Beti gelditzen da zerbait
botilak, zapatez beteriko zelaiak
zure oinak ohearen barrenean
Nafarroako elurrak bezain zuriak
zapiak estazioetan, etsaiak
hegaztiek orenen atalik sotilena
antzezten dute
koartza gorrien ahuena: lumak
kaleen bakardadea ere hor dago
etsipen zukutua zure begietan
eta malkoak
gorrotatu beharra dago
gorrotoa bait da gure altxorrik
ezkutuena
zuhaitz gorak inguruetan
lagun joanen eskolta baten antzera
zapi arrotzenez estalia
egunaren hozpela pauso ttipiz
hurbiltzen delarik
koartza erietako bat bailitzan
eta begi errukiorrez begiratu
gero irrifarreak entzun dira