Intifadaren semeak
Bir Zeit Unibertsitateko Al Shabibi ikasle-talde indartsueneko kide da Walid. 51 kideko Ikasle Kontseiluan 22 ordezkari ditu Fatah alderdiaren jarraitzaileen erakunde honek; Bloke Islamikoak baino bi gehiago. Alderdi palestinar bakoitzak Zisjordanian zer sostengu duen neurtzeko erreferentzia nagusia eta garai batean, bakarra izan dira Bir Zeiteko unibertsitate-hauteskundeak. 1972tik hutsik gabe egin dira urtero, Intifadaren urte latzenetan izan ezik, 53 hilabetez (lau urte t'erdi) itxita egon baitzen Unibertsitatea.
Beltzarana da Walid ilez eta azalez. Txikia baina indartsua, dena zain eta gihar. 30 urte ditu, eta Diruzaintza ikasten ari da.
«18 urterekin sartu ninduten kartzelan eta 26rekin atera. Zortzi urte. Horra zergatik naizen, 30 urterekin, oraindik ikasle. Erakunde ilegaleko kide izatea, komando bateko lider izatea, israeldarren aurka borroka armatua egitea eta esku-granadak jaurtitzea leporatu zidaten. Nablusko espetxe zentralean egin nituen Intifadako urte gehienak. Luze egiten da zortzi urte. Nire nortasuna eraikitzeko eta nire burua hezteko baliatu nuen garai hura. Borrokarekin aurrera egiteko borondatea, okupazioari aurre egiteko asmoa, sendotu zitzaidan.
»Ramalla inguruko errefuxiatu esparruetako batean, Jelazon-en, munduratu nintzen, eta bertan bizi naiz oraindik. Gure sendiaren azken menderdiko historia, familia palestinar askoren antzekoa da: orain Israelgo mugen barruan dagoen Anaba herrian bizi ziren gure aiton-amonak 1948ko gerrara arte. Israelgo Estatuaren sorrerarekin herria utzi eta, lau urtez behin-behineko errefuxiatugune batetik bestera ibili ondoren, 1952an Jelazonera etorri ziren.
»Joan izan naiz Anabara, eta han bizi ere bai, langile. Juduentzat lan egin nuen Anaban Intifadaren aurretik, nekazari. Aiton-amonen etxea eraikia egon zen lekua zapaldu nuen, baina han ez da etxerik. Birrindu egin zuten. Nire ametsa han bizitzea da. Ez nintzen han jaio, baina Anaba da nire herria, hango parte naiz.
»Al Shabibi fakzioko kide naiz, erakundearen helburuak eta ideologia nireekin uztartzen direnez. Palestinar gisa, ez dut bazter batean geratu nahi, aktibo izan nahi dut eta konpromisoa hartu. Nire helburu nagusia, fakzio honetako kide egitean, iraultzarako borrokarekin bat egitea izan da. Hori bake prozesua baino lehenago zen. Orain borrokak segitzen du, baina modu desberdinean: estatu berri bat eraiki behar dugu.
»Eraikitze horretan laguntzeko, gu Unibertsitatean ari gara lanean: ikasleen arazoak konpontzen ahalegindu bai, baina baita Bir Zeit barneko demokrazia bultzatu, adierazpen askatasuna babestu eta giza eskubideak zaindu ere. Gure lanen artean dago ikasleen mugimenduaren eragina gizarte osora zabaltzea eta etorkizuneko lidergoa prestatzea, Unibertsitatetik aterako baitira herriaren etorkizuneko liderrak.
»Al Shabibiko kideok Fatah alderdiarekin gaude osoki. Ni kritikoa naiz Palestinako Agintaritzaren (PA) politikarekin, baina Fatah naiz hezurretaraino. Egia da Fatah alderdiak eraman zuela lidergoa bake negoziazioetan, eta orain PAko alderdi nagusia Fatah dela, baina horrek ez du esan nahi Fatah gustura dagoenik PAren orain arteko emaitzekin. Eraikitze prozesuan PArekin gaude, baina emaitza negatiboak kritikatu egiten ditugu. Esate baterako, beste fakzioetako jendearen atxiloketa politikoak salatzen ditugu, eta jarrera gogorra hartu genuen Polizia palestinarra Unibertsitate barrura modu txarrean sartu zenean; gogor gaitzetsi genuen.
