Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Zauri zaharra

 

Munduaren erdian zegoen Jerusalem antzinako mapetan eta ez da harritzekoa. Juduek hemen eraiki zituzten bi tenplu sakratu gero suntsituak, Jesukristo hemen gurutziltzatu zuten eta Mahoma hemendik abiatu zen zerurantz. Minareteak, eliza kristauak eta bandera israeldarrak elkarren ondoan ikusiko dituzu harresiz inguratutako Hiri Zaharrean barneratuz gero. Tenplu Sakratuaren eraistea aieneka madarikatu Mendebaldeko Harresian, Mahoma zerurantz abiatu zen Haitzaren aldamenean Korana irakurri eta, egurrezko gurutzea bizkarrean hartuta Via Dolorosan gora joan ondoren aita gurea errezatu Hilobi Santuan; hirurak egin ditzakezu, bata bestearen atzetik, goiz batean.

         Juduen gune sakratuena da Mendebaldeko Harresia —edo Deitoreen Harresia—, duela bi mila urte bigarren tenplua eraitsi zutenetik zutik gelditu den horma bakarra. Musulmanen hirugarren gune santua osatzen dute, Meka eta Medinaren ondoren, alde-alde dauden Haitzaren Domoak —Omar-en meskita izenez ere ezaguna— eta Al Aqsa meskitak. Eta Jesukristoren hilobia dago Hilobi Santuaren elizan. Kasik elkar ukitzen daude hiru gune gurtuak, Jerusalemgo hiri zaharreko harresiak inguratuta.

         Harresiaren ateetako baten aurrean utzi nau sheerut taxiak: Damascoko atea. Sarrera ezagunena da, arkitektonikoki ikusgarriena eta hiriaren alde arabiarrera ematen du, Eki Jerusalemera. Mendebaldean Jaffako atea da sarrera erabiliena, hiriaren alde juduranzko irteera nagusia baita berau.

         Azoka baten sarreraren traza du Damascoren ataurreak. Saltzaile-erosleak sartu irtenean ari dira, inor gutxi geldirik, inor gutxi esku hutsik: frutaz betetako gurdia darama batek, opilez betetako erretilua buru gainean urliak, bizkar gaineko ontzitik datil zukua eskaintzen dizu berendiak. Arropa eta barazki-saltzaileak dira ugarienak: salgaiak lurrean zabalik dituzte, atera gerturatu ahala estutzen doan bidean.

         Hiri Zaharra den gotorlekura sartu gabe Herodesko aterantz abiatu naiz, harresiaren kanpoko bidetik. Jerusalem arabiarraren ardatzetakoa da Damascotik Herodesera doan errepidea. Saltzaile franko biltzen da bidearen bi aldeetan, eta Zisjordaniako hirietarako edo Jerusalemgo auzo arabiarretarako sheerut taxien geltokiak hemen inguruan dira. Ramallarako joan-etorria egiten duten furgoneta zurien errenkatik, sartzeko gonbita egin dit eskuarekin gidari batek, "Ramalla!, Ramalla!" oihukatzen duen bitartean. Etengabeko klaxon hotsekin nahasten dira orroak. Espezie-lurrinak merkatuaren berri ematen duen bezalaxe ematen du isiltzen ez den bozina-burrunbak Jerusalemgo alde arabiarraren berri.

         Herodes atearen ingurura heldu naizelarik, Postetxera jo dut telefono txartela erosteko asmoz, baina errepide erdian ez aurrera ez atzera gelditu naiz: Uzi subfusilak ondo agerian daramatzaten soldaduz betetako bi jeep heldu dira arrapaladan, lehendik hor zegoen polizi taldeari laguntzera nonbait. Gazte bat dakarte helduka eta bultzaka poliziek; borraz jo du batek, nire aurretik pasatu direnean. Beste gazte bat lasterka ihesi joan da, baina ez poliziek ez soldaduek ez diote segitu.

         Postetxe ondoan, Jerusalemgo alde arabiarraren bihotzean, Israelgo Poliziaren komisaria dagoela jabetu naiz, bizkarra ondo berotutako gaztea han sartu dutenean. Soineko more eta buruko zuridun emakume bikain batek, arabiarra nabarmen, zuzen jo du komisariara, erdi korrika izerditan, masailetako mamiak dardarka. Baina zaindari dauden bi soldadu beltzek gerarazi egin dute, eta sesioan hasi. Eszena mutua da niretzat. Ez dakit arabieraz edo hebreeraz ari ote diren ere.

