zaina ukitu, eta, simetria arraroz zeharkaturiko plater hautsiak fidelago ematen duenez gero dagoenaren berri, uko egingo dio borondateak gidaturiko antolaera jarraikoari: «Une bakan batzuetan baizik ez dugu bizi izaten denbora segida etengabea balitz bezala, dio Butorrek. Eta Claude Simonek, Güell parkeko mosaikoen desordena magikoa gogoan, 'memoria plater hautsi bat da', esan zuen. Ez du zentzurik platera apainduren marrazkia osatuz kolatzeko ahaleginak, beti faltako baita birmoldaketa ezinezkoa edo desitxurosoa egingo duen esmalte zatiren bat».

        Memoriaren izaera apurtuak idazlearen jokabidea ez ezik irakurlearena ere baldintzatuko du. Irakurleak berak berrantolatu beharko ditu hautsiriko zatiak. Iñaki Aldekoak dio material narratibo gordina, berezkoa, «mundu desordenatu eta, batez ere, leku-denboren koordenatuetan nahasia» dela. Nobelagilearen eta irakurlearen zeregina anabasa hori «txukuntzea eta atontzea» litzateke, abiaburu erreal lardaskatuan ezinbesteko ordena ezartzea. Hamaika pauso idaztea zein irakurtzea, beraz, «nobela eraikitzea, antolatzea, muntaketa lana egitea da». Ildo berean, Mari Jose Olaziregiren esanetan, «Collagea, jokoa, pastitxea... [...] Zentzuen arkitektura bailitzan, nobelagintzak koadro baten aurrean gaudenean jarraitzen dugun jokabide bera bultzatuko du: elementuen justaposizioa gaindituz, osotasuna eraiki (nobelan Bartzelonako Güell parkea azaltzen da eragiketa honen esplizitazio arkitektoniko modura)».

        Ur Apalategik dio Hamaika pauso-ren estetika ez dagokiola jarioari eta lastertasunari, baizik eta puzzle mentalari edo margolan kubistari. Collage kubista hori izaera desberdineko testuen justaposizioz lortzen da, besteak beste. Justaposizioa lokailuari kontrajartzen ohi zaio. Eta, eleberriaren kontagaia eta antolaera arras konplexuak badira ere, lokailu, zubi eta trantsizioen ugaritasunik oparoena zuritzeko adinakoak, hala ere Saizarbitoriak ez darabil zubirik, uko degio irakurketa errazteari eszenak modu logikoan artikulatuz, eta eleberri trinko zarratu bat eman digu, une oro arriskatzen dena irakurlea hari argirik gabeko labirinto batean galtzeko. Sarritan dauzkagu elipse narratiboak; idazlea ez da arduratzen non gauden azaltzeaz.

        Intentsitate handiko giltza eszenen segida gisa dakusa Apalategik Hamaika pauso, non, koherentzia razionalari muzin eginik, etengabeko joan-jinak egiten diren plano narratibo desberdinen artean, hala nola iraganaren eta orainaren artean.

        Güell parkean etorri ohi zaio Abaituari idazkera hori teorizatzeko jorana. Oraingo honetan oroitzen da aurreko batean Susanari begiratu behar ez izateko so egin ziela mosaiko zatiei, errealitatearen eta beraz nobelaren antolaera fragmentatuaren ikur: «Batzuetan, ilunabarrean, Güell parkean eseri ohi zen. Amorantez inguraturik, harrizko paisajea miresteari ekiten zion. Izan ere, unibertso harrigarri bat zirudien hark, unibertso zatikatua. Portzelanazko plater hautsi bat, haur baten eskuek, edonola eta trakeski, inozentziaz baina jenialki, zati finak elkarrekin itsatsiz berrosatua.

        «Susanarekin han bertan egon zen egunean, fragmentazioaren literaturak duen barne-armonia ere —Butor-en hitzetan, 'historiaren linealtasun konbentzionalarekin bat ez datorren ordena ezkutua'— antzeko zerbait izan zitekeela sumatzen zuen, haren aurpegi negartiaren ikuspenari ihes egitearren, oinetan, distiratsuak ziren mosaiko zatiei so, beren osotasunean ez bide zuten egokitasun intimoa atzematen zielarik».

