2
Itsasoa
Ene Jesus-en garbi samar dago zer gertatzen ari den, baina ez ordea zer gertatu den, nondik nora iritsi garen oraingo egoera honetara. Narratzailea bera da protagonista. Eroetxe batean dago, gela akoltxatu edo barrubigun batean, esperoan. Ez daki ziur bere buruari kontatzen dizkion istorioak asmatuak diren ala oroitzapenak. Hein batean, ez du jakin nahi, oroitzapen traumatiko batzuk ezin eramateagatik erotu baita. Zenbaitetan bere burua engainatu nahi du, oroitzapena asmazio dela sinetsarazi, baina ezin. Zer gertatu zaio protagonistari, nola iritsi da hondamendi honetara?
Ene Jesus ulertzeko orduan bereziki argigarriak dira Iñaki Aldekoak Mendebaldea eta narraziogintza-n eta Mikel Hernandez Abaituak Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza-n eskaini dizkioten orrialdeak, interpretazioan bat ez datozen arren: Aldekoak gertaera lazgarriak irudimenezkotzat jotzen ditu eta Hernandez Abaituak, berriz, errealtzat; protagonistak irudimenezkoak direla sinetsarazi nahi dio bere buruari ezin dituelako eraman oroitzapen gordin gisa.
Protagonistak hilik du aita. Itsas enpresa batean lan egiten zuen eta lanean zebilela harrapatutako eritasun progresibo batek elbarritu zuen. Zango iharrak manta baten azpian gordetzen zituen. Saizarbitoriak ipuin labur bakar bat argitaratu du, «Kapitaina», 1971n, eta itsas gizona du halaber protagonista, Nikolas kapitaina. Amaieran zangoak paralizaturik dauzkala ikasten duzu, Ene Jesus-eko protagonistaren aitak bezala.
Aita hil zitzaionean protagonista artean umea zen eta aita hilkutxan gogoratzen du, gelditasun durduzagarriz, aurpegia zapi zuri batek bildua eta karmelitaz jantzirik.
Orduz geroztik, ama beti dabil erdi negarrez, semea larregi babestuz, beldurrez aitaren antzera ez ote duen amaituko: Zangoak harrizko bihurtuko zaizkik, gizajo hori, aitaren azken fin berbera izanen duk! Semea saltzailea baita, eta, Mikel Hernandez Abaituak nabarmendu duenez, aita portuz portu zebilela neurosifiliz eritu zen bezala eri bailiteke semea etxez etxeko bere ibilaldietan: portuko prostitutak bezain mehatxari zaizkio amari etxekoandre bero bakartiak.
Semea umetu egiten du amak, bereganatu. Axioma bat dirudi Saizarbitoriaren obran: amarekin txarto bazabiltza, nekez elkartuko zara beste edozein andrerekin; eta intzestu joerek hilketa dakarte. Ene Jesus-eko protagonistaren amak ezin ditu lehiakide izan lekizkiokeen andreak jasan. Protagonista maitemindu duen Marga ere ez du maite.
Margak, bere aldetik, protagonista baino nahiago du Abel, protagonistaren lankidea, saltzaile hobea. Baina Marga batzuetan protagonistari intsinuatzen zaio, Abel jeloskor jartzeko darabil.
Arratsalde batean, Abelek eta Margak Urgulleko hilerri txikian sexu harremanak dauzkaten bitartean, protagonistak Abel tiroz garbitzen du, eta Marga beharbada bortxatu eta beharbada hil. Gela barrubigunean bueltak eta bueltak ematen dizkio oroitzapen traumatiko honi. Batzuetan hirugarren pertsonan kontatzen dio bere buruari, urrutiratu nahi balu bezala, baina, anbiguotasunak anbiguotasun, erreprimitua indar handiagoz itzultzen da kontzientzia ero oinazetsura.
Garbi dagoena da bortxaketaren eta hilketaren ondoren protagonista etxera joan, amak bere betiko erretolika goibelari ekin eta semeak labana sabelean sartu eta barruan biraka eta biraka ibili zuela, heste bigunak atzera eta aurrera.
Gertaera lazgarri horiek irentsi ezinik, zeharo errudun, protagonista, bere eromenean, amaren menpeko goitik behera, zangoei eta paralisiari loturiko amaren beldurra amaren agindutzat hartuko du, amaren profeziatzat, profezia madarikatutzat. Goitik behera ditu iraganak irentsirik protagonistaren oraina eta geroa.
Halatan, esperoaren helburua da gorputza erabat elbarritzea, aitak bezala amaitzeko, karmelitaz jantzita hilik. Zangoek, oinek eta behatzek ematen diote lanik handiena, autonomoegiak zaizkio. Agian hobeki bere buruari istorioak kontatu beharrean zenbatzea, zazpinaka zenbatu, hurbilago baitago entzefalograma lautik. Horrela bukatzen da liburua: «Hirurogeita hiru, hirurogeita hamar, hirurogeita zazpi, hirurogeita hamazazpi, hirurogeita hamazazpi».
NAUFRAGO SUIZIDA
Bizia itsasotik dator, baina Ene Jesus-en itsasoa da giza bizitzaren zemairik larriena. Era berean, Saizarbitoriaren protagonistek bizia eman dien ama dute mehatxu nagusi. Ene Jesus-eko protagonistaren aita itsasoaren erruz eritu eta hil zen. Bulegoak kai gainean dauzkan itsas enpresa batentzat lan egiten zuen, portuz portu marinel, eta enpresako ugazabak, K. eta D., itsasoa bezain maltzur eta siniestroak dira.
