14
Egia
ENTZIKLOPEDISTA, BESTE HILTZAILE XELEBRE BAT
Saizarbitoriak Bihotz bi. Gerrako kronikak-en eta Bi bihotz, hilobi bat-en Ilustrazioaren ikurritz eta egitasmoen ifrentzua darakutsa, hainbat zentzutan. Abiapuntua Ilustrazioaren ezaugarrietan oinarritzen da: protagonista sakonki dago Entziklopediarekin erlazionatua; ez da entziklopedia-saltzaile hutsa, bere baitan bizi ditu asmo ilustratuak: zinezko fedea du Entziklopediaren eragin emantzipatzailean, uste du Entziklopediak biltzen duen jakintza etxez etxe zabalduz gero filosofia praktikoaren eta lege moral unibertsalaren aurrerapenak ez lukeela atzerapausorik, arrazoiaren bidez egia ezagut daitekeela, herria egia bakar eta osoaz jabetzeak gizarte arazoen konponbidea erraztuko lukeela.
Bere egiten du, halaber, arrazoiaren autonomiaren maxima: Entziklopedistak bere kabuz arrazoitzen du, jakitera ausartzen da, ez du bere erabakimena ezein gune heteronomoren menpe jartzen.
Zein da arazoa orduan? Zergatik eramaten du arrazoiaren erabilera frenetikoak emaztea hiltzera?
Ez ote da beti hori gertatzen arrazoiarekin, alegia, arrazoiari bide luzea eta librea eskainiz gero bere kasa aurrera egin dezan, ezinbestez amaitzen duela hilketan, industriak eta teknikak Auschwitzen amaitzen duten bezala, edota zientziak lehergailu atomikoan?
Etxeko gerretan ia ezertarako ez du balio arrazoiak; arrazoiaren erabilera muturrekoak ez, bederen. Frantziako Ilustrazioari bezala, Saizarbitoriaren Entziklopedistari ere Terroreak eta Errestaurazioak itxaroten diote bide amaieran. Bizitzan lasai mugitzeko orduan intuizioa egokiagoa da arrazoia baino; eta bizitzak dakarrena arrazoiaren bidez konpultsioz ulertu, kontrolatu eta planifikatu nahi izateak, bizitza bera galtzea dakar epe ertainera.
(Ez da ahaztu behar Rossetti-ren obsesioa-ko Eugenia ere ilustratua dela, Espainiako Ilustrazioaren aldezkari, Tierno Galvánen miresle, eta Juan Martin euskaldunak erabili, mespretxatu, umiliatu eta ahaztu egiten duela.)
Entziklopedista da Saizarbitoriaren pertsonaiarik komikoena; eta komikotasun hori lortzen du kontrastea erabiliz bi joera hauen artean: errealitatea arrazoiaren bidez ulertu eta menderatzeko tema, batetik; eta, bestetik, errealitatearen beraren irrazionaltasun sakona, Entziklopedistari alde orotatik ihes degiona.
Entziklopedistaren arrazoiak ezin du kontrolatu bizitzaren alderik sakonena, desarrazoizko aldea. Entziklopedistaren arrazoimenari Ilustrazioaren kritikoen ideiak barneratu eta bizitzan integratzea falta zaio. Behin ikasketa hori burutu ondoren, ez liokete hainbesterainoko amorrua eta nazka eragingo Bioletak zuzentzen dizkion maitasunezko hitz goxook, Flora ordezkaezinaren lekua betetzera datorkiolarik: «Zeu zara hiztegi entziklopedikoa».
Kant da ziur aski pentsalari ilustratu sendoena, eta ezaguna da Kanten etikaren agindu kategorikoetako bat: egia esan behar da, beti eta nonahi. Eta jarrera horrekin bat egingo du hedabideetako Saizarbitoriak, Gabriel Arestiren eskutik.
EGIA ESATEAREN ALDE
Idatziz baino maizago hitzez, Saizarbitoriak tai gabe aldarrikatu du egia adieraztea dela idazlearen konpromiso bakarra. Erabakigarria izan da Saizarbitoriarentzat Gabriel Aresti, zeinek poema hau idatzi baitzuen 1963an:
Egia bat esateagatik alabak hil behar bazaizkit, andrea bortxatu behar badidate, etxea lurrarekin berdindu behar bazait
Egia bat esateagatik ebaki behar badidate nik eskribitzen dudan eskua, nik kantatzen dudan mihina
Egia bat esateagatik nire izena kenduko badute euskal literaturaren urrezko orrietatik
inoiz, inola, inun eznaiz isilduko.