        Ur Apalategik zerrendatutakoen artean, kontakizunaren linealtasuna kordokatzeko Saizarbitoriaren beste prozedura bat duzu hori: zubiak, lokailuak eta trantsizioak desagerrarazten ditu orainetik iraganera igarotzeko eta buelta, edo are Saizarbitoriaren Hamaika pauso-tik Abaituaren «Hamaika pauso»ra eta buelta. Artikulazio logikoen desagerpen horren bidez ere Saizarbitoriak konbentzioa baztertu eta funtseraino jaitsi nahi luke. Iñaki Aldekoak eta Ur Apalategik asoziazio aske psikoanalitikoa dakusate hor, teknika narratibo gisa erabilia.

        Apalategik oroitarazten duenez, psikoanalisiak asoziazio librea erabiltzeari ekin zion kontzientziaren autozentsura saihesten ahalegintzearren. Analizatuak buruan pasatzen zaion edozer bota behar du, galbahe barik. Aplikatzen zaila duzu arau hau, pentsamendua hitza baino lasterrago doanez analizatuak aukera baitu espontaneoki otu zaiona adierazi baino lehen bere pentsaera di-da norabideratzeko. Erdi oharkabekoak izan daitezkeen bideratze horiek analizatuaren lapsusek eta zentzugabekeriek adierazten dituzte eta interpretagarriak dira. Apalategiren esanetan, zalantza, lapsus eta zentzugabekerien errepikatzea berezitasun dute bai Saizarbitoriaren Hamaika pauso-k eta bai Abaituaren «Hamaika pauso»k, segida logikorik gabeko eleberriak bi-biak, irudi eta hitz errepikariz bilbatuak. Apalategik dio inkontzientea bera dela eleberriko materiala antolatzen duena. «Antolamendu afektibo» deritzo Iñaki Aldekoak, eta hauxe eransten du: nobelan «denboraren eta espazioaren trabak jauzi batean gaindituz, irudien asoziazio afektibo horren bidez lotuz doazen planoak ugari baino ugariagoak dira, Hamaika pauso-ren bizkarrezurra eratzeraino». Berehala aztertuko dugu zelan lotzen dituen errepikak plano dibertso horiek.

 

 

«BEHARBADA»

 

        Hamaika pauso-k, esanda bezala, kronologia historiko jakin batean zehazki kokatua dagoen arren, uko degio linealtasunari. Gertaerak desordenatuta eskaintzen zaizkigu eta sarritan errepikatu egiten dira. Ordena, halakorik balitz, erabat subjektiboa litzateke. Iñaki Aldekoaren hitzetan esateko, Saizarbitoriak zati sakabanatu horiek ez ditu erlojuen denbora abstraktuari jarraituz josiko, baizik eta barne denboraren logika eta aginduari, «izatez bizi dugun denboraren kontzientzia bakarra» [...] «Memoriaren denbora ez da ez erlojuena ez eta egutegietako datena ere, kontzientziaren denbora subjektiboa baizik».

        Claude Simonen nobeletan eta Hamaika pauso-n, segi Aldekoak, «mosaikoak eta ispilu hautsiak agertuko dira, eta irudi horiek guztiek egileak nobelaren aurrean, edo munduaren aurrean, duen posizionamendua adierazten digute. Azken buruan, memoria den mundu fragmentario horretatik, bizitakoaren eta sentitutakoaren aztarnetatik eraiki beharko du nobelagileak bere mundu imajinarioa. Azken buruan, memoria da imajinazioaren izendapen 'errealistena'; imajinazioa eta asmazioa izango lirateke 'artistikoenak'. Memoriak ez baitu errealitatetik jasotzen soilik, baizik eta imajinatua eta asmatua sortzen ere bai».

        Zentzu honetan, Ur Apalategik dio Hamaika pauso ez dela gertaera historikoekiko fidel, ez du errealismo historikoa bilatzen; gertaera historiko horien oroitzapen subjektiboari zaio fidel. Eleberriak berak darakutsa antolaera parakronologiko horrek oinarri duen teoria estetikoa, lehentxeago aipatu «memoria plater hautsi bat da» horrek laburbildua.

