Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Parekoak bai, berdinak ez

 

Lorerik gabeko lorategia du atarian Khaleden sendiaren etxe zuriak. Solairu bakarreko etxea da, Ramallako kale estu honetako guztiak bezala. Jakinminez etorri naiz bisitan, unibertsitatean egindako gonbita aintzat hartuta. Islamista den aldetik emakumearen egoeraz zer pentsatzen duen galde eginda, egokien bere andregaiak azalduko zidala erantzun zidan. Islamista berau ere, banketxe batean dihardu unibertsitatean graduatu berri.

         Ama eta andregaia aurkeztu dizkidanean nola agurtu ez dakidala gelditu naiz euren irribarre herabeei begira; bostekoa eman diogu elkarri atzenean, oso ahul, batak bestearen esku-ahurretako izerdia sentitzeko doi. Aurpegia baino ez du agerian Narinamek: orkatiletarainoko soineko luzea eta ilea nahiz lepoa erabat estaltzen dizkion buruko zuria daramatza. Amak soineko luzea du, baina zapirik ez buruan.

         Khaled etxeko kontuez ari zitzaidan bitartean —gurasoak eta lau anai-arreba bizi dira etxean, Khaled laster alde egitekoa da, Narinam eta biak ezkontzekoak baitira aurten—, bi basokada laranja-ur ekarri ditu egongelara Narinamek. Bana hartu dugu gizasemeek, eta alboan eseri da bera, batere gabe.

         — Unibertsitatean ezagutu genuen elkar —esan dit Khaledek, Narinami begi-zeharrez behatuz.

         — Ikasgelan edo Bloke Islamikoan?

         — Ikasgelan, ikasgelan...—irria ezpainetan erantzun dit Narinamek, eskuarekin ezetz eginez, Khaledek buruarekin baietz egiten duen bitartean, Narinam ere Blokekoa dela adierazi nahian—. Egia esan, orain bikote askok Unibertsitatean egiten dute topo. Guk ez baitugu, zuek bezala, dantzaleku eta halakorik...

         — Baina oraindik bide tradizionala da nagusi —hitza kendu dio Khaledek—: mutilak, edo mutilaren familiak, neska bat aukeratzen du, neskaren gurasoei eskea egiten die, neska-mutilak behin edo bitan elkarrekin egoten dira eta, ondo konpontzen badira, aurrera. Ez da erlijioa kontua, tradizio kontua da.

         — Ohiturak aldatzen ari dira, baina pixkanaka. Zenbait familiatan ez lukete onartuko Unibertsitatean adiskidetutako bikotea. Gauzak ezin dira zirt-zart batean aldatu.

         — Beste era bateko ohiturak ere ari dira aldatzen, itxura batean. Zenbait musulmanek alkohola edaten dutela ohartu naiz.

         — Orain ez gaude estatu islamiko batean eta bakoitzak nahi duena egiten du —dio Khaledek—. Estatu islamiko batean ezingo litzateke edan, musulmana izanez gero. Musulmana zigortu egingo litzateke, baina zuk, kristau zarenez, edan ahal izango zenuke. Beti ere publikoan edaten ez baduzu.

         — Zuek ez duzue sekula edan —baieztapena egin dut, ez galdera.

         — Ez! —barrez Narinamek.

         — Baina argila erre duzue, ezta?

         Baietz dio buruarekin Khaledek. Noizbait erre duela aitortu du Narinamek.

         — Ondo dago zuek sinesmen batzuk izatea eta sinesmen horien arabera jokatzea. Baina arazoa da estatu islamiko batean zuen pentsaera ez dutenek ere horrela jokatu beharko luketela.

         — Estatu islamikoa lortzeko, gehiengoak hala nahi izatea lortu behar dugu. Bestela ez dago egiterik, ez litzateke egin beharko —ukondoak belaunetan eta bi eskuak kokotsean batuta dituela mintzo da Khaled, poliki eta serio—. Gehiengoak estatu islamista nahi badu, ordea, gutxiengoak errespetatu egin behar ditu gehienen ohiturak. Baina, jakina, gutxiengoaren ohiturak ez dira zapalduko. Kristauak euren ohituretan biziko lirateke. Eta Palestina osoan estatu islamista ezarriko bagenu, juduek ez lukete hemendik alde egin beharrik izango. Espainian musulmanak egon zirenean kristauek euren biziza egin ahal izan zuten. Kristauek boterea hartu zutenean, aldiz, musulmanak behartu egin zituzten kristautzera, edo kanporatu. Kristauak alkohola edango balu, ez genuke zigortuko.

