Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
MUTILAK
mutilak horrelakoak dira
zabarrak alferrak traketsak
ongi ezagutzen ditut
beren zakilaren atzetik doaz datoz
erdi aroko zaldunak bezain
kontu miresgarriak entzun dituzte
eta uste dute neskek lapurtu nahi dieten
altxor bana daukatela hankartean
mutilak horrelakoak dira
ongi ezagutzen ditut
mehatxu txatxuak banatzen dituzte
zuen komunetan sartzen dira
marrazki zatarrak egiteko
eta balentria handi bat burutu balute bezala
egiten dute irri gero ihesi zoroan
ez diote begirik elkarri ez lotsatzearren
mutilak horrelakoak dira
ongi ezagutzen ditut
futbolean aritzen dira panpina buruekin
borroka egin behar dute beren artean
buruzagi anker baten bila dabiltza
letra txarra eskuak zikin galtzak arrastaka
harrotu egiten dira errieta emanda
zabarrak izan nahi dute alferrak traketsak
mutilak horrelakoak dira
ongi ezagutzen ditut
neska entzun eta goitikoa etortzen zaie
beldur dira hitz samurrak ahotan hartzeko
eta burla egiten dizuete
ankerrak dira baina sufritu egiten dutelako da
sekretuz beteak zaudetela ikasi dute
sumatzen hasiak dira erdi arokoak direla
mutilak horrelakoak dira
ongi ezagutzen ditut
zabarrak alferrak izan nahi lukete traketsak
sinets egidazu
banaka neskak bezalakoak dira
baina ez dute bakarrik nahi
taldean behar dute ikara batean bizi dira
kausarik gabeko zaldunak balira bezala
neskak horrelakoak zarete
ergelak mengelak marigelak
sinets egidazu
ongi ezagutzen zaituztet
gure zakil gainean hankalatraba
buruzagi ankerrenaren esanetara
zuei burlaka bazterretan ni eta nire koadrila
sinets egidazu mutilak horrelakoak gara