        Aintzat hartzeko modukoa da, errealitatearen eta oroimenaren arteko harremanei gagozkiela, Mikel Hernandez Abaituaren iruzkin hau: Ramon Saizarbitoriaren zenbait eleberritan «errealitatea memoria desordenatuaren iragazki apetatsutik pasatuta ematen da. Beste errealismo mota bat da, subjektiboagoa, xehetasunez beteta badago ere, itxura ezin objektiboagoz jantzita datorren arren.[...] Errealitatea, horrela, ez da izango berez errealitatea, gizakiak haren elementuekin eraikitzen duen oroitzapenezko paisaia bat baizik. Ez da izango mosaiko konbentzional bat, non irudiak ongi osatuta ikusten diren, ez, teselak desordenaturik aurkituko baitira. Zati guztiak modu nahasian agertuko dira, inolako ordenarik gabe itxuraz».

        Hamaika pauso-k berak adierazitakoa aintzat harturik, horrenbestez, tronpagarria litzateke nobelako denboraren antolakuntza kronologikoa. Noski, Ur Apalategik zehazten duenez, horrek ez du a contrario frogatzen denbora subjektiboaren eta bere berregite nobelistikoaren egiazkotasuna. Bestalde, batek daki zer esan nahi ote duen gertaera biografiko edo historikoen berregitea egiazkoa edo gezurrezkoa izateak. Ziurrenik, testuinguru honetan Saizarbitoriak, gaur egun, Montaigneren «fede ona» izango luke erreferentzia nagusi. Kontua da nobelagileak errealitateaz duen ikuskera malgua dela, ez denbora objektibora mugatu behar izateko bezain estua, bederen; denbora subjektiboa ere barnebiltzeko bezain zabala da.

        Apalategik adibide batez ñabartzen ditu ideia hauek: Abaituak gogora dakar bere kuadrillako lagunek umetua, menostua eta umiliatua izan zen pasadizoetako bat. Eta begira nola aurkezten digun: «Adibide asko zituen, baina amorrazio bereziz oroitzen zen Abel, Ion eta Albertorekin, laurak San Bartolome eta Urbieta arteko gurutzean zeuden hartaz, egun beharbada desagertua den La Vasconia oihal dendaren aurrean».

        «Beharbada» hori jotzen du Apalategik erabakigarritzat. Nork zehazten du denda «beharbada» desagertua dela? Abaituak berak ala agian Saizarbitoria izan litekeen narratzaile anonimoak?

        Bi-biak ariko lirateke oroitzen: Abaitua gertatu zaionaz eta narratzaile anonimoa Abaituaz eta honen testuinguruaz dakienaz. Edozein gisaz, Apalategiren ustez benetan balio duena ez da La Vasconia lentzeria dendari dagokion xehetasun historiko zehatza, baizik eta Abaituari egun hartan jazo zitzaionaren zentzu sakona, hau da, pasadizoaren oroitzapenak harengan utziriko aztarna. Karlos Linazasorok zehaztu du memoria aztarnaren izaera: «Ahaztua daukagu egin ziguten mina. Egunero ahazten dugu».

 

 

OROITZAPEN ILUN

 

        Saizarbitoriaren narratzailea denboran aurrera eta atzera nahieran ibiltzen da, eta ez du arazorik protagonisten kontzientzietako nahi gabeko nahiz borondatezko oroitzapen nahiz aurreikuspenak desbiribilkatu eta irakurleari eskaintzeko. Hamaika pauso, adibidez, Abaituaren heriotzaz amaituko da; eta hasi, berriz, Abaituak berak hil aurretik heriotzaren orduan ikusi eta gogoratuko zuela bazekienaz hasiko da, Juliaren lorategiko magnolia grandifloraz.

        Biribil honen barruan, pertsonaien nahigabeko oroitzapenek eta aurreikuspenek, eta «simetriaren eragin sekretuaren poderioz» sorturiko gurutzaketek eta kointzidentziek, egituratuko dute Saizarbitoriaren obraren ezkutuko erritmoa.

