Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Bidaia aurreko jakingarriak

 

Askenaziak eta sefardiak

Askenaziak Europatik eta Ameriketatik etorritako juduak eta haien ondorengoak dira, kultura mendebaldarrekoak orobat. Sefardiak XV. mendean Espainiatik kanporatutakoen ondorengoak dira, gero Afrikan eta Asian barreiatutakoak gehienak. Estatua sortu zenean (1948) israeldarren %80 askenaziak ziren eta, gaur egun erdia eta erdia diren arren, botere politiko eta ekonomikoak askenazien esku segitzen du oso neurri handian.

 

Autonomiaren eremuak

Zisjordania hiru eremutan banatuta dago. A eremua (zortzi hiri populatuenak, lurraren %3) Palestinako Agintaritzaren esku dago erabat. B eremuan (beste herri gehienak, lurraren %27) eskumen batzuk palestinarrenak dira baina beste batzuk, segurtasuna tartean, israeldarrenak. C eremua (populazio gutxiko lur eremu zabalenak, kolonoen asentamenduak eta gune militarrak; lurraren %70) Israelen mende dago erabat.

Gazan bi eremu daude: gune autonomoa (hiri eta errefuxiatugune palestinarrak, lurraren %66) eta gune israeldarra (asentamenduak eta gune militarrak, lurraren %33).

 

Biztanleak

Mundu osoko zazpi milioi palestinarretatik milioi eta erdi inguru Zisjordanian bizi dira, ia milioi bat Gazan, 900.000 inguru Israelen eta gainerakoak mundu osoan barreiatuta. Israelgo biztanleak bost milioi dira guztira (4,3 milioi juduak dira).

 

Errefuxiatuak

Israel sortu zenean (1948) Estatu juduaren mugen barruan gelditu ziren herri palestinarretako biztanle gehienek (milioi bat lagun inguru) ihes egin zuten, inguruetako herri arabiarretara gehienak. Gaur egun ia lau milioi lagunek osatzen dute errefuxiatuen komunitatea (ihes egindakoak eta hauen ondorengoak). Euren herrietara itzultzeko eskubidea aldarrikatu izan dute beti, eta Nazio Batuen Erakundeak ere aitortzen die eskubide hori. Auzi honi bake negoziazioen azken txanpan ekingo zaio, Osloko akordioetan hitzartu zenez.

 

Fatah

Jasser Arafat buruzagi duen alderdia da. Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) barruko talde indartsuena da, eta gobernu autonomoa (Palestinako Agintaritza) bere esku dago.

 

Gerrak

Lau gerra egin dituzte Israelek eta inguruetako estatu arabiarrek elkarren aurka 1948tik. Israelen sorrerako gerran (1948) inguruko bost armada arabiarri egin zieten aurre juduek; Sei Eguneko gerran (1967) Egiptori, Jordaniari eta Siriari kendu zizkieten lurrak; Jom Kippurreko gerran (1973) Egiptoren eta Siriaren erasoei egin zieten aurre; Libanoko inbasioan (1982) ia Beirut hiribururaino heldu ziren tropa israeldarrak.

 

Hamas eta Jihad Islamikoa

Intifada garaian sortutako alderdi islamista da Hamas, Lurralde Okupatuetako mugimendurik indartsuena Arafaten Fatah-ren ondoren. Osloko akordioen aurka agertu da hasieratik eta bere beso armatuak, Izz al Din Qassam-ek, atentatu kanpainak egin izan ditu Israelen. Jihad Islamikoak Hamasen antzeko jarrera du bake prozesuaren aurrean eta beso armatua ere badu.

 

Intifada

Israelen aurka Lurralde Okupatuetan (Gaza eta Zisjordania) 1987an piztutako matxinada herrikoia. Erresistentziako fakzio palestinar guztiek (islamistak, ezkertiarrak, Fatah...) bat egin zuten Intifadako borrokan. Harrika eta, batzuetan, labanaz egin zieten aurre gazte palestinarrek soldadu israeldarrei (suzko armak apenas erabili zituzten palestinarrek). 1.800 palestinar inguru hil ziren Intifada urteetan. Ez dago Intifadaren amaiera data zehatzik, baina esan daiteke 1991. urtean hasi zela itzaltzen, eta bake prozesuaren hasierarekin bukatu zela.