Bestalde, Margak itsasoan edo itsasotik hurbil piztuko dio protagonistari bere desira azkenik hiltzailea: Itsas Pasealekuko petrilean, «e zer ari haiz» diotsonean, itsaso beltzaren gainean; edota txalupan, ea titiak ikusi nahi dizkion galdetzen diolarik, halako batean Abel itsas azpitik kaxalotea bailitzan agertu eta ur txorrotak sudurretik, ahotik eta belarrietatik botatzen dituela: «Zer ari zarete?» galdetuko die; orobat, Abel eta Marga amodioa egitera itsasoaren gain-gainean dagoen Urgulleko parketxora joaten ziren, hilerri txikira, eta han gertatu bide ziren bortxaketa-hilketak...
Dena den, itsasoaren agerpenik esanguratsuena Samuelen kontakizun bati dagokio, Ene Jesus-en mise en abyme gisa funtzionatzen duena, Saizarbitoriaren obraren inguruko literaturan zabaldu den esamoldea erabiltzearren. Bere buruari etengabe istorioak kontatzen dizkion protagonistak eredutzat du Samuelen kontatzeko modua. Behin batean, itsasoan galdutako gizon baten istorioa kontatu zion, eta protagonistak bere oraingo egoerarekin identifikatzen du. Eleberri honi bidegabeki egiten zaion jaramon eskasa konpentsatzearren, honatx kontakizun hori osorik dakarren pasarte luze bezain mamitsua:
«[Samuelek] bi besoak jaso zituen esku ikolduez airea heldu nahirik, urartean galtzeko zorian legokeen gizonak bezala, eta niregana bueltatu zenean itsas belarren eta zilo itsuetako arrain ezezagunen presentzia gosetiaren beldurra jasan zitekeen haren begi zurituetan. Hala ere niri begiratzen zidaten, mutuaren presentzia isila ignoratzen zuten fijezia arraro batez, eta begiratzen zidaten eran ur hotzaren hozkada sentitzen nuen artikulazioetan, eta itsasoaren bakardadeak besarkatzen ninduen, besoak arrain lehertuen moduan astinduz bizirik iraun nahi lukeen gizona bezala. Ni ere.
«Ni ere uhinek murmurio isilean promenatzen duten heriotzaren esperoan, zain batzuetan, heriotza orro haserrez agintzen dutenean edo zaplada erritmikoetan, mendebalak ordenatuki bultzatzen dituenean. Esperoaren angustian, heriotza desiratzen hasia ziur asko, besoak tripaz gora flotatzen utziz izar gabeko itsasoan abandonatzen denean».
Kontatutakoa bere gorputzera dakar Samuelek, bere gorputzak ispilatzen du. Xaman kontaera du. Miresmenez gogoratzen du protagonistak: «Nolabait ere narrazioaren detaile bakan baina konkretuez baliatuz, jestuei esker ziur asko, nahiko garbi esplikatzen da pertsonaiak sufritutako etsipen prozesua. Lehendabizi beso astintzea igeri egin nahiaren edo salbatu nahiaren adierazgarri bezala, besoak abandonatzea gero, 'besoak tripaz gora flotatzen' uztea esan zuen literalki, salbatzeko esperantzarik gabe ere oraindik flotatzen, hau da, bizirik mantentzeko desioa espresatuz, eta azkenik etsipen osoaren seinale bezala, itotakoen postura klasikoenetako bat aukeratuz, bi eskuak buru atzera eramanez zeruari bizkarra eta itsaso sakonari begiak eskaintzea».
Samuelek dio: «Ehunka, agian milaka arrain izanen dira, buruz behera flotatzen dagoelarik bere begiak hustera hurreratuko direnak».
Harrigarria da historiaren amaiera, ezustean naufragoak labana atera eta zainak ebakiko ditu: «'Uraren eta haize hotsaren arteko ekilibrioak, isiltasunaren antzeko ondorio bat sortzen zuen'. Horrelako zerbait esan zuen Samuelek ahots lehorrez oso baju hitz eginez eta niretzat bakarrik ari izan balitz bezala bukatu zuen historia. Gizona, egunsentiak laranja kolorez tindatzen zuen itsaso bare batean, bere behatz intsentsibilizatuez puntarik gabeko eta zilarrezko ainguraz hornitutako marinel labana ireki nahian deskribatuz.
«Apenas bi odol tanto deskoloretu eta hotz irten ziren eskumuturrean ezpain heze bat bezala loratu zen irekiduratik' esan zuen beste mundu batetik mintzo litzatekeenaren ahotsaz».
Zergatik da hain ona Samuelen kontatzeko modua? Kontakizunaren irudiak protagonistari ikusarazteaz batera naufrago suizidaren aldartea sentiarazi ere egiten baitio. Samuelek hitzen bidez entzulea naufrago suizidaren itsasoan murgilarazten du, milaka arrain datozkiola begiak hustera.
Kontalari ona intxixu bat da, ezarri egiten du entzulearen garun-bihotzetan kontakizunaren filma; irudiekin batera, musika eta sentimendua ere bai. Ondo kontatzeak telepatiazko emisio indartsu bat eskatzen du.
Gertaera enpirikorik gogorrena bezain indartsua izan daiteke ganorazko kontaera. Ene Jesus-eko protagonistari, behin betiko paralisiaren zain gela barrubigunean datzala, oroimena eta irudimena nahasiz, Samuelen narrazioa gertaera errealak bezain bortizki txertatzen zaio gogoan.
Ahal horren giltzetako bat da xehetasun zehatzen erabilera argi eta artistikoa, Saizarbitoriaren beraren estiloaren ezaugarri unibertsalki aitortua; beste bat, imintzioen eta gorputzaren mugimenduen egokitasuna. Kontaketak bi dohain horiek bilduz gero, iragan urrutian entzuna izan arren, iraganeko gertaera bezain sakonki barneratzen da oroimenean.