Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

10

Iragan biografikoa, pasio pertsonalak

 

        Saizarbitoriaren protagonisten alde ilunetako bat identitateari dagokio, norberaren eraikuntzari. Nobelagileak ia guztia kuestionatu izan du beti, batik bat herentzian jaso duena: abertzaletasuna, besteak beste. Baina baita bere izaera pertsonala bera ere, herentziatik bereiz litekeen heinean. Haren protagonistek arazoak dituzte beren burua onartzeko orduan. Saizarbitoriaren irudiko, idazleak bere buruaren aurka behar du idatzi.

 

 

a) ERRUA

 

        Hasieratik ageri da errua indar handiz Saizarbitoriaren obran, Eliza eta Estatua erru-ereile nagusi, bitartekari medikuak eta emakumea biktima printzipal. Jadanik Egunero hasten delako-n birjintasuna galtzearen eta erruaren arteko lotura nabari da. Batetik Elizak, eta bestetik Miller eta Fontanaz ginekologoak, amorruz ahalegintzen dira Gisèlerengan errua txertatzen, ezkontzatik kanpo eta umerik izateko asmorik gabe larrua jo eta haurdun gelditzeagatik.

        Ehun metro-ko Joxe Zuazalagoitia errudun sentitzen da elkartasuna ez adierazi izanagatik bere komandokide ohi bati, ETAtik kanporatu zutena andaluziar erizain batekin ezkondu zela eta. Ene Jesus-en ere errua da protagonistaren eztenik sarkorrenetarikoa.

        Dena den, Martutene dugu erruaren nobela. Lausoa da eta nonahikoa errua Martutene-n, sakonki dago mintzairan txertatua solaskideari errua leporatzeko ohitura: zure erruz galdu gara berriro Donostiako errepideetan, zure erruz bereizi zaizkigu gurasoak. Giza harremanak ping-pong partida balira, orduan errua pilota, erruduna izaten baita lagun hurkoa kosta ahala kosta errudun sentiarazi nahi duena.

        Edonola ere, ez besteren batek baizik nork bere burua errudun jotzeko joera nabarmentzen da eleberrian: tabakoa erretzeagatik hobendun, lagunei dirua emateko orduan eskuzabala ez izateagatik, semeak zure antza duelako, senarraren ordenagailuan kuxkuxeatzeagatik, arbasoek euskaldun zintzo izateko agindu eta ez duzulako maila ematen, etakideek zure ideien alde dena ematen duten bitartean ez zarelako erakundean sartu, edota ez zarelako terroristen biktimengana laster eta ganoraz hurbildu; Max Frischek ere erruduntzat du bere burua, mendian nazi bat izan zitekeena topatu eta amildegitik beheiti ez botatzeagatik. Jende zintzoa pertsona bat ez hiltzeagatik errudun senti bailiteke.

        Badira kulpa errealak eta beste batzuk gaizki dabilen gure gogoak ezarriak, iraganeko zaborra. Dirudienez, giza burmuinak badu eskrezentzia bat antzinaroan praktikoak zitzaizkigun baina honezkero deusetarako balio ez duten sentimenduak eragiten edo gordetzen dizkiguna: obsesio, beldur, erru sentimendu desordu eta deslekukoak. Ikusia dugu bosgarren atalean. Hauen artean, Juliak eta Pilarrek zazpi urte lehenagoko infideltasunagatik oraindik pairatzen dutena. Martinek zein Abaituak abandonatuta zeuzkaten eta axaleko harreman bana izan zuten. Gizonen jelosiazko ihardukiaren alde bat emaztea umiliatu eta errudun sentiaraztea izaten da.

        Entziklopedistak, Martinek eta Abaituak orbandu egiten dituzte Flora, Julia eta Pilar, zikin sentiarazi. Emakume hauek gizarte heteropatriarkalaren arau moralen aldeko zentsura beren baitaratu eta lotsa, damua eta errua pairatzen dituzte ondorioz. Ez da harritzekoa arau horiek ohartzeke ere barneratzea, kontuan hartuta, Miguel Catalánek Anatomía del secreto-n gomutarazi legez, gure gizarteek berriki arte moralki eta gutxi-asko lausoki ez ezik juridikoki ere andrearen infideltasuna zigortu egin dutela. Bestalde, andrearen desira ugariak errugabetu eta indarrez barreiatzeko gurean pizten ari diren mugimenduek Saizarbitoriaren gizon protagonistak bezain gutxi ukitzen dituzte Flora, Julia eta Pilar. Horretan ere pertsonaia errealistak dira, salbuespenak baitira mugimendu emantzipatzaile berri horietan engaiatu diren Saizarbitoriaren belaunaldiko kideak. Simone de Beauvoirren obra ezagutzen dute, baina ez diote aurre egin behar izan zalantzari, «Manifestu TransFeminista» izenpetu ala ez. Pistola parea Nefertitiren eskuetan bezain desordukoak lirateke sinadura horiek. Hona manifestuaren hasiera: «Feminismo erradikaletik gatoz, gu gara bollerak, gu gara putak, transak, immigranteak, beltzak, heterodisidenteak... amorrutik ekindako iraultza feminista gara, eta hortzak erakustera gatoz; politika zuzen eta genero-bulegoetatik ateraz, gure desiren bultzadak ekarri gaitu politikoki okerrak izatera, molestatzera, birpentsatzera eta gure mutazioen esanahi berriak sortzera. Emakume hutsa izateak jada ez digu balio. 'Emakume'aren subjektu politikoa motz geratu zaigu, baztertzailea da izatez, kanpoan uzten baititu bollerak, putak, beloa daramaten horiek, gutxi irabazten dutenak eta unibertsitatera joan ez direnak, oihu eta garrasi egiten dutenak, paperik ez dutenak, maritxuak...». Ezin nabarmenagoa da belaunaldi jauzia.

        Errudunik zitalenak psikopatak dira, ez dute kulpa sentimendurik. Sendagileen gremioan ez bide da ezohikoa pazienteen bizia arriskuan jartzea dirua egiteko, edo hierarkian gora. Ez dira gutxi sendagileen arduragabekeriek hilak. Martutene-n medikuen erruz jaio berri bat hiltzen da, eta medikuak ahalegintzen dira errua amari leporatzen. Hauxe litzateke jende gaiztoaren saizarbitoriar definizioa: batetik, errudun sentitzen ez den erruduna; bestetik, bere errua besteri egozten ahalegintzen dena. Ostera, bidegabekeria egin ondoren errudun sentitu eta bere gain hartzen duena, errudun sentitzen den erruduna, Saizarbitoriaren hiztegian, «gizajoa» da. Edonola ere, arreta deitzen duena da horrenbeste pertsonaia sentitzea errudun errugabe izan arren; horiexek dira neurotikoak, gizaki petoak. Zenbat eta kontzientzia barrualde aberatsagoa, zenbat eta urrutiago primariotasunetik, hainbat eta errudunago. Azken atalean ikusiko dugunez, errutik libre bizi diren Saizarbitoriaren pertsonaiak ez dira protagonista izatera iritsiko.

        Protagonista bakoitzak errua gainetik kentzeko bide berezia erabiliko du. Pilarrek denbora pasatzen utzi, sudokuak egin bitartean. Abaituak ez die apaizei barkatzen errudun sentiarazteko grina, batez ere sexu kontuetan. Horregatik da protagonistarik kristauena hobenaz libratzeko estrategiei dagokienez: barkamena apalki eskatu eta penitentzia. Bai baita gurean kristauek arrakasta ikaragarriz zabaldu duten ideia bat, arretaz aztertuz gero arras bitxia: sufrimenduaren bidez garbitzen da hobena, oinazeak berrerosiko zaitu. Abaituak barneratua du plazerak ordaina dakarrela, ez dagoela zigorrik gabeko bekaturik eta penitentzia saihetsezina dela.

        Martin da agian hobena garbitzeko bide berriak asmatzeko orduan originalena. Nerabe zela, arestian aipatua, amak masturbatzen harrapatu zuen. Uste dut orduz geroztiko kulpa gordinari erantzuteko era poetiko bat dela Poliklinikan aita ohean datzala ama estuaren alboan Zentzumenen inperioa ikustea, biak adi-adi eta isil-isilik, hasi eta buka, hasieran zakil tentea pantaila osoa betetzen, semen eztanda kamera geldoan, eta bukaeran mutila asfixia afrodisiakoz ito eta neskak mutilaren zakila ebaki eta odolaz mutilaren gorpuaren bularrean «Sada eta Kitxi elkarrekin betirako» idazten (filmean eta nobelan ageri ez den arren, oinarri dituen gertaera errealetan neskak mutilaren zakila aluan sartu eta herriko karriketan alderrai ibili ei zen, jota eta sonanbulu, lau egunez eta gauez).

        Martinek, gainera, idatzi egiten du. Hobena artatzeko tenorean izkiriatzea ez da hagitz eragingarria haatik, idazteak berak literatura elikatu ahal izateko izain bihurtzen baitzaitu, ingurukoen biziaren eta odolaren hurrupari, batik bat bikote bizitzako erru eta miseriena. Saizarbitoriak errudunari «miserable» ere deitzen dio. Miserablea da Juliak Martini ordu arte inori aipatu gabeko oroitzapen mingarri bat kontatu (Juliari oraindik errua eragiten diona erraietan, batez ere aita txarto sentiarazteagatik), alegia, txikitan gurasoen lagun bati kuleroak jaisten eta bulba ukitzen uzten ziola, arkatzen truke, eskolan koaderno ederrak egitea gustatzen baitzitzaion, eta handik pixka batera Martinek Juliaren ispilu literarioaz idaztea txikitandik ohitu zela bere bulbatxoarekin trafikatzen. Idazlea, traidore eta errudun.