         Bideo-kamera batekin dabilen arabiar itxurako gaztearengana hurbildu naiz:

         — Zergatik atxilotu duten ba al dakizu?

         — Emakume hori fruta saltzen ari zen kalean eta poliziek han ezin duela saldu edo baimena behar duela edo horrelako zer edo zer esango zioten, ez dakit. Inguruan egokitu den gazteak aurre egin die soldaduei eta...

         Esplikazioak eten eta begia kameraren bisorera eraman du bizkor, eta kamerak polizi-etxera gidatu gaitu. Soldaduekin ika-mikan ari zen emakumea harrizko eskaileratan luze etzanda dago. Jendetza batu da inguruan, oihuka batzuk, soldaduei kargu hartzen. Soldaduak —zortzi dira orain— jendea atzera bota nahian dabiltza, subfusilekin bultzaka.

         — Soldadu batek ostikoz jo omen du, eta kordea galduta ziplo erori da —gertatuaren berri jasota zintzo itzuli zait kameraduna aldamenera—. Haurdun dago andrea! Nola izan daiteke horren astoa? Barkatu, ez naiz aurkeztu: Daniel naiz —bostekoa luzatu dit.

         Ingelesetik gaztelerara pasa gara, Venezuelan jaiotako palestinarra dela esan didanean. Venezuelan jaio eta Kanadan bizi. Oporretan etorri da Palestinara, eta Kanadara hemengo berri eraman nahi duelako ari da kamerarekin batetik bestera.

         — Ikusten soldadu beltz horiek? Etiopiarrak. Afrikatik etorri dira, guri lurra kendu eta orain gure kontra borrokatzen dira. Ulertzen duzu? Ezin da ulertu!

         Trafiko ataskoan barrena Ilargierdi Gorriko anbulantzia heldu da, baina gelditu barik aurrera egin du. Militar israeldarren aginduz izan dela azaldu dit Danielek, Daviden izarra duen anbulantzia iritsi denean:

         — Horrela ospitale judu batera eramango dute.

         Daniel gero eritetxe musulman batera joatekoa da, Hebrongo istiluetan zauritutako mutiko batengana. Ez naiz gonbitei ezetz esatera etorri.

 

 

Olibondoen Mendiaren gainean dagoen Maqassed Ospitale Islamikora joan aurretik, ordea, Haitzaren Domoaren alboan dagoen Al Aqsa meskitara jo dugu Tarek-ek eta biok. Ez baita Daniel.

         — Kanadan Daniel erabiltzen dut, eta hemen ere inoiz atzerritarrekin. Zenbaitetan hobe da jatorri arabiarra ezkutatzea.

         Tareken gurasoak Rasit herri palestinarrekoak dira. Herria britainiarren agindupean zegoela jaio ziren bertan —Palestina osoa, gaur egungo Israel barne, Erresuma Batuaren mende izan zen bi mundu gerren artean—, baina ume gorritan ospa egin zuten, Israelen sorreraren gerraren (1948) ondoren. Israelgo Estatuaren mugak ezarri zirenean, marra berdeak Rasit herria bitan banatu zuen: zati handiena estatu juduaren aldean, eta zati txikiago bat jordaniarren esku. Venezuelara jo zuten eta han jaio zen Tarek.

         — 5 urte nituela, aita hil zelarik, amak Palestinara itzultzea erabaki zuen, Ramallara. Hemen egin nituen hurrengo hamahiru urteak. Gero, 18 urterekin, Kanadara joatea lortu nuen. Neka-neka eginda nindukan hemengo giroak.

         — Intifadaren urteak hemen egin zenituen orduan?

         Azkar atera ditut kontuak: 1980tik 1993ra izan zen Ramallan; 12 urte zituen 1987an, Intifada hasi zenean.

         Eskuineko besoa erakutsi dit, aparra baino harroago. Eskumuturra zeharkatzen dio ondo sendatu gabeko zauriaren orbainak. Isilik egin ditugu metro batzuk, orbainari begira ni, besoa erakutsiz bera.

         — Intifada ostekoa da. Goldsteinen sarraskiaren ondorengo istiluetan zauritu ninduten bala batekin, orain lau urte. Badakizu nor zen Goldstein, ezta?

         — Meskita batean palestinar mordoa hil zuen israeldarra?

         — Hebronen, 29 garbitu zituen. Liskar handiak izan ziren ondoren eta niri bala bat sartu zidaten. Eta neuk ez nuen harririk bota!

