Rimmel
Rimmel
2006, poesia
128 orrialde
84-95511-90-8
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

BAT BALETOZ

 

bideak, egia esan, ez datoz bat

badira makila behar dutenak

badira jo egiten zaituztenak

batzuk ukondoka egitekoak dira

besteak berriz aztalka

lanak ematen dizkigute

baina bidelanak ez dira beti lanbideak

ez datoz bat eta nahaste handian bizi gara

bidea dela bide

libreak garela entzun ohi dugu

bideari lotzen garen aldiro

 

eskubideak daude burubideak daude

ez dira gauza bera

lehenek eskuak garbitzen dituzte

hanka egiten dutenak ez hartzeko

bigarrenek ez dute hankapean bizi nahi

galbidera eramaten ahal zaituzte

 

helburuek ez dute ontzen bidearen okerra

baina, egia esan, bideak badaki

bere burua garbitzen

hankatik heldu buruz behera ipini

lanbasa balitz bezala

eta arrastoak ezaba ditzagula eskatzen digu

 

galdeiozu bideari nora doan

joan eta bertara erantzuna

bidea ez doa

ez daki oinez ez daki hegan ez daki igeri

baina badaki bidean ibili egiten dela

ez joan ez etorri

eta bidean dena noraezean dabilela

horregatik heltzen da hain urrun bidegabea

 

bidegurutzera iritsiko zara

eta ez dizu lagunduko

nora gabeak dira bideak nondik gabeak

edonorako zernahitarako ematen digute bide

eta beti da bidean bidezkoa ez dena

nik ez nuke bide batez ez erdibidez eginen bidea

baizik eta bide den bezala

 

bideak bat baletoz

egia esan

ez ligukete emanen gramatika arazo bat besterik

baldin eta bideek berez

etorri ez ezik

eman ere ezer emanen balute

bide guztiak baitira hilak

zu bideratu arte