Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
Aurkibidea
HEZUR ONDOKO MAMI
NOLA JASO OTE ZUEN HARRIA TRIKUAK?
Haurren munduratzea gurasoei esplikatua
UR GAZIA ZARA
LASTER GURE ALABA
ZU BEZALAKOA IZANEN DA
AMARAUNA
Munduan beste batzuk bezala, bada bidaiari bat, errekardari bat, bost kontinenteetako poliziak aztoratuta dauzkana.
Heldu da Bamakora, eta Kome hotelean egin du galde:
Baduzue gelarik, mesedez?
Dutxa daukana nahi duzu? galdetu dio praktiketan den turismoko ikasleak.
Dutxa baino, nahiago zorriren bat edukitzea.
Zorriak hemen?
Ofenditu egin da turismoko ikaslea, baina irakatsia dioten bezalako adeitasuna erakutsi du.
Hemen ez daukagu horrelako gelarik, jauna erantzun dio, pentsatuz bidaiari hau kategoria gutxikoa dela bere hotelerako.
Eta berdin gertatu zaio kontinenteko ostatu guztietan.
Azkenik basamortuan egin behar izan du lo Euphorbia balsamifera baten ondoan, zorriz estalia.
Baina ez da hori gure bidaiariak behar zuena.
Hurrengo egunean, Afrikako polizia telefonoz: «Asiarako ontziratu da!»
Heldu da Hanoira, eta Thuy Nga hotelean egin du galde:
Kaixo, baduzue gelarik?
Baditugu ohe bakarreko gelak, eta baditugu ohe biko gelak. Nolakoa nahi zenuke? galdetu dio kontserje zaharrak.
Arkakusoren bat daukana nahi nuke.
Arkakusoak hemen?
Haserre begiratu dio kontserje zaharrak begien irrikituetatik.
Hemen ez daukagu horrelako gelarik, jauna erantzun dio, pentsatuz turista honek iseka egin nahi diola bere herriari.
Eta erantzun bera kontinenteko ostatu guztietan.
Azkenik tigreen habia batean egin behar izan du lo, arkakusoz estalia.
Baina ez zen hori gure bidaiariak behar zuena.
Hurrengo egunean, Asiako polizia telegrafoz: «Erne Europa, horra doa!»
Heldu da Helsinkira, eta Scandic Kalastajatroppa hotelean egin du galde:
Kaixo, baduzue gelarik?
Suit nagusia bakarrik daukagu libre, jauna erantzun dio harrerako emakume ile-horiak, garestiena da.
Ez du axola, pozik ordainduko dut inurriren bat baldin badauka.
Inurriak hemen?
Laztu egin zaizkio ileak harrerako emakumeari, bidaiari hau zoro arriskutsuren bat dela pentsatuz.
Hemen ez daukagu horrelako gelarik, jauna erantzun dio, seguritateko guardaren zenbakia jotzen duela.
Eta halaxe bota dute kontinenteko ostatu guztietatik.
Azkenik itsasontzi abandonatu batean egin du lo gure bidaiariak, inurriek estalia.
Baina ez zen hori gure bidaiariak behar zuena.
Hurrengo egunean, Europako polizia Outlook Express-etik: «Ozeania arriskuan, Ozeania arriskuan!»
Heldu da Pago Pagora, eta Seipepa hotelean egin du galde:
Gela bat, otoi...
Telebistaduna, ezta? galdetu dio hotelaren jabearen semeak.
Hobe labezomorroduna.
Labezomorroak hemen?
Urduri jarri da jabearen semea.
Hemen ez daukagu horrelako gelarik, jauna erantzun dio, turista faltsu hau higieneko inspektorea dela pentsatuz.
Eta logela jator baten bila dabilen gure bidaiariak ez du aurkitu gelarik kontinenteko ostatu guztietan.
Azkenik labezomorroek hartua dutelako inor ibiltzen ez den parke batean egin du lo.
Baina ez zen hori gure bidaiariak behar zuena.
Eta hurrengo egunean Ozeaniako polizia uso mezulariez: «Kontuz Ameriketako aireportuak!»
Heldu da Guanajuatora, eta Tlalnepantla hotelean egin du galde:
Baduzue gelarik, mesedez?
Bakarra daukat libre, baina ezin dizut eman esan dio tristerik garbitzailearen senarrak.
Ez? Zer ba?
Gaur ez dute gela hori garbitu eta...
Nolako poza hartu duen gure bidaiariak hori entzundakoan!
Zorriak al dauzka, edo arkakusoak, edo inurriak, edo labezomorroak? Horixe da nik behar dudan gela!
Ez jauna, gela horretan ez dago ez zorririk, ez arkakusorik, ez inurririk, ez labezomorrorik... Armiarma bat dago sabaitik zintzilik!
Armiarma bat? pozak zoratzen dago gure bidaiaria.
Bai jauna, sentitzen dut benetan! erantzun dio armiarmek ikara ematen dioten garbitzailearen senarrak.
Besoetatik heldu dio bidaiariak, oihu batean:
Entzun, ostalari jauna: munduko bazter guztiak harrotu ditut horrelako gela baten bila! Horixe da nik behar dudan gela!
«Gero eta kapritxo bereziagoak dauzkate turistek», Guanajuatoko ostalariak bere artean, garbitu gabeko gelaren giltza bilatzen duela.
* * *
Noizbait!
Armiarma txipi bat gela txipi bateko sabaitik zintzilik!
Honela esan dio gure bidaiariak armiarmari, ohe gainean etzanda:
Esadazu, armiarma, esadazu... zer moduz daude lagunak?
Baina armiarmak erantzun baino lehen ametsetan sartu da gure bidaiaria: presondegian dago, zigor ziegan daukate isolatua urte beterako eta lagun egitera datozkio zorria arkakusoa inurria labezomorroa...
* * *
Eta bitartean, Interpoleko inspektorerik zorrotzenak elkarri galdezka:
Zertan ote dabil gizon hori bost kontinenteetan barrena?
Horixe jakin nahi dute mundu osoko poliziek...
Eta ez dute inoiz jakinen!