1
Astroak
Izarren argia itzali egin zaio Saizarbitoriari, ezin du kosmosaren laguntza eskuratu. Txillardegik giza harremanek eraginiko zauriak sendatzeko galaxietan barrena bidaiatzen zuen, Marko Aureliok aholkatu legez, nahiz ezin burutik kendu zientziak aurreikusitako Unibertso osoaren ezinbesteko amatatzea. Ostera, Ehun metro-ko zein Asaba zaharren baratza-ko protagonistek ez desirak erlatibizatzeko baizik desirak betetzeko eskatzen diete izarrei; ez dakien aita hil, zehazki. Ehun metro-n, Joxe Zuazalagoitia umeak, bederatzi izarrak zenbatu eta desira eskatzera doanean, zalantza: astroek ziur aski ez dute euskaraz jakingo; beraz, badaezpada ere, gaztelaniaz formulatuko dut desira. Koldo Izagirrek arrazoi: Ehun metro ez da, Jon Juaristik definitu bezala, lehenbiziko euskal nobela elebiduna, baizik lehenbiziko euskal nobela diglosikoa. Dena den, euskaraz zein erdaraz mintzatuta ere, Saizarbitoriaren pertsonaiei izarrek ez diete jaramonik egiten. Lur honetako izakiei lotzera mugatu behar beren zorion eta zoritxarrak.
Zeruko astroak mutu bazaizkigu, hurbilena zaigun astroa, gure Lur hau, biraka eta biraka dabil, alferrik eta uholdeka isurtzen den odolaren aurrean sorgor, Ehun metro-n errepikatzen den kantuaren Prèverten hitzek adierazten dutenez: «Nora doa gainezka egindako odol hori dena: erailketen odola, gerletako odola, miseriaren odola eta kartzeletan torturaturiko gizonen odola, aitak eta amak patxadaz torturaturiko haurren odola...»; odol putzu orokorra gorabehera, Lurrak jira-biraka jarraitzen du zeharo indiferente, euskal gizartea bezalaxe Joxe Zuazalagoitiaren odolaren aurrean.
Bistan da: gure Lur honetan ugariagoak izaten dira zoritxarrak pozaldiak baino; inertziak eta berezko joerek zoritxarrera garamatzate. Berezko joeren artean iragana ezin eramana eta beldurra ditugu, oroimena eta irudimena zorionbidetik erauzten dizkiguten pasio tristeak. Ene Jesus-eko protagonista itsasotik datorkion iraganak itoko du; beldurrak, ostera, etorkizunera kateatzen gaitu, eta Hamaika pauso-k iradokitzen digu landareek apal dezaketela. Dakuskigun.