Orain Saizarbitoriaren beraren gogoeta batzuk kopiatuko ditut, Hasier Etxeberriari Bost idazle-n esanikoak:
«Idazleak, arotzak edo kazetariak bezala, pertsona zintzoa izan behar du. Ondratua».
«Gazte denboran egindako erruak aitortzea da orain nire erantzukizuna. Badakit beste diskurtso mota batekin lagun gehiago egingo nituzkeela, gazteen artean batez ere, baina gustukoak ez diren gauzak esan beharrak pena ematen didan arren, hori da dagokidana».
«Idazleak zintzoa izan behar du. Horixe du konpromisoa».
«Hemen denok utzi ditugu gauzak esan gabe, egokiera ez zelakoan. Baina Max Weber-ek bereizten duen bezala, gauza bat da politikariaren etika eta beste bat intelektualaren etika. Konbikzioaren etika eta erantzukizunaren etika. Politikariak gezurra esan dezake, erantzukizunari eusteko asmotan. Idazleak, ostera, ez. Inola ere ez. Idazleak ezin du gezurrik esan. Egia esan behar du beti».
«Egia gure aurka erabil dezaketen beldurrez, disimuluan jarduten dugu maiz. Egiaren jabe besteak direla pentsatzen dugu sarritan, eta Historiatik ezabatuko gaituzten beldurrez, geuk puztu eta itxuratzen dugu Historia. Arrisku handia da hori. Askotan hemengoaz hitz egiterakoan beldur gehiago diet batzuen txaloei, besteen mehatxuei baino».
«Nik uste dudanez, egia azaldu behar dugu. Hori da gure lana, baita atzetik norbait etorri badaiteke ere geuk esandako egia geure kontrako gezur bihurtuz. Guk egia esan behar dugu beti. Horixe da idazleon konpromisoa».
«Noski, egia entzun nahi ez duenarekin, alferrik da. Nahiago nuke indarkeriaren burugabekeriaz, horrek eskatzen duen miseria etikoaz, lehenago konturatu izan banintz. Nahiago nuke bere garaian Solzhenitsin-i entzun izan banio. Tragikoa da gizon horri egin geniona. Ezin imajina genezakeen berak zioena egia zenik; baina egia zen. Izugarria da ideologiak nola itsutzen gaituen. Geroztik ere izan gara itsu eta gor, eta mutu noski, idazleren batek salaturiko bidegabekerien aurrean. Tragikoa, baina egia da».
Labur: Saizarbitoriak hedabideetan egia aipatzen duelarik, oroz lehen egia politikoa du gogoan. Eta egia adieraztea dela idazlearen konpromisoa dioenean, ez dago misterio handirik bere hitzetan: batzuetan ingurukoen edo norberaren jokabide eta iritzi zenbait okerrak iruditzen zaizkigu; ordea, gure ustea adierazteak ezinegona eragingo luke, arerioek nire egia nire kideen aurka erabiltzea, lagunak edo bikotekidea galtzea, errietaren bat... Erosoagoa zaigu isiltzea eta betiko patxadari eustea. Dena den, Saizarbitoriak uste du idazleak ataka horietan ere egia adierazteko ausardia izan behar duela. Gabriel Arestirengandik etorriko zaio ziur aski jarrera etiko hori, baina tradizio luzea du mendebaldean: hasi Sokrates, segi Bruno, Spinoza...
EZ OTE DA SUSMAGARRIA ENFASI HORI?
Sinesgarria dea etengabeko azpimarratze hori? Ez da enfatikoegia idazleak konpromisoaren txapeldun beharko lukeela nabarmendu behar hori? Enfasi horren atzean ez ote dago kontuok batere garbi ikusten ez dituenaren itxaropena, errepikatzearen errepikatzez bere burua konbentzitzekoa?
Saizarbitoriak, hainbesteko suz azpimarratzen duenean egiatia izan beharra, ez al du erakusten Marcel Martinen aitatasun ukatua-ko Abokatuarenaren antzeko sinesgarritasun falta?
