Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Madrilen erabakitzekoa

 

Reagan eta Breznev Jainkoarengana joan ziren, eta bi herrien artean bakerik izango ote zen galdetu zioten. Zera erantzun zien Jainkoak: "Bai, izango da bakerik, baina ez zuek bizi zareten artean". Jasser Arafatek elkarrizketa haren berri izan zuen eta Jainkoarengana galdera berarekin joan da orain. Jainkoak, iturri fidagarriek diotenez, hauxe erantzun dio Arafati: "Bai, izango da bakerik, baina ez ni bizi naizen artean".

         Bake prozesuari buruz baikortasun handirik ez da sumatzen prentsa palestinarrean. Egunkari palestinarrik ez da ingelesez, baina Jerusalem Times astekaria dugu aukeran ostegunetan, eta Palestine Report ostiraletan. Times palestinarrean irakurri dut txistea, baina Post juduan ere berdin-berdin irakur nezakeela otu zait. Netanyahu joango litzateke Goi-goikoari galdezka, horixe aldea.

         Aldizkaria mahai gainean utzi dut, Albert Aghazarian agertu zaidanean. Azal beltzarana eta kokospeko bizar beltza du Aghazarianek, Bir Zeit-eko Unibertsitateko Harreman Publikoetarako Saileko buruak. Ramallatik 15 kilometrora dago Bir Zeit, Zisjordaniako unibertsitate ospetsuena dagoen herria.

         Parean eseri zait, bion artean egunkariz eta aldizkariz betetako mahai txikia dugula. Duela sei urte bizitakoa azaltzeko eskatu diot.

         —Madrilgo Konferentzia hasi baino lau egun lehenago Hannan Ashrawiren deia jaso nuen: Palestinako ordezkaritzako prentsa taldearen buru aukeratu ninduten. Arrastorik ere ez nuen horrek zer demontre esan nahi zuen, baina Hannanek "gurekin etorri behar duzu" esan zidan eta ni, joan.

         Palestinar-israeldar negoziazio prozesua Madrilgo Konferentzian hasi zen, 1991ko azaroan. Artean Israelek, Palestinako Askapenerako Erakundea (PAE) aintzat ez hartzeaz gain, ordezkaritza baterako eskubidea ere ez zien aitortzen palestinarrei. Jordaniarrekin batera osatu behar izan zuten ordezkaritza, PAErekin lotura agerikorik ez zuten "barneko" —Lurralde Okupatuen barruan bizi zirenak— pertsonalitateak bidaliz. Gazako Heider Abdul Shafi, Jerusalemgo Faisal Husseini eta Ramallako Hannan Ashrawi.

         — Ordezkaritza palestinarraren bizkarrezurra Bir Zeiteko Unibertsitatea zen! Lan-taldearen erdia baino gehiago hemengoak ginen.

         Hannan Ashrawi kristaua, Palestinako Agintaritzako Goi Hezkuntza ministroa gaur egun, Unibertsitatean ingeles irakaslea zen orduan.

         Prentsarekiko gorabehera guztiak xehe-xehe kontatu dizkit Aghazarianek.

         — Arrautza gainetan genbiltzan: pauso oker batek, edozein adierazpen desegokik, dena pikutara bota zezakeen.

         Madrilen abiatutako bidetik egin ziren elkarrizketa eta bilera gehiago, Washingtonen batik bat, baina azkenean Oslon isilpean ereindako haziak eman zuen fruitua. Israelgo Gobernua, 1992ko uztailetik Yitzhak Rabin laborista buru zela, Arafatek izendatutako PAEko ordezkariekin negoziatzen hasi zen Norvegiako hiriburuan, jendaurrean PAE onartu gabe segitzen zuen arren. 1993ko urtarrilean PAE legeztatu egin zuen Knesset-ak —Israelgo Parlamentua— eta, ondorioz, Osloko elkarrizketak publiko egin zituzten. Urte bereko irailean, Arafatek eta Rabinek bostekoa eman zioten elkarri Washingtongo Etxe Zurian, Bill Clinton aitabitxi zutela.