 

 

BORONDATEAREN PORROTA

 

        Abaituak, Lynn ezagutu bezain laster, Max Frischen Montauk-en «Lynn ez da erru baten izena sekula izango» irakurri eta bere egiten du. San Sebastianen antzekoa da ginekologo donostiarra, erruaren geziek zeharkatua. Neurosiak, gainera, denboraren geziak nahasten dizkio: orain beldur da etorkizunean iraganarekiko senti dezakeen nostalgiaz eta kulpaz. Barrualdeko geruzak oro eta biografia osoa kutsatzen dizkio erruak. Txikitako erru sentimenduak ere orbaintzeke dauzka: Otzetan ehiztaria zuen inguruko jendea. Bera ere ahalegintzen zen, baina eskasa izaki. Halako batean, txantxangorri bat bota eta harro eraman zion aitonari; aitona ez zen batere poztu ordea, eta ez dela txantxangorria hiltzea komeni jakinarazi zion kopetilun, xomorro kaltegarriak jaten baititu. Orduz geroztik, txantxangorri bat ikusten duen aldiro berpizten zaizkio Abaituari oroitzapen mingarri hori eta ondoriozko hobendun sentimendu astuna.

        Abaitua eta Loiola berdin-berdinak dira, eta bi-biei zaie hori penagarri. Txitxarroen tragedian Abaituari bere ahuleziari semearen ispiluan antzematea egin zitzaion bereziki oinazegarri. Errua zauri eta gai nagusi duen Kafkari madarikazio hauxe bota zion aitak: «Arraina bahintz bezala zatituko haut». Abaituari, oro har, ez zaio bere burua laket; ezta semea ere, hortaz. Gainera, semearen begiradan nabaritu uste du errua botatzen diola bere izaera transmititzeagatik.

        Senide eta maitasun harremanetan ez ezik, lantokian ere, ospitalean, erruak eragotzita dauka Abaitua, ezinduta, mutututa. Ezin ugazaben bidegabekeriak merezi bezala salatu, baliteke eta bere hobena, Teresa Hoyosen aurkako sexu abusua, ezagutzea, eta auskalo nola erabiliko luketen. Abaituaren oroitzapena: «Dena normala izan zen, sintomei buruz galdeketa egin, biluzteko agindu zion, normaltasunez, berretsi du, inongo asmo lizunik edo obszenorik gabe ez orduan eta ezta postura ginekologikoan jartzen lagundu zionean ere, baina, bat-batean, bere aurrean jesarri zenean, bere zango zabalduen artean, baginaren intimotasunean hatz hutsik sartzeko desioak hartu zuen. Eta hala egin zuen. Huraxe baino ez, esku larruak jarri gabe hatz arina eta luzea sartu eta barnean eduki segundo batzuetan. Besterik ez. Bere buruaren irudi biziotsuegia emateko beldur delako berritu du ez zaiola beste inoiz gertatu eta egin bazuen gehiago izan zela afektuaren eraginez plazer bila baino, berez nahiago zukeela eskutik hartu haren barrena aztarrikatu baino. Abusatzaile guztien leloa, pentsatu du».

        Abaituari eskarmentuak erakutsi dio asmo edo ekintza mota batek hobena sortuko diola. Zehazki, desirari amore emateak beti sentiarazten du hobendun, eta saihesten ahalegintzen da, baina ez du beti lortzen. Badaki Lynnenganako desirak ordaina ekarriko diola, baina hala ere ezin amata. Lynnenganako desira errudunaren ezaugarri bat da Abaituak soilik Lynni aitor diezazkiokeela bere errurik garratzenak, hots, semeari eta Teresa Hoyosi lotutakoak.

        Lynnek Teresa Hoyosenaz errugabetzen duen egun berean, beranduago, ospitalean, Hoyos bera aurkitu, laprastada koldarraz geroztik ikusten ez zuena, eta honek ere errugabetuko du. Sentimendu tanatofilo pisutsua da Abaituaren errua, Gloria Victis estatuako soldadu eroria bilakatzen du, ezpata hautsirik zerraldo; bizirik hiltzen baitu. Baina Lynn aingeru biofiloak besoetatik heldu, erruaren gela hotz ilunetik atera eta zorionbidera hegaldaraziko du: ezustean, Abaitua kokoteraino dugu besteen hobena, senide zein herrikide, bere gain hartu beharraz; sentimendu horren aurkako amorruak adierazten dio zinez ari dela sendatzen.

        Gero, ausardia ere erakutsiko du: errua kaltegileak berak hartu behar du bere gain, kosta lain kosta. Aipatu bezala, ospitalean ume jaio berri bat sendagileen utzikeriagatik hil zen, baina amari sinetsarazi zioten bere erruz hil zela. Abaituak amari jakinaraziko dio zein den benetako erantzulea. Egun zoragarri hori amaitu baino lehen, Abaituak eta Lynnek bizia gurtuko dute, jaiotza batean lagunduz; jaiotza hitzak jaia barnebiltzen du. Abaituaren erru garbitasunak hementxe joko du gailurra. Lynn ziur da bere maitasunak erruaren pean itorik egondako Abaitua salbatu duela.

        Amaieran, aireportuko altzo ilunean, inork hartzen ez dituen maleten bira etengabeek uhal garraiatzailean, Abaituaren hegaldiaren akabera adierazten dute, erorikoa erruaren betiereko itzulerara. Ez dago gainditzerik.

        Errudunaren begiez ikusi du Abaituak Gloria Victis-eko aingerua: hegoak bildurik. Balbetzat eta mala patatzat hartu du berehala Lynnek Abaituaren errorea. Maitasuna ezin da errutik bereizi. Ginekologoak Pilarren altzoan sartuko du berriro bere antzinako bihotz oinazetsua, maleta-garraiatzailea bezain grisa den Pilarren altzoan. Izan ere, Pilarrek gaztelaniaz dioenez, «nire erruak gorputz eta aurpegi eta begi grisak ditu». Pilarrek Adolfo amorantearen laguntzaz gauzatu du Lynn elbarritu duen ebakuntza, erru grisa hanpatu diona hiltzea desiratzeraino. Zer egin dut, zer esango luke aitak. Lynnek paralisiaz ordainduko du Pilarren eta Abaituaren tartean sartu izana. Halatan, Lynn izango da Abaituaren erruaren izena.

 

 

MUNDU GLOBALAK DESIRA ZAITZAN

 

        Honelaxe interpretatu du Joseba Gabilondok New York-Martutene-n Abaituaren itzulera Pilarrengana: Martutene-k XIX mendeko nobela errealistaren mugimendua errepikatzen du: adulterioa eta ondoriozko eskarmentua. Abaituaren belaunaldiaren supernia abertzale, kristau eta burgesa da. Belaunaldi horretako kideek superni horren eskakizunari huts egiten dioten aldiro errua da pizten. Gabilondok esanguratsutzat du 766 orrialdeko liburu batean «erru» hitza 110 bat aldiz errepikatzea, eta «erruki» berriz 30 baino ez; kontuan hartu beharrekoa da, hala ere, Saizarbitoriak «erru» «akats» esanahiarekin ere badarabilela.

        Michigango jakintsuak dioenez, superni nazionalista, kristau eta burges hori Pilarrek ezartzen du, bere aitaren izenean, Abaituarengan. Eta Lynnek hautsiko du, Lynnenganako desirak. Haustura horrek burgestu baino lehenagoko bultzada idealista iraultzaileak berpizten ditu ginekologoarengan, Pariseko maiatzeko oihartzunak dakartzatenak, agintearen aurkako matxinatzea: Lynnen eraginez hasiko da errutik askatzen, salatuko ditu jaio berriaren heriotzaren benetako erantzuleak, lagunduko du delituzko erditze batean. Ordainez, Abaitua bera espedientatu eta legearen kanpoalde gorrira zigortuko dute.

        Ordea, Pilar aitatiarrarengana itzulirik berriro belaunikatuko da superni nazionalista, liberal eta kristauaren aurrean, legea hautsi aurretik baino otzanago eta menpekoago gainera, transgresiorako aukerak legea indartzen eta sendotzen baitu.

        Azkenik, Pilarrek, Lynn elbarri utzirik, Abaituari gogoberritzeko guraria erauziko dio. Behin betiko kastratuko du ginekologoa.

 

 

ERRUDUNARI BARKAMENA UKATU

 

        Saizarbitoriaren nobela bakoitza dago pentsalari handi baten itzalpean kokatua; gai printzipalaren arabera, tentuz zaintzen du zein filosofo aipatu. Eleberri bakoitza lotzen dio filosofo bati edo zenbaiti.

        Ia beti esplizituki, Egunero hasten delako-n bezala: Gisèlek eta Mauricek Filosofia ikasten dihardute eta Heidegger aipatzen diete. Heideggerrek dioenez, gizakia mundu zentzubakora berak eskatzeke jaurtia izan da, eta, ia beti, jendetza amorfoan beste edonoren errepika baita, edonork dagiena dagi. Bakarrik Dasein-ak, aintzat harturik heriotzak eta ezerezak eragin angustia, ohikotasun inpertsonaletik iratzarri eta bere egoera absurdoari adorez degio aurre. Era berean, Gisèle egotzia izan da munduko korapiloen metafora den tren geltoki bidegurutzekora, nahi gabeko haurdunaldiaren angustia barruan daramala. Abortatzeko erabakiak altxatuko du masa inertziaren lozorrotik.

        Beste batzuetan zeharkakoa edo gordea da filosofoarekiko harremana, Ene Jesus-en izenburuko Jesukristorekikoa bezala, etikaren historia irauli zuen pentsalaria, edota Kandinskyren tradizioa-ko Descartes, tradiziorik beneragarrienak metodikoki jarri baitzituen zalantzapean. Saizarbitoriak zuzenean aipatzen ez duen arren, liburuko gogoeta nagusiaren formak ez dio zalantzari zirrikiturik uzten: «Sufritzen dut, beraz maitemindurik nago».

        Martutene-n erabiltzen ditu Montaigne, Camus, Simone de Beauvoir, Sartre eta... Wittgenstein. Martutene hobenaren nobela baldin bada, Wittgenstein duzu filosofiaren historia osoko errudunik oinazetsuena.

        Errudun sentitzeko Wittgensteinen joera garbi nabari da Lehen Mundu Gerran idatzi zituen egunkari sekretuetan: borrokan beti bere sentsualtasunaren aurka, Jainkoari larriduraz eskatzen dio laguntza, masturbatzeko grinari gailendu eta lan egiteko indarra eman diezaion. Arazo logiko-filosofikoetan behar bezala lan ez egiteagatik sentitzen da behin eta berriz hobendun.