Abokatuaren sakoneko nahia da Marcel Martin bezain fidagarria izatea, egia esan eta jendeak ziplo sinets diezaion, baina ez du lortzen.
Are okerrago: emaztearentzat sinesgarria izan nahi du baina aldi berean modu traketsean engainatzen du, engainuan gozamen handirik aurkitu gabe, ohi bezala (Abaitua idazleak Susanarekin eta Entziklopedistak Bioletarekin erdiesten dutena bezain gozamen axaleko eta mudurria); baina bestalde, gezurti baldarra izateaz gain (berehala ohartzen da jendea), ez du ulertzen eta ezin du eraman besteren batzuk, gure kasuan Marcel Martin, edota Joe Costello bera, Martinen piano-jotzaile ohia, sinesgarri gerta dakizkien emakumeei.
Abokatuarentzat, eta beste askorentzat, hauxe enigmarik handiena: zelan liteke zenbait lagun zeharo fidagarriak izatea jendearentzat, bereziki emakumeentzat, baita ahalegindu barik ere? Nola da posible Marcel Martin bezalako gizon horiek, agerian utzi arren Abokatua disimulatzen hainbeste ahalegindu dena (ez dela fidela, amoranteak dituela), hala ere maitagarri gertatzea emakumeentzat?
Marcel Martinek ez ditu aitatasun probak egin nahi: berak esan du ez dela aita, eta sinets diezaioten exijitzen du, beste barik, eta Abokatuaren emazteak sinesten dio.
Saizarbitoriaren enfasiak bere buruari eginiko errieta dirudi, ezin diolako fideltasunik gorde idazleak egiarekin lotu behar omen lukeen konpromisoari; bere buruarekin haserre dagoen ahularen purrustada ematen du.
Enfasi hori ez dagokio egiari traizio egiten dionaren itxurakeriari, ezta zinikoaren poseari ere, mitina bota bezain laster mitinean adierazitakoaren aurkakoa egiteko asmoa duena, ez; Saizarbitoriaren hitzak goi maila egiatiari eusteko arazoak dituenarenak dira, superniaren gaztigua niari, goiari eusten batzuetan ahalegindu bai baina zail egiten baitzaio, euskaldun zintzo eta ausart izatea bezainbeste. Estu daude lotuta niaren ezina superniaren eta zeraren artean onezkoak egiteko orduan, eta iraganaren erruz bizitza etengabe arrakala dakizun.
EGIAREN BILATZE ETA
ADIERAZPEN INTERESATUA
Bizitzak berez dakar sufrimendua; Saizarbitoriaren etikaren beste agindu bat, garrantzitsuenetakoa: «Saia zaitez sufrimendua arintzen; ez ezazu inolaz ere ezer asmatu sufrimendua areagotuko duenik».
Saizarbitoria, hartara, ahuleziaren heroia genuke, gidari zalantzatia, nolabaiteko ergelkeriaren eta traizioaren aldezkari, zentzu postmoderno honetan: artasuna darien heroi militar zorrozki koherenteak gorroto dituenez, baina aldi berean nolabaiteko ausardiari uko egin nahi ez dionez, egia osoa zintzoki aitortzea litzateke ahulari eta koldarrari gelditzen zaion aukera bakanetako bat, ausardia bezalako balio zuzen bat gauzatzeko.
Saizarbitoriarentzat egia aldarrikatu beharra dago, Arestiren ildo enfatikoan, baiki; ordea, bere zenbait pertsonaien bilakaerak ez ezik Hamaika pauso-ko J.J. Lasaren adierazpen batzuek iradokitzen dute giza jokabidea egiatan ulertzeko hobe dela etologia kontuan hartzea, giza animaliatasuna, hormonak, noradrenalina eta linfozitoak, eta ez autonomoa litzatekeen egia idealista edo ilustraturen baten araberako giza jokabidearen ipuina: «Ikara eta hira erantzun biokimiko baten ñabardurak baino ez ditu bereizten. Eta maitasuna eta gorrotoa, edo eskuzabaltasuna eta norberekeria. Pertsonalitate liluragarri baten eta idiota baten arteko diferentzia bi aminoazidoren arteko orekak edo desorekak erabaki dezake». Egia da Iñaki Abaituak «ez gara biokimika hutsa» erantzuten diola, eta hori ere azpimarratu eta kontuan hartu beharra dago, gure testuinguruan esan nahi baitu dena ez dagoela idatzirik, patua ez dagoela erabakirik. Hala ere, J.J. Lasaren hurrengo arrazoibideak ere badu bere munta etikari eta egiaren adierazpenari doakionez: «Gure jokabidearen DNA norberekeria da, norberekeriaren eragina dira gure ekintza guztiak, desinteresatuen diruditenak ere. Semea bere ondoan, ezer txarrik gerta ez dakion gorde nahi duen ama, berekoikeriaz ari da, zerbait gertatuko balitzaio berak jasan beharko lukeen sufrimendua saihestu nahian».
