Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Argilaren usaina

 

Armada israeldarraren kontrola zeharkatu dugu Jerusalemdik Ramallarako bidean, Israelgo Estatua atzean utzi eta Zisjordaniako Lurralde Okupatuetan sartu garen seinale. Aurrerago, Ramalla hiriaren atarian, polizia palestinarren kontrol gunea pasatu dugu, Lurralde Okupatuen barruan gune autonomo batera sartzera goazen seinale.

         Eki Jerusalemen sheerut taxi bat hartuta etorri naiz bizitoki izango dudan Ramallaraino, ordu erdi eskasean. Autobus funtzioa betetzen duten taldekako taxiak dira sheerutak: furgonetak askotan, Mercedes handiak batzuetan.

         Jerusalemdik urrutiratu eta Ramallara hurbildu ahala, hiri-paisajea narrasten joan da. Grisak dira errepide bazterreko etxeak, solairu bakarrekoak gehienak, eta gureen moduko teilaturik ez dute. Laua dute gaina eta batzuek, hezurdura agerian, amaitu gabe daudela dirudite. Azkar eta merke eraikitako etxeak, itxura batean.

         Behin Ramalla hirigunean sartuta, polizien ugariak harritu nau: bi agente plaza nagusiko zebrabide bakoitzean, subfusil ikusgarria aldean dutela guztiek. Palestina autonomoan nagoela adierazten dit uniforme urdineko eta txapel granatedun poliziak, besoan bandera palestinarra josita dutela, bazter guztietan ikusteak. Jendearekin lagun giroan berriketan ari dira asko.

         Polizia palestinarrekin bizitzen ohitzen hasiak dira ramallarrak, duela 20 hilabete —1995eko abenduan— soldadu israeldarrek alde egin eta Arafaten Agintaritzak hiriaren ardura hartu zuenetik. Jerusalemdik 14 kilometrora, osoki israeldarren esku dagoen hiri santutik hurbilen dagoen gune autonomoa denez, Zisjordania autonomoko hiriburu ez-ofiziala da Ramalla. Gazan du egoitza nagusia Arafaten Gobernuak, Palestinako Agintaritzak, baina ministerio guztiek dute ordezkaritza Ramallan, eta lurralde autonomoetako legebiltzarra —Palestinako Kontseilu Legegilea— hemen biltzen da.

         Zisjordaniako zortzi hiri autonomoetako bat da Ramalla. Jenin, Tulkarem, Nablus, Kalkilia, Jeriko, Belen eta Hebron dira besteak. Osloko akordioen arabera, A eremua osatzen duten zortzi hiriotan eta Gazako lerroan Arafaten Gobernuak du agintea, eta indar israeldarrek ez daukate sartu ere egiterik. Baina Zisjordaniako gainerako lurraldeetan, B eta C eremuetan, bestelakoa da kontua.

         B eremua osatzen duten 450 herrietan eskumen batzuk baditu Agintaritza palestinarrak, baina segurtasuna Armada israeldarraren ardurakoa da osoki. Zisjordaniako lurren %27 eta biztanleriaren %70 hartzen ditu B zonak. Gune populaturik gabeko lurralde zabalek, asentamendu juduek eta instalazio militarrek osatzen dute, azkenik, C eremua. Honek Zisjordaniaren hedaduraren %70 hartzen du, eta erabat israeldarren kontrolpeko eremua da. Zortzi hiri autonomoek, uharteak israeldarren kontrolpeko lurraldean, Zisjordaniaren %3 baino ez dute hartzen, eta populazioaren %20.

         Gosari txukunik ez dudala egin akordatu naiz, gurdiari tiraka datorren okinaren ogi eta opilek bidean uzten duten usain gozoa aditu dudanean. Okindegirik ez dut ikusi orain arte, baina ogiz betetako gurdi batzuk bai. Ogi zopakoaren forma du erosi dudanak, baina samurra da oso, zapore gozokoa. Zahiz estalia du azala. Ohikoa da ogi hau hemen, baina arruntenak opil biribil zapalak dira: pita-k. Dozena bat opileko sortatan saltzen dituzte normalean.

