Fermin
Isilik egin zuten bidaia, bakoitza berean, ezezagun batzuen gisa. Loiuko aireportura ailegatu eta, geziei jarraiki, maleta garraiagailuaren tokira hurbildu ziren. British Airways 063 hegaldia. Zain gelditu ziren, batak bestearekin ezer jakin nahi gabean.
«Ederki gaudek harmonian errautsak haizatzera joateko».
Kamioia nola ailegatu zen ikusi zuen Ferminek, eta danbateko batez entzun zuen nola paratzen zuten lehendabiziko maleta garraiagailuan. Gero beste maleta batzuk agertu ziren, motxilak, poltsak. Gizon potoloak, enpresaria seguru aski, bi poltsa nabar hartu eta alde egin du. Emakume errubioak koadrodun maletari heldu, trolian jarri eta atetik harantz desagertu da.
Oso berria da dena Loiuko aireportuan. Bilbao, Euskal Herria, Spain txartela ikusi zuen buru gainean Ferminek, ezkerretara beste bat hiru hizkuntzatan: Ez hartu besteren maletarik, No coja la maleta de otro, Take your own baggage. Nork hartuko luke nahita besteren maleta? Zertarako? Zer eginen zenuke, demagun, emakume baten soinekoekin? Ike bezala jantzi? Ez legoke gaizki, dena den, bakoitzaren irudipen, zikinkeria, mania, iragana, hitz batean, maleta batean sartu eta beste bati hartzen utzi; eta ondoren txulo batetik begiratu, zer egiten duen zure iraganarekin, nola kudeatzen dituen zure maniak, zure irudipenak, zure zikinkeriak.
«Horixe da, hain zuzen, gaixoek nigana etortzean egin nahi izaten dutena, baina egitea lortzen ez dutena: nigan utzi haien iragana; baina uste ustel bat baino ez da. Iragana bakoitzak eraman behar duen zama bainoago patua da, ekidin ezina; begira bestela Bazter, haren bizitza erdia baino gehiago atzerrian bizi izan ondoren hil eta hona nola dakarren Harakin paranoiko horrek, edo dakargun esan beharko nuke, erdia behintzat Euskal Herrira, kasualitatez gainera, edo gaizki ulertu batez, hobeto esateko, ezen Marckek ez balu oker uste izan euskal herritar-edo delakoei guztiei hiltzean ikurrina paratzen zaiela, seguru aski ez zigun Bazterren errautsen erdia emanen, eta ez genuen Bazterren erdia ekarriko, nora eta hona, jaio zen lurraldera, edo naziora, edo dena delakoa dela leku honetara; eta ez zuketen haren errautsekin omenaldi merke bat eginen. Baina... zer eginen zaio, Aliziak esaten duen bezala, euskalduna izatea batzuendako, edo batzuetan, izaera bainoago patua da; eta izorra hadi, patuak egiten dik nahi duena, hik nahi ala nahi ez».
Bigarren kamioi bat etorri zen, eta deskargatu ondoren gomazko uhalen artetik ikusi zuen bere poltsa urdina sartzen. Harakinen maleta ikustea ere iruditu zitzaion. Parera heltzean bereari heldu zion, eta gero Harakini eman zion harena. Jexus Marirena ez zen ageri. Jendeak bereak hartu eta alde egiten zuen. Azkenean Jexus Mariren poltsa agertu zen goma beltzezko errezel artetik, eta itxoin gabe hartu zuen. Bost lagun baino ez ziren gelditzen. Amona xahar bat, mutil gazte motodun bat eta beraiek. Amonak hirurak poltsekin ikustean zeren zain zeuden bezala egin zien; ez zituzten hiru poltsak?, bada, alde egin zezatela. Mutil gazteari berehala nabaritu zitzaion zein zen bere hatua; egoki zihoakion larruzko maleta iledun bat agertu zenean poztu zitzaion aurpegia.
Ferminek garraiagailuaren goma beltzetik jaso zituen begiak. Jexus Mariren eta Harakinen begiak atezuan zeuden errezel beltzei begira.
Motxila more bete bat sartu zen errezela banaraziz. Ferminek amonari begiratu zion, gero motxilari: ez zetozen bat; eta esperatu zuen, ez zekien zergatik, okerren bat izatea, espero zuen motxila amonaren parera ailegatzean hartu gabe uztea, eta gero bere paretik pasatuz, Jexus Marirengana egitea, eta gero Harakinengana, eta gero garraiagailuan bira osoa eginez gomazko errezelez estalitako zuloan barna desagertzea; baina ez, motxila amonaren parera ailegatu zenean amonak, gorpuzkerari erreparaturik, ezusteko indarrez motxila bizkarrera jaso eta alde egin zuen, zeharkako begiratua botaz.
