Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Beldur direnak

 

Kartoizko kippa eman eta buru gainean jartzeko agindu dit sarrerako agureak, baina harresirantz abiatu orduko haize harroak airean eraman du txanotxo biribil kartoizkoa. Lasterka atzetik joan natzaio, lotsatu samar, eta harrapatu ahala bere lekuan paratu dut. Kippa buruan, ibili munduan. Mendebaldeko Harresi gurtuaren aurrean nago, eta buruak estalita behar du. Eskuaz eusten diot kippari, arrotza naizela salatzen duen jarreran. Klip antzeko batekin eusten diote txanoari juduek.

         Arratsaldeko zazpiak dira Jerusalemen, Jainkoa hurbilen daukagun hirian, eta eguzkiak kalka egiten du. Juduen bigarren tenplu sakratuaren hormetatik zutik dirauen bakarraren aurrean nago, Deitoreen Harresian. Mendebaldekoa esaten zaio, tenpluaren mendebaldeko hormaren zati bide delako, eta Deitoreena, lehenengo eta bigarren tenpluen suntsiketa deitoratzen dutelako bertan.

         Salomon erregearen garaian eraiki zuten juduek lehenengo tenplua Moriah mendian, orain 3.000 urte, baina 400 urtera suntsitu egin zuten. Juduek, Babiloniatik itzulita, berreraiki zuten, baina Tito enperadore erromatarrak erre eta eraitsi zuen Kristo jaio eta hil zen mende berean, 70. urtean. Mendebaldeko Harresiaren izaera sakratuaren berri aspaldikoena, hain zuzen ere, Euskal Herriko judu ezagunenarena da: XII. mendean Tuterako Benjaminek idatzitako bidaia-liburuan irakur daiteke harresiaren berri.

         Jesukristo gurutzean, Tito enperadorea tenplua birrintzen, Mahoma zerura abiatzen, soldadu gurutzatuak su eta herio sartzen, Saladino giristinoak azpiratzen, Moshe Dayan hiria judaismoarentzat eskuratzen... Juduen mesiasaren etorrera ez beste guztia ikusi dute, zeruaren ate den Jerusalem honetatik, hesi honetako harritzarrok bi mila urte honetan.

         Munduaren erdian egon dira. Munduaren erdian nago.

         — Psst!

         Harresi aurre honetan gehiengo diren haredietako batek deitu dit, bere atzetik joateko eskatuz atzamarrarekin. Beroki, praka eta kapela beltzak, betaurrekoak eta patilla luzeak ditu haredi guztiek bezala; bizarra osatzera ere heltzen ez diren aurpegiko ileengatik izan ez balitz ez nukeen esango oso gaztea denik. Zail da jantzi horien atzean gaztetxo bat sumatzea.

         Harresiari begira jarrita ezkerrean daukagun horman zabaltzen den arkupetik sartuta areto itxi batera eraman nau haredi gazteak, hitzerdirik egin gabe bidean. Haredi gehiago dago barruan, harri zaharrezko hormez inguratutako gelan. Bisitari batzuk ere bai. Burdin sarez estalitako zulo bati erreparatu diogunean egin dizkit lehenengo hitzak gidari zomorroak.

         — Sinagoga honek bi mila urte baino gehiago ditu.

         Hegohaizea baino zaharragoak diruditen liburuz betetako apalategi bati so jarri nau gero.

         — Tora honek bostehun urte baino gehiago ditu.

         Esaldi bakarreko azalpenak eman dizkit, Mendebaldeko Harresiaren segida izan daitekeen hormari begira ipini nauen arte.

         — Zure izena? —xuxurlatu dit.

         — Imanol.

         — Zure emaztearen eta seme-alaben izenak?

         — Ez nago ezkonduta.

         Bekokia horma ukitzen ipini du, otoitz egin eta nik ere burua harriaren kontra jartzeko eskatu dit:

         — Onena desio dizut zuri, Emanuel, zure emazteari eta zure seme-alabei. Emaidazu dirua gure yeshivarako.

         Nire eta ez ditudan emazte eta seme-alaben aldeko erreguen eta diru eskaeraren artean ez du pausarik egin. Katean etorri da dena. Tonto aurpegiarekin geratu edo gaizto plantak egin, ez dut beste aukerarik. Bost xekeleko txanpona eman diot, 250 pezeta inguru.