Egia eta egiaren adierazpena ere gizabanakoaren interesen menpeko tresnak lirateke hein handi batean, beldurraren eta agintzeko grinaren adierazpen eta tresna, errua eta damua uxatu eta zure kontzientziarekin onezkoak egiteko beharraren, sexukideaz jabetzeko irrikaren eta antzeko senen adierazpen eta tresna. Mundu errealean egia zinez ez baitu akademiko hotzak bilatzen, borondate onak bultzatuta, berak asmatutako metodo koherente baten bidez, urratsez urrats, arrazoibide logikoz; aitzitik, maiteminduak bilatzen du egia maitearen keinu gezurtietan, jelosia akuilu, edo abertzaleak aberkideen ahoberokerietan, erruak eta errukiak xaxatuta.
ETAren GAITZESPENA
Juan Martinek sentitzen duen bezala Victoriari maite zuela garaiz aitortu izana on zitzaiokeela, era berean Martin ziur da ETAri buruz sentitzen zuena garaiz adierazi izan balu ez zukeela gerora horrenbeste sufrituko hoben sentimenduaren eta damuaren erruz. Ziur aski, ETA gaitzesteko orduan nolabaiteko zintzotasun desinteresatua ere eragile garrantzitsua izango zuen, orobat beste gizaki baten oinazeak eragin dezakeen sumin eta gupida inpertsonala, baina ez da lotsagarri, ez da bekatu, ETAren gaitzespenaren bultzatzaile nagusitzat interesa onartzea, ongizatearen bilatzea.
Egia garaiz adierazteak izan bailezake berezko balio etiko aratza, auskalo, baina aldi berean interesatua ere izaten da, oinazea aurrezten digun heinean; besteak beste, egia garaiz ez esateagatiko arrangura. Ez baitu balio ziurtatzeak «zuk jendaurrean kondenatu zenuenerako aspaldi kondenatzen nuen nik, baina barrutik».
Mina apaltzeaz gain, plazer iturri ere bilaka daiteke egia garaiz adieraztea, kasu honetan ETAren indarkeria garaiz kondenatu izana. Zenbait kondenatzailek ezin du ezkutatu besteri zerbait leporatu ahal izateak eragiten dion atsegina: «Ez duzu kondenatu, ergela eta gaiztoa zara, idiota moral bat»; epaile justiziazale zorrotzaren paperean kokatzea baitzaio gozamen goren. Mordoka dabiltza halakoak gurean, gozamen erotiko gisako bat sentitzen dutenak kondenatzeko exijitze sutsuari esker, kondena norgehiagokari esker, kondenatzen ez dutenak detektatzeko metodo barregarriei esker, gatazkari buruzko kontakizunean kondenarik txertatu nahi ez duena madarikatu eta eskumikatzeari esker, agintariek eta hedabideek markaturiko kontsentsu zarratua histeriaz erabilirik gutxiengoa umiliatzeko...
Gozamen hori, sasoi batean ETArekin eta lilura iraultzailearekin kolaboratu izanak mingostu dezake; beranduegi hasi zara kondenatzen. Lehenago hasi izan bazina, gaiztoen aurkako zure kondenak indar handiagoa luke gaur egun, puruagoa litzateke, erasoezinagoa, biolentoagoa, gustagarriagoa.
Edonola ere, Martutene-k ederto dakarrenez, Franco izan zen ETA kondenatzen aurrenetakoa.
ERREPIDE ERTZEAN LEHERTUTAKO ARRATOI
Hitzaurrean iradoki legez, Saizarbitoriak egiari buruz hedabideei adierazi ohi diena ñabartu egiten du bere literaturan, are kontraesan: batetik, askotarikoa eta nahasia izan liteke ETAri buruzko egia adierazteko bultzatzailea; eta, bestetik, bikotekideari egia adieraztea sarritan ez da onuragarri.