         Azenario eta sagar zukua hartu dut Al Manara plazako zuku saltokian. Dabilen jendetzari erreparatuta, azenario-zukua bide da Ramallako "edari nazionala". Bero egiten du, bero errea, eta azenario-sagar zukua izotz eta guzti zerbitzatu didate. Hamaika zuku edateko etorriak gara.

         Izerdia larrura itsasten ere hasia zait. Praka luzeak erantzi eta motzak gustura asko jantziko nituzke, baina turista itxura nabarmenegia hartuko ez badut, belaunak erakutsi gabe segitu beharko dut. Praka luzeak daramatzate gizonezko gehienek eta emakumezko gutxi batzuek. Soineko luzea, berriz, gizon gutxi batzuek eta emakume gehienek. Andre batzuek, ez gehienek, burua zapi zuriz estalita daramate, baina aurpegia agerian denek. Gizon gutxi ikusi ditut durbantearekin; gazterik bat ere ez.

         Ezagun du garraiobide erabiliena sheerutak direla. Batere autobusik ez dabil, eta taldekako taxien geltokiak nonahi daude. Orroka ari dira taxista batzuk, furgoneta edo automobila nork lehenago beteko:

         — Ram! Ram! Ram! Ram! —batek.

         — Quds! Quds! Quds! —besteak.

         Ramalla eta Jerusalem arteko muga egiten duen herri txikia da Ram. Al Quds, "santua" arabieraz, Jerusalem da.

         Al Manara plaza da Ramallako bihotza, eta haren inguruan bizi da hiria. Azoka dago ehun metrora, barazki eta fruta saltzaile eta erosleek betea, ospe merkataria duen herri arabiarrari dagokion bezain zaratatsua. Jendea gora eta behera dabil plazaren inguruko kaleetan, denda txiki asko dago, eta merke jateko eta zukua edateko aukera anitza. Handia da mugimendua. Praka luzeen beroa nola-hala baretzeko, jendez mukuru ikusi dudan hirugarren ileapaindegian sartu naiz. Herri bati egokitzen hasteko moduak susmaezinak baitira.

         Ordu bata laurden gutxian hoska hasi dira meskitetako minareteetatik, kantuan eta errezuan. Eguneko laugarren otoitzaldiaren tenorea da, baina kalean ez da horren aztarrenik. Inor ez dut Mekara begira belauniko ikusi.

         Ur-pipak erre bitartean tea, kafea eta limonada hartzen ari dira taberna moduko batean hainbat ramallar. Gure soziedadeekin oroitu naiz, gizonezkoak baino ez daudela ohartu naizenean. Bazter bateko mahaian hartu dut lekua, erosi berria dudan Jerusalem Post —ingelesezko egunkari israeldar bakarra— bertan zabaltzeko.

         Hutsik daude mahai gehienak —gauean beteko dira, seguru—, baina dozena bat lagun ari dira pipari tiraka. Bakarrik daude bi, eta taldetxotan gainerakoak hiru mahai biribil txikiren inguruan, egurrezko aulkietan jesarrita. Jokoan ari dira bi mahaitan, kartetan batzuk, dominoan-edo besteak. Guztiek dute pipa bana alboan.

         Urez betetako beirazko ontzi bat du oinarrian ur-pipak. Urre koloreko zutabe ondulatua dauka ur-ontziak estalki moduan eta, gainean, hautsontzi moduko bat. Tabakoz betetako ontzitxoa —kikara baten tamainakoa—, zilarrezko paperez estalia, hautsontzi moduko honetan jartzen da eta gainean txingar zatiak paratzen zaizkio. Urre koloreko zutabetik metro t'erdiko hodia jaiotzen da, eta erretzailearen ahoan itsasoratzen, metalezko ahokoaren forma hartuta. Ura borborka eta txingar zatiak gori-gori jartzen dira erretzaileak ahokada hartzen duenero. Gela osoan barreiatua da tabako bereziaren lurrin eztia.