         — Ez! Papera! Papera! —sisibasaka hitz egiteari utzi dio haredi lotsagabeak; txanpona ondo jaso dit, hala ere—. Eman hogei xekel!

         "Adio" lehor batekin agurtu dut, eta "eskerrik asko" ironikoa jaso ordainean.

         Egun arrunt batean baino askoz jende gehiago dago gaur Mendebaldeko Harresiaren plazan, Tisha B'av egunaren bezpera baita, juduek Tenpluaren suntsiketa oroitzen duten iluntzea.

         Altueran 20 bat metro eta luzeran 80 inguru ditu harresi erraldoiak. Zatituta dago otoitz gunea, ez erdibituta horregatik, gizonezkoentzako zatia askoz handiagoa baita: harresiaren bi heren hartzen ditu gizonen eremuak, eskuineko herena emakumeenak.

         Labezomorroak eguzkitan, horixe begitandu zait gizonezkoen eremuari egin diodan aurreneko behakoan. Soldadu gutxi batzuen uniformeek zipriztin berdeak tindatzen dituzte, hala ere, txaketoi eta kapela beltzen itsasoan.

         Berrehun bat lagun ari dira otoitzean, Tora bana eskuan, harresiari begira. Buruarekin harria ukitzen dute zenbaitek, esku zabalduekin harresiari bultza bezala egiten diote beste batzuek. Papertxo kiribildu bat harritzarren arteko hutsune batean sartu du haredi batek: Jainkoarentzat mezua. Harriarteak betetzen direnean paperak jaso eta lur sakratuan ehorzten dituzte. Harresitik urrunduxeago daudenek, burua makurtuz eta gerria tolestuz egiten dute otoitz, etengabe baietz esanez bezala. Kantuan edo Torako testuak irakurriz, ozen mintzo dira Goi-goikoarekin gizonezkoak.

         Ez kantu ez errezu ez dute entzuten, haatik, eskuinaldeko harritzarrek. Mutu egin behar dute otoitz andreek, hitzerdirik egin gabe, emakume ahotsaren sentsualitatea oztopo baita otoitzerako, eta debekatua dago. Kolore beltza tantaka baino ez da ageri, uniformerik ez baita emakume haredientzat. Gona daramate guztiek eta ilea, daukatenek, zapi batez estalita dute. Emazte haredi askok, izan ere, ilea larru-arras mozten dute ezkonduz gero, eta buru soila ileorde batez ezkutatu. Emakume ezkonduak ez baitu eder agertzerik senarra ez den beste inoren aurrean. Zenbat eta peluka itsusiago, hobe, beraz. Eta zinez peluka itsusiak ikusteko aukera ematen du plazak.

         Harresiaren pare-parean, plazaren bestaldean, poli-
zi-etxea dago. Horma gurtuari bizkarra emanda, bost bandera israeldar begiztatzen ditut etxe gainetan, Hiri Zaharreko auzo juduari begira nagoen seinale. Auzo judutik nahiz merkatu arabiarretik barrena etorri, soldaduen kontrol puntuak gainditu behar dira plazara sartzeko, eta metal detektoretik pasatu poltsak eta motxilak.

         Ondo handia da plaza —100.000 lagun sartzen omen dira—, baina ez da beti horrenbestekoa izan. Hemeretzi urtez —1948ko gerratik, Hiri Zaharra jordaniarren esku geratu zenetik— Harresian errezatu ezinik egon ondoren, 1967ko ekainaren 7an, Sei Eguneko gerraren hirugarren egunean, Hiri Zaharra menderatzearekin batera Mendebaldeko Harresia berreskuratu zuten juduek. Moshe Dayan begibakarra eta Yitzak Rabin militarburuak hona sartu zireneko argazkia poster gisa saltzen da oraindik.

         Orain Harresiaren plaza dena, eta baita auzo judua ere, arabiarren etxez josia zegoen orduan. Magrebiarren auzoa zen, Ipar Afrikako etorkinen auzunea. Sei Eguneko gerraren seigarren egunean, alde egiteko hiru orduko epea eman zieten eta, biharamunerako, bulldozerrek 80 etxe goitik behera bota zituzten, horma bakarra zutik utzi gabe, akre bateko plaza egiteko Deitoreen Harresiaren aurrean.

