Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

"Diktadura izugarria dugu"

 

Lehendik ezagunak nituen bere bekoki luze-zabala, ile urri urdindua eta begitarte tristea. Asko ikusiaren poderioz nekatuta baleuzka bezala pausatzen zaizkio begiak begizulo handietan. Madrilgo Konferentzian ordezkaritza palestinarreko buruzagi gisa ikusia nuen telebistaz 1991n. Sei urte geroago, bekoz beko daukat Heider Abdul Shafi medikua, Palestinako politikari errespetatuenetakoa.

         Palestinako Kontseilu Legegilerako hauteskundeetan, 1996an, bera izan zen hautagai bozkatuena —58.119 gazatarrek eman zioten botoa—, independente gisa aurkeztuta, Fatah alderdiko hautagai guztiak atzean utzita. Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) fundatzaileetakoa eta aurreneko zuzendaritzako kide izan zen 1964an. Madrilgo eta Washingtongo konferentzietan ordezkaritza palestinarreko burua izan zen baina, Osloko akordioekin bat ez zetorrenez, elkarrizketen azken txanpan utzi egin zuen negoziazio taldea. Palestinako Ilargierdi Gorriko lehendakaria da orain.

         Gazan jaio zen duela 78 urte eta han bizi da. Gaur Ramallara etorri da, Palestinako Legebiltzarreko saiora. Hormak zuri dituen gelatxoan eseri gara, bulegoetako mahai eta eserleku merketan.

         I.M.U: Palestinako ordezkaritzaren buru zinen baina azkenean utzi egin zenituen negoziazioak.

         Heider Abdul Shafi: Madrilgo Konferentziaren ondoren Washingtongo negoziazioak hasi zirenean, kolonoen asentamenduen hedatzea gera zezala eskatu genion Israeli, Nazio Batuetako 242. ebazpenean oinarrituta. Gainera, Lurralde Okupatuen behin-betiko estatusa erabakiko duten azken negoziazioetan eragingo lukeen aldaketarik ez egitea hitzartuta zegoen prozesuaren hasieran. Baina Israelek uko egin zion. Gure liderrari, Arafati, adierazi nion ez zuela zentzurik negoziazioekin jarraitzeak. Israelek bakea nahi zuela pentsatuz eseri baikinen mahaian. Baina lidergo politikoak ez zuen uste negoziazioak bertan behera utzi behar genituenik. Gero, ustekabean, ezkutuan akordioa lortu zela jakin genuen. Nik ez nuen negoziazio haien berririk.

         I.M.U: Ordezkaritzaren buru zinen eta ez zenekien ezer?

         H.A.S: Ez zidaten informazio hori eman. Ez nintzen horregatik ernegatu, baina espero nuen lortutakoa, Osloko akordioa, ona izango zela. Alta, irakurri nuenean, txarra zela jabetu nintzen, eta horixe esan nuen. Nik ez nuen sinatu. Ez daukat zerikusirik Osloko akordioekin. Hutsune asko ditu, eta larriena kolonoen kokaguneen auziari ez diola aurre egiten. Washingtongo sinatze-ekitaldian akordioa izugarri ona zela esan zuten, bakerako bidea zabaldu zuela. Ospakizun liluragarria. Ikusita ere ez sinestekoa; harri eta zur nengoen. Aurrerago, ordurako negoziazio taldea utzita, Arafatengana jo eta esan nion: "Zer ari da gertatzen? Ez dut uste jendeari dena ondo doala esaterik dagoenik, negoziazioei berrekitean Israelek asentamenduak hedatzen segi duenean. Negoziazioak utzi behar dituzu, sinatze ekitaldian emandako irudia zuzendu dadin, eta nazioarteko komunitateak jakin dezan zer ari den gertatzen". Baina ez zen ezer gertatu. Zaindu beharreko bake prozesu sinesgarria zela eta abar esanez segi zuten. Beraz, gure lidergo politikoak ez zion kokaguneen politikari kontra egin, eta ondorioz, Israelek bere jokaerari eutsi dio Lurralde Okupatuetan.

         I.M.U: Oslo sinatu zen, eta horixe dago gaur. Nola egin aurrera?

         H.A.S: Oso egoera zailean gaude. Premiazkoena batzea da, denon arteko akordioa lortu eta horren arabera jokatzea. Jakina da Hamasek indarkeriaz borrokatu nahi duela. Ni ez nago, printzipioz, aurka. Izan ere, Israelen jarrera, modu egokian ulertzen badugu, borrokarako gonbita da. Baina ez dut uste guretzat baliagarria izango denik orain indarkeria erabiltzea. Ezin duzu borroka egin prestaketarik gabe, plangintzarik gabe, antolaketarik gabe. Borrokara jotzekotan, aho bateko akordioa lortu beharko genuke aurretik.

         I.M.U: Batasunerako bidean bada zerbait egina?

         H.A.S: Ni neu horretan ari naiz. Gure lidergo politikoa hondoa jota dago, sinesgarritasuna galdu du eta, egun, ez da gauza egoera honi aurre egiteko. Demokraziaren behar gorria dugu.

         I.M.U: Palestinako Agintaritzan, esan nahi duzu?

         H.A.S: Diktadura izugarria dugu. Horixe dugu.

         I.M.U: Lau urte daramazue Arafaten Gobernuaren agindupean. Balantzea?

         H.A.S: Galtzen joan gara etengabe. Lorpenik ez, oso gaizki. Eta Israel palestinarren gune populatuetatik erretiratu izana ez da lorpena. Israeldarrak, nolanahi, lur horietatik erretiratzeko desiratzen zeuden, nekatuta zeuden palestinarrei aurre egiten. Negoziazioak etengo bagenitu ere, israeldarrak oso uzkur leudeke Zisjordaniako hiri barneetara itzultzeko.

         I.M.U: Badirudi Israel prest egon daitekeela Gaza osoa palestinarren esku uzteko, baina ez du jarrera bera Zisjordaniarekin.

         H.A.S: Hori da gure ustea. Azken batean Gazan ez dute interesik, baina prezioa ordainarazi nahi digute: Gaza osorik utziko ligukete guk beste arloetan amore ematearen truke.

         I.M.U: Zisjordaniako zortzi hiri autonomo dira, baina inguru osoa israeldarren esku dago. Hiri autonomoek Zisjordaniako lurraren %3 baino ez dute osatzen.

         H.A.S: Bantustanak ditugu! Estatu palestinarrak etorkizunik ez du bide honetan. Israel ahal duen oztopo guztiak jartzen ari da guri mugimendurako aukera murrizteko. Kolonoen asentamenduetako populazioa %40 hazi da Osloko akordioetatik hona. Ehundaka mila kilometro koadro konfiskatu ditu Israelek Osloz geroztik. Honek guztiak palestinarren jarraikortasun demografikoa hautsi du, bantustanak sortuz. Azken batean, Israelek bere sustraiak errotu egin ditu Zisjordanian.