         Hiri Zaharreko kale bihurrietan barrena, aldapa leunean gora, heldu gara Haitzaren Domoaren eta Al Aqsa meskitaren ordokira; juduen Tenpluaren Mendira. Musulmanentzat leku sakratua baldin bada, are sakratuagoa da Moriah mendia juduentzat: Bigarren Tenpluaren hondarren gainean daude eraikita Domoa eta Al Aqsa. Gune gurtua ez ezik, Jerusalemen sinbolo ezagun eta ikusgarriena ere bada Moriah muinoaren gain laua, Haitzaren Domoaren urrezko kupula distiratsuari esker.

         Arabiarrak eta turista mendebaldetarrak dabiltza inguruan, baina judurik ez. Ez behintzat agerikorik. Izan ere, juduek debekatua dute eremu hau zapaltzea, sakratuegia baita tenplu suntsituaren mendia mundutarrarentzat.

         — Begira zulo hauek! —Domoaren horman bost zentimetroko diametroa duen zuloa erakutsi dit— 1990eko sarraskiaren arrastoak dira. Otoitzean ari ziren musulmanak eraso zituzten judu batzuek, hauek aurre egin zieten, eta ordainean soldadu israeldarrek musulmanak tirokatu. Hamazazpi lagun hil zituzten!

         Intifada garaiko egunik odoltsuena izan zen 1990eko urriaren 8ko hura. Moriah mendian Hirugarren Tenplu judua eraikitzeko eskubidea aldarrikatzen duten "Tenpluaren Mendiko Fededunek" tenplu berriaren lehenengo harria paratuko zutela iragarri zuten; Tabernakuloen Festaren egunean egin nahi zuten zeremonia. Haitzaren Domoa lehergailuz suntsitzeko saioak maiz egin dituzte era honetako taldeen jarraitzaileek, 1980ko hamarkadaren hasierako urteetan batik bat. Batzuk espetxean daude oraindik.

         Al Aqsa meskitako xekeak, Fadlalah Silwadik, ostiraleko sermoian, "Tenpluaren Mendiko Fededunei" gune musulmanean sartzea eragozteko jendea bil zedin deia egin zuen. Urriaren 8an, Moriah mendirantz zetozen mila juduek hiru mila palestinar zituzten zain Haitzaren Domoaren inguruan. Tentsio handiko giroan, zenbait palestinarrek, mendiaren magaletik, harriak jaurti zizkieten Harresian otoitzean ari ziren juduei. Poliziak ke-poteekin erantzun zien hasieran baina, istiluak gogortu zirenean, tiroka ekin zieten; poliziek estreina, arma aldean eraman ohi duten zenbait juduk gero. Emaitza: hamazazpi palestinar gorpu eta 150 zauritu. Hogei juduk ere eritetxean amaitu zuten. Beste lau palestinar erori ziren israeldarren balen pean gero Eki Jerusalemera hedatu ziren liskarretan.

         Dozena bat balen arrastoak ukitu ditugu Domoa eusten duen horman. Oinarri oktogonaleko eraikina da, kupula doratu batek estalia. Haitzaren Domoa deritzo, barnean daukana harri zabal zapala baita. Tradizioak dioenez handik abiatu zen Mahoma zerurantz. Legendak, bestalde, bertan kokatu nahi du Abraham bere seme Isaak sakrifikatzen, eta beraz hiru erlijio monoteista nagusiek gurtzeko moduko gunea da.          Handik ehun bat metrora dagoen Al Aqsako meskitara jo dugu gero, han daude-eta Tarekek bideo-kamerarekin hartu nahi dituen irudiak: 1990eko sarraskian hildakoen argazkiak eta hil zituztenean zeramatzaten arropa odolduak.

         Hamazazpi biktimetatik hamabi ageri dira argazkitan. Bost ume koskorrak dira.

 

 

Damasco atearen ingurura itzuli gara, Olibondoen Mendirako furgoneta-taxia hartzeko. Sheeruta, ohi bezala, ez da abiatu jendez bete den arte. Hamabi eserlekuko furgoneta da eta, kolektiboa denez, ibilbide finkoa du. Ez du geltoki jakinik eta, amaieraraino joan nahi ez duenak, behar duenean adierazten dio gidariari non geratu. Kobratzailearen lana denon artean egiten dugu, taxia behin abiatu ondoren. Gidariarengandik gertuen dauden eserlekuetakoek biltzen dituzte gainerakoen sosak, eta hauek banatzen dituzte itzuli beharreko txanponak ere. Lan osoa ibilgailuan martxan dagoela egiten da. Gidariaren atzeko errenkan jarri gara eta Tareki egokitu zaio kobratzailearen erantzukizuna bere gain hartzea.