         Eguzkia ezkutatzen hasi baino lehen ere, ilunabarreko zortzi eta erdiak, milaka batzuk lagun inguratu dira plazara, otoitz egitera asko, turista gisa bisitan mordoska.

         Berrehun bat lagun aparte bildu dira, Zaborren Atean —Hiri Zaharrera sartzeko ateetako bat, Mendebaldeko Harresitik gertuen dagoena—, eta Harresiaren Plazara sartu dira, itzala baino isilago. Plazaren ertz batean eseri dira, lurrean, otoitz gunera hurbildu gabe. Hogeita hamar bat poliziako lerroak inguratuta, errezatzen hasi dira, emakume eta gizon, denak nahasian. Hogei bat argazkilariren etengabeko flashek gogorarazten digute Israelen debekatuta dagoela gizonezkoek eta emakumezkoek sinagogetan eta bestelako gune sakratuetan elkarrekin errezatzea.

         Bost minutu ez dira pasatu bazter batean bi pertsona, kazetariz inguratuta eta polizia ofiziale baten ikuskaritzaz, eztabaidan hasi direnerako. Orrorik egin gabe eta elkarri entzunez ari dira, argudioari argudio. Otoitzean ari den taldea legea hausten ari dela arrazoitzen du kippa belzdunak, Erlijio Arazoetarako Ministerioko ordezkariak. Poliziak leku mugatu horretan otoitz egiteko baimena eman diela arrapostu egin dio kippa berdedunak, taldearen ordezkariak. Poliziburua sartu da solasaldian, Harresiaren Plazan sartzeko baimena eman diela aitortuz, baina errezatzen hasi diren unetik Erlijio Arazoen Ministerioaren agindupean daudela zehaztuz.

         Sesioa bukatu gabe artean, sei-zortzi haredi suhar polizi lerroa hausten ahalegindu dira denak batera bultza eginez, oihuka eta irainka. Gainera joan zaizkien telebista eta argazki kameren aurka jo dute hurrena, objetiboak estaliz eta kamera batzuk lurrera botatzen ere ahaleginduz. Iskanbilak haredi gehiago erakarri ditu eta, ostikoa hemen bizkarrekoa han, orroa hemen negarra han, oilar amorratuen arteko borrokan baino zalaparta handiagoko kalapita piztu dute plaza ertz honetan.

         Poliziak, Erlijio Arazoetarako Ministerioari arrazoi emanez itxuraz, otoitzean ari zirenak plazatik ateratzea erabaki du: bultzaka, arrastaka eta kolpeka kanporatu dituzte, bere onetik aterata, Poliziarengandik eta harediengandik jasotzen ari diren tratua jasan ezinda. Zaborren Atera bidali dituzte atzera, andre eta gizon elkarrekin errezatzen ausartu direlako. Eltzeak irakiten segitu du, hala ere. Zaborren Atearen inguruetan ere badabil haredi jendea eta, su bat itzali orduko, bestea pizten da.

         Ezker-eskuin dituen alabei sorbaldetatik heltzen dien bitartean Newsweek-eko korrespontsalari hizketan ari zaio, asaldatu samar, berrogeita hamar urte inguruko gizonezkoa.

         — Judaismoa euren modura ulertzen ez dugulako juduak ez garela diote, eta txarrena da nagusitzen ari direla Israelen...

         Alabaren kurrixkak eten egin du aitaren jarduna. Txilioka hurreratu zaien haredi aguretu bati erantzuna izan da garrasia. Mingaina labana bezala dantzatuz eztabaidatu dute aitak eta harediak, honek nazkatuta-edo hanka egin duen arte.

         — Esan dit musulmanak eta kristauak baino okerragoak garela, judaismoa suntsitzen ari garela. Erantzun diot ez dudala ezer musulmanen eta kristauen aurka...

         Telebista-kamera baten aurrean azalpenak ematen ari da haredi gazte bat, baina rabino gizen bat inguratu dela ohartu denean isildu egin da. Bere burua aurkeztu du Menahem rabinoak. Sost piztu diote fokoa.

         — Kontua erraza da. Badira milaka urte Torak arautzen duela gure bizitza, Torak esaten duela gizonek eta emakumeek ez dutela elkarrekin otoitz egiterik. Arau hori haustea, beraz, Toraren aurka joatea da. Horra haserrearen arrazoia.