        Bestalde, Saizarbitoriak, Prousten gisara, oroimenaren eta egiaren arteko harremanaz ere hausnartuko du: bere protagonisten kontzientzian, gertaerek soilik oroitzapen bihurturikoan, «oroitzapen ilun», azalduko dute beren egia. Abaituak Susanaren mimo kurtsiak, Güell parkean, ezin ditu, jasaten dituen orainaldiko unean bertan, kurtsi eta irrigarri kontsideratu, eta ez du lortuko «harik eta, askoz geroago, hura guztia oroitzapen ilun bihurtu zen arte».

        Proustek dioenez, oroimenak, irudimenak eta adimenak, bakoitzak bere aldetik, ezin dituzte aurkitu sentipenezko edo maitasunezko enigmen baitan biribilkaturiko egiak. Aitzitik, arteak bai, aska ditzake, arteak argitu dezake oroitzapen soilak bere kabuz topa ezin dezakeen egiaren bidea. Arazo honi dagokionez, Saizarbitoria ez da Proust bezalakoa. Ikusi dugu Saizarbitoriarentzat sentipen enigmatiko batek soilik oroitzapen ilun bihurturikoan aurkituko duela egiaren bidea. Eta, Proustenean ez bezala, egiaren aurkikuntza, nahi gabeko oroitzapena legetxe, ez da inondik inora agerkunde harrigarriro atsegina.

        Kontagaitzak dira Hamaika pauso-n protagonistei nahi gabe datozkien oroitzapenak: Ortiz de Zarate Abaituaren oheaz nagusitu ondoren, Abaituari, arroparen bila urduri dabilela, gogoratzen zaion galtzerdien erosketarena; Zabalegiri, fusilatzera daramatelarik, gogoratzen zaiona: ferian zalditxoaren gainetik amari eskua altxatuz eginiko agurra, pozik, jakin arren bueltak amaitzen ari direla; orobat, zapatak bilatu beharra igande arratsaldeko filmak amaiturikoan, eta abar.

        Eta Saizarbitoriak, abailduriko Proust bat bailitzan, ez du, nahi gabeko oroitzapenon bitartez, inolako poz mistikorik sentituko, ezta heriotzaren aurkako garaipenik ere, edo egiaren bilaketan emandako aurrerapausorik; aitzitik, pertsonaiei euli gogaikarrien antzera sartzen zaizkie burmuinean, eta aski lan dute xomorrook uxatzen.

        Testuinguru honetan Proustentzat, Deleuzek zioenez, garrantzitsuena protagonistaren ikasbidea baldin bazen, esan liteke Saizarbitoria oroitzeaz arduratuko dela batik bat, hil behar dugula oroitzeaz funtsean.

 

 

d) ERREPIKA BERRIZ ERE

 

        Irakurle ernea ohartuko zenez, badago eztabaida inplizitu interesgarri bat, Saizarbitoriak nola aukeratzen ote dituen kontagai izango dituen oroitzapenak: alde batean, Mikel Hernandez Abaitua; bestean, Iñaki Aldekoa eta Ur Apalategi. Hernandez Abaituaren ustez, fikzioa osatzeko orduan Saizarbitoriak txit kontzienteki aukeratzen ditu iraganetiko teselak: «Eta horrela, Saizarbitoriaren eleberrietan ez dira agertuko historia osoa osatzen duten mosaiko zati guztiak, eta ezta historiaren ordenarekin ere, autore inplizituak aukeratu dituenak baizik, eta berak intuitiboki ordena egokientzat jotzen duen hurrenkeran, elkarren ondoan egonez beren esanahia eta efektua elkar potentzia eta indar dezaten». Adibidez, Ehun metro-koa «oso txukun berrordenatutako desordena da».

        Aldiz, Iñaki Aldekoak zein Ur Apalategik borondatearen bultzadari garrantzia kendu eta asoziazio librea nabarmentzen dute egituratzaile gisa.

        Ez ote dute biek arrazoi? Ze ondo, ezta? Une desberdinei dagozkie beharbada elkarlotura librea eta antolaera kontzientea. Saizarbitoriak uste bide du soilik behin borondatearen kontrolari itzuri egin eta inkontzientean murgilduta aurkitu ahalko dituela benetan esanguratsuak izango diren perpausak, ametsak edo gertaerak.