         Bakarrik dagoenetako batek ez du hodia ahotik kendu. Tunika soinean, begirada galdua du, eta batere jaramonik ez dio egiten bero egoteari aspaldi utzi zion kafeari. Gozatzen ari da, kez inguratuta, zupa eta zupa. Zerbitzariari keinu bat egin dio halako batean, eta itzali samar zeuzkan txingar zatiak berritu egin dizkio matxarde batzuk baliatuta. Zerua, berriro. Hi bizi haiz, hi.

         Eskatutako tea ekarri dit etxeko nagusia izan daitekeen zerbitzariak.

         — Jendea erretzen ari den tabakoa arrunta da edo berezia? —ardoaren eskemekin hemen ere.

         — Ore berezi bat da, ez tabakoa ez haxixa. Zapore desberdinetakoak daude. Argila esaten diogu urezko pipari.

         Kafetegiak ez du barrarik eta argila-pipaz betetako gelatxoa da "sukaldea". Gela osoa ez dut ikusten, baina 30 pipa zenbatu ditut mahaitik. Amerikarren espaziontzia Martera heldu dela erakusten du Jerusalem Post-en azaleko argazkiak. "NASA oker dago Marten bizitzarik ez dagoela esatean; Netanyahu Marten bizi da", irakurri dut politika orrialdeetan oposizioko parlamentario baten ahotik. Ahitu zait tea, egunkariak ez dit askorik iraun eta piparik gabeko bakarra naiz. Hanka, etxera.

 

 

Jerusalemera joan-Ramallara etorri bizi nahi duen arrotzari oinarrizko arauak ematen ari dira Iman eta Zara, nire bizikide berriak. Hiriburura joateko matrikula horidun taxiak hartu behar ditut, matrikula berdedunek baimenik ez baitute "Israelen" sartzeko. Pasaportearekin batera aireportuan emandako bisa beti eraman behar dut aldean. Jerusalemera joanez gero, tentuan ibili behar dut orduarekin, hamarretatik aurrera sheerut taxirik gabe geldi naiteke eta. Ramallatik, Lurralde Okupatuetatik alegia, ez dago hartzaileak ordainduko duen telefono deirik egiterik; horretarako Jerusalemera, Israelera, joan behar dut. Kreditu txartelarekin dirua ateratzerik ere ez dut Lurralde Okupatuetan; hiri santura joan behar Visa baliatzekotan ere. Xekel israeldarrekin, dinar jordaniarrekin eta, noski, dolar amerikarrekin eros daiteke. Xekel israeldarra ibiltzen da eskuz esku, baina gure etxearen alokairua dolarretan ordaintzen da. Mila dolar hilean, hiruron artean. Ez da merkea gero: 150.000 pezetatik gora.

         — Zergatik ordaintzen duzue dolarretan?

         — Horrela ordaintzeko eskatu zigun, eta guri ongi datorkigu, bai Imanek eta bai nik dolarretan kobratzen baitugu soldata —saskibaloi jokalariaren jantziekin ari zait hizketan Zara; partida du laster.

         — Baina ez al duzu Palestinako Agintaritzako Kirol eta Gazte Ministerioan lan egiten? Dolarretan gobernu autonomoak ere?

         — Baina ni Nazio Batuetako langilea naiz. Nazio Batuen Erakundeak ordaintzen dit. Orain Palestinako Agintaritzarekin ari naiz, Ramallan, baina iaz Tel Aviven aritu nintzen, urtebetez, juduen eta arabiarren elkarlana bultzatzen duen erakunde israeldar batean.