         Ekitaldi erlijioso mistoan parte hartu dutenetako baten bila abiatu naiz. Kippa koloreduna —ez beltza— da seinalea: erlijiosoa baina ez ultraortodoxoa. Iskanbilatik aparte samar dagoen bati zuzendu natzaio.

         — Protestaldian izan zara?

         — Ez da protestaldirik izan.

         — Agerraldian izan zara?

         — Ez zen agerraldia.

         Zorrotza aukeratu dut lekukoa, alajaina.

         — Zer zen ba?

         — Otoitz zerbitzua: errezatu egin dugu.

         — Ondo da, barkatu. Zer iritzi duzu zerbitzuaren ondoren gertatutakoaz?

         — Ez da gertatu zerbitzuaren ondoren, bitartean baizik.

         — Barkatu berriro —galderak findu beharra daukat, inondik ere—. Zer irizten diozu zerbitzua egiten ari zineten bitartean gertatu denari?

         — Polizia gu babestera etorri da hona, eta azkenean, babestu beharrean, bultzaka eta kolpeka kanporatu gaituzte.

         — Benetako juduak ez zaretela entzun dut harediren baten ahotik.

         — Horrek ez nau kezkatzen, garrantzitsua argazki osoa da. Eta gaur egungo argazkian zera agertzen da, harediak leku santu honen jabe egin direla, eta Israelen jabe egiten ari direla. Jaun eta jabe.

 

 

Bart Mendebaldeko Harresiko istiluetan begietatik sua zeriela ibilitako haredietako batzuk Betar asentamenduan biziko dira akaso. Lehendik egina nuen hitzordua Betarko alkatearekin baina, atzo ikusitakoak ikusita, oparia irekitzear dagoen haurra baino jakinmin handiagoaz abiatu gara Zara bizikidea eta biok haredien kokagunerantz.

         — Bestea gizonezkoa edo emakumezkoa da? —galde egin zidan telefonoz alkatearen idazkariak, bi lagun gentozela esan nionean.

         — Emakumezkoa.

         — Esaiozu egoki jantzita etortzeko, mesedez, komunitate hau oso erlijiosoa da.

         Israelgo auzo haredi ezagunenera sartu denak, Jerusalemgo Mea Shearim ("Ehun ate", hebreeraz), badaki zer den "egoki jantzita" ibiltzea. Hara zer irakur daitekeen auzunearen sarrerako oharrean:

         "Bisitari estimatua, ongi etorria zara Mea Shearimera, baina ez zaitez bertako biztanleen aurka joan apaltasunik gabeko arropekin paseatuz gure kaleetan. Emakume juduak jantzi apalekin joan daitezela eskatzen du gure Torak. Jantzi apalak: ukondoa baino beherago heltzen diren besodun soinekoak (prakak debekatuta), galtzerdiak, emakume ezkonduen ile estalia eta abar, emakume juduen bertuteak izan dira antzinatik. Mesedez ez mindu hemengo biztanleak eta ez eragin zeure buruari beharrezkoa ez den eragozpenik. (...) Burua estalita eramateko eskatzen diegu gizonezkoei".

         Zara ez dut gaur arte soinekoarekin ikusi; ederra dago orkatilak doi-doi agerian uzten dizkion soineko luze eta estuarekin. Burua ileak estaltzen dit niri. Emakumeen arropari buruz baino ez zidaten gaztigatu.

         Jerusalemdik hegoaldera dago Betar, hiri santutik ordu erdi eskasera autoz, baina Israelgo Estatuaren muga egiten duen marra berdetik kanpo. Lurralde Okupatuen barneko kolonoen asentamendua da.

         Inguruan begiratua emanda nabarmena da komunitate berri-berria dela —duela zazpi urte sortu zen—, baina Udaletxera sartu garenean ohartu gara bukatu gabeko herrian gaudela: etxe aurrefabrikatuetan dituzte bulegoak. Sinagoga batzuek ere behin-behineko eraikinetan dituzte.

         Zutik jarrita bostekoa eman dit Yehuda Gerlitz alkateak gure aurkezpena egin diodanean, baina Zara aipatu ez banu bezala jokatu du. Begiratu ere ez.