        Baina inkontzientean lausotasun librez arrantzaturiko oroitzapen horiek eleberrian aurkezteko orduan, tentuz antolatzen ditu. Batzuetan linealtasuna hobesten du (Kandinskyren tradizioa) edo ordena gutxi-asko ulergarria (Gorde nazazu lurpean, Martutene). Beste batzuetan, berriz, inkontzienteko desordena inkoherentea islatzen ahalegintzen da, hala nola Ene Jesus, Hamaika pauso edo Bihotz bi. Gerrako kronikak-en. Eta inkontzientean ez dago ez kontraesanik ez denborarik; inkontzientea, funtsean, errepikatzera mugatzen da.

        Horregatik da hain muntazkoa errepika Saizarbitoriaren nobeletan: eleberri guztietan darabil teknika narratibo gisa hitzen, elkarrizketen eta eszena osoen errepikatzea; eta horregatik da nobelagilearen obraren inguruko literaturan sakonkien jorraturiko aztergaia.

        Juan Garziak «tema» hitzetik abiatzen du Hamaika pauso-ko errepikaren inguruko bere gogoeta. Zentzu musikalean interesatzen zaio «tema» hitza. Hots, «tema» ez da «gaia», baizik eta «luzean errepikatzen den zer bat, alegia, eta hortik esanahien arteko zubia: 'gaia' (zertaz diharduen zerbaitek), 'seta' (errepikapen gaitza) eta 'motibo (musikal) nagusia' delakoa (jarraipenezko musika-zatia, agertu-desagertuz doazen beste 'motibo' batzuen artean). Izan ere, musikatiko hiztegi eta iruditeria iruditzen zait aproposena liburuaren gaiaren adierazpideak eta idazkeraren seta pazientziatsuak antolatu duten pieza deskribatzeko. [...]

        «...Liburu gehiena antolaturik dago berdin-berdin nahiz aldaera txikiren batez agertu-desagertuz doazen motibo batzuk oroimenaren espazio-denbora biltzailearen harian josiz. 'Joste'aren irudi hori musikan ere erabiltzen da, eta ez dirudi batere irudi desegokia liburuaren (h)aribidea azaltzeko: errepikapenon bitartez hemen sarritu eta han bakanduz bilbatzen diren hitz, objektu, irudi, erlazio, egoera, gertakari askotarikoek osatzen dute tapiza, nahiz tapizaren irudi hori estatikoegia den aukeran (non eta ez dugun Penelope baten tapiza irudikatzen)».

        Saizarbitoriaren motiboa, horrela, denbora luzean errepikatzen eta garatzen den bizipen hunkigarri bat litzateke, eta ez horrenbeste aztergai intelektual bat. Motibo horiek musika konposizioetan bezala agertzen eta desagertzen dira Saizarbitoriaren nobeletan. Hamaika pauso-ko zenbait motibo aipatzen dizkigu Juan Garziak: Daniel Zabalegiren zapata estuegiak; Julia, Hondarribiko bere etxean lurrean eserita zigarroa erretzen; Omega ordulari eskuz aldatua...

        Iñaki Aldekoak, bere aldetik, errepika Saizarbitoriaren kontaeraren baliabide nagusietakotzat jo eta Robbe-Grilleten esaldi ospetsua oroitarazi digu: eszena bat ez da berez garrantzitsua delako errepikatzen; aitzitik, errepikatzeak berak bilakatzen du garrantzitsu.

        Ur Apalategiren esanetan, bestalde, Hamaika pauso-k aipagai duen iragana, Ehun metro-koa ez bezala, ez dagokio soilik Euskal Herriaren Historiari, liburutik kanpokoari; liburuak berak sortutako denborazkotasuna ere kontuan hartzen du. Eta errepikatzeen bidez oroituko da nolabait Hamaika pauso bere buruaz eta bere iraganaz. Errepikek garai geruza desberdinen pilatzea eragingo dute, eta horrek emango dio eleberriari darion tankera trinkoa.

