Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

HAU EZ DOK BRIXTON

 

San Anton zubi aldean

Erriberako azoka inguruan

La Merced zubi parean

eta beste hainbat lekutan aparkatutako kontainerretan

sua eta kea,

hainbat ordutako matxinadaren seinale

borroka osteko isiltasun hilean.

Furgoien paretik igaro eta

txakurradaren begiradapean

astindu egin zenituen eskuak,

hotzak bazeunde bezala.

The Clash-en White Riots zenuen ezpainetan,

Atxuri aldeko tabernaren batera gindoazela.

 

Hau ez dok Brixton —esan nizun.

Hau okerrago jagok —erantzun zenidan—,

askoz okerrago.

 

Atzera begiratu nuen.

Sutan zeuden kontainerrak,

jiraka etengabe, erotuta,

furgoietako argi urdinak

eta, bitartean,

ke laino erraldoi bat zabaltzen

kale hustu berrietan.

 

Honek, antza, luze joko jok

—gehitu zenuen irribarrez,

kale hustu berri haietan

zabaltzen ari zen ke laino artean

ikaragarri eskertu nuen irribarre batez,

Atxuri aldeko taberna batera sartzen ari ginela.