         Beltzarana da oso Gerlitz jauna, azalez eta ilez, eta bizar trinkoa du. Arabiarren antz handiagoa du europar musu zurbilona baino: judu sefardia da eta ez, Megido kibbutzean eta Maaleh Adumim kokagunean ezagutu nituenak bezala, askenazia. XV. mendean Espainiatik ihesi Ipar Afrikan eta Asian hedatu ziren juduen ondorengoak dira sefardiak; eta jatorria Erdi Europan izanik Europa osoan eta Ameriketan sakabanatutako judu mendebaldarrak askenaziak. Bostetik lau askenaziak ziren Israel sortu zenean, baina gaur egun erdia eta erdia dira, botere politiko eta ekonomikoak askenazien eskuetan segitzen duen arren. Kulturaren alor guztietan ere eredu "europarra" gailendu da, gastronomian salbu, errezeta arabiarrak nagusitu baitira juduen sukaldeetan. Bazterketari aurre egiteko sortu zuten sefardiek, hain zuzen ere, Shas alderdi erlijiosoa. Hamar parlamentari dituzte egun Knessetean, eta ministro bat Netanyahuren koalizio gobernuan.

         Shas alderdiko kide da Gerlitz. Kippa beltzak estaltzen dio burua, praka beltzak ditu eta alkandora hutsik dago; alkandora zuria. Betaurrekoak ditu, betazalak kiskali arteraino testu sakratuak irakurtzearen poderioz seguruenik, ia haredi guztiek bezala. Gaztea da alkatea izateko; 40 urte eskas.

         Itzultzailea eseri zaigu aurrez aurre, alkateak ez baitu ingelesez egiten.

         — Alkandora hutsik zaudete, eta kapelik gabe. Harediak beroki beltz handiarekin ikusi ditut orain arte...

         — Esekitokian zintzilik daukat, ikusten duzu, berokia. Ohiturazko arropak dira, Eki Europako ghettoetan erabiltzen ziren, baina haredi izateko ez da beharrezkoa arropa hauek jaztea. Badira kippa besterik jantzi gabe haredi bizimodu zorrotza egiten dutenak, eta baita haredi jantzian ibiliz bizimodua bestelakoa egiten dutenak ere. Arropak badu beste zentzu bat: zuk haredi jantzia baduzu, zure buruari muga jartzen diozu tentazioan ez erortzeko. Zinema batera sartzen bazara haredi jantziekin, zeure burua nabarmendu egiten duzu.

         Haredi guztiak, ahal izanez gero, komunitate haredian bizi dira, beste jende taldeekin nahastu gabe. Eta, beraz, haredia ez den inor ez dute nahi euren artean. Hamabost mila biztanle dira Betarren, hamabost mila haredi.

         — Egia da, ghettoan bizi gara. Harediok gure bizimodu estiloa egin nahi dugu, besteen eraginik gabe. Komunitate sekularrekin harremanean biziz gero, bereziki umeentzat, tentazioak, lilurak sor daitezke. Horretara zabalik egon beharrean, hobe da komunitate mugatuan bizitzea, horrelako tentaziorik ez dagoen komunitatean. Horretarako sortu dugu barne gatazkarik ez duen erkidegoa.

         — Nolako heziketa dute haurrek? —estreinako galdera egin du Zarak, aintzat hartua ez izanaren laidoa albo batera utzirik.

         — Sistema berezia dugu, ez gaude hezkuntza orokorraren barruan. Mutilek liburu sakratuen ikasketa egiten dute batez ere. Matematika eta bestelako gai sekularrak ere ikasten dituzte eskolan, Tora irakurtzeko eta ulertzeko beharrezkoak diren neurrian. Neskek gai sekularrak gehiago ikasten dituzte.

         Sonia eta bere lagunekin Megido kibbutzean izandako solasaldia etorri zait gogora. Gizon harediak, testu erlijiosoak ikasteko izan ezik, ezertarako gauza ez omen dira. "Irakurtzeko eta batuketak egiteko gai, eta juxtu-juxtu!". Orduan jakin nuen, ez nuen sinetsi baina, haredien familiatan emakumeak zer ardura zituen. Kontua da —kibbutzean isekaz azaldu zidaten— gizonek Tora ikasi besterik egiten ez duten bitartean, emakumearen esku dagoela seme-alabak haztea, etxearen jira osoa eta etxetik kanpo lan eginez soldata ekartzea! Oso goiz ezkontzen dira (18-20 urte dituztenean) eta, ezkonduz gero, ahalik eta seme-alaba gehien ekartzea dute arautzat, gainera.

