Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Kartzela handi bat

 

Israelgo Estatua eta Gaza autonomoa bereizten dituen Erez mugako pasagune luze eta zabalean zoazela —500 metro luze, 30 metro zabal—, presoen truke baten parte sentitzen duzu zure burua: soldadu eta bandera israeldarrak atzean utzi dituzularik, kilometro erdi oinez egin behar duzu, urrutira ageri diren polizia eta bandera palestinarren lerrora heltzeko. Pasagunea hesituta dago ezker-eskuin: israeldarren kontrolpeko eremu militarra eskuinean, palestinarren eremu autonomoaren hasiera ezkerrean. Jende armatua baino ez dago gerran dauden bi estaturen arteko muga dirudien eremu militar honetan.

         Oinez pasatu ditut israeldarren bi kontrol zorrotz, Erezeraino ekarri nauen matrikula horidun taxiak mugaren alde israeldarrean gelditu behar izan baitu; matrikula zuria behar da Gazan sartzeko. Pasaportea eskatu, ordenadorean begiratu eta sorbaldan zintzilik dakardan poltsa miatu didate, bi bider. Garabi batek jasoa du automobil bat, mugazain batek azpiak ikuskatzen dizkion bitartean.

         Aurrerago palestinarren hiru kontrol laxoago zeharkatu ditudanean, Gazan nago. Taxi bakarra dago, Gaza hirira joan nahi duten ni bezalako oinezkoari zerbitzua eskaintzeko gertu. Israelek mugak itxita ez dituen garaietan, ehundaka taxi kolektibo izaten dira zain arratsaldez, Israelen lan egin ondoren etxera datozen 40.000 gazatarrak garraiatzeko. Baina Gaza setiatua dago Mahane Yehudako atentatuaz geroztik, eta gazatar horiek lanera joan ezinik dira azken hiru asteotan.

         Hirirako bidean berehala sentitzen duzu Gaza ez dela Zisjordania. Konturatu orduko errefuxiatu esparru bat zeharkatzen ari zara, Jabalia —Gazako errefuxiatugune handiena (89.000 lagun), 1987ko abenduan Intifada piztu zen gunea—, eta umeak oinetakorik gabe ikusten dituzu asfaltatu gabeko kaleetan. Gaza hiriaren sarreran, bukatu gabeak diruditen etxe grisak, eta hautsa trinko airean.

         Baina hirigunera eta hondartza aldera hurbildu ahala hiri berriago bat sumatzen hasten zara. Hormirudi erraldoi batetik agur egiten dizu Arafat irribarretsuak, Omar al Mukhtar errepide nagusiko parketik. Eraikin berri eta handiek egiten dizuten itzala eskertzen duzu: Palestinako Agintaritzaren ministerioak, UNRWAren (errefuxiatu palestinarren ardura duen Nazio Batuetako erakundea) egoitza nagusia, 10-12 solairutako etxebizitza-dorre batzuk, "Palestinian Airlines" konpainiaren egoitza zabaldu berria... Hegazkinek euren lurraldean lur hartu ezin duten kasu bakarra da munduan hegazkin konpainia honena: Egiptotik Jordaniarako (eta alderantziz) hegaldiak baino ez dituzte egiten Palestinako Hegazkin Konpainiako bi hegazkinek, israeldarrek Gazako aireportua zabaltzeko baimena noiz emango zain.

         Mediterraneo itsasoaren olatuek musukatzen duten hondartzaren lehen lerroan, arrain txikitan ari bide diren txalupatxoei begiratzen diete luxuzko hotel eta jatetxeek: Palestine Hotel, Beach Hotel, Al Andalus Restaurant... Baina ez duzu turista girorik usaintzen. Hotelak hutsik daudela imajinatzen duzu, eta hondartzak zikin daudela badakizu.

         Hondartzako lehen lerroan dago, hoteletatik ekialdera, Arafaten erresidentzia hesitua ere. Bunkerra. Gotorlekuaren sarrerara heldu baino berrehun metro lehenago, atzean hiru metrailadore dituen jeep-ean talaian dituzu zaindariak.