Goma beltzari so gelditu ziren hirurak, maleta berdea noiz azalduko zain.
Ferminek daki zenbat denbora egon ziren esperoan, gomazko errezelez estalitako zulotik goma beltzera eta handik erdiko aluminio distirantezko piezara, gertatu zena ezin aitorturik nork bere buruari.
Fermin izan zen egoera deskribatzen ausartu zena: «Maleta ez duk ageri».
Isilik gelditu ziren beste biak. Makina garbitzaile azkar bat iragan zen.
«Mekagoenlaputa! Bazter galdu diagu!» oihukatu zuen Harakinek asaldaturik.
«Errautsak galdu ditiztek», Jexus Marik.
Fermini so egin zioten biek, irtenbideren baten bila, pentsatu zuen Ferminek.
«Goazen erreklamatzera. Nonbait egonen da».
Heroi ederrak eginak zaudete, xuxurlatu zion Aliziak karkarkar, heroi ederrak eginak zaudetenez; lagunaren errautsak zaintzeko ere ez zarete-eta, nola salbatuko zenuten zuek Euskal Herria?!
Aireportuan galdurik ibili ondoren aurkitu zuten Britishen mostradorea. Neska pinpirin batek bestaldetik: «Bai, esan».
«Arratsalde on» esan zuen Ferminek. «Maleta bat galdu dugu; beno, galdu diguzue. Zain egon gara eta ez da agertu».
Pinpirintasuna keria bilakatu zitzaion.
«Suen billeteak, mesedes» ahoskatu zuen.
Ferminek billeteak eman, eta formulario bat harturik neskak galdetu zuen: «Nor isenean segoen?».
«Pedro Mari Arruabarrena Flores» bota zuen Harakinek atzetik.
«Non satoste?».
Hirurek elkarri begiratu zioten, ezin ulerturik.
«Nondik satoste» esan zuen, errepikaturik.
«Londrestik».
Londres apuntatu zuen, eta hegaldiaren zenbakia gehitu.
«Nola sen maleta?». Irribarre arrasto antzeko bat agertu zitzaion ezpainetan.
«Txikia». Eskuekin erakutsi zion Ferminek tamaina. «Berdea, plastikozkoa».
«Se marka?».
«Auskalo» esan zuen Harakinek atzetik.
«Auskalo» apuntatu zuen neskak formularioan. «Esinesko maletak!» gehitu zuen gero.
«Nola?!».
«Maletak esinesko dira. Beti galdu egiten dira!».
Ferminek Jexus Mariri begiratu zion, gero Harakini, neskak zioena ulertzen ote zuten galdezka. Ulertzen ez zutelakoa eman zioten aditzera. Aliziarekin akordatu zen, etxean egonen zen umeekin. Kristalaren bestaldean galdu zuen begirada. Garraiagailuaren goma beltzaren kontra koadrozko maleta bat ikusi zuen. Istant batean sortu esperantza zapuztu zitzaion haien maleta ez zela ohartzean. Hantxe ari zen, jira eta bira, jira eta bira aluminio distirant eta goma beltzaren kontra. Nork galdu ote zuen maleta hura? Desesperaturik izanen zen, auskalo zein aireportutan iragana galdu zuela-eta pozik izan beharrean. Gustura galduko luke berak iragana, dena atzean utzi eta berriz hasi, beste herri batean, beste jende batzuekin, beste bizi bat, egin duena egiteko beharbada, baina, hala ere, gauzek berritan izaten duten distira hori berriz ere bizitzeko. Zer eraman zuen Bazterrek Londresera joan zenean?
Komisaldegian kokotseko orbain batekin ikusi zuen polizia hartaz akordatu zen egun berean bigarren aldiz.
Zergatik jaio behar izan zuen Euskal Herrian? Aliziaren ahots eztia aditu zuen belarrian xuxurloan: Maitea, horrek ez du garrantzirik; orainak du garrantzia, zu eta nire artekoak, gure seme-alabek.
Jira eta bira segitzen zuen maletak garraiagailuan, fluoreszente argien errainu hotza metal eta goma beltzean distiraka. Maleta galdu zuen hark ere ametsak izan ote zituen? Lokamuts bilakatu ote zitzaizkion? Nola ikasi zuen bizitzak eskainitako apurrekin moldatzen?
«Ser eramaten senuten maleta barruan?».
Elkarri so egin zioten.