Fronte Popularra eta Fronte Demokratikoa

Palestinaren Askapenerako Fronte Popularra (PAFP) eta Palestinaren Askapenerako Fronte Demokratikoa (PAFD) gerrilla mugimendu gisa sortu ziren 1960ko hamarkadako bukeran. PAEren sorreran parte hartu zuten 1964an. Osloko akordioen aurka agertu dira bi mugimenduak eta, hauteskundeei boikota egin dietenez, gaur egun duten sostenguari buruzko daturik ez dago. Dena den, esan daiteke garai batean zuten indarra neurri handian galdua dutela mugimendu islamisten mesederako. Sirian daude bi erakundeon zuzendaritzak.

 

Jerusalemen auzia

Israelek Jerusalem du Estatuko hiriburutzat, baina Nazio Batuek ez diote hori ezagutzen (1947an Jerusalem eremu internazional izendatzea proposatu zuten Nazio Batuek; gainera, Eki Jerusalem ilegalki okupatutako lurraldetzat dute). Nazioarteko Erakundeak Tel Aviv du Israelgo hiriburutzat eta, beraz, munduko estatu gehienek bertan dituzte enbaxadak. Palestinarrek Eki Jerusalem aldarrikatzen dute etorkizuneko estatu palestinarraren hiriburutzat. Negoziatzaileek bake prozesuaren azken txanpan helduko diote Jerusalemen estatusaren auziari, errefuxiatuen arazoari bezala.

 

Kolonoen asentamenduak

1967an okupatutako Gazan eta Zisjordanian kokagune juduak eraikitzea bultzatu du Israelek okupazio urteaz geroztik. Aurretik ez zen bertan batere judurik bizi, eta gaur egun 300.000 kolono judu bizi dira urteotan eraikitako 200 herri berri hauetan. Gazan eta Zisjordanian estatu palestinarra eraikitzeko oztopo nagusienetakoa kolonoen asentamendu hauek dira.

 

Osloko akordioak

Oslo I edo Gaza-Jeriko akordioa 1993. urtean sinatu zen: Gazako lerroan eta Jeriko hirian autonomia palestinarra ezartzea eta gainerako lurralde okupatu palestinarren estatusa erabakitzeko negoziazioetan segitzea hitzartu zuten. Oslo II akordioa 1995ean izenpetu zuten: autonomia Zisjordaniako beste zazpi hirietara hedatzea erabaki zen, eta israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren gainerako auziei buruz (asentamenduak, errefuxiatuak, Jerusalem...) negoziatzen segitzeko hitza eman zuten bi aldeek. Akordio hauen abiapuntu izandako elkarrizketa sekretuak Norvegiako hiriburuan egin zirelako esaten zaie Osloko akordioak.

 

Palestinako Agintaritza (PA)

Lurralde Okupatuetako gune autonomoetako gobernua da PA. Jasser Arafat da lehendakari hautetsia, eta Fatah alderdikoak dira ministro gehienak. Gazan du egoitza nagusia. 1994an eratu zen.

 

Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE)

1964an sortu zen erresistentzia palestinarreko fakzio guztien artean. 1974tik herri palestinarraren ordezkari bakartzat onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Gaur egun ere palestinar guztiak ordezkatzen dituen erakunde bakarra da, Palestinako Agintaritzak lurralde autonomoetako palestinarren gain baino ez baitu agintea. Praktikan zail da PAE eta PA bereiztea, bi erakundeon zuzendaritzan jende bera baitago egun; Jasser Arafat da PAEko burua ere.

 

Presoak

3.500 inguru palestinar daude preso Israelgo espetxeetan. Horietako hirurehun bat preso administratiboak dira, hau da, akusazio jakinik gabe, "segurtasun arrazoiengatik", giltzapean daudenak. Osloko akordioen ondoren 7.500 preso kaleratu zituzten. Palestinako Agintzaritzak ere baditu preso politikoak, mugimendu islamikoetakoak (Hamas eta Jihad) nahiz mugimendu ezkertiarretakoak (Fronte Popularra, batik bat); 50 inguru ziren 1997ko udan, baina kopuru honetan gorabeherak izan dira unean uneko giro politikoaren arabera.

 

Sionismoa

XIX. mendearen bukaeran Palestinan estatu judua eratzeko helburuz sortu zen mugimendu politikoa. Munduko judu guztiek Israelen bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du sionismoak. Izan ere, Israelgo Estatuak ideologia sionista bere egin duenez, judu jatorria duela erakusten duen edonork du Israelgo hiritar bihurtzeko eskubidea.