         Emakumearen egoeraz islamistek zer pentsatzen duten jakin nahi nuela gogorarazi dit Khaledek eta, berak zer esanik ez duela adierazi nahian-edo, edalontzi hutsak jaso eta sukalderako bidean desagertu da.

         — Jainkoak parekoak egin gintuen, baina berdinak ez. Osagarriak gara, eta nork bere eginbeharra du —hitzaldi kutsua hartu du Narinamen jardunak—. Bikote batek familia izan eta biek eguna lanean pasatzen badute, umeak bakarrik geratzen dira. Horrek familia puskatu egiten du, eta familia puskatzen baduzu gizartea puskatzen duzu. Emakumeak lan egiten badu, umeak zaindu ahal izateko moduan egin behar du lan. Bere erantzukizuna da umeen zainketa, eta gizonarena da hilero soldata ekartzea, seme-alaben erantzukizunean ere parte hartuz. Heziketarako eta lanerako eskubidea denok dugu, eskubide berdintasuna behar dugu, baina eginbeharrak banatu egin behar dira.

         Meloi zatiz betetako platertxoarekin itzuli da Khaled. Zati bana eskaini eta bazterrean eseri da, mingaina hizketan dantzatzeko asmorik gabe antza.

         — Ni orain lanean ari naiz banketxe batean eta ezkondutakoan ere lanean segituko dut seguruenik, baina egoeraren baitan izango da hori. Egoera ekonomikoaren baitan eta umeen baitan... Nahiago nuke nire lan bakarra haurren ardura izatea. Nolanahi ere, erantzukizuna biona da.

         — Entzun duzu? Umeen zainketa zure ardura izango da! —bota diot Khaledi.

         — Bai, lana berak egingo du eta ni etxean geratuko naiz, familia zaintzen! —esan eta algara batean lehertu da Khaled.

         Irribarrea erabat desegin gabe ere, seriotasuna berreskuratu du Narinamek:

         — Ni arropa hauekin ikusita —soineko eta buruko zuria ukitu ditu eskuekin—, zapaldua nagoela usteko du jendeak. Ez da hala. Uste dut eta sentitzen dut zuzena dela horrela janztea.

         — Egunero janzten zara horrela?

         — Noren aurrean nagoen. Aita eta anaien aurrean ez, baina gainerako gizonezko guztien aurrean, bai. Kalean, beti.

         Narinamek ez ditu jantzi hauek beti eraman. New Yorken jaio zen duela 21 urte, eta han bizi izan 10 bete arte. Gurasoak musulmanak ditu, baina ez islamaren arauak estu-estu jarraitzen dituztenetakoak. Etxean ez ziren buru, lepo, beso eta zangoak oihalpean ezkutatzekoak, ezta sorterrira itzuli zirenean ere. Baina Narinamek, 13 urterekin, bizitzarako argia islamaren legetik hartuko zuela erabaki zuen.

         — Babestua sentitzea da janzkera honen zentzua, garbitasuna gordetzea. Gure jokaeran, harremanetan, zuhur jokatu behar dugu, eta emozioei eutsi. Hainbeste bortxaketa-eta gertatzen diren mundu honetan gure bidearekin oztopoak jartzen dizkiogu horri. Gizonen eta emakumeen arteko harreman gehiegizkoa eragoztea egoki da. Harreman gehiegizkoak kaltea ekartzen du. Hondartzetan, adibidez, banatuta egon beharko genuke. Orain ez daude banatuta eta, beraz, ni ez naiz joaten. Igerileku batera joatekotan, itxitakoa behar du. Eta ezkontza tradizionaletan, gizonezkoak eta emakumezkoak bereizita egoten dira ospakizunetan. Horrela, emakumeok lasaiago gaude. Dantza trankil egin dezakegu. Baina gauza bat: arropak ez du adierazten bigarren mailakoak garela. Heziketarako eskubidea dugu. Intifadaren garaian gure gizonezko askok eta askok kartzelara, erbestera, etxetik kanpora, joan behar izan dute. Emakumeok hartu dugu euren lekua, eta heziketa arma bat dela konturatu gara.

