Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Hamalau eta bi

 

Nabil Sha'ath Kooperazio ministroaren buru handi ilerik gabeari jarraitzen dion kazetari olatuak Parlamentuko areto nagusiaren atean zigarroa erretzen harrapatu du Hannan Ashrawi Goi Hezkuntza ministroa eta, jende uholdeak erremediorik gabe barrurantz bultzatzen duela oharturik, laguntza eskatuz bezala zigarrotxoa erakusten ari zaigu oraindik kanpoan gaudenoi. Hartzeko, mesedez. Hartu eta korridoreko hautsontzi batean itzali diot. Faborea zor dit ministroak.

         Gainezka dago Palestinako Legebiltzarreko aretoa, parlamentarien ia aulki guztiak beteta. 60 bat kazetari zenbatu ditut. Arafaten ministro batzuk ustelkeria kontuetan nahasi ditu Asanbleako batzorde batek eta, salaketa larrienak egin dizkieten bi ministro, Jamil Tarifi eta Nabil Sha'ath, azalpenak ematekoak dira.

         Ramalla hirigunetik kilometro pare batera dagoen aretoak ez du parlamentu-egoitzaren itxurarik. Bulegoetako mahai eta aulki merketan daude eserita ordezkariak. Ilargierdiaren forma hartzen duten hiru ilara luze osatzen dituzte 88 ordezkarien mahaiek, denak maila berean, plastikozko ur botila bana dutela. Denen aurrean, metro bat goragoko oholtzan, bost mahai daude elkarren ondoan Asanbleako buruentzat, eta hizlariaren mikrofonoa albo batean.

         Hara! Abu Ala (Ala-ren aita) Parlamentuko lehendakaria ez da garaiz etorri eta ordekoak, Abu Aitak, egingo du buru. Aitaren aita, alajaina. Aitaita.

         Belusezko errezel granateek estalita dituzte atzeko leiho handiak. Aurrean, presidentziako aulkien gibelean, bandera palestinarra eta urre koloreko hitz batzuk, arabieraz eta ingelesez: Palestinian Legislative Council. Second Period. First Term. Mahuka hutsean daude parlamentari gehienak, gutxi batzuek jaka eta gorbata daramate, eta hiru durbantedun baino ez. Bost emakumezkoak dira eta horietatik bi, Hannan Ashrawi eta Intizar Wazir, ministro. Bakarrak darama buruko zuria.

         1996an aukeratu zuten palestinarrek Autonomiako lehenengo Legebiltzarra. Ez palestinar guztiek, Gaza eta Zisjordaniakoek baizik. Eta ez Gaza eta Zisjordaniako guztiek, oposizioko indar nagusiek, islamistek nahiz ezkerrekoek, boikota egin batzieten bozketei. Ez da harritzekoa, beraz, Fatah alderdiak erabateko gehiengoa izatea: 88 aulkietatik 66tan Arafaten alderdikideak jesartzen dira. Oposizioko lau erakunde nagusiek —Hamas, Jihad Islamikoa, Fronte Popularra eta Fronte Demokratikoa—, boikota dela eta, ez dute batere ordezkaririk.

         Hala eta guztiz ere, Arafaten Gobernuari arazoak sortzen ari zaizkio kolore bakarreko parlamentu hau. Batzorde parlamentario batek egindako txostenak salatu du Gobernuaren zenbait ministeriotako diru kontuak ez daudela argi. Begi eta kamera guztiak Jamil Tarifi eta Nabil Sha'ath ministroei zuzentzen zaizkie gaur. Ez dira edonor, gainera. Tarifi, Arazo Zibiletarako ministroa, Ramallako barrutian Fatah-ko hautagai nagusia izan zen. Bere bibotea erakusten digu oraindik Ramallako kaleetatik kendu ez dituzten hauteskunde-afixa ugarietatik. Sha'ath, Nazioarteko Kooperaziorako ministroa, israeldarrekin negoziazioak berbideratzeko ardura duen batzordeko burua da. Palestinarren ordezkari gorena, Arafaten ondoren noski, Israelgo negoziatzaileen aurrean. Bi hauen dimisioa ez ezik espetxeratzea ere eskatu dute txostengileek. Tentsioa nabaria da aretoan. Bekosko ilunez etorri parlamentarioak.