        Masturbatzeko tenorean bere burua lagun batekin solasean irudikatzen du; ziur aski hori dela-eta izango ziren hain intentsuak Wittgensteinen elkarrizketa errealak. Egunkarietatik, hitzez hitz: «Nire barne indarra alferrik xahutzen dut. Oso sentsual nabil eta ia egunero masturbatzen naiz. Ezin horrela jarraitu». «Balantzaka nabil, ilunpetan jausirik. Gaixorik nago eta nire bizitza txarra da. Jainkoak lagun nazala. Berreros nazala eta bakea eman diezadala. Amen. Jainkoak babes nazala. Jainkoa da gizakiak behar duen gauza bakarra. Jainkoak eman diezadala indarra. Amen. Amen. Amen. Egin dadila Zure nahia. Jainkoak argitu nazala, argitu nazala, argitu dezala nire arima». «Jainkoak argi nazala. Zizare bat naiz, eta soilik Jainkoari esker bilaka naiteke gizaki. Jainkoak lagun nazala. Amen».

        Bestalde, eskolan nozituriko zartakoak batzuek aise ahazten dituzte, beste batzuek inoiz ez. Abaitua ginekologoari harrigarri egiten zaio bere ikaskide izaniko zenbaitek seme-alabak matrikulatzea haiek jipoitu zituzten eskoletan, aukera izan arren beste norabait bidaltzeko.

        Zentzu honetan, esanguratsua da Wittgensteini jazoriko pasadizo bat, non bortizki uztartzen baitira eskola, errudun sentitzeko joera gogorra duenaren erru itzela, barkamen ukatua eta iragan zitala ezin irenstea. Edozein aldetatik begiraturik da ikaragarria. Asmatu egin du Saizarbitoriak Wittgenstein Martutene-ko errezelen atzean ezkutatuta. Ray Monk biografoak jaso zuen gertaera eta Paul Austerrek horrela kontatu digu:

        «Lehen mundu-gerran Tractatus saioa idatzi ostean, Wittgensteini iruditu zitzaion konpondu zituela jada filosofiaren arazo guztiak eta burutuak zituela jada gaiarekikoak betiko. Eskola-maisu joan zen Austriako mendialdeko urruneko herrixkaren batera, baina ezegoki gertatu zen lan hartarako. Zorrotza, jenio txarrekoa, are bortitza ere, etengabe egiten zien agiraka umeei, eta jo ere egiten zituen ikasgaia ikasten ez zutenean. Ez erritu gisa ipurdian zigorkadak bakarrik, baita buruan eta aurpegian kolpeak ere, hainbat umeri zauri larriak eragiterainoko suminez emandako ukabilkadak. Jokamolde izugarri haren berri zabaldu zen ordea, eta lanpostua utzarazi zioten. Igaro ziren urteak, hogei gutxienez, oker ez banago, eta Wittgenstein Cambridgen bizi zen, berriro ere filosofia lantzen, eta gizon ospetsu eta miretsia zen ordurako. Orain ez naiz oroitzen arrazoiez, baina krisi espiritual batean erori zen eta nerbioetatik eritu. Sendatzen hasi zelarik, erabaki zuen ezinbestekoa zuela, berriz osasuna izatekotan, bere iraganera itzuli eta apaltasunez barka eskatzea inoiz bidegabekeriaren bat egin izan zion edo iraindu izan zuen pertsona bakoitzari. Barnean gaiztotzen ari zitzaion errua garbitu nahi zuen, bere kontzientzia araztu eta berriz hasi. Eta bide horrek, jakina, Austriako mendialdeko herrixkara eraman zuen atzera. Behialako ikasleak pertsona helduak ziren ordurako, hogeietan aurrera edo oso aurrera zihoazen gizon eta emakumeak, eta hala eta ere beren eskola-maisu bortitz haren oroitzapena ez zen ahuldu beren gogoetan. Wittgensteinek haien ateak jo zituen, banan-banan, eta hogei urte lehenagoko bere krudelkeria onartezin hura barkatzeko eskatu zien, banan-banan. Haietako batzuen aurrean belaunikatu eta arrenka hasi zen, erreguz eskatu zien egin izan zituen bekatuetatik libratzeko. Batek uste izango zukeen ezen hain damu erabateko eta zinezko baten aurrean egokitzen zena errukitu egingo zela erromes haren oinazeaz, eta bigundu egingo zela, baina Wittgensteinen behialako ikasle guztietatik batek ere ez zion barkatu nahi izan. Hark eman izan zien mina errotuegia zegoen, eta harengana sentitzen zuten gorrotoa errukirako aukera oro baino handiagoa zen».

        Haraindian ere baleukake Wittgensteinek hobendun sentitzeko arrazoirik: Max Frischek Montauk-en kontatzen du filosofoaren erruz utzi ziola bere lagun minarekin mintzatzeari. Frischek laguna bera baino gehiago zela naturaltasunez onartzen zuen, laguna garaia, jantzia eta aberatsa baitzen. Ordea, Frisch Ingeborg Bachmann poeta eta filosofoarekin maitasun harremanetan hasi zen, eta lagunak ezin izan zuen eraman Max koitadua Tractatus Logico-Philosophicus-ari buruz ganoraz idazteko moduko emakume interesgarri haren bikotekide izatea.

 

 

FILOSOFIAREN ERAKARMENA

 

        Zergatik ageri da Saizarbitoriaren obran hainbeste filosofo, Filosofia ikasle eta ideia filosofiko? Nondik nora Aristoteles, Akinoko Tomas, Montaigne, Voltaire, Rousseau, Unamuno, Marx, Freud, Heidegger, Wittgenstein, Sartre, Camus, Deleuze eta abar potolo bat ez ezik hainbeste Filosofia ikasle, Egunero hasten delako-tik hasita? Gisèle eta Mauricek, esan bezala, Filosofia ikasten baitute. Filosofia ikasle duzu, orobat, Zuazalagoitiaren odolustearen lekukoa, Ehun metro-n, Zamudio tabernako mahaira eserita dagoena; Gudari zaharraren gerra galdua-n, gudari zaharraren lagun Egiaren iloba zintzoa ere, Santoñako errendizioaren inguruko ikuspuntu abertzale ofiziala eztabaidatzen duena, Filosofia ikasitakoa da. Hainbeste filosofiarik gabe ere, Saizarbitoriak adierazi ahalko zukeen adierazi nahi duenaren funtsa.

        Ihardespen posible bat, Wittgensteinen ildotik: metafisika eritasuna da, ohiko galdera filosofikoak gaixotasun mentala adierazten du. Wittgensteinen dizipulu Wisdomek honela zehazten du ikuspuntu hori: galdera filosofiko tipikoei eta neurotiko obsesiboak bere buruari egiten dizkionari egitura eta musika bera darie: neurotiko obsesiboak dira galdera filosofikoak. Galderan berean datza neurosia. Kutsu obsesibo berdintsua dute filosofoen kezkek eta Saizarbitoriaren protagonistenek.

        Isomorfoak dira erantzun zehatzik gabeko betiko galdera filosofikoak (zer da denbora?, zer naiz ni zinez?, zer da egia?, zelan jakin zehazki zer den ona eta zer txarra?, modu erabat desinteresatuan ote naiz zintzoa?, nire jokaera erabaki duen arrazoibidera ez al zait oharkabean interes izpiren bat igaro?, bizitzak ba ote du zentzurik?) eta Saizarbitoriaren protagonisten tankerako neurotiko obsesiboen buruhausteak (zergatik naiz errudun?, aski zintzoa izan ote naiz biktimekin?, zer da emakumeak benetan nahi duena?, nolakoa da emakumea?, zergatik sinesten dio jendeak abeslari horri eta niri berriz ez?, zuzen jokatu al genuen gerra zibilean?, zer da zehazki euskaldun izatea?).

        Wittgensteinentzat zein Wisdomentzat, ez du zentzurik galdera horiei erantzuten ahalegintzeak, buru eritasun baten ondorio diren neurrian: behin osasuna berreskuratuz gero berez eta berehala disolbatzen eta desegiten dira.

        Halatan, Saizarbitoriaren etengabeko filosofia aipatze hori hurbiltasunak bultzatuko luke, afinitate afektiboak: neure gogo joerak neuk hobetsitakoa ez bezalako adierazpide bat har dezakeela eta hartzen duela egiaztatzeak eragindako lilurak.

        Noski, azalpen bakar horrek ez du enigma erabat argitzen. Adibidez, kidetasun afektibo horrekin nahasirik, bada esaldi filosofiko ponposoenganako ironia jolasti bat ere. Amaigabea da interpretazioa, kontagaitzak denborak ekarriko dituen perspektibak.

 

 

b) JELOSIA

 

        Saizarbitoriaren jeloskorrak gehiago arduratzen dira beren buruaz eta maitearen sentimenduez beren adarrek gizartean eduki lezaketen oihartzunaz baino. Ez darakutsate jeloskorraren ohiko ezaugarri bat: gizarteak adarren berri jakiteak eragiten duen desprestigioaren beldurra, jendeak atzetik iseka egingo ote dion. Bi forma hartu ohi ditu beldur horrek: batetik, uste dut maiteak adarrak biltzen dizkidala, konbikzio subjektiboa daukat, frogarik ez, jende orok dakike, ni izango naiz jakiten azkena. Tai gabe ariko dira mihi-mihi-mihi nire bizkar. Eta, bestetik, aurrerantzean ezingo dut nire izen ona berreskuratu, gizartean beti izango naiz gizajo adardun bat, burla orokorrak ez du etenik edukiko. Sentimendu honen oinarrian maiz izaten da jeloskorrak aurretik txutxumutxu gaiztoa erabili izana adardunez berbetan, eta mundu-herriak maltzurkeria berbera erabiliko duen susmoa bere kasuaz pentsatzeko eta mintzatzeko orduan. Bumeran efektua hemen ere.

 

 

MAURICE AURREKARI

 

        Egunero hasten delako-ko Maurice duzu Ene Jesus-eko protagonistaren, Abaitua bien, Entziklopedistaren eta Martinen aurrekari, jeloskor patologiko diren heinean. Maurice maitemindu egiten da zinez, obsesionatu egiten da maitearekin, harik eta berarekin oheratzea lortzen duen arte. Ordutik aurrera zeharo galduko du neskarenganako interesa. Inoiz ez da neska berarekin bi bider oheratu. Soilik neska beste mutilen batekin dabilela ikusiz gero berpizten zaio irrika. Horregatik leporatzen dio Jean-Louis adiskideak poligamiarako joera.

