Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

TROIAKO ZALDIA

 

 

Ixo!

Zaldien trosta entzuten da

isilik egonez gero.

 

Ixo!

Gerturatzen ari da.

 

Oxala Troiakoa balitz.

Etor dadila harresi parera

eta engaina gaitzala.

Pozoia jaso dezala

gure aho urdinetatik.

 

Oxala Troiakoa balitz.

Sar dadila etxe barruetan

eta limur gaitzala.

Pozoitu ditzala

gure berba atsituak

pixka bat gehiago.

 

Erakuts diezagula

azalaren gainetik

mamia egon dela beti.

 

Sar dadila zulo guztietan.

Derrigortu gaitzala gure

etxeetatik joatera

ahoak ohean utzita.

 

Oxala Troiakoa balitz.

Etor dadila harresi parera

nondik konkista nazaketen

ikas dezadan.

 

Ikas dezadan

non eman lehen ostikoa,

domino efektuak

bere lana egin dezan.

 

Troiakoa zatekeen

hala izaterik nahi izan

ez banu.

 

Baina buruarekin agurtzera

ere ausartu ez den

paseante bat zen

 

cowboy botak jantzita.