Errepikatzen digute arazoei buruz hitz egiteak arazoak konpontzeko orduan gehiago laguntzen duela isiltzeak baino, komunikazioa eta kontsentsua laudatzen dizkigute: Habermasen zaleen eta psikologo askoren eraso orokorraren aldeetako bat da. Ordea, alemanek dioten bezala, mintzatzea zilarra da, baina isiltzea urre.
Saizarbitoriaren eleberrietan, bikotekidearen mugak ezagutzea, eta norberarenak, ez da erabaki, hitzarmen edo solasaldi baten ondorio izaten, halaxe behar lukeen arren ziur aski, baizik eskarmentuaren. Etengabe komunikatu beharrak arazo artifizialak asmatu eta puztea dakar, sarritan ez baitago komunikatzeko gauza handirik. Komunikazioak baino gehiago lagunduko luke bikotekidearen sekretuekiko begiruneak.
Saizarbitoria bera da gure artisten artean bikotekideen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa zehazkien aztertu duena; eta garrantzi berezia ematen dio egiaren adierazpenari. Zenbaitetan, protagonistak sentitzen du bikote harremana usteltzea eta desleialtasuna, bikotekideari egia garaiz esan ez izanak ekarri duela.
Beste batzuetan, aitzitik, egia desorduan edo lekuz kanpo esateak dakar hondamendia. Bi bihotz, hilobi bat-en, La comunicación en la pareja: claves del éxito irakurri ondoren, bikote protagonistak erabaki du papertxo batean besteari dagokion baina ezagutzen ez duen egia bat idaztea.
Gizonak, ondorioen beldur, orokorkeriak eta lelo itxuralari pinpirinak baino idazten ez dituen bitartean, andreak gogor joko du iltzea: «Nazka ematen didate zure hortzek, zikinak diruditelako», edota «me da asco cuando me tocas las tetas y me besas en el cuello».
Era berean, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en, bikotea bolada eder bat igarotzen ari dela, besteari egia esateko zinak Florari aitorraraziko dio biok bakarrik egin zuten bidaia ofizialki zoragarri batean, Italian, autobusean zihoazela, zutik, gizonak Florari Malatestako gazteluaz azalpen historiko jantzi bezain luzeak ematen zizkion bitartean, italiar bat Florarengana atzetik hurbildu eta zakila ipurdian itsatsi ziola, eta Florak gustura utzi. Aipatu dut jelosiaren gaineko atalean.
Protagonistak aurrerantzean ezingo du burutik uxatu berak emazteari datu interesgarri horiek ezagutarazi bitartean italiar maltzurrak ziur aski bere baitarako «To Malatesta!» errepikatuko zuela barrez.
Egia beti eta nonahi aldarrikatu beharraz gain, hauxe ere badio Saizarbitoriak: «Idealizatu ohi da egia, eta batzuetan ez da errepide ertzean lehertutako arratoi bat baino».
Etikan, behin-behineko zenbait enfasi gorabehera, agindu kategorikoek kikildu egiten dute Saizarbitoria, beldurgarriak zaizkio eta batere ez sinesgarriak; komeni da nobelagileak proposatu agindu etikoak oro hipotetiko, material eta baldintzatutzat har ditzagun.
EGIA BIKOTEAN
Saizarbitoriaren bikoteetan harreman desberdina dute hizkuntzarekin gizonek eta emakumeek. Emakumeak, hala nola Susanak edo Mirenek, konexio psikikoa bilatzen du oroz lehen, harremana ezartzea, frekuentziak batzea. Hori dela eta, ez dio garrantzi berezirik ematen dioenaren mami zehatzari edo koherentzia logikoari. Aitzitik, gizonak sexu harremanari begira darabil gehiago hizkuntza; osterantzean, ez dago zer esan handirik. Horretan ere, talka egiten dute.
