Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

7

Zubia

 

 

ETA, AITA

 

        Saizarbitoriaren obran ez dago garbi bereizterik trauma pertsonala eta trauma kolektiboa, protagonistek beren baitan daramatzate herriko gatazkak, bururatu ere ez zaie egiten salbabide soilik indibidualaren aukera. Dena den, protagonistaren aita eta ama iraganetik oraina itotzera datozkion mamu iturri izaten dira, sarritan nahigabeko oroitzapenen bidez adieraziak. Ohiko protagonistaren aita gudari ibili zen gerra zibilean eta bai aitak eta bai amak nahiko dute semea ere gudari izan dadila, zama itzela protagonistaren bizkarrean, ez ditu-eta heroiaren ezaugarriak; aitzitik, flux, koldar eta gizajoa izaten baita.

        Ehun metro-k Donostiako Konstituzio enparantza laukizuzena aurretik izana zen zezen plaza gisa berpiztu eta Joxe Zuazalagoitia etakidearen azken ehun metroak kontatzen dizkigu, odoluste geldoa, hil arte. Nobela odolak melatuko du goitik behera, behin eta berriro errepikatuko den kantaren hitz ingelesak, frantsesak eta euskaldunak lekuko. Lur biribila odolez blai dabil bere ibili biribilean; era berean, denbora biribilean kiribilduko den Ehun metro osotoro zipriztinduko du odolak. Joxe Zuazalagoitia etakide protagonista hil ondoren ume batek esango du «ni ere hil egingo naute handia izatean», uso batek galtzada harrietako haren odol beltzari mokoka degion bitartean.

        Edozelan ere, odolustuz doan etakidearena kasu partikular ezdeus bat izango da Lur odolduaren baitan. Lurrak biraka jarraitzen du, giza odola gorabehera. Jendartea, bere aldetik, ez da batere maitagarri ageri nobelan: Joxe eta Michele Mannasé tabernara sartu eta parrokianoen «titi tontor politak zeuzkak» eta antzeko iruzkin bulartsuak, soilik Joxe euskalduna dela ohartu arte. Bestalde, txutxumutxuaren eta morboaren azpian, Lurra bezain ezaxola da gizartea odol isurtzearen aurrean: Joxeren heriotzaren biharamunean, batek «hortxe plazan kiskali zitean» dio, eta beste batek erantzun: ba nik «ez diat begirik itxi erreuma zikin honekin».

        Dena den, balirudike badela odol putzu orokorretik zein gizartearen ergelkeria hotzetik salbatzeko bide bat: maitasuna. Historia odoltsutik amodioaren goxora igarotzeko giltza bat behar, eta Ehun metro honek Micheleren giltza erakutsiko digu, M larri bat soldatua duena, iheslariak lepoko batean zintzilik daramana.

        Alta, bada beste protagonista bat, Filosofia ikasle bizarduna, ekintzaile lasterkariaren heriotzaren lekuko geldia, Zamudio tabernako mahai batera eserita, Zamudio taberna itxita dagoen arren. Orain Txilen dagoen Michelek, joan aurretik filosofoari giltza bat oparitu dio, Joxe protagonistari lehenago eman zionaren berdina. Beraz, Michelek elkar ezagutzen ez duten Ehun metro-ko bi protagonista nagusiei giltza berdin bana oparitu die. Biak atzemango ditu poliziak.

        Zuazalagoitiaren giltza eta filosofoarena berdinak izan daitezen bezalako ustekabeko arraroz beterik daude Saizarbitoriaren eleberriak; bizitza bera ere bai. Bizitzaz esaten da soilik kontakizun bilakaturikoan egiten dela ulergarri. Sinkronikotasunak esanahi ezkutu magikoz apaindu nahi dituztenen despit, halabehar bitxi horiek, dirudienez, ez dute zentzurik berez, bizitza gordinean, narrazioan betetzen duten eginkizunetik at. Saizarbitoriak horregatik esango zion beharbada Juan Luis Zabalari fikzioak hobeki adieraz dezakeela egia errealitateak berak baino, errealitatearen eta egiaren arteko harremana arazo bihurtuz: egia ez litzateke egia osoa sinkronikotasun arraro horiek zentzuz hornitu ezean, hori ez dezake egin fikzioak baino eta hortaz egia osoa ezin da errealitateren araberakoa izan, hain gutxi menpekoa.