        Mauricek benetan maite izan du Gisèle zenbait hilabetez. Gisèle birjina da. Azkenik, amodioa egiten dute eta Maurice desagertu egingo da, utzi egingo dio Filosofiako eskoletara joateari. Bestalde, Gisèlek ez du Maurice maite; garbi bereizten ditu sexua eta maitasuna.

        Gisèle haurdun geldituko da, eta, Mauriceri ezer kontatu gabe, bakardade zirraragarrian, abortatzea erabakiko du. Xehero ematen du Saizarbitoriak haurdun gelditu berri den neska gazte baten sentipenen berri: betiko usainek nazka eragiten diote, infernuko zalantzak, amaren ahotsa (amari laket zitzaion Gisèleren adatsa, baina honek behin batean, hamasei urte zituela, auskalo zergatik, ebaki egin zuen, eragabeki, eta birjintasuna galdu izanak amaren aurkako buruanputazio hura ekarriko dio gogora).

        Mauricek Gisèle nahi du, biziki du desio, baina soilik jabekizun zaion bitartean, ehiztari izaki: behin ehizakia harrapatu, bereganatu, azpiratu eta zulatu ondoren, interesgarri izateari utziko dio eta beste ehizaki baten bila abiatuko da.

        Mauricek, emeaz jabetu ostean, utzi egingo du, baina ezingo du eraman berak abandonatu ondoren beste gizon batekin dabilela ikustea. Berak zulatu du ehizakia, berak hil du pieza. Zer ari da hor, bidegabeki berpiztua, beste ehiztari baten eskuetan? Maurice jaio zen eme ehizakiak berak akabatzeko, eta ez hilikoak ustekabean besteren baten eskutik berpiztu direla jasan behar izateko.

        Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko Entziklopedistak ere emaztea anulatu nahi du. Etxean bere duelarik, ez soilik ez du maite, baizik baztertu eta mespretxatu egiten du. Hori bai, bizitza autonomoa izan dezakeela sumatu orduko, senarrarengandik libre, maitasuna berpiztu egingo zaio, alegia, jelosia, berriro ere emaztea bereganatu eta ezeztatzeko, oraingo honetan behin betiko.

 

 

ATZERA BEGIRA BERDE

 

        Jelosia dela eta maiteagatik sufritzeko prest egotea litzateke Saizarbitoriarenean gizonaren maitasuna, inor balego sufritzeko prest. Jelosia ez da maitasunaren ondorio, ezpada maitasuna jelosiaren. Polikarpok Sabineri baziotson «zu zara nire aberri bakarra», Bihotz bi. Gerrako kronikak-ek erakutsiko digu zer gertatzen den emaztea aberritzat hartzen duzularik. Afrodisiakoa da Entziklopedistaren jelosia, baina aldi berean obsesiboa, kontrolatzailea eta hiltzailea, alegia, txit sinesgarria, kontuan hartuz gero jelosiazkoak direla genero hilketen ehuneko laurogei baino gehiago.

        Saizarbitoriaren nobeletako muina giza harremanak dira, giza harremanena maitasuna, eta maitasunarena jelosia. Eleberri guztietan ageri da jelosia, eta gai garrantzitsuenetakoa duzu Ene Jesus-en, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en eta Martutene-n. Jelosiak egituratzen du gizonen nortasun afektiboa. Martutene-n inoizko sakonkien aztertu eta adierazi du jelosia molde desberdinen nondik norakoa. Desberdin jelosten zaizkio protagonista maskulino eta femeninoak. Eta gizon eta emakume bakoitza ere, desberdin. Itogarri oihularia da Keparen emaztearen jelosia; Juliak, berriz, gizonaren infideltasunei ezikusia egiteko joera du.

        Gizonek, Entziklopedistak, Martinek eta Abaituak, emazteak maite dituzte, baina jelosiak eragozten die bihotzez eta gardenki maitatzea, atzera begirako jelosiak, zehazki. Flora, Pilar zein Julia abandonatuak sentitu ziren garai batean, eta amorante gazte banarekin joan zitzaizkien, Adolfo akordeoilari, Adolfo sasipoeta eta Adolfo neurokirurgialariarekin. Faustinoren eta Floraren edota Martinen eta Juliaren arteko harremanak hautsirik zeudelarik infideltasunak zituen berpiztu. Zentzu horretan da Saizarbitoriaren gizon protagonisten jelosia nagusia amorruzkoa ez ezik afrodisiakoa.

        Ordea, berpizteak soilik iraungo du harik eta gizonak andrea berreskuratua duelako bermea ziurtatuko duen arte. Ondoren, infideltasunari loturiko oroitzapenek, irudi mingarri horiek, mamuen jazarpenek, oztopatu egingo diote andrea goitik behera maitatzea, eta gizonaren beraren infideltasunaren akuilu izango dira. Bien bitartean, jelosiak biziberrituriko bikotean, gizonaren desoreka eta min horiek tabu bihurtu dute andrearen iraganeko harremanen aipamena.

        Bihotz bi. Gerrako kronikak-en Entziklopedistak eta Florak bezala, Martutene-n ere gizon jelostuek bai eta emakumeek egiten ez dutena: maiteari beste harremanei buruzko informazioa atera, bikote sendo batek egia osoa konfiantza osoz partekatu behar duelako aitzakia baliaturik, eta ondoren informazio hori maitearen aurka erabili. Ez sadismo hutsez, gehiago agian masokismoz, pasibo-agresiboa baita Saizarbitoriarenean gizona. Freudek dio erruak bilakarazten duela sadismoa masokismo. Informazio horietan bildutako irudiak oinazetsuak zaizkio gizonari, behin eta berriro gogoratzen ditu edo zaizkio, eta emakumea zigortzeko erabiliko ditu, kontraeraso mendekatian, azken batean emakumeak sentiarazi baitio oinaze hori. Horixe da Faustinoren, Martinen eta Abaituaren atzera begirako jelosiaren zentzua; Martinena itsu eta basatiagoa, autoerrukitsuagoa Abaituarena, dotoreagoa, beharbada Abaituaren beraren ikuspuntutik ezagutarazten zaigulako. Zernahi gisaz, gurpil zoro horrek ez die Saizarbitoriaren bikote helduei bizitzen uzten. Iraganak matxuratzen ditu.

        Andrearen nortasuna egokiago dago egituratua orainaldiaz gozatzeko, indartsuagoa eta osasuntsuagoa du arima, prest dago barkatzeko eta ahazteko maite duen gizonarekin ondo bizi ahal izateko; baina gizonak beti leporatuko dio iraganeko mamua, eta azkenik andrea nazkatu eta etxetik alde egingo du, edo gizonak andrea hil.

        Jelosia mota hori, edonola ere, nagusiagoa den arazo baten aldakia da, mendekua, errua eta damua ere barnebiltzen dituena: karga zaigu iragana eta madarikazio oroimena. Saizarbitoriaren protagonistak ezin dira Ithakara itzuli. Irudimenezko maitea eta maite erreala azkenik bat eta bera izan daitezen litzateke Ithaka, baina gizon horiek etengabe dabiltza noraezean, ikasi ezinik ideala ikusten alboko errealitate gordinean, eta horrenbestez sufritzen eta sufriarazten.

 

 

BIHOTZ BI

 

        Saizarbitoriarenean, Proustenean legez, jelosia da maitasunaren egia. Neurotiko obsesiboak kontrolatu egin behar du. Prousten jelostuen soluzioa maitea bahitu eta bakartzea izaten da. Entziklopedistarentzat, ordea, Ene Jesus-eko protagonistarentzat bezala, bizirik dagoena ezin denez guztiz kontrolatu, orduan hobe hilik; bahitu eta bakartu baino hobe zuzenean maitea garbituta.

        Infideltasunaren aurrean hainbat irtenbide darakuski Bihotz bi. Gerrako kronikak-ek: Hanbre tabernan dilema bat planteatzen zaie afaltiarrei: emaztea beste batekin dabilela jakinez gero, edo beste batekin larrutan harrapatuz gero, eta duintasuna ez galtzeko, zer egin behar da, zein da jokabide zuzena, emaztea bera hiltzea, edo gizonak bere burua, ala biak?

        Beltranek, esaterako, emazteak adarrez hornitu duela jakin bezain laster, etxetik botatzen du, doilorkeriak ez duela bere bizitzan lekurik aldarrikatuz. Gero bere buruaz beste egingo du Beltranek.

        Matiasi jakinarazten diotelarik bere andrea pilotari batekin harremanetan dabilela, «nik adina jotzen duenerako aspertuko dek hori ere» erantzuten du; eta horixe da heriotzak errematatzen ez duen infideltasun bakarra. Hots, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en, infideltasuna inor akabatu gabe eraman ahal izateko, emaztea ez maitatzea da ezinbesteko baldintza.

        Bestalde, esaten da Saizarbitoriari, batez ere Gorde nazazu lurpean baino lehen, ez zaiola kontakizunaren ordena axola, edonondik has daitekeela, esaterako amaieratik. Eta Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko lehenbiziko esaldiak ere amaiera erakusten digu. Enigma bat ere planteatzen du aldi berean: protagonistak Flora emaztea hiltzeko erabakia hartu zuen gainean hankalatraba jarri eta titiburuak atximurkatzen eta miazkatzen hasi zitzaionean. Ordurako bazekien engainatzen zuela.

        Ados, baina zergatik hartu zuen erabakia hain zuzen bere gainean hankalatraba jarri, kamisoia gerritik gora igo eta titiburuxkak atximurkatzen eta hozkatzen hasi zitzaionean?

        Hori jakiteko berrehun orrialde pasa irakurri beharko ditugu. Jelosiaren ondorio izango da. Entziklopedistak Flora maitatu izan zuen, baina azken urteotan itsaski zaio emaztea. Gizonak egongelan lo egiten du, ohikeriak eta ezaxolak usteldua dute bikotea. Entziklopedistak maiz nahi izaten du Florarengana hurbildu, ukitu, bien ohean elkarrekin lo egin, baina egoskorkeriak eta harrokeriak eragozten diote, eta sentimendu ilunak gizenduz doaz.