         Eta hondartzako lehen lerroan dago, hoteletatik mendebaldera, Al Shati errefuxiatu esparrua ere; Beach Camp, Hondartza esparrua. Hondartzako luxuzko hoteltzarren alde-alde bizi dira errefuxiatuok, hiriaren hondakinak bailiran, zortzi-hamabi laguneko familiak bi logelatako etxoletan. Gazan errefuxiatuak gehiago dira jatorrizko gazatarrak baino: 700.000 errefuxiatu, eta 250.000 jatorrizko.

         Itsasoak opari dakarren haize gazia atzean utzi eta Omar al Mukhtar errepide zabal sargoritsuan gora Gaza zaharrerantz joz gero, astoek tiratako gurdien joan-etorri nahasiak erdian harrapatuko zaitu, automobilak ere astoen abiadan higitzera behartuta dauden kaleetan. Agerian begiak baino ez dituzten emakumeak gurutzatzen hasiko zara, gehienek burua estaltzen dien zapiaren azpian aurpegi osoa erakusten badute ere, eta nekez egokituko zaizu prakadun emakumerik Gazan. Etxeek ez dizute jada gerizpe handirik eskainiko.

         Barazki eta fruta saltoki bihurtutako gurdiez beteta dago azoka, hiri zaharraren bihotzean. Geldirik daude asto eta gurdi gehienak, saltzeko gaiak erakusten. Asto ataskoa zer den ikasi dut: datilek eta mangoek azokagunean sartu nahi dute, eta meloiek irten egin nahi. Kosta zaie gero, korapiloa askatzen. Patatak, arbiak, lekak, tomateak, adreiluak, mahatsa, kutxa zaharrak, umeak... zer ez dute garraiatzen astoek.

         Kale merkatu erraldoiaren traza hartu diot alde zahar osoari. Singer makinekin oinetakoak konpontzen ari dira zortzi zapatari meskita ondoko kalean, elkarren segidan denak. Eliza erromanikoa izana da Omar meskita. Tenpluaren hormetako baten kontra urrezko bitxien denda besterik ez. Norentzat hainbeste urre, turista bakar bat ere topatu ez dudan hiri txiro honetan? Ez daukat nori galdetu.

         Mangoa bide da Gazako fruta nazionala. Fresko zerbitzatuko dizute zukua, kale estuotako zuku saltoki anitzetako edozeinetan. Ito arte edango nuke: bero heze honek izerdi patsetan nauka heldu naizenetik, praka bakeroak izterretara itsatsirik. Egarria asetzea, albiste. Argila-kearen, espezieen, barazki freskoen eta fruta-zukuen usaina, usain arabiar maitagarria, bero saparekin eta hauts harrotu gogaikarriarekin nahasten dira Gaza zaharrean.

         Plaza berria, Palestina Enparantza, eraikitzen ari dira azoka ondoan, Udaletxearen aldamenean. Edo ari ziren, aspaldian geldirik baitaude obrak: Israelek ezarritako blokeoa dela-eta Egiptotik jaso beharreko lehengaiak ekarri ezinik daude. Gaza autonomoa da, baina ez inork ez ezerk ezin du ez sartu ez irten israeldarren bedeinkaziorik gabe.

 

 

Gaza hirian daude Palestinako Agintaritzaren erakundeetako egoitza nagusiak. Kostaldean da Lehendakaritzaren egoitza eta bere inguruan dira segurtasun indar batzuen guneak ere, Arafaten itzala den eliteko 17 Indarrarena kasu. Agintaritzako Ministerioak hiriaren alde berrian daude, etxe berritan gehienak, 1994an Palestinako Agintaritza Gazan sartu zenean inauguratuak.