         Ospitale islamikoaren barruan, korridoreko egongelan topatu dugu Hebronen zauritutako gaztea, gurpildun aulkian eserita, senideez inguratuta. Amari azaldu dio Tarekek semearen testigantza grabatu nahi duela. 16 urte ditu Anwar-ek. Ezkerreko masaila handitua duela ezagun du, bendajeak aurpegi erdia estaltzen dion arren, eta ezkerreko besoan txertatua duen gazur-poltsatxoa sorbalda gainean du. Tareken kamerari begira, lepoa zurrun du erabat eta ezpainak nekez mugi ditzake, baina hitz egiten du, poliki. Amak, paperezko zapi batekin, lerdea kentzen dio tarteka.

         Amman hiriburu jordaniarrean bizi da Anwar, baina ahaideak bisitatzera etorri ziren Hebronera. Lagunak soldadu israeldarrei harriak botatzera irten ziren eta Anwar beraiekin. Manifestariak sakabanatzeko soldadu israeldarrek erabili ohi dituzten bi balek jo zuten, oso hurbiletik.

         Plastikoz estalitako metalezko balak dira: urrutitik tiraz gero ez dira hain arriskutsuak baina hurbiletik bai: jaurtigaia matrailezurretik barrena sartu eta ahotik atera zitzaion. Erakutsi diguten erradiografian garbi ageri da balak matrailezurrean egin dion zuloa. Bigarren bala batek ezkerreko saihetsetan jo zuen, baina ez zitzaion barrura sartu. Saihetsa hautsi besterik ez dio egin, zorionez.

         Anwar utzita, Tareken lagun zahar baten bila abiatu gara: duela lau urte Tarek zauritu zutenean ospitalean ezagutu zuen Ahmed, bera bezala istiluetan min hartua. Zauria ez da nolanahikoa: lau urte egin ditu ospitalean.

         — Noizbait irten izan da, baina denboraldi luzeenak hemen egin behar izan ditu. Dum-dum bala batek hanka txikitu zion. Badakizu zer diren dum-dum balak? Gorputzean sartu ondoren lehertu egiten dira. Debekatuta daude baina israeldarrek erruz erabiltzen dituzte.

         Aurkezpena arabieraz egin du Tarekek.

         — Zer, hobeto?

         Bekainak gora eraman ditu, ingelesez hitzerdirik ez duela ulertzen adieraziz-edo. Hobe nago isil-isilik, mintza daitezela lagunak.

         Ahmedek eskuineko zangoan, belaunaren azpian, duen aparailuari begira gelditu naiz: metalezko lau uztai, bi ardatz eta torloju moduko batzuk dira bizkar-zangoaren euskarri. Aparailuaren azpitik gasa batzuekin estalia du zauria.

         — Zauritu zutenetik ezin izan du ezer egin —atzerritarrari azalpenak emateko ordua dela begitandu zaio Tareki—. Lau urte estudiatu gabe, lanik egin gabe... eta ezkondu gabe!

         Zisjordania iparraldeko Nablus hirian zauritu zuten Ahmed, 1993ko istiluetan. Dum-dum bala zangoan sartu eta, barruan lehertuta, giharrak eta hezurrak txiki-txiki egin zizkion. Hiru ebakuntza egin dizkiote geroztik.

         — Hanka ez moztea lortu zuten eta gaitzerdi —dio Tarekek, burua ezker-eskuin mugituz.

         Baina ezkerrekoa baino laburragoa du orain eskuinekoa. Gelarantz herrenka doala, antigoalekoak iruditzen zaizkidan egurrezko bi makuluren laguntzaz dabil Ahmed, hanka zaurituarekin lurrik zapaldu gabe. Bideo-kameran bere testigantza gorde nahi du Tarekek eta grabaketa ohean egitea erabaki dute.

         Ohean erdi etzanda, metalezko aparailua kendu gabe, zauria estaltzen dioten gasak askatu ditu Ahmedek. Ikusgarria da zauria. Lau zulo ditu agerian, denak haragi gorritan. Erdikoa itzela da, zabalean eta sakonean, eta handienaren albo-alboan duena ere bai. Aho bete hortz nago. Bala bakarrak hau? Lau urte pasatu dira, hiru ebakuntza egin dizkiote eta oraindik horrela?

         Tareken kamerak ondo jasotzeko moduan jarri du zauria eta, begiak kamerari zuzendurik, hizketan hasi da, goibel, begitarte tristez.

         Arabieraz ari da baina ulertzen zaio. Ulertzen zaionez.