»Giltzapean egin nituen Intifadaren urte gehienak, baina esan dezaket orduan jendea animo handiz zegoela, indarrez beteta. Altxamendu horren ondorioz zerbait gertatuko zela espero zuen jendeak. Eta halaxe jazo da; izan ere, oraingo bake prozesuaren indar sortzailea Intifada izan baitzen.
»Orain, israeldarren jokaerak negoziazioak izoztera eraman gaitu, palestinarren bizi baldintzen aurreratu ezinera, eta honek jendea etsipenera eraman du. Nolanahi ere, egoerak iraultza berri batera eraman gaitzake, Intifada berri batera. Eta oraingo honetan 1987ko Intifada baino hobeto antolatua izango da, akatsetatik ikasi egin baitugu. Indarkeria handiagoa, erasotzaileagoa izango da».
Alaeddin-ek ez du palestinar itxurarik: ilea horia du eta begiak urdinak, baina ez nuke esango europarra-edo denik ere; ez nuke jakingo nondarra den esaten, arabiarra dela ez baneki. Komunista ohien alderdiko (PPP, Palestinako Alderdi Herrikoia) kide da Alaeddin, baina Unibertsitatean alderdi ezkertiar guztietako jarraitzaileak biltzen dituen Bloke Progresistan ari da; Fronte Popularreko eta Fronte Demokratikoko kideekin batera, beraz. Zortzi ordezkari dituzte Ikasle Kontseiluan. 28 urte ditu Alaeddinek eta Elektronika Ingeniaritza ari da ikasten.
«Fededuna naizen? Benetan, garrantzirik gabeko galdera da hori. Auzi hori ehundaka urtetan eztabaidatu da eta ez dago jakiterik zein den jarrera zuzena. Hemen Bir Zeiten ez da arazo fededun ez zarela aitortzea, zure barruko kontu gisa planteatzen baduzu, baina beste leku batzuetan ateo zarela aitortzea arazo handia izan daiteke. Bakartu egingo zaituzte, baita familiak ere. Ez dute ulertuko. Iparraldean, nire herrian adibidez, onartezina litzateke.
»Jeningoa naiz, Zisjordania okupatuaren iparraldeko hiri nagusikoa. Intifada hasi baino lehenago bi aldiz atxilotu ninduten israeldarrek: bi hilabete egin nituen preso 1985ean, 16 urterekin, eta hilabete hurrengo urtean. Intifadaren aurreneko urteak Jeninen egin nituen, baina 1990ean, egoerarekin lur jota, kanpora joateko ahalegina egin nuen, bost axola nora, eta Errusiara alde egitea lortu nuen. Hiru urte egin nituen estudiatzen, eta beste bi Eki Europan barrena, norabide jakinik gabeko bidaian. 1995ean itzuli nintzen Palestinara, Bir Zeitera zuzenean, eta 1996ko irailean atxilotu ninduten berriro. Bost hilabete egin nituen espetxean.
»Intifada lehertu zenean, 1987an, 18 urte nituen. Okupazioaren aurkako mugimendua zen, eta oso argi geneukan zer egin behar genuen. Biolentzia asko eragin zuen, ordea: usu zen 20 urteko soldadu bat, arma handia eskuan, 12 urteko haur baten atzetik ikustea. 12-13 urteko haurrentzat bizitzako esperientzia nagusi eta bakarra zen Intifada, bere indarkeria guztiarekin, eta horrek ondorioak utzi ditu. Jende honek gauero amesgaiztoak ditu, Intifada garaian begi aurrean lagun bat tiroz hil ziotelako, edo kartzelan egon zirelako adin horretan...
»Bagenekien Intifadak ez zuela ezer ekarriko. Harriekin ari ginen, eta aurrean soldadu armatuak genituen: tankeak, helikopteroak... Tiroka ari bazaizkizu, harriak jaurtiz ez duzu ezer lortzen. Baina horretan zabiltzala, zure buruari balioa ematen diozu, merezi duen zerbaitean ari zarela sentitzen duzu. Harriak jaurtiz, asebete egiten zara behintzat. Dena den, aldi berean, ez duzu botererik. Etsigarria ere bada.