        Entziklopedistari buruan pasatu ere egiten ez zaion arren Florak beste gizon batekin harreman bat izan dezakeenik, Adolfo gaztearekin ibiltzen hasia da, etxera berandu iristen, usain berriak zabaltzen. Soilik Florak etxetik alde egitera doala diotsonean, eta, batik bat, Adolforekin dabilela, soilik orduan berpiztuko da Entziklopedistaren maitasun sutsua. Florak beregain dela erakusten dio; orduan betiko emaztea berri eta arrotz egiten zaio senarrari, eta horrek desira berpiztuko dio. Dena den, desira zinez sutu, beste gizon baten agerpenak eta arriskuak sutuko dio, Flora berea dela ziurtatzeko grinak, norgehiagokak.

        Halako batean, ezkontideek elkarri dena zintzotasun osoz kontatu behar diotela erabakitzen dute, inkomunikazioa omen bikotea usteltzen duena. Andreak benetan uste du komunikazioa garrantzitsua dela bikotean. Egia intimoak aitortzen dizkio senarrari, eta prest dago senarraren aitorpenak entzun eta ulertzeko, umorez eramateko. Hainbat aldetan da desberdina Saizarbitoriaren gizon eta emakumeek hitzarekin eta komunikazioarekin duten harremana. Gizonak hasieratik informazio intimoa amarruz eskuratzeko erabiliko du egia osoa aitortzeko zina, bere aldetik hutsalkeriak jakinarazten dituen bitartean. Entziklopedistaren kasuan, datu garrantzitsua da berak ere baduela maitasun harreman bat, Bioleta gaztearekin, eta ohartzen den arren Flora zintzoro ari dela betetzen elkarri dena kontatzeko hitzarmena, berari otu ere ez zaio egiten Bioletaren berri ematea.

        Entziklopedistak ez dio emazteari ganorazko ezer kontatzen, ez zaio inoiz benetan irekitzen; aitzitik, irrikaz ateratzen dizkio Florari beste gizonekiko harremanei buruzko xehetasunak: zertaz hitz egiten zenuten? Nola egiten zenuten? Floraren erantzun egiati xehatuek oinazez betetzen dute Entziklopedista, baina hala ere ezin du eragotzi informazio gehiagoren xerkatzea, Floraren gorabeherek hipnotizaturik daukate, harrapaturik eta bereganaturik daukan munstro berdeak datu errealez elikatu nahi baitu. Erauzi duen informazio guztiaren artean oinazetsuena izango zaio maitearen eta beste gizon batzuen arteko sexu harremanei dagokiona. Irudi horiek ezin ditu eraman baina etengabe bilatzen ditu. Horra jeloskorraren sakoneko masokismoa eta Lacanek «jalouissance» deritzonaren irakinaldia, jelosiazko gozamen elektrikoa, jelozamena.

        Ezin ordea irakinaldia sine die luzatu, eta Entziklopedistak muga bat bilatuko du, alegia, datu bat, irudi bat, eragotziko diona emaztea maitatzea, oinazezko irakinaldi horrek jota maitatzea. Entziklopedistari jazarri egiten diote jelosiazko irudiek eta oroitzapenek; eta, guztiarekin ere, Flora maite du, Flora hiltzeko erabakia hartu ondoren ere maite du, desio du, eta ezin du maite. Ezin zaitut maite, baina inolaz ere ez dut onartuko beste batek maita zaitzan, are gutxiago zuk besteren bat maita dezazun.

        Florak aitortzen dionean Adolforekin amodioa egiten zuela honen gainean hankalatraba jarri eta titiburuak atximurkatuz, eta handik pixka batera ezustean Flora bera gainean hankalatraba jarri eta titiburuxkak miazkatzen hasten zaionean, orduantxe erabakiko du emaztea hiltzea.

 

 

NESKA GAZTE EDERRAK
GIZON ZAHARRA NAHI

 

        Sakona izaten da jelosiaren eta depresioaren arteko harremana. Orobat, jelosiaren eta autoestimu ximelaren artekoa. Entziklopedistak ez du harremanik bere adinkideekin. Soilik sentitzen da indartsu eta erakargarri zaharren artean, edota Bioleta bezalako bera baino askoz ere gazteagoekin. Nietzschek dio bere burua mespretxatzeko joera duen gizonarentzat neska argi baten maitasuna dela erremediorik ziurrena.

        Entziklopedistak berrogeita hamar urte ditu, Bioletak hogeita hamar gutxiago. Entziklopedistaren aita aldi berean Bioletaren aitona ere izan zen. Beraz, osaba-ilobak dira. Ba ote du erlaziorik jelosiak intzestuarekin? Ez da ahaztu behar Entziklopedistak bere bizitza Floraren kontrolean zentratua duen jelosialdian dauzkala hain zuzen Bioletarekin harremanak.

        Zergatik bilatzen du Bioleta lako neska gazte eder batek Entziklopedista zahar ergela? Batetik, Bioletak jakin lezake Adolfo Florarekin dabilela. Bere lehiakidearen senarra ezagutu nahi luke, morboak bultzaturik, eta beharbada mendeku hartu.

        Bestetik, umetan galdu zuen aitaren ordezkoa xerkatzen du, adinari dagokionez aitaren antzekoa. Lynn gaztearen maitemintze azkarrean Abaitua zaharraz, bigarren zergatiko hau errepikatuko da, txikitan hil baitzitzaion aita.

        Azkenik, odolaren tiradizoa legoke, intzestu irrika inkontzientea. Iloba duela egiaztatzeak Entziklopedista ez du inolaz ere Bioletarengandik aldenduko.

        Endogamiaren aurkako Saizarbitoriaren borrokaren adierazpenetako bat dirudi jelosiazko hilketa intzestuari lotzeak.

 

 

MAITEA ERRUDUN SENTIARAZI

 

        Saizarbitoriaren obran jelosia ez da egoera bat, baizik eta bilakaera bat, istorio bat. Prozesu horren hasieran proiekzioa izaten da beti. Entziklopedistak eta Martinek bere buruaren aurka itzultzen ikusiko dute, maiteari leporatzen dioten infideltasunaren bitartez, aitortu gabeko beren infideltasuna.

        Jeloskorrak etengabe sentitzen ditu bere baitan bulkada infidelak. Saizarbitoriarenean, ez dago bikote fideltasun berezkorik. Antzeko zerbait ageri baldin bada axalekoa izango da eta bizitzari beldurrak erabakia, edota interes ekonomiko eta afektiboek, Martutene-ko mediku Arreseren kasuan bezala. Edonola ere, ezin da fideltasunari dagokion tentsio subjektiboa saihestu. Freudek garbi erakutsi zigun zergatia: libidoa berez da mugikorra, bere jatorri polimorfikoak ezegonkortasun kroniko bat kutsatzen baitio.

        Proiekzioari esker, barruan sentitutako ugaritasun mugikor arriskutsua, behin erreprimitu ondoren, ez barruko baizik eta kanpoko gisa datorkio atzera kontzientziari. Paul-Laurent Assounen esanetan, jeloskorrari, ezin duenez bere baitako tentazio infidela zeharo itzali, maitearen infideltasunaren irudietan itzuli egiten zaio beraren joera infidelen hautemate endopsikikoen adierazpen zapaldu eta deformatua.

        Alegia, Entziklopedistaren eta Martinen tankerako jeloskorrek, beren baitako erruzko tentsioa apur bat baretzearren, mekanismo proiektibo bat abiaraziko dute: tentaldi eta aldakortasun horietan berak ere jausten direla maiteari ezkutatzeaz eta ukatzeaz batera, maitearengan berarengan detektatuko dituzte eta maiteari egotziko beren baitan sentitzen duten bekatua. Mamuekin dabiltza gezurretan. Gaiztakeria egin ondoko umearen antzera jokatzen dute eta mintzo dira: «Ez naiz ni izan, zu baizik, zu zara erruduna!»; eta bere egia gorde eta maitearengandik aitorpen intimoak maltzurki erauzi ondoren: «Esan duena, bera errudun!».

        Emaztearen infideltasunaren bidez, erreala zein susmozkoa, bere bekatua lekuz aldatu eta bere infideltasun propioa baztertzea eta funtsez gabetzea erdiets dezake, are izatez gabetzea: Saizarbitoriaren jeloskorraren infideltasuna, maiteari infideltasuna egozten diolarik, desagertu egiten da haren kontzientziatik, existitzeari uzten dio.

        Entziklopedistak zein Martinek, maitearen aurkako mamuzko zartako horren bidez, kontsolamendu aizun bat irabaziko dute: beren buruari barkatuko diote, egia itzalita bada ere. Beren zaborra maitearen gainean isuririk garbiago sentituko dira. Jeloskorrak, maitea susmopean eta salaturik daukan bitartean, bere burua infideltasun tentazioez zuritu eta ez da errudun sentituko. Hori bai, ezinbesteko baldintza du aldi berean tentazio horiek maitearengan ikustea eta maitea errudun sentiaraztea.

        Horregatik, ezin dio utzi maitearen infideltasunaren frogak bilatzeari. Frogak aurkitu arte ez du atsedenik, nahiz eta frogak ez diren beti errealak, baizik eta bere froga beharraren mamitze haluzinatuak, Othelloren zapia aitzindari duen Entziklopedistaren dominako ile xerloa, kasu. Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko hilketan garrantzi erabakigarria izango duen ile xerloa ez da Adolforena, ezta Mikele de Abandorena ere, baizik eta Entziklopedistaren beraren pubiseko xerloa, Florak berak hura lo zegoen bitartean ebakia ziur aski eta dominan gordea. Entziklopedistak Adolfo zigortzeko erabili nahi zuen frogarik garrantzitsuena, halatan, Entziklopedista bera kondenatzeko erabiliko du justiziak. Horixe izaten baita Saizarbitoriarenean patuaren gauzatzeko manera.