         Kontatu zidatena egia osoa ez zela sinetsita egin diot galdera.

         — Ahalik eta denbora luzeenean gizona beren beregi Tora ikastera dedikatzea da ideala. Eta emaztearen lana, batetik, haurrak haztea da, eta bestetik, kanpoan lan egitea. Baina gerta daiteke emaztearentzat ezinezko izatea kanpoan lan egitea, adibidez, sei seme-alaba izanik zazpigarrena bidean badator —alkateari barre txikia atera zaio, Zara eta biok sinetsi ezin duenaren errezeloz begiratzen diogula jabeturik—. Gizonak, orduan, yeshiva utzi eta lanean hasi behar du.

         Mendebaldeko Harresian begitandu nituen labezomorroak zorriak zirela pasatu zait burutik. Izerdia beroarekin bakarrik egiten dutela, alegia.

         Umeek eta gazte ezkongabeek ez dute izaten harremanik, familiatik kanpo, beste sexuko adinkideekin. Behin 18 urtera helduz gero, alabaina, gutxi irauten dute ezkongai. Salbuespenak salbuespen, 20 urtetik aurrera denak daude ezkonduta. Zarak egin die denoi bururatzen zaigun galdera.

         — Ezkongabeek elkarren artean harremanik ez badute, nola ezagutzen dute elkar, ezkontzea erabakitzeko?

         — Gizarte sekularrean, Europan edo Ameriketan, ezkondu aurretik gehiago ezagutzen dute elkar, baina gero banaketa asko izaten da. Alegia, aurretik asko ezagutzeak ez du esan nahi ezkontzak arrakasta izango duenik. Gaztea 18-20 urtera heltzen denean familiak aukeratzen du, komunitate barruan, semeari edo alabari egoki uztartzen zaion kidea.

         — Ezkondu aurretik zenbatetan egoten dira elkarrekin?

         — Gutxitan. Egoki uztartzen direla ziurtatzeko beste.

         Behin edo bitan ikusten dutela elkar esan ziguten kibbutzean.

         — Nork erabakitzen du egoki uztartzen direla? Gazteek edo gurasoek?

         — Erabaki? Gazteek esan dezakete ezetz, baina nekez esaten dute. Oso gutxitan botatzen da atzera gurasoen erabakia.

         Telebista antenarik ez dago Betarko etxeetan. 15.000 biztanleko beste herririk ez da izango mundu osoan, telebista aparailurik gabe.

         — Ez dago alerik. Inork mahai azpian ez badu behintzat! Telebista, zinema, bideoa... horiek denak debekatuta dauzkagu. Ez da teknologia kontua, eduki kontua baizik. Bulego honetan ordenadorea badudala ikusten duzu, baina telebistak igortzen dituen edukiak kaltegarriak dira. Egunkariak ere gure komunitateak argitaratutakoak bakarrik irakur ditzakegu.

         — Eta literatura?

         — Zerrenda bat daukagu, zein liburu irakur ditzakegun zehazten duena.

         Sexu harremanei buruzko galdera dabilkit buruan, baina erabakia daukat horretan ez sartzea. Ugalketa da, noski, sexu harremanen helburu bakarra. Ez omen dira erabat biluzten: senarraren eta emaztearen artean izara ipintzen dute, sexu organuen parean zuloa duen izara. Hori bai, sabbath egunean obligaziozkoa dute sexu harremana.

         — Mundua aurrera doa eta zuek geldirik zaudetela ematen du.

         — Milaka urtetan ez da aldatu gure bizimodua eta orain ez da aldatuko. Herri judua beti izan da haredi, azken urteoetan salbu, gauzak nolabait aldatu egin baitira. Urteak joan mendeak etorri, juduok garen bezala iraun dugu beti, eta horretan gaude orain ere. Ez dugu beldurrik: beti izan gara eta beti izango gara.

         Haredi hitzak, hebreeraz, "(Jainkoaren) beldur direnak" esan nahi du.