Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Kronologia

 

1004 k.a.

Israelgo Erresumaren lehenengo erregea, Saul, hiltzean, bere suhi Davidek erregetza hartu eta ordura arte kanaandarren esku egondako Jerusalem hiria menderatu zuen bere erresumarako.

993 k.a.

David hiltzean bere seme Salomonek hartu zuen erregetza, eta juduen Lehenengo Tenplua eraiki zuen Moriah mendian. Salomon hil ondoren (931 k.a.), Erresuma erdibitu egin zen: Israelgo Erresuma iparraldean, eta Judeako Erresuma hegoaldean (Jerusalem barne).

722 k.a.

Asiriarrek Israelgo Erresuma menderatu eta bertako bizilagunak ekialdera deportatu zituzten. Juduen diasporaren lehen kapitulua izan zen.

586 k.a.

Babiloniarrek, Nabucodonosor buru zutela, Judeako Erresuma mendean hartu, Salomonen tenplu sakratua suntsitu eta juduak Babiloniara eraman zituzten gatibu.

538 k.a.

Pertsiako erregeak, Zirok, Babiloniako inperioa menderatu zuen, Jerusalem eta Judea barne. Babiloniara eramandako juduei bere lurretara itzultzeko baimena eman zien. Itzulitako lehenengo juduek Bigarren Tenplua eraiki zuten Moriah Mendian.

332 k.a.

Mazedoniako Alejandro Handiak Palestina konkistatu zuen, Pertsiako inperio osoa azpiratzearekin batera.

141 k.a.

Juduek agintea berreskuratu zuten Jerusalemen, Macabeo anaiek gidatutako gerrilla borrokari esker, eta judaismorako zabaldu ziren berriro Bigarren Tenpluko ateak.

63 k.a.

Erromatarrek Palestina menperatu zuten, Ponpeio jeneralaren eskutik. Herodes juduak k.a. 37. urtean hartu zuen Judeako erregetza, enperadore erromatarraren mende beti ere.

33 k.o.

Nazareteko Jesus gurutziltzatu zuten erromatarrek Jerusalemen.

66

Juduak matxinatu egin ziren erromatarren aurka. Zazpi urteko borrokaren ondoren Erromak erabat azpiratu zituen judu altxatuak, eta Tito buruzagi erromatarrak Bigarren Tenplua suntsitu zuen. Milioi erditik gora judu hil ziren matxinada hartan, eta dozenaka mila esklabu eraman zituzten Erromara eta Inperioko beste hainbat lekutara. Juduen diasporaren kapitulu nagusia izan zen hau.

323

Konstantino enperadore erromatarrak kristautasuna legeztatu eta inperioko erlijiotzat hartu zuen. Palestina Lurralde Santu izendatu zuten, eliza eta santutegiak eraiki ziren eta erromes ugariren bisitaleku bilakatu zen.

638

Mahoma hil eta sei urtera, bere oinordeko Omar buru zuen armada arabiarrak Jerusalem hartu zuten musulmanentzat. 691. urtean Haitzaren Kupula (Omar-en meskita) eraiki zuten, juduen tenpluak eraikita egon ziren mendian bertan.

1099

Erromako Aita Santuaren buruzagitzapean gurutzatuen armadak Jerusalem eta Lurralde Santu guztiak mendean hartu eta Jerusalemgo Erresuma sortu zuten kristautasunarentzat. Jerusalem hartzea musulmanen eta juduen sarraski odoltsua izan zen.

1187

Saladinok Jerusalem eta Palestina berreskuratu zituen musulmanentzat.

1517

Inperio Otomanoaren eskuetan erori zen Palestina. Lau mende iraun zuen turkiarren aginteak.

1870

Ekialdeko Europako eta Errusiako juduen zenbait talde, antisemitismoari ihesi, Palestinara etorri eta lehenengo kolono asentamenduak sortu zituzten. Aliya edo Palestinarako emigrazioaren hasiera zen.

1897

Palestinan estatu judua sortzea helburu zuen mugimendu sionista sortu berriak Lehenengo Mundu Biltzarra egin zuen Basilean (Suitza). Theodor Herzl zen liderra. Aliya-k indarra hartu zuen.

1917

Gobernu britainiarrak Balfour Adierazpena onartu zuen: Palestinan estatu propioa sortzeko eskubidea aitortzen zitzaien juduei, Palestinako herritar ez juduen eskubideak kaltetzen ez baziren beti ere.

1922

I. Mundu Gerra amaituta, Erresuma Batuak Palestina gobernatzeko agindua jaso zuen Nazioen Ligatik. Tropa britainiarrak bost urte lehenago, 1917an, sartuak ziren garaile Jerusalemen.

