Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Beti errudun

 

Mugak eta hiri autonomoek itxita darraite, Mahane Yehudako sarraskitik hamar egun joan direnean. Egunetik egunera errazago egin daiteke Jerusalem eta Ramalla arteko bidea, baina zail da, oraindik ere, Lurralde Okupatuen barruan hiritik hirira joatea. Palestinarrentzat behintzat. Ezinezkoa ia Jerikon, Belenen edo Hebronen sartzea. Errazagoa, baina ez trabarik gabea, iparraldeko hirietarako sarrera, Nablus, Tulkarem eta Jenin. Eta gatza gozatzea bezain ezinezkoa, nonbait, Gazarako sartze-irteteak. Israelgo mugen barnean lan egiten duten 40.000 gazatar etxean dira, lanera joan ezinik.

         Ramallako zeru beti urdinari begira geratu beharrean Bir Zeit Unibertsitatera iristen saiatuko naiz: hango ikasle mugimenduekin harremanetan jartzeko gogoz nabil eta setio militarrak Unibertsitatea zein egoeratan utzi duen jakin nahi dut. Ramallako eskualdean dago Unibertsitatea, baina eremu autonomotik kanpora.

         Hara joaterik ez dagoela esan dit Bir Zeiterako taxien geltokian aurrena topatu dudan gidariak, baina badaezpada ere orroka zerbait galdetu dio urrutixeago duen bati, eta hark baietz, ahaleginduko garela edo. Ni Mercedesean sartu eta hamar bat minutura bete da taxia: hamaika lagun eta gidaria. Ez gara betiko bidetik abiatu, eta xekel bakarra eskatu digu, ohiko hiru beharrean. "Bidearen zati bat egingo du eta handik beste taxi batean joan beharko dugu", pentsatu dut neure kolkorako. Helmugara iritsi aitzin, nola ez, israeldarren kontrolarekin egin dugu topo.

         Ez dakit arabieraz edo hebreeraz aritu diren, baina ulertu ez dudan jardun laburra izan dute militarrak eta taxi gidariak. Atzeko leihoetara begira galdezka hasi da gero soldadua, eta gidaria gure izenean arrapostuka. Soldaduak isiltzeko, guk erantzungo dugula. Heldu nire txanda:

         — Ez dizut ulertzen.

         — Nondik zatoz?

         — Ramallatik.

         — Ramallan hartu duzu taxia?

         — Bai.

         Soldaduak, oihuka eta espantuka, irteteko agindu dio gidariari. Ingurukoen begiak gora begira sentitu ditut, "kaka egin dugu" esanez bezala. "Kaka egin duzu", zehazkiago. Kanpoan dago gidaria, taxiaren atzealdean, itaunka baino irainka ari zaizkion bi soldadu zaunkariak bekoz beko dituela.

         — Zerbait oker esan dut? —nabarmena dena berrestea eskatu diot aldamenekoari.

         — Akats handia —burua behera ekarri du astiro-astiro, begiak bilduz. Big mistake.

         — Handia? —galtzetan estu naiz, gidaria soldaduek inguratua ikusita.

         — Bir Zeitetik gentozela esaten ari zen gidaria, eta zuk, Ramallatik gentozela. Ramallatik datozenek ezin dute kontrol hau zeharkatu. Gezurretan harrapatu dute.

         Kolaboratzaile bat naiz.

         Kopetilun itzuli da gidaria minutu gutxira. Etorri da, hala ere, eta gaitzerdi. Jiratu eta atzera goaz, israeldarren laguntzaile euskaldun buru handi honen erruz. Inguruan ez dut, hala ere, begitarte ilunegirik sumatzen, eta gidaria azkar asko hasi da Bir Zeiterako bide berria bilatzen. Bina xekel eskatu digu behintzat, tiketaren prezioa osatzeko. Palestinako taxiek, errekako urak bezala, aurrera egiten baino ez dakitela, alajaina.

