Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
KARRIKA NAGUSIKO FAROZAINA
zer ari zara, aita?
nori esan diozu eskerrik asko?
horko gizon horri, Oihana
zergatik?
argiak piztuak neuzkalako
keinua
egin didalako
labe hoztua bezain iluna da
herriaren erdigunerako tunela
auto guztiek
argiak piztuta
pasatzen dute, eta Oihanaren aitari ere
ahaztu egin zaio
bere Opel Corsa zuriaren argiak itzaltzea
lotan zaude, aita!
berdea daukagu!
badoazela, Oihanak
keinu egin duen
agureari
erreparatu dio:
espaloian gelditu da
bidea berriz gurutzatzeko bezala
zerbait ahaztuko zitzaion
etxera itzuli beharko du ostera
pentsatu du Oihanak
* * *
agureak karrika nagusiko zebrabidean
paseatzen du goizero
gero etxera joan eta egin duen lana
apuntatuko du
koaderno txipi batean
herenegun Mercedes zahar bat
azaldu zen begi-bakar
eta agureak keinu egin zien
barruko magrebiarrei
itzaltzeko
ertzainek isuna ezar ez ziezaieten
agureak karrika nagusiko zebrabidean
paseatzen du goizero
pauso-motx
hemendik hara
handik hona
espaloi batetik bestera
* * *
atzo zeharbidea egiten ari diren obratik
harkaitzez betea zetorren Isuzu erraldoiari
egin zion keinu
eta gidariak
itsasontzi batek bezalako
tutua jo zion
baina aurrera jarraitu zuen faroak itzali gabe
agureak karrika nagusiko zebrabidean
paseatzen du goizero
pauso-motx
aurrena ezkerreko autoei begira
eskuinekoei ondoren
* * *
gaur Opel Corsa zuri bat
gelditu da argiak piztuta
zebrabideko lehen ilaran...
eta hauxe apuntatu du agureak
bere koaderno txipian:
neskatoa begira gelditu zait
atzeko kristaleko pegatinen artean
itxi du koaderno txipia
medikuak debekatutako
zigarroa piztu du
eta kearekin batera:
jubilatua, ni?
ni... karrika nagusiko farozaina naiz!
eztula etorri zaio
eta harrika jaurti du zigarroa
eguraldiak zerbait freskatutakoan
arratsaldeetan ere
karrika nagusiko zebrabidean
paseatuko du
* * *
hara, aita! keinua egin dizu gaur ere!
ai, bai...! eskerrik asko, gizona!
baina egunero zatoz berdin, aita!
bai, ahaztu egiten zait
beti
argiak itzaltzea...
Oihanak hasperen egin du
amari ikasitakoa errepikatuz
ai, aita... ze buru txarra daukazun!
eta aitak baietz esan dio gaur ere
ahaztu egiten zaiola
beti
argiak itzaltzea
esker oneko keinu bat
bihurtzen dion bitartean
gaur ere
karrika nagusiko farozainari