         "Oslo I" izena eman zitzaion itunaren ondorioz, Israelgo soldaduak irten egin ziren Gazako lerrotik eta Jeriko hiritik, eta Palestinako Agintaritza osatu zen bi lurralde hauetan gobernu lana egiteko; gainera, beste lurralde okupatuen etorkizuna erabakitzeko negoziazio prozesurako hitza eman zuten bi aldeek. Bi urtera, 1995eko irailean, "Oslo II" itunarekin Zisjordania A, B eta C eremuetan banatu zen, zortzi hiri nagusiak autonomo bilakatuz.

         Baina Intifadako borroketan orpoz orpo jokatu zuten fakzio palestinarrak banatu egin dira Osloko hitzarmenak direla medio. Oposizioko alderdi nagusiak —Hamas, Jihad Islamikoa, Fronte Popularra eta Fronte Demokratikoa—, akordioen kontra agertu dira eta boikota egin zieten 1996an autonomiako lehen hauteskundeei. Hamasen beso armatuak, Izz al Din Qassam brigadak, borroka armatuarekin segitu du, ahulagoa den Jihadekin batera. Besteak beste, sinatutako hitzarmenean errefuxiatu palestinarren itzulera-eskubidea aipatu ere ez dela egiten eta palestinarren autodeterminazio eskubidea ez dela onartzen leporatzen diote Jasser Arafati. Nahi duena ezin duenak ahal duena egiten duela erantzun die Arafatek: "Akordioa txarra da, baina lor genezakeen onena da".

         Kristaua da Aghazarian, jatorri armeniarrekoa, eta Jerusalemgo Hiri Zaharrean, harresi barneko gunean alegia, bizi da. Madrilgo Konferentziarako bidean egin zioten galderarentzat ez du oraindik erantzun zuzenik aurkitu.

         — Hegazkinean Madrilerantz gindoazela, paper bana eman ziguten bidaiarioi, gure datuekin betetzeko. Gure nazionalitatea zein zen galdetzen zuen papertxoak. Nire nazionalitatea! Zein da nire nazionalitatea?

         Gazako eta Zisjordaniako herritarrak, Israelek 1967tik mendean hartuak dituen lurraldeetan bizi diren arren, ez dute inoiz israeldar hiritartasunik, pasaporterik, izan. Israelgo lege militarraren pean bizi dira, baina ez dira israeldar. Aghazarian bezala Jerusalemen bizi diren palestinarrek, Jerusalemgo herritarraren eskubideak badituzte, udal hauteskundeetan bozka dezakete adibidez, baina ez dira israeldartzat hartuak eta, esate baterako, ez daukate hauteskunde orokorretan bozkatzerik, eta pasaporterik ere ez dute.

         Eki Jerusalemgo eta Zisjordaniako palestinarrak "jordaniar" eta Gazakoak "egipziar" izan ziren 1967ra arte. 1948ko gerran, Israelgo Estatua sortu zen urte berean, Jordaniak Zisjordania eta Egiptok Gaza hartu zituzten, ordura arte Palestina osoan agintari izan zituzten britainiarrek alde egin ondoren. 1967ko Sei Eguneko gerrara arte. 1967an lurrok Israelek bereganatu zituen eta, beraz, "jordaniar" eta "egipziar" izateari utzi zioten palestinarrek, baina ez ziren "israeldar" bilakatu eta, jakina, inolaz ere ez "palestinar". 24 urte geroago, Aghazarian Barajasen lurreratzear zegoela, egoera ez zen aldatu.

         — Zer demontre erantzun behar nuen? "To be determined in Madrid" idatzi nuen!

         Barre egin diogu biok ateraldiari. "Ni ez naiz inongoa" ere idatz zezakeen.

         — Palestinar jartzen badut, ez naiz existitzen, israeldar jartzen badut, inposatu egin didate, jordaniar jartzen badut, nola uler dezakezu zure herrian hilabete baino gehiago egon ezina? Ez baitaukat eskubiderik Jordanian hilabete baino gehiago egoteko! Beraz, "to be determined in Madrid". Erabaki dezagun Madrilen!