         Garaiz heldu naiz hitzordura, baina ordubete berandu etorri da Intizar Wazir, atzean hiru bizkarzain armatu dituela. Badu aitzakia:

         — Barkatu, baina presidenteak deitu eta presaka joan behar izan dut bere egoitzara. Ezin izan dut orain arte etorri —desenkusatu egin zait Arazo Sozialetarako ministroa apaltasun harrigarriz.

         50 bat urteko emakume sendoa da Intizar Wazir. Ilea labur moztua du, izurtua, eta begiak nahiz ezpainak makillatuta ditu. Kolorezko koadrotako gona darama, eta jakaren azpian ageri zaion elastikoaren gainetik lepokoa nabarmentzen zaio. Mendebaldeko erara jantzi, orraztu eta apaintzen dela esango nuke.

         Intizar Wazirrek sona handia du palestinarren artean. Fatah alderdiko lehen emakume militantea izan zen, Palestinako Askapenerako Erakundeko (PAE) kide izan da sorreratik eta munta handiko ardurak izan ditu erbesteko erresistentzian. Ez da "barrukoa", "itzulitakoa" baizik: Autonomiarekin Tunisiatik itzuli direnetakoa alegia, Arafaten konfiantzako taldekoa. Kuwaiten, Libanon, Sirian, Tunisian eta beste hainbat herri arabiarretan PAErentzat lanean ibili ondoren, 1994tik ministro da Intizar Wazir. Umm Jihad ere esaten diote, Borrokaren Ama.

         Borrokaren Aita (Abu Jihad), bere senar Khalil —Arafaten laguntzaile hurbilekoena, PAEren adar militarraren arduradun nagusia—, begien aurrean hil zioten Intizarri, 1988ko udaberrian.

         Israeldarrek Abu Jihad zuten, PAEren arduradun militarra zenez, egunetik egunera indartzen ari zen Intifadaren erantzule nagusitzat. Martxoaren 7an palestinarrek Israelgo arma nuklearren planta bati eraso zioten. Gerrillari palestinar guztiak hil ziren atentatu saioan, baina ekintzak oihartzun handia izan zuen nazioartean, Israel ipurdia airean utzi baitzuen, arma nuklearrekin ari zela nabarmenduz. Israelgo Gobernuaren kabinete txikiak, Yitzhak Rabin Defentsa ministro zela, Khalil Wazir hiltzea erabaki zuen.

         Apirilaren 12an, sakelan pasaporte libanoarra zuten Mossadeko hiru agente Tunisiara heldu ziren. Alokaturiko bi minibus eta kamioneta bat hartuta itsasertzera joan ziren hilaren 15-16 arteko gauean, Israelgo Itsas Armadaren ontzi batetik zodiacetan lehorreratutako eliteko 30 agente jasotzera. Goizaldeko ordu batean Tunisiako Sidi Bou Said auzunean sartu ziren, Wazir senar-emazteak bi urteko semearekin bizi ziren auzunera. 22 israeldar kamionetaren eta furgonetaren barruan geratu ziren, ezer oker joanez gero PAEko gizonei edo zaindari tunisiarrei aurre egiteko gertu. Beste zortziak, buruak estalita, Wazirtarren etxera sartu ziren ordu bata eta erdian, subfusilak eta pistolak ondo koipeztatuta inondik ere. Hiru gizon gorpu utzi zituzten atarian: zaindari palestinarra, zaindari tunisiarra eta Khalil Wazirren txoferra.

         Jaikita zeuden artean Khalil eta Intizar. Intifadako Lidergo Nazional Batuarentzako mezua idazten ari zen Khalil, etxepeko zalapartak eta tiro hotsek tentuan jarri zuten arte. Pistola hartu eta logelaren atera inguratu zen, emaztea bizkarrean. Atea ireki eta eskaileratan gora kaputxadun armatuak zetozela ikusirik, tiro bat egin zuen. Bere azken ekintza. 67 bala sartu zizkioten gorputzean. Intizar zain geratu zen, bera noiz hilko.