        Halatan, hamaikagarren kapituluaren hasieran, denbora jauzi baten bidez zahartutako pertsonaien aurrez aurre jartzen gaitu. Idazleak denboraren ondorioak erakusten dizkigu fikzioak berak sorturiko pertsonaiengan: Abaituaren kuadrillako kideak aldatu egin dira trantsizioko urteetan eta denak egokitu dira egoera politiko berrira; Abaitua, ostera, hasierako egoeran blokeaturik gelditu da, agian ez duelako Historian sinesten. Apalategiren hitzetan: Abaitua gai da oroitzeko, baina ez etorkizunerantz begiratzeko. Orainaldia pozoitzen dion eritasuna zaio Historia Abaituari. Bere jarduera nagusia oroitzea da, baina oroitzea ia bakarrik bere bizitzako unerik umiliagarrienez; horretan ez dabilenean, eleberrigintzaren bitartez Zabalegiren bizitza berreraikitzeari ekingo dio, horrela berea jasangarriagoa bilakatuko zaiolakoan. Alferrik, ordea.

        Ur Apalategiren irudiko, errepika da Saizarbitoriak linealtasunari muzin egiteko erabiliriko prozedura garrantzitsuenetako bat. Hamaika pauso den atal eta pusketen collage itxuraz desordenatuko pusketetako batzuk bikoizturik ageri dira, edo hirukoizturik, edo laukoizturik.

        Ezin Apalategirekin bat ez etorri: errepikaren ugaritasun hori behar bezala arrazoitzeko ez da aski kontuan hartzea Saizarbitoriaren teoria estetikoa. Gogorrago jotzen du auziaren iltzea protagonistaren aiurria bezalako barne justifikazio batek: neurotiko obsesiboa da Abaitua. Neurri handi batean, Ene Jesus-en, Hamaika pauso-n, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en eta Martutene-n elkarrizketak eta gertaerak errepikatzen dira protagonistak iraganeko gertaera umiliagarri eta traumatikoen etengabeko hausnarrari emanak zaizkiolako.

 

 

PERPAUSEN ERREPIKATZEA

 

        Errepika molde desberdinen artean, hitzenak erakarriko du oroz lehen Iñaki Aldekoaren arreta: «Hitzek sortuko dute erreferentea, eta ez alderantziz. Hitzek berek, errepikapenaren bidez, erakartzen dute objektua, edo kontatzen jarraitu ahal izateko irudi-aitzakia, ertz desberdinetatik zirikatu ondoren forma hartzera bultzaraziz».

        Esamolde errepikari horietako batzuk nabarmendu ditu Aldekoak: «'Ez dezagun konposturarik gal', 'gauza hauek, balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira', 'piztu dezakek argia', 'babo alena', 'izan ere, ibiliko ditudanagatik...' (zapatak) edo 'ale goazen' [...] Behin eta berriz itzultzen gara flash esaldi horietara; esaldi batean edo hitz batean kondentsatzen da eszena horien indarra, eta kontaeraren sostengu dira».

        Hain zuzen, Ur Apalategik dio Saizarbitoriarenean oroitzapen gehienak hizkuntzak eragiten dituela. Saizarbitoriaren pertsonaiak izaki bereziki mintzoduntzat ditu Apalategik; eta Abaitua idazlearen oroitzapenak batik bat beste pertsonaiek ahoskatu hitzek eragiten omen dituzte.

        Hitz eta esaldi horiek errepikatzearen bidez nabarmentzen dira eta errepika horiek margotzen dituzte pertsonaien nortasunak. Noski, Saizarbitoriak, pertsonaiak funtsatzeko orduan, ezaugarri fisikoak, keinuak eta jokabideak ere erabiltzen ditu, baina Ur Apalategiren ustez ahoskatzen dituzten hitzen bidez ezaugarritzea da Saizarbitoriak nahiago duen baliabidea. Beste edozein euskal autorek baino gehiago darabil Saizarbitoriak hizkuntza pertsonaiak pintatzeko orduan. Horregatik mintzo da pertsonaia bakoitza desberdin: denek dute nortasun linguistiko berezi bat, estilo bat.