»Odol asko isuri zen, eta ez nuke horra itzuli nahi. Inork ez luke pozik hartuko Intifadaren berpiztea. Herriz herri eta errefuxiatuen gunez gune ibiltzen bazara, aulki gurpildunei betirako lotuta ikusiko duzu jende gaztea, ibiltzeko gauza ez dela. Izugarria litzateke horretara itzultzea. Aldi berean, ordea, zerbait egiten ahalegintzen ginelako sentipen on hori ez dugu orain. Baliorik gabe sentitzen dugu geure burua. Begira egoera berriari: oso txarra da, ez da ezer lortu, baina ezin duzu ezer egin! Asko dago egiteko, baina ez dakigu zer!
»Horrexegatik dute duten sostengua Hamasek eta Jihadek. Palestinarrak noraezean gabiltza aspaldian, eta Hamas eta Jihad ekintza zehatzak egiten ari direnez, okupazioaren aurka gogor ari direnez, jendeak pentsatzen du: "Agian fio gaitezke hauekin". Baina orain aldatzen ari da, jendea ikusten hasi baita honek ere ez duela ezer ekarri. Alegia, norekin fidatu?».
Khaled Bloke Islamikoko Bir Zeiteko burua da, iaz arte Ikasle Kontseiluko lehendakaria, orduan indar nagusia baitziren islamistak Unibertsitatean. Hamas alderdiaren aldekoak biltzen dira Bloke indartsu honetan; bada beste talde islamiko bat, ahulagoa, Jihad Islamikoaren jarraitzaileena.
Bibotea du, beltza ilea bezain. Praka zuriak eta marra hori-beltzeko elastikoa ekarri ditu. 22 urte ditu eta Ingeniaritza ikasten ari da. Intifada piztu zenean 13 urte zituen.
«Aro garrantzitsua izan zen gure borrokan: Israel ere haragizkoa dela ulertzen lagundu zigun; ez direla super-izakiak. Guk euren aurka egin dezakegu borroka eta eurek gure aurka egin dezakete. Guk hil ditzakegu eta beraiek hil gaitzakete. Berdinak gara.
»Sentimenduetan, bizitza pertsonalean, Intifadak eragin handia izan zuen. Intifadako ekintzetan parte hartu nuen, israeldarrek atxilotu egin ninduten duela lau urte, egurtu egin ninduten... Intifada positiboa izan zen bereziki sentimenduetan, sentsazioetan: gauza berriak zenituen egiteko, sentipen desberdinak... Alde txarrean, noski, atxiloketak eta zauriak daude.
»Nahiko nuke Intifada berri bat piztea, bai. Kalean galdetzen baduzu, jendeak Intifada beharresten du, ikusten duelako bake prozesu hau ez dela ona guretzat. Joan den iraileko istiluetan jende guztia aritu zen jo eta su, prozesu honekin gure aldeko ezer ez garela ari lortzen ikusten dugulako guztiok. Oso pozik hartuko nuke Intifadaren berpiztea, baina gauza batzuk berriro gertatzerik ez nuke nahi.
»Txikitatik, 13 urte nituenetik, fededuna naiz. Erlijioan sinesten dut, Jainkoan sinesten dut, Islamen ideiatan sinesten dut, erlijioak gure bizitzan pisu handia duela uste dut... Nire etsaiak ez dira juduak. Juduak eta kristauak lagunak dira, erlijioan sinesten dutelako, gu bezala. Nire etsaia Israel da. Israeldarrak.
»Gorputz arrotza da hemen Israel. Poloniatik, Errusiatik, Estatu Batuetatik... etorri, gure lurrak hartu, eta alde egiteko esaten digute. Nire herria Lod da; orain Israelgo aireportu nagusia, Tel Aviveko Ben Gurion, dago eraikia nire herriko lurretan. Aita Loden jaio zen eta 1948ko gerran, bi urte zituela, Ramallara etorri guraso eta anai-arrebekin, Al Amary errefuxiatu esparrura. Aitonaren etxea errefuxiatu esparruan dago oraindik, ni eta gurasoak hirian bizi garen arren.
»Denbora behar dugu, denbora oso inportantea baita gure gatazkaren konponketan. Izan ere, orain ahulak gara, ez daukagu armarik, bitartekorik, garaipena lortzeko, baina bihar orain baino indartsuagoak izan gaitezke. Eta horretarako borroka egin behar dugu, lanean segi behar dugu gure eskubideen jabe izateko, zuek euskaldunok bezala, hegoafrikarrek bezala, beste herri askok bezala. Hegoafrikarrak ahul izan dira baina urte batzuen ondoren indartsuago egin eta euren eskubideen jabe dira».