         Intifadaren sinbolo bilakatu zen Abu Jihad eta, israeldarren helburuaren kontra, indarra eta batasuna eman zion altxamendu palestinarrari hilketak. Arafaten ondoren, posterretatik irribarre sarrien egiten diguna Abu Jihaden bibote handia da.

         — Nahiago dut horretaz ez mintzatu.

         Odolaren kolorea hartu dute Intizarren begiek, senarraren hilketaz hitz egin nahiko lukeen galdetu diodanean. Gaiaz beste egin dugu.

         — Hiru urte badira Autonomia ezarri zenetik, eta egoera ez dela hobetu diote palestinar askok. Zalditik astora egin duzuela dioenik ere bada.

         — Egoera txarra da, baina jendeak badaki zergatik. Israel bide guztiak ixten ari zaigu, okupazioaren garaia hobea zela sinestarazi nahi dio gure herriari, autonomia daukagunetik ahalik eta oztopo handienak jarriz. Baina satorra baino itsuagoa izan behar da, orain hiru urteko Gaza eta gaur egungoa alderatuta, aurrerapauso handiak eman ditugula ez jabetzeko.

         — Zer diozu Agintaritzari leporatu zaion ustelkeriari buruz?

         — Ministro batek bere etxeko beroketa sistema diru publikoarekin ordaindu duelako mundu mailako eskandalua egin da. Akatsak egon dira, baina ustelkeriarik ez. Ez behintzat hedabideek ikusarazi nahi izan duten neurrikoa.

         — Baina Gobernuko ia ministro guztiek, zuk ere bai, Arafaten esku utzi berri dituzue zuen karguak, ustelkeria salaketa horiek direla eta.

         — Lehendakariari erabakitzeko askatasuna emateagatik izan da. Baina ez dut uste, oraingoz bederen, aldaketarik egingo duenik kabinetean.

         — Arafatek aginte osoa bere eskuetan omen du; diktadore ere deitu izan diote.

         — Pertsona ona da Arafat. Orain, kontuan hartu behar da militarra dela, eta egia da militarren erara egiten dituela zenbait gauza. Baina ez da, inolaz ere, diktadore bat.

         Alde egin aurretik bere prentsa arduraduna aurkeztu dit ministroak, "nahi dudan guztian" lagunduko didala aginduz. Ministerioari buruz nahi dudan informazio guztia emateko prest dagoela ulertu diot ministroari. Baina ez.

         — Zer egiteko asmoa duzu Gazan? Zure gidariak izango gara —esan dit Heider 35 bat urteko beltzaranak, bere bulegoko mahaian eserita, Salim laguntzaile burusoila, hamar bat urte zaharragoa, alboan duela.

         — Hiritik kanpoko errefuxiatu esparru bat ezagutu nahi nuke bihar. Khan Younis, esate baterako —harri eta zur nago; Gobernu palestinarreko bi funtzionario nire esanetara ditut.

         — Khan Younisera? Primeran! Khan Youniskoa da Salim, berak lagunduko dizu. Infernua ezagutu nahi duzu? Salimek eramango zaitu infernuko zulora! —irri karkailaz abiatu da Heider.

         — Imanolek ezagutzen du infernua dagoeneko! —begi irriñoz ari da Salim—. Infernua hau da: Gaza. Zerua eta infernua baldin badaude, egon seguru gazatar guztiok zerura joango garela, infernuan ordaindu beharreko guztiak ordaindu baititugu bizitza honetan.

         Infernua ez dakit, pentsatu dut neure kabutan, baina kartzela bai. Israeldarren baimen berezirik gabe Gazatik irten ezin duzuen milioi bat palestinarrontzat, autonomian bizi izanagatik autonomia bereko beste herrietarako —Ramalla, Jeriko, Hebron— giltza ukatzen dizueten gazatarrontzat, Salim, espetxe handi bat da zuen Gaza hau, batzuetan zeru eta bestetan infernu den Gaza maitagarri hau.