Entziklopedistak eta Florak elkarri egia esatea adosten dute. Arestian esan bezala, hasieratik egingo du gizonak iruzur, ez bakarrik ez zaiolako buruan pasatu ere egiten dena aitortzeko aukera; gainera, adostasuna Florarengandik informazioa lortzeko erabiliko du. Ordea, Florari gezurren bidez ateratako informazio hori da hain zuzen ere gizonari minik handiena emango diona. Gizonak uste du iruzurti abila dela, pozik da bere buruarekin, Florari egia lotsagarriak ateratzen dizkiolako berak ordainez deus eman behar izan gabe, baina egia horiek daramate jelosiara, sufritzera eta hilketara. Egia horietako bi: Riminiko autobusean Florak italiarraren zakila ipurdian gozoro, eta Adolforekin larrua nola jotzen zuen: bera Adolforen gainean hankalatraba jarri eta titiburuak atximurkatzen zizkion.
Kontua da Entziklopedistak Flora inozo tolesgabetzat jotzen duela, egia esateagatik, egia lotsagarri horiek aitortzeagatik. Entziklopedistak antzeko pasadizoak kontatuz gero Florari, honek umorez eta eskuzabal onartuko lituzke ziur aski, maite kontuetan Saizarbitoriaren emakumeak ulerkorragoak baitira, barkaberagoak.
Hortaz, litekeena da Floraren aldetik konfiantza adierazpen bat izatea Riminikoa edo Adolforekin larrua nola jotzen duen kontatzea: honezkero ez da gertatzen, zu maite zaitut, zurekin egon nahi dut eta horregatik kontatzen dizut.
Ordea, Entziklopedista nolakoa den jakinda, ez ote dago Floraren aldetik, Malatesta eta hankalatraba bezalako aitorpenak egiteko orduan, bultzatzaile sadiko bat ere? Entziklopedista hain ongi ezaguturik, nola ez da ba ohartuko irudi horiek txitean-pitean etorriko zaizkiola gogora? Irudi horiek baztertu ezinik, Entziklopedistak iruzkin mingarriak egingo dizkio aurrerantzean: a, bazoaz, autobusean panderoa ezezagunen zakil lodiekin igurztera, noski, eta horrela.
Entziklopedistaren atxikimendua ziurtatu nahi luke beharbada aitorpen horien bidez Florak. Badaki senarraren berotasuna hirugarren baten presentzia erreal edo irudimenezkoak pizten duela. Bestalde, maite kontuetan bikotearen intimitatean Saizarbitoriaren andrea exhibizionistagoa izaten da gizona baino. Flora kilikatu eta berotu egiten du bere sexu eta sentimendu abenturak kontatzeak, are gehiago jakinik gizonari erantzun afektibo gogorra eragiten diotela. Florarentzat, okerrena indiferentzia da. Nahiago du jelosia, aldarria, hondamendia, hoztasun axolagabea baino. Hala ere, hori ez da Saizarbitoriak asmatutako andre guztiekin gertatzen, esaldi enigmatiko hau lekuko: «Emakumeak pintatzen dakitenek lortzen dituzte, ez maitatzen dituztenek». Interpretazio bat: emakumeak nahi duena da maitaleak berari buruz gogoan egin duen irudia erreala izatea; eta gai izatea modu egoki eta libre batez erabiltzeko. Ez luke sentimendu karga handiko maitasunik nahi. Beste bat, Virginia Woolfen eta Prousten ildotik: amodioa ez da gai maitalea eta maitea benetan elkartzeko. Arteak bai, lor lezake.
Beraz, busti behar izanez gero, Saizarbitoriaren galderaren aurrean: komeni al da bikotekideen arteko komunikazio osoa, egokia al da egiarik morbosoenak ere kontatzea, maitasunaren eta konfiantza osoaren izenean? Erantzuna da: ez; bikotearekin aurrera jarraitu nahi baduzu ez kontatu bikotekideari mingarri lekiokeena.
Uko egin behar, horrenbestez, elkar erabat ezagutzeari. Bikoteak edo giza taldeak funtziona dezan asko dira jakin behar ez diren kontuak. Bestalde, inork ezin du bere burua erabat kontrolatu; are gutxiago, erabat ezagutu; besteak beste, arras zaila baita egia osoa eramatea.
Eta, jakina, Florak, zenbait egia xume jakinda bizitzeko Entziklopedistaren ezinaz jabetu ondoren, ez dio kontatuko ezta kontserbatorioko jolas orduetan zigarreta pipatzeko ohitura duela ere.