         — Hebreeraz egiten duzu?

         — Arabieraz baino hobeto.

         — Eta zuk, Iman, badakizu hebreeraz?

         — Ezta nahi ere. Aski dut portugesa, arabiera, ingelesa eta espainolarekin.

         Imanek palestinarra du aita eta brasildarra ama. Brasilen sortua da, Portoalegren, eta han egin zuen haurtzaroa, baina hamalau urterekin Palestinara etorri zen ahizparen arrimuan. Arabiera, ingelesa eta gaztelera ikasi ostean, Brasilera itzuli zen lanera, baina bost urte badira atzera Ramallan bizi dela. Gobernuz Kanpoko Erakunde amerikar batean dihardu, molde bereko erakunde palestinarrei laguntzen, aholkularitza lanetan. 30 urte ditu.

         Adinik ez dit aitortu Zarak, baina gaztexeagoa da. Ama Irangoa du —hortik izen pertsiarra—, baina bera estatubatuarra da goitik behera. Filadelfiakoa.

         Hiru logela handi, bi egongela, bi komun eta sukaldea ditu datozen bi hilabeteotan bizileku izango dudan etxeak. Ez da pisua, inguruan olibondo eta sagarrondo batzuk eta lur sail koskorra dituen bizitza bakarreko etxea baizik. Pisu gutxi daude herri palestinarretan, etxetan bizitzen ohituta baitaude. Nork bere etxea eraikitzeko ohitura dago: ezkondu orduko lurra erosi eta etxea eraiki. Ahal duenak.

         Zarak alde eginda, Imanen begi ilunei so geratu naiz. Ile labur beltza du eta azala beltzarana. Palestinar baino brasildar itxura handiagoa hartzen diot, baina badu arabiar kutsua ere, zertan ez dakidan arren.

         — Garagardo bat?

         — Garagardoa duzue? —bero izugarriaren gainean egarri izugarriagoa sentitzen hasi naiz, eskaintza entzutearekin bat.

         — Bertakoa, gainera, Taibeh. Ramallan egiten dute.

         — Hiri musulman batean garagardo fabrika?

         — Tira, Ramallan kristau asko bizi dira. Garai batean herri kristaua zen eta, gaur egun ere, musulmanak gehiengo diren arren, beste herri palestinarren aldean kristau asko dago.

         — Kristauak diozunean, kristau palestinarrez ari zara, ezta?

         — Noski. Arabiarrak dira, musulmanak bezain arabiarrak, baina erlijioz kristauak. Belenen eta Ramallan bizi dira gehienak. Alkohola saltzen duten jatetxe eta denda ugari aurkituko dituzu hemen; jabea kristaua duten seinale.

         Ez diot bere sinesmenez galdetu. Politikaz ere ez, baina galdetu gabe hasi zait Agintaritza palestinarrari buruz: Arafatek bere eskuetan biltzen du aginte osoa, zilar-urretan bizi dira Arafaten ministroak, ustelkeria oso zabaldua dago funtzionarioen artean... baina eskerrak Arafat hor dagoen.

         — Ez dizut ulertzen.

         — Arafat diktadorea da, bere ministroak ere irainka tratatzen ditu baina, kanpora begira, itzal sinestezina du. Eta berak baino ezin diezaioke Fatah alderdiaren batasunari eutsi. Ordezkatuko duen inor ez dago. Nork har lezake Arafaten lekua? Abu Mazenek? Ez. Faisal Husseinik? Ez. Abdul Shafik? Ezta! Eta txarrena mundu honetatik ia joanean dela; oso gaixo dago, azaleko gaitz txar batek jota. Eta hiltzen denean, gerra gure artean. Gerra zibila ez dakit, baina Palestina autonomoko segurtasun indarren arteko borroka bai. Badakizu zenbat fakzio dauden Polizia palestinarrean? Eta denak armatuta. Jai daukagu, Arafat hiltzen denean.