Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

VERSUS

 

 

Egundo gerrarik galdu gabea dirudizu.

Zeure buruaren aurkakoak ere ez.

Zu versus zu.

Zu garaile

galtzailerik ez.

 

Ez duzu gorputzadarrik galdu

gudu-zelaian.

 

Bihotz zatitxoak igual bai,

baina bihotza ez da ezer:

zentzu metaforiko marmeladatsua

eman zaion gihar gorri bat bakarrik.

 

Alemaniak ez dizu ezer kutsatu,

askoz germanoagoa naiz ni:

indartsu hasi eta kaput.

 

Galdu eta ahaztu,

edo ahazten saiatu.

 

Egundo gerrarik galdu gabea dirudizu.

Begiekin eusten diozu garaipenari

estoikoki.

 

(Hontzen aliatu sekretua zara.

Satelite ezezagunak begietan

Titan eta Entzelado,

Saturnoren seme-alaben hondakin ez-mitologikoak;

ilargi betearen urruneko lehengusuak).

 

Estoikoki eusten diozu, nioen.

Estoikoki eusten didazu begirada

harriak ninietan

beira irisetan:

eskuinekoa garden

ezkerrekoa zeharrargi.

 

Gerra sortzera desafiatzen naute harriek.

Mundu gerraren bertsio apo(ka)li(p)tikoago bat

zure aurka. Biren arteko mundu gerra,

badakizu.

Biren artekoa, baina bat.

 

Egundo gerrarik galdu gabea dirudizu.

 

Baina kontuz,

Vietnamgo errifleak entzuten ditut

hor nonbait;

zure belarri atzetik.