        Saizarbitoriaren jeloskorrari, ohiko mutur ilun eta erantzukiekin zuzentzen zaiolarik maiteari, honek arrazoi osoz erantzun diezaioke: «Laztana, bilatu hire bizitzan leporatzen didaana. Beno, ez duk zertan bilatu, aurkitua duk, primeran baitakik zertaz ari naizen. Hoa pikutara, infidel alaena».

 

 

HIRUGARRENA

 

        Saizarbitoriak maitasuna ez du inondik inora Erich Fromm baten moduan ikusten, modu eskuzabal eta ireki batean (laztana, benetan maite haudalako hire askatasuna dun maiteen dudana; hortaz, beste batekin oheratzeak zoriontsu egiten bahau aurrera, hire zoriona baita oroz gain maite dudana), baizik eta Freuden, Prousten edo Girarden moduan. Girarden iritziz, ez dugu hasieran bikote harreman bat, eta ondoren sartuko litzatekeen hirugarrena, jelosia eragingo lukeena; aitzitik, hasieratik beretik sartua dago hirugarrena maitasun harremanean, maitasuna mimetikoa baita, soilik maita dezakegu hirugarren batek maite duena edo maitatzera irits daitekeela sumatzen duguna.

        Spinozak zioen jelosiak gorrotoa eta bekaizkeria biltzen dituela: alde egin dizun maitearenganako gorrotoa eta bereganatu duenarenganako bekaizkeria. Jeloskorrari jasangaitza zaio maitearen beste edozein harreman. Hautsi egiten dizkio banan-banan, maitearen bizitza osoa berarengana erakarri nahi du. Ordea, behin Adolfo hirugarrenarekiko harremanak etenarazi ondoren, behin osotoro duenean berarentzat, jeloskorra desinteresatu egiten da eta maitearen afektua abandonatu egiten du, maitatzeari uzten dio, sentimendua beste norbaitengana bideratuko du.

        Jelostuak maite du, baina ezin du maite. Jelostuaren desira eragotzia dago, maitearen oroitzapen batek, edo irudi batek, maitearen desira beste batengana doala erakusten diona, gogoan trabatu baitzaio.

        Jelostuak ezin du inolaz ere bere egin maitearen desiratzeko autonomia, bere jabetzatzat hartzen du, kontrolatu nahi du. Baina behin kontrolpean duelarik, maitatzeari uzten dio. Maitasun mota horren hazkurri bakarra da arriskua, maitea beste batekin joan dadin. Hirugarrenik gabe ez dago maitasunik. Horregatik maitemintzen da errazago jendea arrakastatsu ospetsuaz ezezagunaz baino, irudikatzen baitu arrakastatsuak desira ugari pizteko gaitasuna duela; aldiz, ezezaguna pribatutasunaren mugan itxirik dakusa, bikote harremanaren harresi barruan gatibu.

        Entziklopedistaren eta Martinen jopuntu garrantzitsuena Flora edo Pilar amodioz pitean-pitean betez, ez da maitea bera, baizik lehiakidea, Adolfo; maitea maitatzea bitarteko bat da, lehiakideari gailentzea da xede gorena. Maitearen gorputzaren gainean larrua berriz eta berriz jotzen duelarik, lehiakidea du beti presente, jo bitartean alboan balute bezala, begira, eta jeloskorrak maitearen jabetza azpimarratu eta lehiakideari min egin baino besterik nahi ez balu bezala amodioa sutsuki egite horren bidez. Emakumeak beranduegi egiaztatuko duenez, jeloskorrarengan boterea maitasunari gailentzen zaio.

        Zehazki mintzatzera, edozein lagun baino gehiago jeloskorrak maite duena da soilik bere irudimenean dagoen gozamen mota bat, gure kasuan Adolfok Florarekin edo Juliarekin lor omen dezakeena. Horixe da jeloskorrak berarentzat nahi duena, hots, maite duena. Entziklopedistak eta Martinek maite dute beren ezaugarri eta gaitasun zenbaiten abian jartzea eta isiotzea; imajinatzen dute Florak edo Juliak Adolforenak behar bezala isiotzen eta abiarazten dituztela, eta horregatik kendu nahi dizkiote Adolfori eta beren zilborraren eta zakilaren ingurura erakarri. Puntua da proiekziozko pizte horrek ez dituela jeloskorraren irudimenaren mugak gainditzen, errealitatean ez da gertatzen; maitearen eta Adolforen arteko harremana ez da jeloskorraren eta maitearen artekoa baino pizgarriagoa izaten.

 

 

XARETATIK ZELATAN IRAKITEN

 

        Saizarbitoriaren jeloskorrari iragana eta oroimena arerio eta oinaze iturri zaizkio; aitzitik, Saizarbitoriaren obraren ikertzaileoi lagungarri dakizkiguke, besteak beste, jeloskorra hobeki ezagutzen ahalegintzeko orduan. Horra hor, berbarako, jakitate etimologikoa.

        Euskaraz «jeloskor»ekin batera «jelos» dugu, eta «jelosia», ziur aski frantsesetik ekarriak. Antzinako frantsesean «gelos» zegoen, «gelosie» eman zuena.

        «Gelos» hori latin arrunteko «zelosus»etik eratorri zen, eta hau, berriz, latin berantiarreko «zelus»etik, zeinak grekozko «zelos» baitzuen jatorri. Hau «zeo»tik zetorren, esan nahi baitzuen «irakiten ari naiz».

        Latin berantiarreko «zelus»ek, dena den, antzinako frantseseko «zel» ere eman zuen.

        Gure «jelos» horren jatorri den latin arrunteko «zelosus» eleak kezkati eta lehiatsu esan nahi du. Jelosia adikzio antzeko bat litzateke, menpekotasun morbido bat. Ene Jesus-eko protagonistak, Entziklopedistak zein Martinek, Saizarbitoriaren jeloskor prototipikoek, maitearenganako ezohiko eta desorduko zeloa erakusten dute.

        Biblian zelotea judu abertzalea da, Jainkoaren eta Toraren kezka eta zeloa darakutsana, beti prest odola eta bizia Jainkoaren zein liburu sakratuaren alde emateko.

        «Zelo» berbaren adieren artean badago gehiegizko presa, ardura, debozio eta sugarrarena, kausa zein lagun baten alde. Badu fede itsuaren konnotazioa, ergelkeriaren mugan. Paul-Laurent Assounen irudiko, fanatismoa litzateke zeloaren berezko gehiegikeriaren adierazpen burutua. Maitearen fanatikoa duzu jeloskorra.

        Jeloskor diren heinean, Ene Jesus-eko protagonistaren, Entziklopedistaren eta Martinen ezaugarri nabarmenetakoa da beti dabiltzala zelatan, egunez zein gauez, halaber ametsetan. Martutene-ko Atarikotik pintatzen du Martinek bere burua zelatari gisa, eta aurrerantzean Juliak grina horren hainbat alde eta hainbat gauzatze azpimarratuko ditu. Lynn zelatatuko du batez ere Martinek.

        Edonola ere, ematen du «jelos» hitza XII. mendea baino lehen igaro zela frantsesetik euskarara, ez baldin bazen are lehenagotik pasatua zuzenean latin arruntetik.

        Izan ere, frantsesez XII. mendetik aurrera lehenbiziko silaban «e»ren ordez «a» bitxi bat itsatsi eta «jalousie» bilakatu baitzen.

        «Jalousie» hitza trobadoreen poesian agertu zen aurrenekoz, proventzeraz, 1135-1150 urteetan. Hemendik 1160 inguruko Roman d'Énéas delakora igaro zen, eta berehala oro harturiko frantsesera. Irudi luke «jelosia» hitza eta «gortesau amodio» deiturikoa aldi berean suspertu zirela, eta ez da txiripa, maitea idealizatzeaz batera susmoak pizten baitira, azpitik orbandua ez ote den; jelosiak maitea kezkaz desiratzea eta lehiakide baten itzala biltzen baititu.

        Nondik ote datorkio frantsesezko «jalousie»ri «a» hori, latin arruntean «zelosus» bazen, euskaraz «jelosia», espainolez «celos»? Dakitenek diotenez, «jal» hitzak kutsatuta erantsi zioten frantsesek, eta antzinako frantsesez «jal» oilarra zen, jelosiaren sinbolo totemikoa, hegazti harroa, ezproi izugarriak betiere gertu bere artasun esklusibistaren alde borrokatzeko oilategian.

        Beraz, XVI. menderako aspalditik zuten frantsesek «jalousie» elea. Alta, XVI. mendetik aurrera «jalousie» deituko zaio egurrezko edo burdinazko saretari ere, pertsianari, ikustea ahalbidetzen duena ikusia izateke. Euskaraz ere «zelosia» erabili izan da zentzu horretan, nahiz eta gaur egun maizago entzuten den «xareta». Nolanahi ere, bitasun horrekin jokatzen du Robbe-Grilletek, Saizarbitoriak hain maite duenak, jelosiari buruzko La jalousie eleberrian, estua baita, esan bezala, jelosiaren eta behatzearen arteko harremana.

        Jelostua beti dago begira, maitea eta lehiakidea ez lituzke sekula bistatik galdu nahi; Entziklopedistak haien inguruan antolatzen ditu bere kezka eta ekintza guztiak, desira eta herra baturik, maitasuna eta gorrotoa, begitan ditu baina baita aldi berean begiko ere, ilunki. Martin zelosoa zelataria da, oroitzapenik zaharrenetan ere zelatan ikusten du bere burua. Dirudienez, Juliak beroki gorria jantzi zuen egun erabakigarri hartan zelatatu egin zituen amoranteak, hori uste du Juliak, bederen...

        Saizarbitoriaren jeloskorrak, bestela, maitea eta lehiakidea aurrean ikusgarri ez dituelarik ere, irudikatu egingo ditu, Hamaika pauso-ko Abaituak Julia eta Zigor bezala txortan. Jeloskorraren ametsa baita ezkututik eta ikusia izateke maitea eta lehiakidea zelatatzea eta larrutan harrapatzea. Ikuskizun gogorra, bortitza, mingarria, liluragarria, gogoangarria. Ordaindu ere egiten du jendeak, franko, zirrara horren truke.