1937

Dozenaka mila judu europar joan zen Palestinara Hitlerrengandik ihesi. Inmigrazio gero eta ugariagoak istiluak sortu zituen lehendik ere arabiar eta juduen artean, baina urteotako inmigrazio masiboak borroka gogorrak eragin zituen. Arabiarrak juduen aurka altxatu ziren eta juduen erakunde armatu klandestinoek erantzun egin zuten.

1944

Irgun erakunde armatuak, Menahem Begin buru zuela, estatu judua sortzeko matxinadarako deia egin zuen.

1947

Palestina bi estatutan, bata judua eta bestea arabiarra, banatzeko proposamena onartu zuen Nazio Batuen Erakundearen Asanblea Nagusiak. Orobat, juduek ontzat jo zuten proposamena baina arabiarrek ez.

1948

Juduek Israelgo Estatua aldarrikatu zuten maiatzaren 14an eta biharamunean bost estatu arabiarrek eraso egin eta arabiarren eta juduen arteko gerra piztu zen. Estatu judua sortu zen, Gazako lerroa Egiptoren esku geratu zen, eta Zisjordania Jordaniaren esku. Jerusalem Mendebaldea Israelen esku zen, eta ekialdea Jordaniaren esku. Estatu juduen mugen barneko lurraldeetan bizi ziren milioi bat palestinarrek bere lurrak utzi behar izan zituzten. Inguruko lurralde arabiarretako errefuxiatuguneetan lekutu ziren gehienak.

1959

Fatah (Palestinaren Askapenerako Mugimendua) erakunde armatua sortu zuen Jasser Arafatek.

1964

Palestinako erresistentzia mugimenduek Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE) sortu zuten, estatu palestinarraren sorrera helburutzat hartuz. Liga Arabiarrak herri palestinarraren ordezkari bakartzat onartu zuen PAE urte berean. Nazio Batuen erakundeak 1974an aitortu zuen PAE herri palestinarraren ordezkari.

1967

Israelek Eki Jerusalem, Zisjordania, Gaza, Sinai (Egipto) eta Golan (Siria) konkistatu zituen Sei Eguneko gerran. Urte berean 242. ebazpena onartu zuten Nazio Batuek: lurralde okupatuak itzultzeko eskatu zitzaion Israeli. Geroztik, Nazio Batuen Erakundeak Lurralde Okupatuok ez ditu sekula Israelgo Estatuko partetzat hartu.

1973

Egiptoko Armada Sinaiko penintsulan eta Siriako tropak Golanen sartu ziren, ezustean, Jom Kippurreko jai egun juduan. Hasieran lur asko hartu bazituzten ere, batzuk zein besteak atzera botatzea lortu zuten azkenean israeldarrek.

1979

Bakea hitzartu zuten Israelek eta Egiptok, Camp David-eko akordioa sinatuz. Egiptok Sinaiko penintsula berreskuratu zuen. Estatu juduaren eta estatu arabiar baten lehenengo bake ituna izan zen. Egipto Liga Arabiarretik kanporatu egin zuten horregatik.

1982

Israelgo Armada Libanon sartu zen, Beirut hiriburuaren atariraino, eta bertan egoitza nagusia zuen Palestinaren Askapenerako Erakundearen indarrak kanporatu zituen. Jasser Arafaten kuartel nagusia Tunisia izango zen aurrerantzean.

1987

Okupazioaren aurkako matxinada herrikoia, Intifada, piztu zen Lurralde Okupatuetan. Lau urte iraun zuen.

1993

Oslo I hitzarmena sinatu zuten Rabin lehen ministro israeldarrak eta Jasser Arafat PAEko liderrak Washingtonen, Clinton lehendakari estatubatuarra bitartekari zutela. Gazako lurraldeen bi herenetan eta Jeriko hiri zisjordaniarrean autonomia palestinarra eratzea hitzartu zuten. Hurrengo urtean Tunisia utzi eta Palestinara itzuli zen Jasser Arafat. Palestinako Agintaritzako lehendakari hautatu zuten.

1995

Oslo II akordioa sinatu zuten Israelek eta PAEk: israeldarrek Zisjordaniako beste zazpi hiritatik erretiratzea eta hauek Palestinako Agintaritzaren pean geratzea erabaki zen. Aurrerago, besteak beste, Jerusalemgo auziari eta errefuxiatuen arazoari buruzko negoziazioak egingo zituztela hitz eman zuten.

1997

Israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioak eten egin ziren, israeldarrek Lurralde Okupatuetan asentamendu berriak eraikitzeko egitasmoak bertan behera utzi ez zituztelako, besteak beste.

1998

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Jasser Arafat Palestinako Agintaritzako buruak negoziazioei berrekiteko akordioa sinatu zuten Wye Plantation-en (EEBB).