        Nolanahi ere, joko polita emango diote Saizarbitoriari giltza berdinen ispilu engainagarriek. Giltzaren bidez bildu zituen Micheleren maitasunak Joxe eta filosofoa, eta giltzaren bidez egingo ditu gaizkide poliziaren gorrotoak. Joxe hil ostean, poliziak galdeketa gogorra egingo dio filosofo kontenplalariari, torturaz mehatxatuz etengabe, polizia eszeptikoa izaten baita kointzidentzia poetikoen aurrean. Filosofoa zirikatuko du: o sea que usted estaba «tranquilamente sentado una mañana fría a las ocho de la mañana en la terraza de un bar cerrado, etc. ¿Qué, nos lo tragamos?». Filosofiakoa denez, auskalo. Ez diote hala ere tortura barkatuko.

        Micheleren giltza talismanaren kontrakoa baita, balbea dakarren gauzakia: malura Joxeri, filosofoari tortura.

        Gure hizkuntzek darakutsatenez, bazter hauetan nahiago ditugu gauzak pertsonak baino: badugu patu gaiztoa dakarren pertsonarentzako izena, «gafe» gaztelaniaz, baina ez patu onaren giza eragilearen izenik. Aitzitik, bada zori ona sortzen duen gauzakiarentzako izena: kutuna, talismana; ez ostera zoritxarra dakarrenarentzakorik.

        Michelek eta bere giltzak balbea dute.

        Odoletik salbatzeko giltza, hortaz, amodioa zatekeen, lagun zehatz batenganako maitasuna, baina hemen oztopaturik dago. Joxe Zuazalagoitiaren giltzak ezin izan dio maitasunaren ateari irekita eutsi eta odol putzuan amilduko da.

 

 

BOST

 

        Joxe hiltzera doala, odolustu ahala, zenbait oroitzapen etorriko zaizkio nahi gabe. Korrikaldian zehar, horrenbestez, iraganera joan eta iraganetik jin egingo du Zuazalagoitiaren arimak, bost joan-jin. Asoziazionista militantearen arduraz lotu ditu Saizarbitoriak denboraren geziak, aurrena ihesaldiko xehetasun, sentsazio edo gogaldi zehatza eta beronek dakarren oroitzapena, eta gero iraganetik itzulera orainaldira.

        Hona hemen, hurrenez hurren, ihesaldiko zein xehetasun zehatzek eragiten duen analepsia eta iraganetik zerk itzularazten duen orainaldira, zelan lotzen diren konkretuki oraina eta lehena Ehun metro-ko bost flashbacketan:

        Aurrenekoan Joxe Kontxan ageri da aitarekin, semeaz harro, harik eta semeari zapatak larrua hondatzen duen kresalaz bustita ikusten dizkiolarik masaileko bat joko dion arte.

        Orainetik iraganerako gogo bidaia, lehen oroitzapen honetan, bi aldarteen arteko antzekotasunak eragingo du. Ez sentsazio fisikoak, Proustenean bezala, usainak nahiz zaporeak, baizik sentimenduak, nola iraganean hala orain, idia hiltegira bezala baitoa Joxe aurrera diagonalean, orduan aitaren masailekoa jasotzera, orain hiltzera.

        Iraganetik itzulera orainera, ihesaldira, aitaren masailekoak eraginiko dardara zorrotzak erabakiko du, belarrietako zurrunbiloak, eztarriko bola latzak. Korrika doala orain ere zurrunbilo berdina sentituko baitu buru barnean jiraka.

        Bigarren atzera begirakoari dagokionez, aurrena Hermano Arturoren soinketa saioak harrapatuko du («Fuera cadenas y medallas») eta hurrena Michelerekin tabernara ogia erostera joan zenekoak.

        Iraganera, soinketa frankistara, sentsazio fisikoen antzak darama Joxe: domina bularrean danba-danba kolpeka. Michelerengana, berriz, giltzak berak, giltzaren ideiak. Eta iraganetik Micheleren giltzak dakar atzera orainera, giltza eskuan estutu egingo baitu, bizitzako zati horri, maitasunari, ihes egiten utzi nahi ez balio bezala.

        Hirugarrenean, Michelerekin aurkitzen dugu Joxe ohean, eta gero Michele utzi egingo du. Iraganera jauzia eginaraziko dio domina, giltza, erortzeak; badoa domina, badoa giltza, bere bizitza bera bezalaxe. Eta itzulera: iraganean Michele abandonatu zuen legez, orain giltza betirako galdu du. Polizia batek jasoko du.