 

 

c) MENDEKUA

 

        Saizarbitoriarenean giza harremanak eta herrien artekoak elkarren ispilu dira, saiakerak idazteko orduan bederen herriaren aldarteak eta jokabideak nortasun pertsonalari balegozkio bezala aztertzen eta epaitzen ditu. Herrien arteko gatazketan politika da mendeku gosea gainditzeko artea, horrela definitzen du Koldo Izagirreren Metxak, eta Saizarbitoriak berak ikuspuntu hori harreman pertsonaletara ere hedatzen du.

        Egia da Bihotz bi. Gerrako kronikak-eko Entziklopedistaren hilketa mendekuak bultzatzen duela, baina jelosiazko mendekua da, eta, nolabait, mendekua jelosiaren barruan dauka tolestuta, zabalagoa du jelosia mendekua baino. Bi bihotz, hilobi bat-eko Entziklopedista, berriz, mendekati aratza da. Bere patua eta Florarena determinatuko duten erabakiak jelosiatik libre den mendekuz hartzen ditu. Lehenbizikoan, Florari Parisera joatea eskaintzen dio, Lur Hiztegi Entziklopedikoaren sariari esker. Florak mespretxuz erantzuten dio, eta Entziklopedistaren mendekua Bioletarekin joatea izango da.

        Bigarrenean, bikotekideek papertxo batean elkarri aitortu gabeko egia gordinak idaztea erabakitzen dute. Gizonak koldarki idatziko du. Flora ohartzen da eta irainen bidez nahiko dio Florak senarrari egia erauzi. Eta Floraren irainen aurkako mendekua izango da honi sinetsaraztea ama abertzalearekin batera hilobian dauden hezurrak ez direla aitarenak, baizik eta guardia zibil batenak.

        Sentitzen duzularik bidegabeki eraso edo iraindu zaituztela, aukera bi dauzkazu: erantzun edo ez erantzun. Hegelek dio hor erabakitzen dela norberaren patua. Jesu Kristok ihardukiari ukoa aldarrikatzen zuen, beste masaila eskaintzea, etsaia maitatzea. Gabriel Arestik gomendio giristino hori ez praktikotzat joko du, eta Saizarbitoriak inuzentetzat. Entziklopedistak ere ez du Jesu Kristoren bidea ibiliko.

        Nietzscheren ustez, larregizko sentiberatasunaren eta ahuleziaren eraginez zegion uko Jesusek ihardukiari. Dena den, litekeena da borrokari ukoa ez etortzea beti eta ezinbestez makaltasunetik eta ezinetik; Lynnena bezalako kemen arraro batetik ere etor bailiteke. Saizarbitoriarenean zein Historian uko hori ia ez da erabili izan, eta horregatik ez dakigu ez ote den lehen begiratuan dirudiena baino eragingarriagoa epe luzera. Gerra galdu zuen gudari zaharrari zalantza gelditu zitzaion, ez ote zatekeen hobe gerran sartu ez izana. Bizitza pertsonalean ere, Saizarbitoriaren protagonistek inoiz ez dute esperimentu interesgarri hau egiten: zenbait hilabetez uko beren burua defendatzeari.

        Edozein gisaz, ia jende guztiari, Hegel eta Saizarbitoria barne, zuzenagoa iruditzen zaio irain injustuari erantzutea: ekintza, ihardukia, borroka. Horixe da, bederen, Saizarbitoriaren protagonisten bidea. Nobelagilearen ñabardura: «Eraso bati arrapostu egiteko desioa bidezkoa eta ongarria ere izan daiteke noski, erantzuna arrazionala eta neurrikoa den bitartean; nolanahi ere, iturburutzat duen kalteak berak baino galera handiagoak ez lituzke sortu behar zuhurra izateko». Haatik, Saizarbitoriaren protagonisten arrapostua ez da ez razionala ez neurrikoa izaten. Ez dute garaiz erantzuten. Hasieran, makurtu eta injustizia isil-isilik irensten dute, barrualdea usteltzen zaie eta ondorioz baita kanpoaldea ere, proiekzioz. Mendekatiak joera baitu jende oro hobendun sentiarazten entseatzeko, bere mendeku grinarekin bat egiten ez duen heinean.

 

 

IHARDUKI

 

        Nietzschek ihardukia eta mendekua bereizten ditu. Lagun libre eta osasuntsuak iharduki egiten du, ondoren ahaztu eta bizitzen jarraitu ahal izateko. Erantzun ezazu behar bezain bortizki, eta kolpe horrek eragingarriki uxa ditzala etsaiaren irainak, traizioak eta gainerako eltxo gogaikarriak. Ahaztea ez da gabezia bat, baizik eta ezin onuragarriagoa zaigun fakultate aktibo bat: asko ahaztu beharra dago berriari leku egitearren.

        Aldiz, Saizarbitoriaren protagonistak, oro har, eta Bi bihotz, hilobi bat-eko Entziklopedista, zehazki, mendekatiak dira, besteak beste, ezin dutelako ahaztu. Ez direnez une egokian eta ganoraz erantzuteko gai izaten, iraina irentsi egiten dute eta aurrerantzean irainean finkatuko dute beren sentimendua, inoiz ez dute iraina ahaztu ahal izateko moduko ihardukirik joko. Parisen, Bioleta alboan, Entziklopedistak Floraren nostalgia izango du. Mendekua inpotentziaren adierazpen bat da, ihardukitzeko gai ez denak jotzen du mendekura.

        Hobe da, behin egoerak eskatzen duen iharduki merezi bezain bortitza jo ondoren, iraina ahaztea, bestela mendekua ez baita amaitzen eta mendekatiari berari zapuzten dio bizitza. Erantzun eraginkor eta artistiko bat beharko litzateke. Florak Entziklopedista iraindu du, bidegabeki; horrek Entziklopedista goibeldu du, etsi. Orduak eta egunak galduko ditu pasio triste horien pean, mendekuak harrapatuta. Ez da gai Florari behar bezala erantzuteko eta aldi berean erantzunaren bidez ondo pasatzeko.

        Mendekatiaren oroimena eta bizitza bera oinaze hutsa da. Ikaragarrizko oroimen indartsua izaten du, gomuta orori zornea dariola. Saizarbitoria: «Ugariak dira literaturan noizbait jaso zuten iraina, edo egin zitzaien kaltea medio, haien ordain nahi luketen mendekua lortu ezinean, hira egunaren zain, beren biziak alferrik galtzen dituzten pertsona, familia eta herrien adibideak. Mendeku neurotikoa bizitza berarenganako jarrera mendekaria bilakatzen baita; bizitzeko modu bihurtuz, modu txar bat jakina».

        Infernua da mendeku kate amaigabe horietako batean amiltzea, hala nola belaunaldiz belaunaldi luzatzen diren familien arteko liskarrak, edota herrien artekoak. Azkenean jendeak ez du gorrotoaren kausa gogoratzen; ez da gelditzen mendeku behar gordina baino.

        Mendekatiarengan, ekintza beharrean, ihardukia garaiz, sentimendua dugu, erresumina, etengabeko marmarra, kexua eta irudimenezko konpentsazioak. Deleuzek dio osasuntsuak badakiela haizea alde jartzen zaionean mamitzen bidegabekeriaren aurkako bere ihardukia. Gai da bere erreakzioa abagune egokian aktibatzeko.

 

 

TARANTULA

 

        Aldiz, mendekatiak ez du erreakzioa aktibatzen eta oinazea barneratu egiten du, sentimendu bilakatu. Mendekua sentimendu bat da, garaiz aktibatu gabeko erreakzioak sortua. Mendekatiaren barrualdea erruz, damuz eta erantzukiz dago osatua. Tarantula litzateke mendekua, iraganeko ausiki zornetsua, eta osasuna, ostera, amarauna aienatu eta mendekutik askatzea. Ez dago ordea Saizarbitoriaren protagonista osasuntsurik. Idazleak dioenez, «mendekuaren ondorioak [...] geure kontra itzuli ohi dira. Gatazka intimoen konponketak ez dira bide okerretik etortzen, maiz asko esperantza neurotikoek bestelako usteak elikatu arren».

        Ihardukitzailearen garuna malgua da, moldagarria, freskoa, zabalik dago kitzikapen berriak jasotzeko. Mendekatiarena, berriz, gogortu egin da, zurrundu, eta irainak burmuinean utzi duen aztarna ez da sendatzen, mendekatiaren bizi indarra aztarna horretan finkatzen baita. Psikoanalisten mintzamoldean: mendekatiaren libidoak aztarna mnemiko hori behin betiko inbestitzen du, mendekatiaren digestioa sekula bukatuko ez balitz bezala. Aurrerantzean, irainaren aztarnak mendekatiaren gogo osoaz jabetuko dira. Oinazea izango da nagusi bere bizitzan. Edonorengan sumatuko du erruren bat, oroz lehen bere baitan. Sentitzen du inork ez duela bere mendeku gosearekin bat egiten Ilustrazioaren Etika Unibertsalak exijituko lukeen bezain sakonki. Biktima izatea da mendekatiaren izaeraren eta bizimoduaren funtsa. Baina inor ez du ezaugarri bakar batek definitzen, eri izan ezean, eta Saizarbitoriari bere protagonisten eritasunak ematen dio joko artistikoa.

        Esaten da biktimari oinazearen handitasunak eta indarraren txikitasunak eragozten diola iharduki eragingarri bat garaiz asmatzea, tarte zabalegi horrek eragindako paralizatzeak bilakaraziko luke mendekati. Hau da ohiko ikuspuntua, baina Nietzsche ez dago ados.

        Nietzscheren esanetan, hemen giltza ez da neurria baizik tipologia: gizaki mota bat da mendekatia. Erabakigarria ez da jasandako erasoaren tamaina edota minaren sakontasuna, ezta ere mendekatia bera zeinen indartsua den. Puntua da mendekatiak bere indar guztia, berdin dio neurriak, min horretara bideratu eta bertan finkatzen duela. Horregatik ez da gai erreakzionatu eta ganoraz erantzuteko: amaraunak du baldartzen. Halatan, mendekatiaren erreakzioa ez da sekula amaitzen, ezin baita sentitua izatetik askatu; ezin, horrenbestez, aktibo izatera heldu. Eta ez aktiboa baizik sentitua den erreakzioak, Bi bihotz, hilobi bat-ek erakutsi bezala, azken beltza izaten du.