        Bestalde, Mari Jose Olaziregiren ustez, Hamaika pauso-ko errepikatzeak «memoria harilkatzen laguntzen diguten elementuak dira. Ideien asoziazioaren teknikari esker, nobelak elementu hauen inguruan antolatzen du diskurtsoa, behin eta berriro egiten eta desegiten doan hari mataza bailitzan». Testuinguru honetan, ordea, Olaziregiri esanguratsua iruditzen zaio euskarara gutxi gorabehera moldatuko dudan Tom Bishopen aipu hau (Aldekoarekin eztabaidan dabilela dirudi, oñatiarrak errepika linguistikoari ematen dion garrantzia aipu honek ukatu egiten duen heinean, errepika piktorikoa lehenetsirik): «Asoziazio eta sorkuntza molde hori gehiago da piktorikoa tematikoa edo linguistikoa baino, eta funtzionatzen du nola margolanen, gauzen eta abarren justaposizioz, hala oroitutako eszenen bidez. Oroitutako eszena horiek geldiarazi egiten dira, edo bestela astiro-astiro garatzen dira».

        Ur Apalategiri eszenak dilatatzeko teknika horrek Sergio Leoneren zinemagintza dakarkio gogora. Nola dilatazioa hala errepikatzea, eszena edo gai zehatz bat enpatizatzeko borondateari lotzen dio. Hamaika pauso-n, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en eta Martutene-n eszena horietako zenbaiten hedatzeek kronologiari dagokiona gainezkatzen dute; orobat, jakina, errealismo klasikoari legokiokeena. Apalategik Zabalegiren heriotza kontatzen duen eszena dakar adibide: exekuzio pelotoiak fusilatu zuen, eta, benetako tiroek eta gorpuaren jausteak segundo gutxi batzuk baino iraun ez bazuten ere, liburuan xehetasun fisiologiko hiperrealistez hornituriko bi orrialde geldoz luzatzen dira.

 

 

ASPERTU ARTE ERREPIKATU

 

        Oroitzapenekin, jendearekin bezala, distantzia egokia aurkitzeak lagunduko liguke eroso bizitzen. Filosofoek sarrien erabili duten fabula dakar Martutene-k, arantzurdeena: bakar-bakarrik, hotzez hiltzen gara; goxotasun bila jendartera heldu eta arantza sartzen diogu elkarri, elkar zauritzen dugu. Distantzia egokia behar. Oroitzapen barik, era berean, sakontasunik gabeko orainaldi axalekoa genuke, bizimodu amnesikoa. Baina kontuz, oroitzapen mingarriek joera baitute orainaldiaz jabetu eta hausteko.

        Idaztea sendabide bat da Saizarbitoriarentzat, bizitza izorratzen digun iraganeko oroitzapen mingarria uxatzen ahalegintzeko tresna. Trauma eragin digun ikuskariaren ingurukoa da, hasieran aipatu bezala, nobelagileari interesatzen zaion literatura. Horrela ulertu behar dira beharbada haren adierazpen enigmatiko hauek: ahaztutakoa gogoratu eta berriro ahazteko idazten dut. Alegia, trauma hain gogorra izan zitzaionez inkontzientean gelditu zen, Saizarbitoriak ahaztua du. Idaztearen bidez gogoratuko du, idazteak inkontzientea kontziente egiteko balioko dio, eta beraz eramangarri. Horrelako zerbait iradoki bide dio lehen aipatu oroimenari buruzko Becketten testuak.

        Saizarbitoriaren obra bera da, horrenbestez, iraganeko itomenari erantzuten diona. Trauma nobela bilakatzearen bidez ahaleginduko da oroimina artatzen. Ez du desiren mugatzea proposatuko, ez borondatearen irmotasuna, ez iritziari ukoa eta indiferentzia, ez etsaia maitatzea, baizik eta transfigurazio estetikoa. Horregatik da hain bitxia eta paradoxazkoa egiarekin duen harremana. Protagonisten trauma nartzisista eta jatorriko zauria aztertzea baldin bada kontua, eta herriari eragiten dioten bidegabekeria hilgarrietan hatza sartu eta birak ematea, kolore zail bat hartzen dute ezinbestez aitormenak eta exhibizionismoak.