         Uniforme belzdun bi polizia, kalashnikov eta guzti, atea zaintzen ari dira. Sarreran agiririk ez didate eskatu eta ez naute batere miatu, argazki-makina eta beste ekartzeko eskuko poltsa ekarri dudan arren. Arafat tartean ez bada, segurtasun neurriak ondo laxoak dituzte palestinarrek.

         Sesioan ari dira parlamentarioak Abu Aitak bilera zabaldu duenetik. Txandaz txanda taula gainera igotzen ari dira hizlariak, baina hizlariei eserlekuetatik erantzuten diete sarri, atzamarrarekin hitza eskatuta batzuek, baimenik gabe oihuka suharrenek. Arabieraz ulertzen ditudan hitz urrietako batzuk errepikatzen ditu horrelakoetan Abu Aitak: "Xuai, xuai...". Lasai, lasai.

         Filmeko gaiztoetako bat, Jamil Tarifi, begitarte goibelez taula gainetik hizketan hasi denean, ordea, isiltasuna osoa izan da. Txistu irenstea ere entzun egiten zaio. Sakelako telefonoen hotsak hautsi du isiltasuna.

         — Atentatua Jerusalemen —entzun diot trepetak jasotzen hasi den argazkilari bati.

 

 

Elastikoa aldatzeko etxeratu egin naiz, Jerusalemera abiatu aurretik. Ez da kuxidadea izango Palestinako Nazioarteko Jaialdiaren irudia duen elastikoarekin agertzea palestinarrek bonba bat lehertarazi duten auzo judura.

         — Bi suizida izan dira. Sei hil direla diote. Eta zauritu piloa.

         Irratia entzuten ari da Zara etxean. Mahane Yehuda merkatuan izan da leherketa, Jerusalem Berriko erdigunean. Jerusalem juduko merkaturik zahar, eta merkeenean.

         — Auzo horretan bizi izan nintzen urtebete iaz, eta han egiten nituen erosketak. Arabiar pilo batek egiten du lan bertan! —begiak gorritu zaizkio Zara amerikarrari—. Zenbait arabiarrek zer dioten jakin nahi nuke orain. Batzuek ospatu egiten dute, badakizu? Ezin dut jasan inork hori ospatzea!

         Mahane Yehudara nondik nora heldu azaldu dit Zarak.

         Lehenengo kontrola aldameneko errepide estu batetik barrena joanez saihestu du taxistak, baina errepide nagusira irten garenean zain dugu soldadu israeldarren jeepa. Atzera egiteko, ez dagoela pasatzerik, ez dagoela Jerusalemera joaterik. Kontrola oinez zeharkatzea deliberatu dut. Gero gerokoak. Pasaporteari arretaz begiratu dio soldaduak, Jerusalemen bizi naizen galdetu, eta nik baietz. Aurrera. Oinez ehun bat metro egin ditudanean, aurreraxeago beste bidexka batetik zenbait ibilgailu errepide nagusira ageri direla ohartu eta hara joan naiz, taxi bat noiz agertuko.

         Badator bat, eta gelditzeko keinua egin diot... Hara, duela bost minutu utzi dudan taxi bera! Militarren aginduei muzin eginez hiri santura doa, egoskor. Azkar asko saihestu ditu kontrolak! Barrez dator gidaria, ni errepide bazterrean ikusita, eta irri eginez begiratu didate bidaiariek ere. Barregarri, orain ere. Zerbait ikasi dut behintzat: ez utzi taxia hain bizkor.