HERIOTZA, EGIA ADIERAZTEAREN ONDORIO
Saizarbitoriaren zailtasun nagusia, Saizarbitoria idazlearen paradoxa, etikari dagokionez, bistan da, egiaz duen ikuspuntu konplexuak eragina da: hedabideei diotse egia goitik behera aitortzea izan behar duela edozein idazlek konpromiso nagusi; aldiz, bere kontakizunetan, alde batetik, gauzak nahasi eta gainbehera doazenean, egia garaiz aitortu ez izana jotzen du hondamendiaren errudun; baina, bestetik, pertsonaiak azkenik egia aitortzera deliberatzen direlarik, ondorioa aurreko kasuan bezain katastrofikoa izaten da. Floraren eta Entziklopedistaren patuak gaztigatzen digu egia esateak bikotekide batek bestea hiltzera eraman dezakeela.
Bizitza sozialaz denaz bezainbatean, adibidez Saizarbitoriaren obran garrantzi berezia duen ETAz, egia adieraztea eta ETA garaiz gaitzestea identifikatzen ditu; Saizarbitoriak maiz agertu du damua, ETAren eta iraultza gorriaren gaitzespena garaiz ez aldarrikatu izanagatik.
Bizitza intimoan, maiteari egia garaiz ez esateak, sentimendua bizirik delarik «maite zaitut» esan ez izanak, epe luzera oinazea dakar, maitearen nekadura eta azkenik agurra.
Gizarte bizitzaren eta bikote bizitzaren oinarria gerra da. Saizarbitoriaren iritziz, egoera oinazetsu hori gainditzekotan, itunak egin beharko genituzke: Florak eta Entziklopedistak ez zuten ikasi «hainbeste urte elkarrekin pasa ondoren gelditzen zitzaiguna ahalik eta ondoen eraman ahal izateko, hitzarmen moduko bat egiten, Samuelek eta besteek, egina zutela ziur asko ez zekiten arren, egina zuten bezala». Baliteke Saizarbitoriak arrazoi izatea, baina bere obrak zuzenean darakutsana da bikote bizitzan hitzarmen kontziente eta argiek ez dutela ezertarako balio, eta sarritan hitzartzeko ahalegin horiek dakartela hain zuzen ere gudua.
Ematen du ez dagoela irtenbiderik: etikaren porrota da patuaren gailentzea, zangoen paralisia, heriotza, gerra; baina, gerrarik gabeko edo gerra lotan dagoen egoeretan ere, gerra saihesteko hitzarmenak dakar preseski gerra. Patuaz aritutakoan ikusi bezala, patuari muzin egiteko mugimenduak berak botatzen zaitu patuaren atzaparretara. Bi bihotz, hilobi bat-en, esaterako, harremana hobetzeko ahaleginak berak, egia adierazi behar omen duten idatzien bidez, ekarriko du Floraren heriotza.
Saizarbitoriak dio idazleak beti esan behar duela egia. Baina egia horietako bat da gizaki errealoi beti eta nonahi egia esateak heriotza ekar diezagukeela ondorioz: Florari, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en, Entziklopedistari aitortzeak Adolforekin larrua nola jotzen zuen ekarriko dio heriotza; eta, Bi bihotz, hilobi bat-en, berriz, higuingarri zaizkiola Entziklopedistaren hortzak eta titiak uki diezazkion. Lehenbizikoan jelosia da Entziklopedistaren bultzatzaile nagusia; bigarrenean mespretxatua izana. Bietan zinez maite du Entziklopedistak Flora, baina iluna eta heriori lotua izaten da Saizarbitoriarenean maitasuna.
LAGUNAK GALDU
Egiaren arazoari gagozkiola ere, Saizarbitoriak idazlea gainerako pertsonengandik banakatzen du. Max Weberren bereizketa ospetsua darabil: idazleak beti eta nonahi behar du egia adierazi, konbikzioaren etikari lotu behar zaio. Aldiz, idazle ez direnen artean, politikariari esplizituki baimentzen dio Saizarbitoriak gezurra esateko eskubidea, erantzukizunaren etikak hala eskatuko balu. Eta, eguneroko bizitzan, jende arruntak, Saizarbitoriaren pertsonaiek, kontuz ibili behar lukete egiarekin. Batzuetan egia esatea maitasunaren eta bizitzaren aldeko izaten da, eta orduan esan egin behar da, eta garaiz. Baina beste batzuetan oinazea eragin lezake, heriotza, eta beraz hobe isilik.
Eta testu egiati bat balitz oinazea eta heriotza eragingo lituzkeena?