         Adarra jotzeko kasetea martxan jarri du, gainera, taxistak, ispiluan nire estuasun aurpegierari erreparatu dionean. Arabieraz ulertzen ez diodala jabetu denean, hitz bakarra errepikatu dit, eskuineko atzamarrak elkar ukituz gora eramanez:

         — Arabic! Arabic! —eta barre egiten dit, "arabiera ikasi behar duk, gaztea!", esanez bezala.

         Hitz eta pitz ari da gidaria, isildu gabe, eta umore ona nagusitu da autoan. Algaraka ere jarri ditu bidaiariak, nire lepotik seguru, eta noizbehinka berriro, ispiluari begira:

         — Arabic! Arabic! —segi algaran.

         Denok dakigu erruduna nor den. Eta ez naiz ni.

         Herrian eta inguruetan jaitsi dira bidaiari guztiak, eta gidaria eta biok bakarrik igo gara herritik kilometro batera-edo dagoen Unibertsitatera. Arratsaldeko laurak dira eta, ez musulman ez kristau, inor ez dabil; sarrerako langaren bi zaindariak baino ez. Unibertsitatea itxita dago setio militarra dela-eta bertara heltzeko ikasleek dituzten zailtasunengatik. Klaserik ez da izango kontrolak kentzen ez dituzten bitartean. Argazkiak atera dizkiet ikastetxe hilei, eta oinez abiatu naiz, beste taxista ausarten baten bila.

         Lehenengo bidegurutzean gelditu zait hutsik doan bat, eta baietz. Bidean ama eta bospasei urteko haurra hartu ditugu eta, konturatu naizenerako, lehenxeago barregarri geratu naizen kontrolean gaude. Baina bestaldetik gatoz orain.

         Lehengo soldadu bera etorri zait leihora.

         — Kaixo. Zu ez al zinen hemen orain hogei minutu?

         — Bai, hala da.

         — Eta?

         Azalpenak eskatzen ari zaidan susmoa dut, baina ez nago horretarako. Ez dut berriro kolaboratuko.

         — Kazetaria naiz —eskua atzeko poltsikora eraman eta Israelgo Gobernuak emandako agiri ofiziala erakutsi diot—. Unibertsitatera etorri naiz argazki batzuk ateratzera, atera ditut, eta orain atzera Ramallara noa.

         — Ondo da, joan zaitezke Ramallara, baina oinez pasatu behar duzu kontrola. Taxiak ezin du aurrera egin.

         — Oinez? Nola joango naiz oinez Ramallara?

         — Kontrolean geratzen bazara, Ramallatik datorren auto batean itzuli ahal izango zara.

         Alegia, zuek pasatzen utziko ez diozuen hurrengo automobilean. Gidariari begiratu diot, baina ez dit seinalerik egiten. Ulertzen dut jokaldia: taxiak atzera egingo du eta beste bide batetik joango da Ramallara. Taxian gelditzea komeni zait, baina ez dakit soldaduaren aurrean nola arrazoitu. Egoeraz jabetzen ez naizen plantak egiten hasi naiz, gidariari galdetuz ea jaitsi egin behar dudan, ea berak zer egin behar duen. Besoak zabalduz eta begiekin soldadua seinalatuz, etsi-etsian atzera egingo duela adierazi dit.

         Baina atea irekitzear nengoela, zerbait esan dio soldaduari, atzeko emakumeari eta honek besoetan duen umeari begiratuz. Baietz amak, umeari buruan maite-maite eginez. Tira, soldaduak, aurrera egiteko. Gertatua ulertu dudalakoan nago.

         — Umea gaixo dagoela esan diozue?

         — Ospitalera eraman behar dugula.

         — Gaixo dago?

         — Ez! —ispilutik emakumeari begiratu dio, konplizitate keinua eginez— Hogei minutu barru kontrolean egoteko agindu dit soldaduak!

         — Hogei minutu? Helduko zara?

         — Ez naiz joango. Beste bide batetik sartuko naiz gero, Bir Zeitera itzultzeko. Aizu, zu kanpotarra zara... Zer iruditzen zaizu hemengo egoera?