        Transfigurazio estetikoaren baitan, errepikaren teknika psikoanalitikoa darabil Saizarbitoriak, Daniel Sibonyk arestian eraberritua: trauma eragin duen ikuskaria hainbeste bider errepikatu, azkenik aspergarri bihurtzen baitzaio traumatizatuari berari, eta baztertu eta ahaztu egiten du. Zenbat aldiz ez ote du aipatu eta kontatu infideltasunaren gaua?

        Nolanahi ere, Saizarbitoria ez da Freud bezain baikorra: trauma kontzientziara ekartzeak ez du sendatzen. Bistan da Martinen kasuan: arrebaren bitartez ohartu da zeren errepika den infideltasunaren gaua. Honezkero badaki. Halarik ere, neurosia indarrean. Julia «etsia hartuta dago, hori da hitza. Beti espero izan du amesgaiztoaren misterioa argitzeak eraldatu egingo zuela. Egiaz espero baino gehiago fantasian aritu izan da inkontzientea kontziente eginez bere sintoma neurotikoak desagertu egingo zirelako ideiarekin, Gregory Pecki gertatzen zaion bezala Hitchcocken Spellbound filmean. Oroitu, Recuerda titulatu zuten filma gaztelaniaz. Julia sinetsia zegoen Martinen idazteko desiraren funtsean bere hutsune amnesikoa bete beharra zegoela. Gogoratzeko idazten zuen, bere neurositik sendatzeko, eta paradoxikoki neurosia bera zen idazlanean aurrera egiteko oztopo nagusia. Memoria berreskuratuz gero, idazketaren bidez pentsatzen zuen berak, neurosia gaindituta gizon zoriontsua izatea lortuko zuen idazten jarraitu edo ez, Siziliara joan edo Martutenen geratu. Erabat galdu du esperantza hori».

        Eta traumaren errepika zenaren ordez, amesgaizto errepikari berri bat pairatzen hasiko da Martin, letrei lotua. Ezaguna zaigun arren, merezi du hitzez hitz kopiatzea: «Idatzitako testua letraz letra isurbide batetik abiada bizian desagertzen ikusten du hitz bat bera ere identifikatzeko astirik gabe, eta lortzen duen aldi bakanetan hitzek ez diote deus adierazten. Hizkuntza ezezaguneko hitzak dira ulertzen ez dituenak».

        Ziurtatu beharrekoa, edonola ere, beti eskura edukitzea zertaz arranguratu. Lehen, orain eta beti, ni bizi naiz penatuki. Jarrera horixe da hain zuzen Ene Jesus-eko protagonistak, Abaitua idazleak eta Martinek beren amei leporatzen dietena. Eta, gurasoekin ez ezik gainerako jendearekin ere gertatzen denez, nardagarri eta jasangaitzena zaiguna dugu preseski bete-betean errepikatzen.

        Edonola ere, irakurle, eta batez ere neurosirako baino gehiago eskizofreniarako baldin baduzu joera, ez pentsa Saizarbitoriaren arazoa pose literario bat denik. Deleuzek zioen eskizofrenikoen arazoak errealak direla, neurotikoenak ez. Eta egia da neurosia hobeto datorkiola literaturari osasuna baino, idazleak erdi berariaz elika lezakeela bere eritasuna; ez da ordea Saizarbitoriaren kasua.

        Behin 70 urte beteta, Saizarbitoriak dio orain azkenik pozik ari dela idazten, gosal ondoren zenbait orduz tipi-tapa. Eta berehala: «Kaka zaharra, zergatik ez nuen horrela idatziko orain dela hogeita hamar urte?». Eta oinazezko imintzio elektriko batek hartzen dio ez soilik aurpegia, baizik gorputz osoa. Benetako espasmoa, ezin urrutiago itxurakeriatik. Baten batek iradokiz gero ez dela ezinezkoa orduko idazkera sufrikariozkotik pasatu behar izana oraingo zorionera heldu ahal izateko, ziplo ebakiko du: txorakeria galanta. Nerbioetan ulertzen duzu zer den iraganean gurutziltzaturik bizitzea, gurutzetik askatzeko hamaika esfortzu eginagatik ere. Gero eta aurpegi kristikoagoa ari zaio jartzen.