Saizarbitoriak dioelarik «egia adieraztea da idazlearen konpromisoa», gogoan dabilkiona ez da «dena da egia, osotasuna» edo «egia denbora bera da» bezalako egia filosofikoren bat; hurbilago du «tenorez esan gabeko aitorpen pertsonal bat»en antzeko zerbait, «ingurugiro barneratuaren presioari amore emateagatik luzaroegi geroratua».
Egia objektiboak ere beharrezkoak lirateke, noski, esaterako Euskal Herriaren Historia irakasteko orduan. Euskal Herriaren Historia mitoz apainduegian, edo euskal kultura txiki baina harroan, premiazkoa genuke egia osoa lehenbailehen adieraztea.
Saizarbitoriaren jarrera terapeuta batena da; sakonki sufritzen duen pertsona izaki, sakonki sufritzen duen herri bateko kide, eskarmentuak zantzu batzuk erakutsi dizkio, zein sendabide komeni zaigun, eta bere literatura botika ere bada. Saizarbitoria apur bat ezagutzea aski da sumatzeko zein den bere dohainik nabarmenetakoa: bereziki ondo daki adi entzuten eta aholku egokiak ematen. Aise kontatzen dizkiozu beste inori kontatu gabekoak, eta, eskatuz gero, primeran asmatzen du zer egin iraganetik datozkizun arazo enkistatuak konponbidean jartzeko.
Herri gisa, gutxien komeni zaiguna itxurakeria da, lilura harroa, herri handiekin kosta ahala kosta berdindu nahia, hizkuntza indartsua darabilen herri nagusia bagina bezala jokatzea. Inportante pintatzen gaituzten fikzio horiek are gehiago ahultzen gaituzte: besteek ez gaituzte ulertzen, guk ere ez dugu gure burua ulertzen, ameskeria hauskor batean bizitzeak erdi zoro eta zeharo zaurgarri egiten gaitu.
Apainduraz eta harrokeriaz biluztea, gure herriaren historia goibelaren berri emateko, gure kulturaren miseriena, gure hizkuntzaren ahuleziena... Saizarbitoriarentzat ez lirateke egia desinteresatuaren amoreagatik beste barik esan beharrekoak; egia aitortzen duen hizkera hori erabili beharrekoa da, guretzat osasungarriagoa, erabilgarriagoa eta indartzaileagoa den heinean.
Nobelagilearen ustez, gehien komeni zaigun hizkera benetan sentitzen duguna doitasun handienaz adierazten duena da; eta egia, azken batean, komenigarrien zaigun mintzamoldea. Hemen terapeuten arteko xextrak aurki ditzakegu ordea.
Ez baita imajinaezina autosugestiozko mintzamoldea izan dakigun onuragarriena, eta halaxe usteko du ziurrenik giza arimaren zenbait ikerlarik: gure ahulezia ezkutatuko lukeen eta itxurazko herri eta hizkuntza indartsuak pintatuko lituzketen mintzamoldeak izan dakizkigun benetan lagungarriak ahulezia errealak sendatzeko eta gainditzeko orduan. Gertatzen baita norberaren egia liluraren ondorio izatea, irudimenak erabakitzea gure egia, garen nahaste-borraste aprobetxategia gaizkiulertuen eta antzezpenen bitartez iristea bere egia heroikoa egituratzera, Della Rovere jeneralaren kasuan bezala Roberto Rosselliniren filmean. Aldeak alde, ez dabil oso urruti Mirenen irudimenaren zeregina Kandinskyren tradizioa-n.
Hori halaxe dela frogatuko balitz, eta Saizarbitoriaren beraren arrazoibidean oinarrituz, litekeena da idazleak hizkera ilusionagarri horren alde egitea.
Saizarbitoria, eskarmentuaren ondorioz, ez baita idealista, ez kristau ez ilustratu ez iraultzaile, baizik eta pluralista eta kontsekuentzialista, alegia, ideiak eta mintzamoldeak balioesten ditu ez apriorizko beregaintasun baten talaiatik, baizik mundu errealean eragiten dituzten ondorio zehatzen arabera.
Horregatik, idazleak beti esan behar du egia, bai, konforme; baina ez beti-beti. Araberan. Egia idaztearen ondorioz maitasuna hilko balitz, edota oinazea hedatu eta larritu, ez luke mereziko.