        Laugarren atzerabegiratua: balaz ziztaturik, Joxek odolaren beroa sentitu eta jauzi egingo du Manuel burkidearen berotasun erira, ospitalean behiala. Arras gaixorik zegoen Manuel, tuberkulosiak jota.

        ETAren zuzendaritzari ekintza suizida bat egitea proposatu zion birritan. Gero erizain espainiar batekin ezkonduko zen. Ordurako erakundea bere kabuz utzia zuen arren, bota egingo zuten ofizialki, ahulaldiak publikoki salatzea beharrezkoa omen delako. Joxe ez zegoen ados, baina kanporatzearen alde egin zuen.

        Iraganetik orainaldira pausoek ekarriko dute. Joxeri gogoratu zaio Manuel karrikan ikusi zuela, pauso bakar bat aski izango zukeela Manueli elkartasuna adierazteko, baina ez zuela egin; orain ere hogei pauso gelditzen zaizkio Zamudio tabernako kanpoko mahaien artean bizardunaren aurrean hiltzeko. Ezin distantzia zeharkatu, ezin konpondu: lehenaldian pauso bakar hura ez emateagatiko damua, egin beharrekoaren eta eginikoaren arteko tarte gaindiezina; orain, berriz, heriotzaren ziurtasuna, hogei pauso barru. Joxek ezin du, ez orduan eta ez orain, bere buruarekin bat egin. Eta gero? Kantek dio hil ondoren egiten dugula pixkanaka gure buruarekin bat, baina ideia hori zeharo estrainioa zaio Saizarbitoriaren mundu ikuskerari.

        Joxe hiltzera doala, nahigabeko oroitzapenek gatazkak adieraziko dituzte, hausturak, bereizteak, in crescendo: aita maiteak masailekoa joko dio, Joxek Michele maitea utziko du, gero Manuel burkidea ETAtik egoztearen alde egingo du eta azkenik aita hilko zaio. Abandonuak, agurrak: heriotzaren aurrekariak.

        Joxeren heriotzak bat egingo du gehien maite izan duenarenarekin, aitarenarekin. Aita eri dela, hiltzeko zorian, Joxe mutikoa bere logelan dago, bakarrik, leihotik begira, eta korridorean izebaren urratsak sumatzen ditu. Pentsatzen du beharbada aita hil dela esatera datorkiola. Eta hori gerta ez dadin, jolas ezaguna darabil, lehenbiziko atalean aipatua, Asaba zaharren baratza-n ere aitaren heriotza eragotzi nahian erabiliko duena: bederatzi izar kontatu eta desio bat azalduz gero, bete egiten omen da. Ehun metro-n, haatik, ez daki ziur izarrek euskara ulertuko ote dioten, zeruak ba ote dakien euskaraz, edo Jainkoak ba ote dakien, eta azkenean, badaezpada ere, «que mi padre no se muera, que mi padre no se muera» esango du.

        Aitaren munta eta sendorra gailenduko da. Aitaren bultzadak egin zuen Joxe etakide: «Hau izango da gudaria» ziotson besoa lepotik pasaturik. Mikel Hernandez Abaituaren esanetan, zapalketaren eleberria da hau: aita, eskola, kuartelilloa, Konstituzioaren zezen plaza... Aitaren zamak garrantzi berezia du Saizarbitoriaren protagonisten harremanean iraganarekin.

        Ramon Saizarbitoriak gertuko du Joxe Zuazalagoitia: gudaria izan zen bien aita, silaba kopuru berdina dute bien izen-deiturek, silaba berdinetan azentua. Bada identifikatzeko behar edo nahi gisako bat, baina honezkero badakigu zein korapilatsuak diren auzi horiek.

        Dena den, Ehun metro-n Saizarbitoriaren hurrengo eleberrietako protagonisten zenbait ezaugarri ageri da jadanik: besteak beste, aitarenganako sentimendu sakon anbibalentea, protagonistaren ezaxola nekatua bera maite duten emakumeengana, egin beharreko zerbait garaiz ez egiteagatiko damua, ustekabeko kointzidentziak beti txarrerako izatea, Historiak maitasuna izorratzen diolako amorrua eta etakide hilarekin bat egitea, Saizarbitoriak sumatuko balu bezala erakundearen inguruan gelditu izan balitz hiltzea suertatzen zaien horietakoa zatekeela... Edozein gisaz, Ehun metro-n, Historiaren eta aitaren bidez, iraganeko katea nabari da, orainaldian sustraiturik bizitzeko ahalegina eragozten ari.