         Arratsaldeko lauretan gainditu dut Mahane Yehuda merkatuaren sarrerako polizi hesia. Ordu bata inguruan lehertu dira bi bonbak eta, noski, biktimen arrastorik ez dago jada. Edo agian bai. Polizia eta soldadu ugari ez ezik peto berde deigarria jantzirik duten ultraortodoxo asko dabil inguruan. Patilla luze kiribilduengatik ezagutu ditut ultraortodoxoak, harediak. Hildakoen gorpuzkin ñimiñoenak jasotzen ari dira. Munta handia du judu fededunentzat hilotza osorik ehorzteak eta, atentaturen bat gertatzen denero, ohikoa da haredi talde hauek gorpu zatien peskizan aritzea.

         Petorik gabeko harediak ere, bizar derrigorrezko, jaka luze eta kapel beltzekin, ugari dira ikusleen artean, baita ultra ez diren ortodoxoak ere, kippa besterik ez daramatenak.

         Xextran ari dira nire aldameneko haredia eta kippaduna. Israelgo juduak arrisku handiagoan bizi direla ari zaio esaka hogeita gutxi urteko haredia. Kippadunak, azentu iparramerikar nabarmenarekin, palestinarrek inon diren judu guztien aurka egiten dutela, eta inor ez dagoela salbu.

         — Zertan ari zarete elkarren aurka zaunkaka? —kippa du honek ere, patilla luzerik ez—. Judua eta judua zarete, horrek du garrantzia. Beste guztia huskeriak dira.

         Okindegi aurretik garbiketa lanei begira ari den 60 urteko gizonaren alboan jarri naiz. Oraindik ez dakit zenbat jende hil den.

         — Hamalau pertsona eta bi arabiar.

         — Hamasei?

         — Hamalau, eta bi arabiar.

         Ezagun du eztandetako bat non izan den: oliba eta mahaspasa hondatuak sumatzen dira ezkerreko saltokian, sandia eta letxuga aztarnak eskuinean. Pareko dendan —kosmetikoak saltzen dituzte— sabaiaren zati bat eroria dute, eta atariko estalpea erdi erorian. Arropa eta oihal batzuek teilaturaino egin dute hegan.

         Merkatu barreneko ondoko kalean izan da beste leherketa, soldaduek itxita daukaten estalpedun kalean. Egurrezko estalpearen zati handi bat jausia dago, eta lurra barazki, fruta, oihal eta abarren hondakinez betea. Soldaduak, poliziak eta bolondresak garbiketa lanean ari dira.

         — BBC? ABC? —paper zurian zerbait idazten ari naizela ohartu da galdezka dudan soldadua.

         — Ez, Espainiakoa —harrituta erantzun diot; ez da ohikoa soldadua hain gozo mintzatzea.

         — Gure familiaren negozioa da hau —kosmetiko dendara zuzendu ditu begiak.

         — Hemen zinen gertatu denean? —galdera zorrotzak beti prest, kazetariak.

         — Ni ez, baina anaia bai. Bera da jabea.

         Sakelako telefonotik hizketan ari da anaia, nekea azpegietan. Telefonoa utzi eta atarira atera da: ukaldia eman dio burdinazko hodi bati eta egur pusketa bat jausi da aterpe gainetik. Atzera eta aurrera arnasa hartzeko betarik gabe, ez da berarekin solastatzeko unea.

         — Hara! Hor dago alaba. Berak azalduko dizu. Rakel!

         18 urte inguruko neska ilehoria osaba eta bion ondora etorri da. Artega dago.

         — Gure familian ondo dira denak, zorionez, baina denda hankaz gora dago eta hildakoen artean ezagun asko ditut. Seguru bihar egunkaria zabaltzean aurpegi asko ezagunak egingo zaizkidala.

         Makurtu eta iltze bat hartu du Rakelek.

         — Begira —belztua eta okertua dago iltzea—. Bonbaren zati bat.

         Gorde egin du.