         Ama sartu da egongelara, halawa izeneko gozoak dakartzala. Dastatzeko mesedez, jaki palestinarra dela. Turroi gogorraren tankera du zaporean, baina bigunagoa da.

         — Lagun judurik ba al duzue?

         — Ezin dut eduki —zalantzarik ez du egin Narinamek—. Barruak ez dit uzten.

         — Ez da guztiz horrela. Nik juduak errespetatzen ditut, euren erlijioagatik ezin ditut baztertu. Arazoa da sionismoarekin gure lurra lapurtu dutela, eta ni ezin naiz nire lurraren lapurren lagun izan. Baina arazoa ez da judua izatea.

         — Hori da esan behar duguna, hori da politikoki zuzen hitz egitea, baina barruak, bihotzaren sakonenetik, esaten dit nik ezin dudala judu baten lagun izan. Gauza gehiegi gertatu dira barkatzeko, eta inoiz adiskide izateko.

         — Noam Chomski judua da eta Israelen aurka dago —Khaledek.

         — Kasu berezia da hori —Narinamek segituan ihardetsi—. Palestinarron eskubideen alde hitz egiten duten juduak ere badira Israelen, baina ezin naiz horien lagun izan. Hitz egin dezaket eurekin, modu hotzean galderak egin, erantzunak eman, elkarrizketa bat izan, baina gehiago ez. Lurra lapurtu digute.

         Zerbaitez oroitu denaren keinua egin eta zutitu egin da Khaled, egongelako apaletatik karpeta bat hartzeko.

         — Argazki batzuk erakustea nahi?

         Ikasleen manifestazio bateko hamaika argazki erakutsi dizkit aurrena.

         — Hiru orduz oinez joan ginen Bir Zeitetik Ramallaraino. Joan den iraileko istilu sonatuak Bir Zeiteko ikasleok piztu genituen.

         — Hara! Arafat! —megafono batekin hizketan ageri da presidentea— Ez zen ba zuekin manifestazioan joango?

         — Bai zera! Beste konturen bat zela eta Ramallara etorria zen Abu Ammar, eta jendetza handi hori manifestazion ikustean, gu baretzera etorri zen.

         Beste argazki batean elkarrekin ageri dira Arafat eta Khaled bera, Arafaten eskua Khaleden bizkarrean. Bir Zeit Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluko lehendakaria zen orduan Khaled.

         — Bistan da laguna duzula —erantzuntzat purrustada jasotzeko esperantzan ziria sakatu diodalakoan.

         — Laguna ez da; nire presidentea da —olibondoa baino serioago, Khaled—. Ideietan ez gara ados, baina onartzen dut palestinar herriaren alde asko eman duela. Asko. Errespetu handia diot.

         — Bizitzaren azken errebueltan ote dagoen entzun dut.

         — Azaleko gaitza du Abu Ammarrek. Hiltzen denean arazo handia izango dugu palestinarrok. Bere neurriko beste liderrik ez dugu.

         — Arafat Fatah-ko lider nagusi eta bakarra den bezala, Hamasen baduzue buruzagitza garbirik?

         — Denak kartzelan daude —etsipena mintzo da Khaleden ahotik—. Lider intelektuala badugu, Ahmad Jassin, baina estatu islamiko baten buru izateko modukoa ez da.

         — Israelek, Arafaten alderdi indartsua ahultzeko helburuz, Hamas lagundu zuela esan ohi da. Egia al da? —ezezko biribila, iraindutakoa, espero dut.

         — Fatah-k borroka armatuan sinesten zuen, eta gogor egiten zuen israeldarren aurka. Indartsua zen Fatah, eta arriskutsua israeldarrentzat. Haien lehentasuna, beraz, Fatah neutralizatzea zen. Testuinguru horretan jaio zen Hamas, 80ko hamarkadan. Gezurra da Israelek diruz edo armaz lagundu zuela, baina egia da bestaldera begiratu zuela, pentsatuz palestinarren artean zatiketa eragin eta ez zela mugimendu arriskutsu bilakatuko. Ustea ustel irten zitzaien, baina. Mugimendu indartsua da orain Hamas.