 

 

d) AURREKARI ILUNA

 

        Zein da Saizarbitoriaren obraren giltzarria? Ez da bakarra. Alde nagusi bi ditu obrak, gerra eta bihotza. Horren arabera, bereiz litezke batetik gizarteari eta historiari dagozkion giltzarriak, eta bestetik maitasun harremanei eta arazo pertsonalei lotuak, azalpenari begirako bereizketa artifiziala inondik ere, Saizarbitoriarenean bildurik baitabiltza azken batean gizabanakoa eta bere herria. Dena den, bigarren multzoaren giltzarri bakar bat aukeratu behar izanez gero, infideltasunaren gauaren eta amesgaizto errepikariaren aurrekari iluna litzateke agian hautagairik sendoena.

        Saizarbitoriaren protagonistak sekreturen bat izaten du, berak ere ezagutzen ez duena, inkontzientetik bere jokabidea eta, idazle delarik, bere obra ere erabakiko duena. Protagonistaren «oroimenaren kolko handiak eta beronen sabel ezkutu izugarriak» gordetzen du sekretu hori (San Agustinen eleak). Sekretua da Martinengandik Julia erakartzen duena.

        Saizarbitoriaren obran, maizen errepikatzen den eszena infideltasunaren gaua deitutakoari dagokio. Bihotz bi. Gerrako kronikak-en, bertatik bertara; Martutene-n, berriz, Abaitua ginekologoaren eta Martin idazlearen oroitzapen sarkin gisa, orainaldian ezustean agertu eta maitasun harremanak zapuztera etorria. Hamaika pauso-n bazegoen jada, nahiz eta irakurle arruntok artean ezin genuen jakin zertaz ziharduen. Abaitua Susanari so: «Ate ondoan zekusan, biluzik, konketa gainean makurtuta, eskuak bere espermaz garbitzen, ziur asko. Hori pentsatu zuen, bere hazi likina deserantsi nahian zebilela, eta pentsakizun hark samin zahar bat berpiztu zion».

        Gertaerak: gizonak abandonatua du afektiboki emaztea, gela desberdinetan lo egiten dute, ia ez dute hitz egiten. Gizonak beste harreman bat dauka. Emazteak gero eta ordu gehiago pasatzen ditu etxetik kanpo; gizonak uste duenez, beste andre baten etxean. Batzuetan berandu itzultzen da. Gizonak urduri itxaroten dio.

        Behin batean, gau osoa ematen du kanpoan. Gizonak, itxaronaldi luzean, sardina lata franko irekiko du, tabako kirats hotza zabaldu, andreari pena ematearren.

        Behin etxera itzulitakoan, andrea logelara doa, beroki gorria soinean, eta ohe ertzean jesartzen da. «Lo hartu dut», dio. Eta, ondoren, «ni banoa». Orduan gizona, zoro legez, belaunikatu eta «ez nazazu abandonatu» erregutzen dio, emaztea gerritik oratzen duela, negarrez. Andreak, azkenik, amore eman eta maitasuna egiterakoan «oraindik ez naiz garbitu» jakinaraziko dio gizonari. Gizonak artean ez du ondo ulertzen. Gero ohartuko da andreak adierazi nahi izan diola ez duela amorantearen esperma garbitu, eta bi gizon desberdinen semena barruan nahasteak higuina eragiten diola, promiskuitatearen adierazpen gordinegia zaiola. Nolanahi ere, amodioa egiten dute.

        Hurrengo egunetan ere sutsuki joko dute larrua, elkarrekin aterako dira, bolada apasionatua. Gizona bere onetik aterata dabil, amodioz edo auskalo. Elkarri egia esan behar diotela hitzartzen dute. Emazteak egia garrantzitsuak aitortzen dizkio, gizonak aldiz azalkeriak edo kurtsikeriak baino ez. Gizonak, behin emaztea alboan ziur sentitzen duelarik, errudun sentiaraziko du, infideltasuna gogoraraziz edozein aitzakia baliaturik eta krudelki, eta erauzi dizkion aitorpenak bere aurka erabiliz. Behin betiko matxuratuko da harremana.

        Martutene-n zazpi urte igaro dira infideltasunaren gauaz geroztik, baina gizonak ez du barkatu eta emazteak badaki gizonak ez diola barkatu. Gutxien espero duenean datozkio gizonari gau hartako irudiak, behin eta berriz. Gizona hunkituta eta maiteminduta emaztearengana hurbiltzera doan aldiro, infideltasunaren gauari loturiko oroitzapen intrusibo batek amorrarazi edo hoztu egingo du, urrutiratu.

        Martinek, infideltasunaren gaua oinarri, ipuin bat idatzi du, »Beroki gorria jantzita ohe ertzean jesarria dagoen emakumea», eta «Maitasuna eta gerla» bere eleberriko leit motiv nagusia ere bada, Saizarbitoriaren Bihotz bi. Gerrako kronikak-ekoa den bezalaxe. Juliak uste du idazleari «atsegin makur» bat dakarkiola oroitzapen mingarri hura idatziz berpizteak.

        Aldi berean, Martinek amesgaizto errepikari bat pairatzen du: ate batetik bikote bat erdikusten du, neska gazte bat ohe ertzean eserita, izokin koloreko azpikogona batez jantzia; eta maskara batez aurpegia ezkutatzen duen gizon batek ezkerreko eskua neskaren eskuineko besagainean jartzen du. Martin ez da ohartzen amesgaiztoak infideltasunaren gauarekin duen antzaz. Gero eta ozenago eta gogorrago entzuten den kanpai durundak itzartzen du Martin amesgaiztotik, izerdi patsetan blai. Bereziki petralduta igaroko du biharamuna.

        Irakurlea bai, konturatzen da amesgaizto errepikariaren eta infideltasunaren gauaren arteko antzaz. Elkarren ispilu dira? Ala aurrekari ilun komun bat ote dute, bata zein bestea eragin duena?

        Lynn ohartzen da Martinek bezperan bere familiarekin egon denean egiten duela gero gauez amesgaiztoa. Zerikusia izango du agian. Martinek ez du uste.

        Harik eta egun batean arrebak jakinaren gainean jarriko duen arte. Arrebak diotso gurasoak bereizi behar direla, amak aita etxetik bota nahi duela. Aita eta aitaren erizaina. «Ese individuo y esa puta», amaren hitzetan. Jakin ez dakite, baina amak usaindu du zein den Abaitua ginekologoak maltzurki bideratuta aita zaintzeko hartu duten neskaren zinezko lanbidea. Aitak oso du gustuko; amak batere ez. Arratsalde batean, ama-alabek erizainaren logelan dakuskite: neska dominikarra ohe ertzean eserita, amaren azpikogona, izokin kolorekoa, jantzirik, eta Martinen aitak eskua besaburuan jartzen diola.

        «Duela berrogei urteko estanpa bera», arrebak Martini; «Zer estanpa?». Martin ez da oroitzen eta arrebak kontatuko dio: egun batean, Martin eri zela, amak seme-alabak hartu eta Artzain Onaren ondoan zuten etxe batera eraman zituen. Gelaz gela ateak ireki eta azkenik Otzetako neskamea ohe ertzean eserita ikusi zuten, izokin koloreko azpiko gona jantzirik, azazkalak gorri biziz margoturik, eta Martinen aita zutik, eskua besagainean pausatzen ziola.

        Martinek biziki maite zuen Otzetako neskame hura; baita aita ere. Ikuskizun horren ondoren sukar handiz eta eldarniotan igaro zituen egun batzuk. Ostean, itxuraz, dena ahaztu zuen. Ahaztutako ikuskari horrek, dena den, erabaki du eta erabakitzen dihardu Martinen bizitza.

        Izan ere, amesgaiztoaz gain, esan bailiteke ohartu gabe Saizarbitoriaren protagonistek eszena arkaiko hura esna ere errepikatu nahi izan dutela, kostarik kosta. Emaztea Otzetako neskamearen rola jokatzera bultzatzen dute, gizonak berak aitarena egin ahal izateko.

        Mingarria zaie dena. Hala ere, gozamena bilatzeko joera baino indartsuagoa zaie, antza, mingarria errepikatzeko irrika, errepikatu beharrekoa trauma giltzarria baldin bada, behinik behin.

        Horrek azalduko luke zergatik dituzten nahiago Saizarbitoriaren protagonistek emazteak, are estu, idor eta zakar zaizkielarik, amorante gazte eder maitagarriak baino. Bioleta, Barbara eta Lynn bezalakoek zinez maite dituzte, baina elkarrekin daudenean gizonak emaztearen nostalgia izaten du. Zergatik? Emaztearekin errepikatu duelako bere nortasuna eta bizitza egituratu eta erabaki duen jatorrizko estanpa. Amorantea atsegina da eta polita, baina ez dizkio geruzarik sakonenak ukitzen, aldendu egiten du aurrekari iluna errepikatzetik.

        Saizarbitoria ezkorragoa da Freud baino: inkontzientea kontziente egiteak ez du sendatzen. Martinek orain badaki zein den bere sekretua, zergatik den zelatari jeloskor bat, nondik datorkion neurosia. Eta hala ere ez du gainditzen. Infideltasunaren gauaren zein amesgaizto errepikariaren oinarrian zegoen aurrekaria jadanik ez zaigu ilun, argitu da sekretua; sufrikarioak indarrean dirau, haatik. Hori bai, orain arteko amesgaiztoa desagertu eta beste batek ordeztuko du, literaturari lotua: testua letraz letra isurbide batetik ziztuan desagertzen da, lasterregi hitzak identifikatu ahal izateko. Martinek baten bat identifikatzea lortzen duenean ere ez du ulertzen, ezezaguna baitzaio hizkuntza.

        Azkenik, Julia Martinen sekretua ezagutzera iritsi da, baina arrunta eta hutsala iruditzen zaio, ordezkagarria. Zentzu horretan, hain psikoanalitikoa dirudien Martutene psikoanalisiaren aurkako zartako eder bat ere bada aldi berean. Martutene-ren arabera, gure nortasuna egituratzen duen sekretu ezkutu ponposo horrek franko du protagonistaren egolatriak neurriz gain hanpaturiko ezdeuskeriatik.